Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Basauri

Bideoa / Luis Miguel Garcia, Pibe: «Intsumisioak balio izan zigun argi ikusteko gure gizartea antimilitarista zela»

Intsumiso deklaratu zuen bere burua ‘Pibe’ basauriarrak: soldadutza egiteari uko egin zion eta ondorioz kartzela-zigorra bete behar izan zuen.

|

Geuria #087 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Gure Gerrak. Hego Uribe eskualdean ditugun aldarrikapen, hausnarketa eta ekintza ezberdinen solasaldiak”
Irakurri osorik PDFan

“Espainiar ejerzitoan ez duk ezer pintatzen. Mezua jaso orduko egin iezaiok uko, zinez ez haiz damutuko, ez zaik ezer gertatuko”. Horrela abesten zuen Gozategik 90eko hamarkadaren erdian. Intsumisioaz ari ziren. Luis Miguel Garcia Cavadas ‘Pibe’ (Basauri, 1970) basauriarrak ondo daki hori. Duela 34 urte intsumiso bezala deklaratu zuen bere burua. Zerbitzu militarra egiteari uko egin zion eta horregatik Basauriko espetxean sartu zuten 1994an. Ordea, lotara soilik joaten zen kartzelara: “Hirugarren gradu hori gu zigortzeko beste modu bat zen, jendeak ez baitzuen ikusten gu zigortuta geundenik”. Behin planto egin eta hilabete batzuk kalean egon ondoren, 1995ean espetxera sartzeko agindua jaso zuen bigarren aldiz. Kasu horretan, bigarren graduan. Guztira urtebete eman zuen preso Pibek. Intsumisoen mugimenduaz eta antimilitarismoaz hitz egin dugu berarekin.

Zerbitzu militarrera joateari uko egin zenion. Zergatik?
Bai. Ni Kakitzat Euskal Herriko Koordinakunde Antimilitaristan sartu nintzen 1988an, 18 urte nituela. Antimilitarista naiz betidanik, eta intsumisioaren estrategia prestatzen eta finkatzen hasi ginen. Aurretik batzorde antinuklearretan egona nintzen eta soldadutza egitera behartuta nengoenean sartu nintzen Kakitzaten. Armen kontra egon naiz beti eta argi neukan zein izango zen nire erabakia soldadutzarekiko.

Eta intsumisioaren estrategia lantzeari ekin zenioten.
Intsumisioaren estrategia jada bideratuta zegoen, baina aurretik beste estrategia bat zegoen: objezio kolektiboa, alegia. Hitz gutxitan esanda, hauxe zen: objetoretzat hartua izateko legeak tribunal bat ezartzen zuen, eta bertan objetoreak bere motiboak arrazoitu behar zituen; gero, tribunalak onartuko zuen ala ez.  1986an legea aldatu zuten eta objetore pilo bat geratu ziren soldadutza eta ordezko gizarte-zerbitzua bete barik. Horiek amnistiatu zituzten, baina legea aldatuta ere soldadutza egitera behartuta geunden. Orduan hasi ginen intsumisioaren estrategia egiten. Ez zen objezio bat bezala; militarrei esaten genien gu ez geundela soldadutzarekin ados. Horiei aurre egin genien eta aurkezpenak antolatzen genituen gobernu militarretan.

Basauriko intsumisioaren aldeko plataformaren bazkaria San Fausto plazan 1994an // Omar Lopez

Soldaduska egiteko agindua noiz jaso zenuen?
18 urte betetzen zenituenean jasotzen zenuen agindua, eta zozketa egiten zen hurrengo urtean soldadutza non egingo zenuen zehazteko. 19 urterekin soldadutzara joaten zen.

Zuk intsumiso deklaratu zenuen zure burua.
Bai. Lehenengo pausoa etxean esatea izan zen. Intsumiso deklaratu eta kartzelara sartzeko arriskua neukala. Gogorra izan zen, niretzat eta baita gurasoentzat ere. Etxean flipatu egin zuten, baina nire ondoan egon dira beti. Nire aitak esan ohi zuen: “Armada existituko ez balitz, hobeto”. Orduan, hartu nuen erabakia ulertu zuten.

Eta gizartearen pertzepzioa zein izan zen?
Nire lagunek bazekiten intsumisioa egingo nuela, Kakitzaten sartuta nengoelako. Hasieran lau katu baino ez ginen, eta gero kontua handitzen eta handitzen joan zen. Estrategiak bi mugarri zituen: alde batetik, errepresiorik ez bazegoen intsumiso pilo bat egongo ziren, eta bestetik, errepresioa baldin bazegoen armadaren kontra egin behar zen. Hori zen planteatuta geneukana. Errepresioa ez zen handia izan, oso bideratuta egon zen.

Zure burua intsumiso deklaratu ondoren, zer gertatu zen?
Intsumiso deklaratu nuen nire burua 1989an. Kode militarraren arabera epaitu behar ninduten. Nire kasuan Guardia Zibilak telefonoz deitu zuen nire etxera, baina ez ziren inoiz agertu. Garai batean bilatzeko eta atxilotzeko agindua zegoen nire gain. Zerbitzu militarrera ez joateagatik kartzela-zigorra geneukan, urte batetik hiru urtera bitartekoa, eta gero, gainera, berriro soldadutza egin behar genuen. Hori aldatu zen lege berriarekin, 1991n, eta kode militarretik kode zibilera pasatu gintuzten.

Hala ere, epaiketa izan zenuen eta kartzela-zigorra bete behar izan zenuen.
Bai. 1994an izan nuen epaiketa. Urte bateko espetxe-zigorra ezarri zidaten eta urte berean sartu ninduten Basauriko espetxean. Manifestazio batean joan ginen kartzelara. Hirugarren graduan nengoen, hau da, lotara baino ez nintzen kartzelara joaten. Hirugarren gradu horrekin guk ikusten genuen beste modu bat zela gu zigortzeko eta jendeak ez ikusteko gu zigortuta geundela. Egoera horri buelta eman nahi genion eta asmatu genuen planto egitearena.

Zer zen planto egitea?
Bada gau batean espetxera ez itzultzea. Zenbait intsumisok batera egiten genuen hori. Publiko egiten genuen non geunden, gure bila etor zitezen. 1994ko Bilboko jaietan egin genuen lehen planto hori. Hor hasi ginen gure egoera publikoki aurkezten. Gero planto gehiago etorriko ziren, baina bilatzeko eta atxilotzeko agindurik ez zen ateratzen, eta kalean egon ginen 1995eko urtarrilera arte.

Kalean normal, besterik gabe?
Normal normal, ez. Bageneukan kartzela-zigor bat bete barik, eta bagenekien bete behar genuela. Gauza askotarako txarra zen hori, adibidez, lana bilatzeko. Baina kalean egon ginen lau hilabete baino gehiago. 1994ko Gabonetan atera zuten atxilotzeko agindua. Ondo gogoratzen dut Max Centerren (1994an zabaldu zuten) lanean ari nintzelako, zertan eta Olentzeroren papera egiten! Gabonen ondoren gero gure burua aurkeztu genuen kartzelan, Errege Magoak bezala militarrei eta epaileei ikatza eramanez.

Bigarren aldia, hortaz, Basauriko espetxean.
Bai. Oraingo honetan mantenu osoan (kar, kar, kar). Bigarren graduan sartu gintuzten kartzelan bigarren aldi horretan. Momentu hartan bigarren graduan sei intsumiso geunden, eta hirugarren graduan gehiago. Bigarren aldi horretan Sestaoko beste intsumiso batekin sartu nintzen Basauriko espetxean. Batera sartu ginen, baina zelda desberdinetan banatu gintuzten. Legeak zioen batera egon behar genuela “kidetasunagatik”, baina ezetz. Beste hiru presorekin egon nintzen zeldan, hirurak HIESArekin; bat Basaurikoa zen eta momentu horretan ilea galtzen ari zen, beste bat fase terminalean zegoen eta hirugarrena aurrekoa baino askoz okerrago zegoen. Ondoren, Sestaoko lagunak eta biok lortu genuen batera egotea eta handik hiru egunetara, oker zegoen gizona hil egin zen. Sinadura bilketa bat jarri genuen martxan kartzelan egoera bera salatzeko, baina Salhaketak esan zigun ez zutela hori publikatuko, dispertsatuko gintuzten beldur ziren.

Urtebeteko zigorra bete zenuen.
Hala da. Bi tarte horietan bete nuen zigorra. Gero, 1998an berrio sartu ninduten kartzelan beste intsumiso batekin. Arrazoia? Aurreko bera: zerbitzu militarrari uko egiteagatik. Hilabete bat eta egun bat egon ginen berriro kartzelan. Ez dakit mehatxu bezala sartu gintuzten, baina bi pertsona bakarrik ginen; gainera, zerbitzu militarraren bukaera ia-ia bideratuta zegoenean izan zen. Jendea jada ez zuten kartzelan sartzen intsumiso izateagatik.

1996an Intsumiso Eguna antolatu zuten Agurainen; Pibe erdian // Omar Lopez

Zer gogoratzen duzu espetxean egon zineneko garaiez?
Kartzelan egon nintzen bitartean ikasteko aprobetxatu nuen. Ingeniaritza ikasten hasi nintzen kartzelan sartu aurretik eta orduan aprobetxatu nuen ikasten jarraitzeko. Informatika ikastaro bat ere egin nuen espetxean.

Momenturen batean egindakoaz damutu zinen?
Ez. Gaur egun antimilitarista mugimenduan jarraitzen dut, gainera. Guk esaten genuen, eta gaur egun ere mantentzen dugu, zerbitzu militarra eta armada bera baldintzatzeko lehenengo urratsa zela intsumiso deklaratzea. Balore asko irakasten zituzten soldadutzan eta balore horiek gizartean mantentzen ziren. Gaur egun balore horiek ez daude gizartean sartuta, eta eskerrak!

Zein balore ziren horiek?
Bada, oso balore matxistak, dena oso diktatoriala zen, autoritarismoa… Guk uste genuen horrelako baloreak gizartetik kendu behar zirela. Eta gaur egun ere hori aldarrikatzen jarraitzen dugu. Armada leku guztietara bakea eramatera joaten den irudia saldu nahi digute, baina nola da hori posible fusilekin eta armekin joaten badira? Ez dute bakerik eramaten, baizik eta gerra. Armada ez dugu ezertarako behar. Urtero milioika euro gastatzen dira; diru hori ez dago ez hezkuntzan ez osasungintzan, benetan dirua behar den arloetan alegia.

Gaur egun soldadutza egitea ez da derrigorrezkoa. Esango zenuke zuei esker dela hori?
Horretara iristeko giltza izan zen ordukoa, bai. Espainia mailan MOC eta Milikaka zeuden eta Euskal Herrian MOC eta Kakitzat. Egia da Euskal Herrian erantzuna askoz handiagoa izan zela. Gero eta intsumiso gehiago zegoen eta gero eta erantzun irmoagoa zegoen gizartearen aldetik. Horregatik erabaki zuten soldadutza kentzea.

Gizartea gero eta antimilitaristagoa dela esango zenuke?
Intsumisioarekin ikusi genuen gizartea antimilitarista zela. Guk pausotxo bat baino ez genuen eman, baina erantzun zuena gizartea izan zen. Gizarteak erantzun zuen militarrak ez zeukala zerikusirik gurekin.

Intsumisioaren alde mobilizazioak ere izango ziren.
Bai. Zenbait manifestazio egin ziren Basaurin intsumisioaren alde. 1999ko otsailaren 20an 11 pertsona aurkeztu ziren Bilbon intsumiso bezala eta horietatik hiru atxilotu zituzten eta Basauriko espetxean sartu. Lanbide Heziketan eta Urbi eta Uribarri institutuetan ikasleek geldialdi bat egin zuten, baita elkarretaratzea ere Basauriko espetxearen aurrean. Niretzat, garai hartako kontzentraziorik handiena izan zen. Ez nuen horrelakorik Basaurin inoiz ikusi.

Nire kasuan, kartzelara joan nintzenean manifestazioan joan ginen eta nire epaiketa izan zenean jendea joan zen Basauritik Bilbora oinez. Kontzentrazioak, manifestazioak egin ziren Basaurin, Bilbon eta leku askotan.

Basauriko intsumisioaren aldeko plataformaren bazkaria San Fausto plazan 1994an // Omar Lopez

Pertsonalki intsumisioak zer irakatsi dizu?
Gauzak aldatzea posible dela. Mugimendu honetan sartu ginenean abentura batean sartu ginen. Ez genekien zer gertatuko zen. Orain atzera begira ikusten dugu, baina garai hartan ez genekien zer gertatuko zen hortik aurrera. Bagenekien errepresioa gainean geneukala, baina hortik aurrera… Ez genekien zer gertatuko zen ez gurekin ezta estrategiarekin ere. Aurrera egin genuen eta gizarteak erantzun irmoa eman zuen.

Mugimendu antimilitaristan jarraitzen duzula aipatu duzu.
Hala da. Hemen oraindik armak egiten direla salatzen jarraitzen dugu gaur egun ere. Kakitzaten militarrekiko dagoen guztiaren kontra borrokatzen jarraitzen dugu: armagintzaren —Galdakaon, Barakaldon, Getxon lantegiak daude— eta armadaren kontra, alegia. Armadan, adibidez, ez da krisirik egon, eta gero eta diru gehiago gastatzen da horretan.

Zer eskatzen duzue gaur egun?
Eskatzen duguna da ez da fabrika horiek ixtea, baizik eta beren produkzioa zibilera pasatzea. Lantegi horiek dirua jasotzen dute erakunde publikoetatik, Eusko Jaurlaritzatik barne. Guk ez dugu esaten dirurik eman behar ez zaienik; eman diezaietela, baina euren produkzioa zibilera pasa dezatela. Adibidez, Orbeak lehen armak egiten zituen eta gaur egun bizikletak egiten ditu. Askoz zerbitzu hobea, ezta?

Uste duzu egungo gizartea gai dela orain horrelako borroka bat aurrera eramateko?
Zaila da gaur egun intsumisioa bezalako borroka bat aurkitzea. Zuregana zetorren zerbait zen; bereziki, mutilengana zetorren zerbait. Gaur egunera ekarrita, emakumeen borrokak antzekotasuna izan dezake intsumisioarekin. Adibidez, emakumeek emakume izateagatik gizonek baino soldata txikiagoa irabazten dute gaur egun ere, eta uste dut borrokaren bidez hori aldatzea posible dela.

Zuk zeuk zeren kontra egiten duzu borroka gaur egun?
Esan dudan bezala Kakitzaten nago eta AHTaren kontrako mugimenduan ere sartuta nago. Beste astakeria bat. Abiadura handiko tren bat behar dugula esatea… Benetan behar dugu ala? Etxe bakoitzean ere hegazkin bat behar dugu, baina noski, ezin dugu mantendu. AHTa egiteak ez dauka zentzurik: oso pertsona gutxik erabiliko lukete eta oso gutxitan. Diru xahuketa ikaragarria da. Horregatik ari gara horren kontra borrokan.

☉ Basauri

Basauriko EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio udal gobernu taldearen aurrekontu proposamenari

|

Exabier Arrieta eta Leire Lezameta, Basauriko EH Bilduko lau ordezkarietako bi, San Migelen // Basauriko EH Bildu

Basauriko udal gobernu taldeak 2025eko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen azaroaren 21ean: guztira 65,8 milioi euro kudeatuko ditu Basauriko Udalak, aurten baino 3 milioi gehiago (% 5,3 gehiago).

Oposizioak gaur arte du epea proposamenari zuzenketak aurkezteko, eta Basauriko EH Bildutik jakinarazi dutenez, osoko zuzenketa bat aurkeztuko dute.

“Kontu horiek ia 66 milioira iristen dira, eta kopuru horren % 3,7 baino ez da inbertsioetarako. Kopuru hori urte askotan geldirik egon da, eta, adibidez, aurreko urtearekin alderatuta, % 13 jaitsi da, eta hori larria iruditzen zaigu hainbat arrazoirengatik. Gure ustez, jaitsiera hori gastu arrunten gorakadaren ondorioa da, diru-sarrera propioak erruz agortzen baitituzte”, diote koalizio ezkertiarretik.

Inbertsio-proposamenek “aldaketa sakonik ez” dakartela salatu dute: “Esate baterako, gure enpresa aukeraguneen garapena edo pertsona ahulenen gizarte-babesean sakontzea. Adibide gisa, Arizko zubi bat edo eserlekuak dituzten estalitako eremuak sortzea proposatzen da, ekitaldian zehar partidak egiteko egokiagoak direnak”.

“Inkoherentziak” daudela ere adierazi du EH Bilduk: “Adibide gisa, gehiago bideratzen da prentsa eta aldizkarietara etxerik gabeko pertsonei edo Janabideri laguntzera eta pertsona ahulei elikagaiak banatzera baino”.

“Maniobra tarte txikia”

“Agerikoa da oposizioa osatzen duten alderdiei maniobra tarte txikia uzten zaiela, aurrekontua oso doitua dagoelako. Baina horren bueltan, eta diru erabilgarria azaleratzen den neurrian, orduantxe heltzen zaie Udalaren beharrei. Hori bai, gainerako alderdi politikoak kontuan hartu gabe, aldez aurretik horiei beren proposamenei uko egin dietelako”, diote.

Oposizioaren proposamenik sartu nahi ez izatea salatu dute EH Bildutik: “Gobernu-taldeak benetan proposamenak sartu nahi izan balitu, formulak egon badaude. Hala nola, zirriborroa itxi baino lehen, gainerako udal taldeekin hitz egin; partida bat alderdientzat eurentzat gorde, aurrekontu partehartzaileetarako 400.000 euro gordetzen dituen bezala, edo akordio politiko bat lortu, urtean zehar gure ideiak txertatzeko aukera emango diguna, beraiek beraien proposamenekin egiten duten bezala. Baina uko egiten die, gehiengo absolutuak ematen dion lasaitasunagatik, beharbada”.

“Horregatik, oraingoan, eta hainbat urtez gure proposamenak sartzen saiatu ondoren, ez dugu parte hartuko “iragarritako heriotza” honetan, eta osoko zuzenketa hau aurkeztuko dugu kontuak itzultzeko eskatuz”, diote.

Hala eta guztiz ere, adostasunetara heltzeko “prest” daudela adierazi dute koalizio ezkertiarretik: “Osoko zuzenketa hau erretiratu dezakegu eta aurrekontuari aurka ez egitea eskaini dezakegu, akordio baten truke, non, modu eraikitzailean, gure ideiak eman ahal izango ditugun diruzaintzako geldikinen erabilgarritasunean oinarrituta. Beraz, badaude formulak, espero dezagun borondatea ere egotea”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Zauriturik gabeko auto istripua gertatu da Basauriko sarreran, Arizen

|

Autoaren gidaria anbulatoriora eraman dute // Geuria

Auto batek istripua izan du Basauriko sarreran, Arizko zubiaren ondoan. Taberna baten ondoan dagoen barandaren kontra jo du eta bertan dagoen banku bat hondatu du.

Hala ere, Udaltzaingoak GEURIAri baieztatu dionez ez da zauriturik egon. Autoaren gidaria anbulatoriora eraman dute.

Auto pilaketak izan dira Basaurira sartzeko, baina dagoeneko trafikoa arina da. Udaltzainak trafikoa zuzentzen egon dira.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Gabonetako Ludoteka zerbitzuan izena emateko epea zabaldu du Basaurik

|

Abenduaren 13ra arte dago epea zabalik izena emateko; guztira 60 plaza eskainiko dituzte // Artxiboko irudia, Geuria

Basauriko Kultur Etxeak 4 eta 6 urte bitarteko umeei zuzendutako Gabonetako Ludoteka zerbitzua eskainiko du abenduaren 23an, 26an, 27an eta 30ean eta urtarrilaren 2an eta 3an.

Zehazki, zerbitzua San Migel, Ibaigane eta Pozokoetxeko Kultur Etxean eta Basozelai eta Kareaga Gizarte Etxeetan garatuko da goizetan, 10:00etatik 13:00etara bitartean.

Eskaintza 2018 eta 2020 bitartean jaiotako haurrei dago zuzenduta, eta izena emateko epea zabalik dago abenduaren 13ra bitartean.

Guztira 60 plaza eskainiko dituzte, eta zozketa bidez esleituko dituzte. “2024-2025 ikasturtean Basauriko ludoteka zerbitzua erabiltzen duten familiek izango dute lehentasuna”, zehaztu dute Kultur Etxeko ordezkariek.  Onartutakoen zerrenda abenduaren 18an argitaratuko du Kultur Etxeak.

Gabonetako Ludoteka zerbitzuko prezioa 25 eurokoa da. “Beherapenak ere egongo dira DSBE edo GGI jasotzen duten familientzat: % 75eko deskontua aplikatuko zaie, alegia”, diote. Era berean, hiru seme-alaba dituzten familia ugariei % 25eko deskontua ezarriko diete, eta lau seme-alaba edo gehiago dituzten familiei % 40koa.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Jon Arretxe basauriarrak Touré detektibearen hamaikagarren liburua aurkeztu du: ‘Zenbaki gorriak’

Durangoko Azokan aurkeztuko du bere azken nobela Arretxek. Gainera, liburuak sinatzen ere ibiliko da idazle basauriarra

|

Jon Arretxe, Touréren azken nobela eskuetan // Argazkia: Erein

Jon Arretxe idazle basauriarrak argitaratu du Touré detektibearen hamaikagarren nobela: ‘Zenbaki gorriak’ (Erein, 2024).

Azaroaren 28an aurkeztu zuen liburu berria Arretxek Donostiako udal liburutegian eta Durangoko Azokan ere aurkezpena egingo du: abenduaren 6an, ostiralez, izango da 19:30etik 20:00etara Ahotsenean.

Liburu berria aurkezteaz gain, liburuak sinatzen ere ibiliko da Arretxe Durangoko Azokan, Erein argitaletxearen standean: abenduaren 5ean, 6an, 7an eta 8an, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.

Touré detektibearen sagan hauek dira idazle basauriarrak publikatu dituen nobelak: ‘19 kamera’ (Erein, 2012), ‘612 euro’ (Erein, 2013), ‘Hutsaren itzalak’ (Erein, 2014), ‘Estolda jolasak’ (Erein, 2015) ‘Sator lokatzak’ (Erein, 2016), ‘Ez erran deus’ (Erein, 2018), ‘Mesfidatu hitzez’ (Erein, 2019), ‘Dortokaren begirada’ (Erein, 2021), ‘Lyrica Garaia’ (Erein, 2022), ‘Musker amarruak’ (Erein, 2023) eta azkena ‘Zenbaki gorriak’ (Erein, 2024).

11 liburu, 12 urte

Hau da ‘Zenbaki gorriak’ liburuaren sinopsia:

Hamabi urte igaro dira Mahamoud Touré Bilboko Afrika Txikira heldu zenetik, familia Burkina Fason utzita eta amets berrien alde borrokatzeko prest. Horretarako Saharako basamortua zeharkatu behar izan zuen, eta Gibraltarko itsasartea igaro. Baina denboraren poderioz, emaztea eta seme-alabak, etorkizun oparoko promesa hutsalez nazkaturik, ahaztu egin ziren Touréz, eta burkinarra zurrunbilo iraunkor batean sartu zen non ilunak askoz gehiago diren argiak baino.

Aurreko nobelan Las Palmasen egon ondoren, oraingo honetan patuak Bartzelonara darama Touré. Hor, denbora soberan izango du ihesaldi etengabea bilakatu zaion bizitzaz hausnartzeko, bizi izandako esperientzia gogorrak eta egindako okerrak mamurtzeko, eta inoiz baino astunago sentituko du bakardadearen pisua. Bere lagun leial Osman, Xihab eta Kristina (Sa Kené) jada ez dauzka ondoan, eta inoiz imajinatuko ez zituen gauzak egin beharko ditu bizirik irauteko, degradazio-maila beherenera iristeraino.

Jon Arretxek argazki gordina eskaintzen digu Zenbaki gorriaken Bartzelonako turismo-leku ederren azpian gordetzen den errealitatearena, eta agerian uzten digu paperik gabeko etorkinek, etxebakoek, txiroenek… non bilatzen duten babesa. Eleberri bizigarri bezain gogorra da Touréren hamaikagarrena, estilo zintzokoa, sagako besteetan bezala Europa diruduneko baztertuen azpi mundua erakusten duena.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / Basauriko Mintzodromoak 100 lagun baino gehiago bildu ditu Solobarrian

|

Solobarriako plazako karpak 100 lagun baino gehiago elkartu ditu gaur goizean, Euskararen Eguna dela eta antolatutako Mintzodromoan. Bertan izan dira Euskaltegiko ikasle eta irakasleak, Berbalagunak, Basauri ikastetxeko ikasle eta irakasleak eta udal ordezkariak, hiru mintzagaien inguruan berba egiten: gaur egungo bizitzaren erritmo azkarraz, urak har ditzakeen eremuetan eraikitzeaz  eta fake news fenomenoaren inguruan.

Euskararen egunak giro ederra ekarri du Solobarriako Mintzodromora eta bertako partaideak gogoz aritu dira istorioak euskara hutsean elkarbanatuz.

Osorik irakurri