Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Basauri

Basaurik itsulapikoak jarri ditu Thailandian gaixo dagoen herrikidearen senideak laguntzeko

El Maño Basozelaiko Auzo Elkarteak kanpaina bat jarri du martxan dirua biltzeko. Herrian zehar momentuz 84 itsulapiko jartzeaz gain, apirilaren 27an eta 28an ekitaldi solidarioak antolatuko dituzte

|

Basauritik zehar 84 itsulapiko jarri ditu Basozelaiko Auzo Elkarteak, Alexen familiak Thailandian egindako gastuak ordaintzeko // Geuria

Alex Garcia Galas basauriarra (Basauri, 36 urte) pankreatitisak jota gaixorik dago Bangkokeko (Thailandia) ospitale batean.

Otsailaren 25ean ospitaleratu zuten Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU) eta ordutik bere senideak Euskal Herriratzeko ahaleginetan dira.

Alexen ingurukoek zabaldu dutenez, familiak, “etsi-etsian”, hegazkin medikalizatu bat kontratatu zuen bertara ekartzeko, baina ez zioten hegan egiten utzi, “barne-odoljario larria izateko arriskua” baitzegoen.

Familiak 221.000 euro jarri zituen hegazkin medikalizatu hori kontratatzeko, baina ezin izan dutenez erabili, diru hori galdu dute.

Gauzak horrela, crowfunding kanpaina bat abiarazi dute Alexen lagunek eta senideek. Momentuz 114.445 euro bildu dituzte.

Diru bilketa Basaurin

Basaurin El Maño Basozelaiko Auzo Elkarteak kanpaina bat jarri du martxan dirua biltzeko: “Basozelaiko Auzo Elkartetik gure babesa adierazi nahi diogu gure bizilagun Alexen familiari eta apirilean zehar ekitaldi solidarioak antolatuko ditugu”, diote.

“Basozelaiko saltokietan itsaulapikoak jartzen hasi ginen, baina sare sozialen bitartez ekimenak izan duen oihartzuna ikusita, Basauri osora hedatu dira itsulapikoak”, dio Gorka Del Rio Basozelaiko Auzo Elkarteko kideak.

Guztira, 84 itsulapiko daude herriko saltokietan zehar. “Gainera, beste itsulapiko asko ere jarri ditugu Basauritik kanpo, adibidez, Eibartik idatzi ziguten bertan ere itsulapikoak jartzeko”, dio.

Bilduko duten dirua Alexen familiari emango dio Basozelaiko Auzo Elkarteak: “Bildutako dirua familiak egin behar izan dituen —eta gaur egun egin behar dituen— gastuak ordaintzeko izango da”.

“Egunero Thailandian 3.000 eta 4.000 euro artean gastatzen ari da familia, Alexi probak egin ahal izateko”, zehaztu dute El Maño Auzo Elkartetik.

Asteburu solidarioa

Beste alde batetik, itsulapikoez gain, El maño Basozelaiko Auzo Elkarteak asteburu solidarioa antolatu du apirilaren 27an eta 28an Basaurin.

Besteak beste, haurrentzako parkea, urdaiazpiko moztailea, paella solidarioa, bingo solidarioa, barra solidarioa eta zozketak antolatu dituzte.

Aberriratzea, asteburuan

Alexen senideak Margarita Robles Defentsa ministroarekin harremanetan jarri ziren aste hasieran eta horrek egoera aztertuko zuela adierazi zien.

Eitb-k jakinarazi duenez, asteburu honetan egingo dute basauriarraren aberriratzea. Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak baieztatu duenez, hegazkina asteburu honetan abiatuko da eta gaur arratsaldean jakinaraziko dituzte Alexen premiazko aberriratze dispositiboari buruzko xehetasunak.

☉ Basauri

Maider Marcos Basauri Eskubaloi Taldeko jokalaria El Conquistador saioko lehiakide da

|

Maider Marcos 'El Conquistador' saioko 21. edizioan lehiatzen ikusiko dugu // Eitb

Atzo eman zioten hasiera ‘El Conquistador’ saioaren 21. edizioari ETB2n. Aurten 37 lehiakidek hartuko dute parte, tartean, Maider Marcos bilbotarrak.

Basauri Eskubaloi Taldeko jokalaria da Maider: Zilarrezko Ohorezko Mailako talde seniorrean dabil.

Maiderrek 22 urte ditu eta eskubaloian jokatzeaz gain, gimnasta ere bada.

‘El Conquistador’ astelehenero emango dute ETB2n, 22:30ean.

Hego Uribeko zenbait herritarrek hartu dute parte ‘El Conquistador’ saioetan. Galdakaoko Mertxe Cornago (2007), Egoitz eta Ekaitz Rios (2010 – Egoitz irabazle), Nekane Arroyo (2012 eta 2020), Mari Carmen Alvarez (2013) eta Aritz Irusta (2023); Zaratamoko Riki Rekalde (2016); Ugaoko Aiskander Jauregi (2017, – bigarren sailkatua); eta Basauriko Alazne Gomez eta Alvaro Jimenez (2023).

Kapitain bezala ere izan zen Patri Espinar usansolotarra (2019ko eta 2020ko edizioetan).

Osorik irakurri

☉ Basauri

Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketak euskarazko ipuin laburrak jasoko ditu martxoa bitartean

Lehiaketaren zortzigarren edizioan parte hartzeko lanak urtarrilaren 15etik martxoaren 15era bitartean jasoko dituzte. Saritan 750 euroko bonuak banatuko dituzte

|

Urtarrilaren 15etik martxoaren 15era bitartean jasoko dituzte euskarazko ipuin laburrak // Geuria

Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketaren zortzigarren edizioa abiatuko du Zirt Zart Basaurik. Urtarrilaren 15etik martxoaren 15era bitartean jasoko dituzte euskarazko ipuin laburrak, gehienez 100 hitzekoak, zirtzart.basauri.eus webgunearen bitartez.

Aurten “Erabaki zuzena hartu ote nuen?” izango da ipuinek izan behar duten hasiera, antolatzaileek hala erabakita, eta esaldi horretatik abiatu beharko dituzte lanak.

Lehiaketa 12 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta eta asmoa da idazmenean interesa dutenen talentua aurkitzea.

Guztira bost sari banatuko dituzte: lehen sailkatuak 200 euroko bonua jasoko du, biharrenak 150 euroko bonua, hirugarrenak 100 euroko bonua, eta Elkar sariaren zein Basauri sariaren irabazleek bakoitzak 150 euroko bonuak jasoko dute.

Elkar sarian 12-17 urte bitartekoen proposamenak baino ez dituzte aintzat hartuko eta Basauri sarian herrian erroldatua egon beharko da parte hartzailea. Ipuin sarituak GEURIAn argitaratuko ditugu, bai paperezko alean zein webgunean.

Basauriko Udalaren Gazteria arloak antolatzen du lehiaketa eta Elkarren eta GEURIAren laguntza du. 2018an jarri zuten martxan lehiaketa eta urtetik urtera hazi egin da, ez bakarrik Basaurin, baizik eta Euskal Herri mailan ere.

Datuak datu, eta lehiaketak izan dituen formatu desberdinak tarteko, lehenengo edizioan 89 kontakizun jaso zituzten, bigarrenean 83, hirugarrenean 54, laugarrenean 204, bosgarrenean 288, seigarrenean 149 eta zazpigarrenean 155.

Iaz honako hauek izan ziren sarituak: Rebeca Fernandez Rueda (Barakaldo), Irene Izaguirre Chaparro (Villabona), Olatz Noberan Gartzia (Ondarroa), Andere Ramirez Garcia (Laudio) eta Izaskun Herce Quintana (Basauri).

Osorik irakurri

☉ Basauri

Urbi Institutuko ikasleak arteari buruzko proiektua gauzatzen ari dira Europan

|

ArThenea proiektuan ari dira parte hartzen Urbiko ikasleak // Urbi BHI

Europara begira jarraitzen du Basauriko Urbi Institutuak. Ikasturte honetan arteari buruzko eTwinning proiektua ari dira gauzatzen: ArThenea proiektua, alegia.

Europako sei ikastetxetako ikasleak ari dira proiektuan parte hartzen: Kretako Chania hiriko Geniko Lykeio Akrotiriou (Grezia), Alsaziako Mulhouse Lavoisier (Frantzia), Asturiasko Mieresko Sanchez Lastra (Espainia), Pilseneko Gymnázium Lud´ka Pika (Txekiar Errepublika), La Reunion uharteko Lycée Jean Hinglo (Frantzia) eta Basauriko Urbi Institutua.

Proiektuaren barruan, abenduaren 2tik 8ra bitartean Basauriko ikasleak eta irakasleak Alsaziara joan ziren, eta abenduaren 10etik 15era Greziakoak Basaurira etorri ziren bisitan. “Esperientzia zoragarria, ikasleentzat ahaztezina”, adirazi dute Urbiko ordezkariek.

“Urbiko ikasleek, proiektua komunean lan egiteaz gain, euskal ohiturak, geografia, kultura, hizkuntza, monumentu enblematikoak eta altxorrak ezagutzera eman diete kanpotarrei. Bestalde Mulhouserako bisitan basauritarrak Europar Parlamentua bisitatatzez gain, Alsatziako Gabonetako merkatuak, ohiturak eta kultura ezagutzeko aukera izan zuten”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Artunduaga kiroldegiko aparkalekua berriro asfaltatzeko 123.000 euro bideratuko ditu Basauriko Udalak

|

Artunduaga kiroldegiko aparkalekua // Geuria

Basauriko Udalak 527.000 euro bideratuko ditu herriko hainbat gune berriro asfaltatzeko: Soloarte kaleko aparkalekua eta Fleming Doktorea eta Menendez y Pelaio kaleak (97.000 euro); Artunduaga kiroldegiko aparkalekua (123.000 euro); eta Artunduaga kaleko errepidea Bilbondorantz (307.000 euro).

Gainera, Gabonak baino lehen errepide hauetako zuloak konpondu zituen Udalak: Basauritik San Migeleraino errepidearen zorua, Garbiguneko errepidea eta Urbi eta Gudarien kaleetakoa. Lan horietan inbertsioa 89.000 eurokoa izan da.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Gomazko Paleta Txapelketak 27 bikote neurtuko ditu urtarriletik martxora bitartean

|

Bigarren mailako kategorian 15 bikote lehiatuko dira eta lehenengo mailan 12 bikote // Bidebieta Pilota Taldea

Basauriko Gomazko Paleta Txapelketari ekingo diote urtarrilean 27 bikotek. Bidebieta Pilota Taldeak antolatuta, aurtengoa 36. edizioa da.

Lehen eta bigarren mailako pilotariak neurtuko dira bikoteka txapelketan. Hori Hori (Elorrio), Artepe (gatika), Getxo, Amurrio, Alaitasuna (Bakio), Arteaga (gautegiz-Arteaga), Erdu Pilotan (Zornotza), Pagazpe (Usurbil), Galipa (Zierbena), Olarreta (Larrabetzu), Danak Bat (Mungia) eta Lea Ibarra (Munitibar) klubetakoak dira jokalariak.

Bigarren mailako kategorian 15 bikote lehiatuko dira, eta lehenengo mailan 12 bikote.

Txapelketa urtarrilaren 12an hasiko da martxoaren 30ean izango dira finalak. Partida guztiak igande guztietan jokatuko dira, arratsaldetan, Artunduagako frontoian.

Txapelketa osoko partidu bakoitzean pilotaririk onenaren saria banatuko du Bidebieta Pilota Taldeak.

Osorik irakurri