→Basauri

2022ko San Fausto jaietako kartel irabazleak 1.500 euro eskuratuko ditu

2019ko sanfaustoak // Geuria

Urriaren 8tik 16ra bitartean izango dira Basauriko San Fausto jaiak. Momentuz kontzertuen berri eman du Herriko Taldeakek —Guda Dantza, Los Diablos, Andy y Lucas eta Desakato—, eta jaiak iragartzeko kartel lehiaketa oraindik ere martxan da. Lehiaketan parte hartu nahi duenak abuztuaren 31ra arte du. Lanak udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak (HAZ) entregatu beharko dira astelehenetik ostiralera 08:00etatik 13:00etara —aurretiaz hitzordua eskatu behar da—. Kartel txikiaren eta gaztearen kasuan, telematikoki ere aurkeztu ahal izango dira udal webgunearen bitartez.

Guztira, lau sari banatuko dituzte: kartel irabazlea, lokala, gazte kategoria eta txiki kategoria. Kartel irabazlearen egileak 1.500 euro jasoko ditu eta tokiko diseinu onenari 300 euro emango dizkiote.

Gazte kategoriako irabazleak (LH5etik DBH1era bitarteko gazteak) Basauri Kirolak-eko igerilekua ordubetez erabiltzeko aukera izango du beste 15 lagunekin batera, hamaiketakoa barne, eta Basauriko Indoor Abentura Parkerako lau sarrera, bi orduz aritzeko, ere jasoko ditu; gainera, Basauriko saltokietan erabiltzeko 100 euroko bonua jasoko du Zoroak kuadrillaren eskutik —kartel txiki eta gazte lehiaketak Zoroakek antolatzen ditu—.

Eta txiki kategoriako irabazleak (LH1etik 4ra bitarteko haurrak) Social Antzokiko zinema-aretorako lau sarrera eta haur-ikuskizunetarako beste lau sarrera jasoko ditu. Gainera, Basauriko saltokietan erabiltzeko 50 euroko bonua jasoko du Zoroak kuadrillaren eskutik.

San Fausto 2022 kartel lehiaketako oinarriak udal webgunean kontsulta daitezke.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak