→Basauri

‘El silencio de la ciudad Blanca’ filmean agertuko da Itziar Ituño basauriarra

basauri itziar ituño loreak 2014

Abuztuan ‘El silencio de la ciudad Blanca’ filmaren errodajea hasi dute Gasteizen. Daniel Calparsoro zuzendari lanetan dabil eta Ituñok paper bat izango du filmean.

Ituño 'Loreak' filmeko sekuentzia batean // Argazkia: Loreakfilm

Abuztuan ‘El silencio de la ciudad Blanca‘ filmaren errodajea hasi dute Gasteizen. Daniel Calparsoro (Bartzelona, 1968) zinemagilearen azken misterio-thrillerra da honakoa eta Eva Garcia Saenz de Urturi (Gasteiz, 1972) idazle gasteiztarraren izen bereko eleberrian oinarrituta dago (Planeta, 2016). Filmaren protagonista nagusien artean daude Javier Rey, Belen Rueda, Aura Garrido eta Manolo Solo, eta aktoreen zerrenda osatuko dute, besteak beste: Itziar Ituño basauriarra, Kandido Uranga, Ramon Barea, Sergio dorado, Pedro Casablanc, Alex Monner, Richard Sahagún eta Jordi Mollá.

Errodajea abuztuaren 1ean abiarazi zuten eta irailaren 29an bukatzea aurreikusi dute. Atresmedia Cine eta Rodar y Rodar taldeen produkzioa da eta Eitb-ren lankidetza izango du. Filma 2019an estreinatuko dute.

Gasteizen eta Araban girotuta

El silencio de la ciudad Blanca‘ Araban dago girotuta eta 1980ko hamarkadan gertatutako krimen erritual batzuk ikertzean datza. Hain zuzen ere, modus operandi bereko hilketak izango dira ikertu beharrekoak. Unai Lopez de Ayala arduratuko da hiltzailea aurkitzeaz.

Eva Garcia Saenz de Urtubi idazle gasteiztarraren eleberri homonimoaren egokitzapen zinematografikoa da ‘El silencio de la ciudad Blanca‘. ‘La ciudad Blanca‘ trilogiako lehen lanari dagokion filma izango da. Bigarren liburua ‘Los ritos del agua‘ da eta hirugarrena eta azkena ‘Los señores del tiempo‘. Hirugarren eta azken eleberria urriaren 2an jarriko dute salgai.

Ituñoren hamairugarrena

Aktore basauriarraren hamairugarren filma izango da ‘El silencio de la ciudad Blanca‘. Zineman film hauetan hartu du parte Ituñok: ‘El final de la noche‘ (2003), ‘Agujeros en el cielo‘ (2004), Izarren argia (2010), ‘El cazador de dragones‘ (2012), Loreak (2014), Lasa eta Zabala (2014), ‘El Buen Mal‘ (2014), ‘Un otoño sin Berlin‘ (2015), Igelak (2016), Errementari (2017), ‘For the Good Times‘ (film laburra, 2017) eta ‘Tarde para el recreo‘ (film laburra, 2017).

Hala ere, telebistan egin zen ezagun Ituño, Goenkale telesailari esker (ETB1, 2004-2015). Ondoren etorriko zen Espainian ospea eman dion telesaila, ‘La casa de papel‘ (Antena 3, 2017-2018 / Netflix). Era berean, ‘Cuéntame cómo pasó‘ telesail famatuan ere partaidetza izan zuen (TVE, 2017. 5 kapitulu).

Antzerkian ere hamaika paper egin ditu Ituñok. Gaur egun, Yo soy Pichichi‘ antzezlanean ikus dezakegu taula gainean, Bilboko Pabilioi 6 aretoan, irailaren 16ra arte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak