☉ Basauri
Amaia Bonachera: «3D animatzaile izatea txotxongilo bat mugitzea bezala da, baina era digitalean»
Amaia Bonachera basauriar gaztea lehen aldiz aurkeztu da San Fausto jaietako kartel lehiaketara eta irabazi egin du. 3D animatzailea da lanbidez eta, bere ustez, Adimen Artifizialak artearen eta sortzaileen etorkizuna arriskuan jar dezake

Basauriko San Fausto jaietako kartelak Amaia Bonachera Madrid gaztearen sinadura darama aurten (Basauri, 1999). Eskarabileraren agurra, kuadrillak, bere burua taloa jaten (topatu duzu kartelean?) eta jai giroa ageri dira bere lan koloretsuan. Baina kartelaz harago, Amaia 3D animatzailea da, gaur egun langabezian dagoen arren. Sakon hausnartu dugu artearen balioaz eta Inteligentzia Artifizialaren etorkizunaz.
Basauriko jaietako kartela edonon ikusiko dugu, Amaia! Zure kartelak irabazi du lehiaketa! Bai! Oso pozik nago. Lehiaketara aurkezten naizen lehenengo aldia da eta begira! Marrazten badakit, baina ez naiz diseinatzaile grafikoa, eta zalantzan jartzen nuen kartel bat egiteko izan nezakeen gaitasuna. Iazko kartel irabazlea ikusi nuenean, nire estiloarekin antzekotasun handia zuela ohartu nintzen, eta horrek asko motibatu ninduen. Orduan, serio hartu nuen parte hartzeko aukera. Bizitzan behin gutxienez saiatzea dibertigarria izango zela pentsatu nuen eta erronka pertsonal moduan hartu nuen. Beraz, 2025ean urte berriko helburu gisa jarri nuen.
Kartelean ikusten dugu batez ere jaien azken momentua irudikatu duzula, Eskarabilera zerura botatzen duten momentua, eta ondoan kuadrilletako kideez inguratuta. Kartela nola egin nezakeen pentsatzeari ekin nionean, neure buruari galdetu nion: zer da Basauriko jaietatik gehien gustatzen zaidana? Betidanik deitu dit arreta Eskarabileraren agurra; beste toki batzuetan jaien protagonistak erretzen dituzte, baina ez dut ezagutzen jaietako pertsonaiak heliozko puxikekin airera jaurtitzen duen beste lekurik. Urtero joaten naiz agurra ikustera, hunkigarria eta dibertigarria iruditzen zait, eta gure jaiak berezi egiten ditu.
Gainera, asko gustatzen zait kuadrilla desberdinak egotea, haien arteko lehia, denok janzten garela, eta batez ere, abarkak. Asko gustatzen zaizkit abarkak! (barreak) Horregatik erabaki nuen kartelean kuadrilla guztiak marraztea. Eta bukatzeko, jaien beste xehetasun batzuk gehitu nahi izan nituen: goitibeherak, porroia, taloa, patata tortilla…
Alaiakeko kide zara eta kartelean zure burua irudikatu duzu, nola eta taloa jaten! (barreak) Bai! Urtero gutxienez talo bat jaten dut jaietan. Ezin da falta. Eskatzen dudan taloa ia beti begetarianoa edo beganoa izan ohi da, izan ere, duela asko ez dudala txistorrazko talorik jaten, baina kartelean talo tradizionala sartu behar nuen! (barreak) Niren burua marrazteko erabakia ia ausazkoa izan zen, baina nahiko ondo irudikatzen nau, jatea maite dudalako! (barreak)
Noiztik zara Alaiakeko kide eta zer da zure kuadrillatik gehien gustatzen zaizuna? Txikia nintzenean Hauspoak kuadrillakoa nintzen, baina 10 urterekin Alaiak taldera aldatzea erabaki nuen, kuadrilla horretan senide batzuk nituen eta. Gainera, txikitan asko gustatzen zitzaidan Alaiak, betidanik neure burua pertsona alaia bezala ikusi dudalako, eta uste nuen kuadrilla horrek nirekin bat egiten zuela. Agian pixka bat tontuna dirudi, baina Amaia gaztearentzat zentzua zuen, eta egia esanda, oraindik ere ados nago harekin! (barreak)
Eta jaiak zelan bizitzen dituzu? Nahiko modu pasiboan, egia esan. Ez naiz inoiz kuadrilletan apuntatu, batez ere nire lagun gehienak ez direlako Basaurikoak eta ez nuelako parte hartzeko arrazoi berezirik. Noski, kalera irteten naiz, zurrakapote guztiak probatzen saiatzen naiz, nire lonja gogokoena zein den erabakitzen dut eta perretxiko solidarioa jaten dut, baina ez ditut jaiak modu aktiboan bizi.
Nire ahizpa Alaiakekoa ere bada, eta askotan animatu nau berarekin modu zuzenago batean parte hartzera. Aurten azkenean konbentzitu nau, eta lehen aktiboago egongo naiz! Kartel lehiaketa irabazi dudanez, inoiz baino gehiago sentitzen dut nire burua jaiekin lotuta!
Aipatu didazunez, Eskarabileraren agurra da sanfaustoetatik gehien gustatzen zaizuna. Hala da. Eskarabileraren agurra gustukoa dut, baina jaitsiera ikustea ere asko gustatzen zait! Goitibeherak ere gustatzen zaizkit, beti joaten naiz nire amarekin ikustera. Pena da aurten goitibeherarik ez egotea.
Eta jaietatik zerbait aldatu beharko bazenu, zer izango litzateke? Ez dakit galdera horri zer erantzun. Ezer ez! Asko gustatzen zaizkit diren bezala!
Zein izango da zure plana aurten Basauriko jaietan? San Fausto eguneko bazkarira eta Alaiakeko “senidetasun” bazkarira joango naiz, eta beharbada, barra egiten ere ausartuko naiz! Horrez gain, beste urte batzuetan bezala nire plana izango da lonjak bisitatzea, zurrakapote desberdinak probatzea eta, noski, taloa jatea! (barreak)
Basauriko jaiak alde batera utzita, hitz egin dezagun zure lanbideaz: bideojokoentzako 3D animatzailea zara. Bai. Pertsonaiei bizitza emateaz arduratzen naiz. Nire lankide artistek eskeleto digitala duen 3D modelo bat pasatzen didate eta nik eskeleto horri mugimendua ematen diot. Bideojokoaren diseinatzaileek animazio-zerrenda bat ematen didate, animatzen dudan pertsonaiaren mugimenduak bideojokoa jokatzen ari den personak egiten duen ekintzarekin bat etor daitezen. Adibidez: salto egin, korrika egin, ukabilkada bat eman, objektu bat hartu… Jendeak pentsatu ohi du nik gauza teknikoagoak programatzen edo egiten ditudala, baina nire lana askoz artistikoagoa da. Txotxongilo bat mugitzea bezala dela esan daiteke, baina era digitalean.
Kontatu eiguzu zure egun bat lantokian. Lehenik eta behin, lanak banatzen ditut nire lankide animatzaileekin. Animazioaren zailtasunaren arabera, animazio gehiago edo gutxiago egin ditzaket egun batean. Animazio bat egiten hasi aurretik, pertsonaiaren izaeran eta jokaeran pentsatu behar dut, kameraz kanpoko aktorea izan behar naiz. Pertsonaiak nola erantzun behar duen buruan dudanean, bideo-erreferentzia bat egitea tokatzen da (ez da beti beharrezkoa, baina askotan egiten dut). Hau da, neure burua grabatzen dut erreferentzia gisa erabiltzeko. Bideoa dudanean, neure mugimenduak aztertzen ditut, eta nire 3D pertsonaiaren posizio nagusiak programan markatzen ditut. Mila modu daude animatzeko, ez dut beti modu berean egiten, eta oso zaila litzateke hemen azaltzea. Baina, funtsean, mugimendua ahalik eta ondoen sortzen saiatzen naiz, nire bideo-erreferentzietan oinarrituz eta jokoaren estilora egokitzen saiatuz.
Gaur egun zein proiektutan edo jokotan ari zara lanean? Gaur egun, zoritxarrez, langabezian nago. Lanean hiru urte neramatzan enpresak bat-batean itxi zuen duela hiru hilabete. Hala ere, lanean egongo banintz, ezingo nuke martxan dagoen proiektuetaz hitz egin, konfidentzialtasunagatik.
Zein trebetasun tekniko eta artistiko behar dira bideojokoen animazioan nabarmendu ahal izateko? Background artistiko indartsu bat eduki behar da. Marrazkilari bikaina izatea 3D arterako beharrezkoa ez bada ere, oso lagungarria da. Azken finean, espazio-adimen nahiko garatua eduki behar duzu. 3D animatzaile ona izateko hainbat gauza behar dira, baina horietako bat da pertsonaiari pose onak sortzen jakitea, pertsonaiaren mugimendua era egokian sor dadin. Gainera, bolumenak ulertu eta ondo marrazten jakitea ere beharrezkoa da.
Marrazketaz eta poseetaz gain, animazioan denbora eta espazioa oso elementu garrantzitsuak dira. Funtsezkoa da jakitea fotogramen artean eta objektuek zeharkatzen duten espazioaren artean igarotzen den denbora hori zure alde nola erabili.
Oso sortzailea ere izan behar da. Jendeak uste izaten du sormena pertsona batzuek duten ezaugarri berezi bat dela. Ni, ordea, nahiko ziur nago sormena ere landu eta garatu daitekeen trebetasuna dela.
Adimen Artifiziala (AA) erabiltzen al da gaur egun bideojokoen animazioetan? Zoritxarrez, badaude enpresak gaur egun IA erabiltzen dutenak, batez ere marrazketarekin zerikusia duten lanetarako, hala nola concept art-erako (eszenatokiak, pertsonaiak edo objektuak 2Dn diseinatzea). Momentuz, AAk ezin du nire lana egin, baina denbora kontua da gu guztiok ordezkatu ahal izatea.
Estatu mailan animazioaren eta bideo-jokoen mundua nahiko prekarioa da; artiston soldatak ez dira oso altuak eta askotan gure lana ez da behar bezala baloratzen. Enpresaburuentzat muntaketa-makinak besterik ez gara, produktua egiten dutenak; dirua ahalik eta azkarren nahi dute eta batzuetan berdin zaie nola iristen diren helburu horretara.AA erabiltzeak dirua aurrezten die. Kapitalismoaren gurpila da.
Gainera, AAk funtzionatu ahal izateko, lehenik beste batzuen lana lapurtu behar du, hortik ateratzen baitira AAk ematen dizkigun emaitzak, besteen lanen nahasketatik.
Adimen Artifiziala arteari edo sormenari lekua kentzen ari zaiola uste duzu? Ez nago AAren aurka, baina arteari buruz ari garenean…AAk egindakoari artea deitu diezaiokegu? Benetan artea al da horren atzean inor ez badago? Merezi al du produktu artistikoak, literatura, musika edo filmak kontsumitzea inork ezer kontatu nahi ez badu? AAren inguruan gehien kezkatzen nauena da enpresari jada milioidunek erabiltzea are aberatsago bihurtzeko, gainontzekoen lana lapurtzeko eta, ondorioz, langile klasea gehiago pobretzeko. Nik ez dut bizi nahi artelan guztia makina batek sortzen duen mundu batean, ezer transmititu nahi ez duen makina batek.
Zein da orain arte landu duzun proiekturik zailena edo ikasgarriena? Ninja Dortoken bideojoko bat dela esango nuke: Teenage Mutant Ninja Turtles; Mutant Mayhem. Kasualitatez, gai hau iazko Basauriko jaietan ere atera zen! (barreak)
Jokoa 2023an kaleratu zen Ninjen Dortoken film berri batean oinarrituta zegoen. Nahiko beldurgarria izan zen hain ezagunak eta hainbeste jendek maite dituen pertsonaia batzuk animatu behar izatea.
Originaleekiko ahalik eta fidelena izaten saiatzeko, Dortoka Ninjei buruzko eduki asko kontsumitu nuen: telesailak, filmak… Azkenean, ni neu bihurtu nintzen ninja dortoken zale! (barreak)
Zure estilo pertsonala sartzeko aukera izaten duzu, ala bezeroaren edo estudioaren eskakizunetara guztiz egokitu behar duzu? Enpresaren arabera aldatzen da. Normalean, jokoarentzat zein estilo nahi den zehazten duten jarraibide batzuk egoten dira. Nire azken enpresaren kasuan, animazio estilizatuan zentratzen ziren asko (ez zer animazio errealistarik egiten).
Baina kontzeptu horren barruan, askatasun pixka bat bagenuen gure ukitu pertsonala emateko.
Pelikula edo telesailetako marrazki bizidunak egiten ere lan egin dezakezula esan didazu. Modu desberdin batean egiten al da lan bideojokoentzako, pelikulentzako edo telesailetarako? Animazioaren oinarriak bi produktuetan berdinak dira, eta alda daitezkeen gauzak teknikoagoak izaten dira. Hala nola, animazioan beti hartu behar da kontuan ikuslearen ikuspuntua, kameraren kokapena. Bideojokoetan, aldiz, animazioak askotan hainbat angelutatik ikus daitezke, eta hori kontuan eduki behar da. Gainera, bideojokoetan muga tekniko gehiago egoten dira pertsonaiek egiten dituzten mugimenduetan animazioak denbora errealean erreproduzitzen direlako, ez dira bideo bat, telesail edo animaziozko film batean bezala.
Beste diferentzia nabarmen bat da “Game feel” kontzeptua. Game feel da jokua jokatzeko unean nola “sentitzen” den: Zenbat denbora behar du pertsonaiak botoia sakatzen duzunetik salto egiteko? Zenbat denbora behar du erasotzeko? Zein eratan mugitzen da pertsonaiak? Eta nola sentitzen da jokalaria? Motel erantzuten du? Azkar? Bideojokoetan, etengabeko harremanean egon behar dugu gameplay diseinatzaileekin, eta haiek esan behar digute mugimendu bakoitza zenbat denboran egin behar den, jokoa “ondo” sentitzea lortzeko.
Bideojokoen mundua oraindik ere “gizonezkoen mundua” dela esango zenuke? Bideojokoen diseinuan edo programazioan, bai. Zalantzarik gabe, gizonen mundua da oraindik. Arte sailetan aniztasun pixka bat gehiago egon ohi da, baina, beste edozein industriatan bezala, kargu garrantzitsuenak gehienetan gizonek izaten dituzte. Bideojokoak betidanik lotu izan dira gizonen zaletasunarekin, nahiz eta hori gero eta gehiago aldatzen ari den.
Lan egin duzun proiektuetan genero-ikuspegia kontuan hartzen al da, adibidez, pertsonaien diseinuan? Nire aurreko enpresan bai, kontuan izaten genuen. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun bideojokoan errealitatearen ordezkapen egokia izatea. Baina enpresa guztietan ez da horrela izaten. Emakumearen irudia oraindik ere oso sexualizatua izaten da bideojokoetan, nahiz eta gero eta gutxiago den. Industria honetako askok errealitate honen aurka borrokatu nahi dugu, baina ez da erraza.
Esan didazu txikitatik gustatu izan zaizkizula marrazki bizidunak, baina noizbait pentsatu izan zenuen zure pasioa lanbide izan zitekeela? Txikia nintzenean “Phineas eta Ferb” eta “Como entrenar a tu dragón” bereziki gustatzen zitzaizkidan, bi animazio produktu horiek animazio munduan interesa eragin zidaten, baina ez nuen inoiz pentsatu horrelako gauzak sortzea lan aukera erreal bat zenik. Izan ere, batxilergoko bigarren urtera arte ingeniaritza ikasteko bidean nengoen, baina orduan jakin nuen animazio-ikasketak ere bazeudela. Orduan sekulako norabide aldaketa egin nuen nire ikasketetan eta artea ikastera jo nuen.
Digipenen ikasi zenuen arte-eder digitala. Esperientzia nolakoa izan zen? Beste edozein unibertsitatetan bezala, Digipenek gauza onak eta txarrak ditu. Egia da Digipen gogorra izan daitekeela: arte-karrera ez da amaierako azterketetan oinarritzen, baizik eta ikasgai bakoitzeko asteroko lanetan, eta horrek etengabeko lan-fluxu batean mantentzen zaitu.
Ez nuke esango karrera bera berez zaila denik; ikasteko gogoa baduzu egin daiteke. Zailena eramaten genuen lan-erritmoa zen. Azkenean, gaitasun artistikoak modu bakar batez gara daitezke: behin eta berriz eginez, errepikatuz eta errepikatuz. Teoria garrantzitsua da, baina praktika are gehiago.
Karrera oso praktikoa denez, uste dut benetan prestatzen zaituela lan-mundurako. Azkenean, etorkizunean egingo dugun lan bera egiten ikasten dugu. Horrez gain, talde-proiektu asko daude, ikasleen arteko bideojoko garapenak eta animaziozko film laburrak, produkzio baten hainbat arlo ezagutzeko eta taldean lan egiten ikasteko aukera ematen dutenak, eta hori funtsezkoa da lan munduan.
Etorkizunera begira, zein formatutan gustatuko litzaizuke lan egitea: bideojokoetan, pelikuletan ala telesailetan? Bideojokoetan lan egitea oso dibertigarria da, eta ez litzaidake axolako horretan lanean jarraitzea. Hala ere, egunen batean film edo telesail batean parte hartzea gustatuko litzaidake. Animatu ahal dudan bitartean, uste dut zoriontsu izango naizela.
Zer aholku emango zenioke animazioan hasi nahi duen gazte bati, bereziki bideojokoetan aritzeko gogoa badu? Zure artearekin konstantea izan, dedikatu denbora eta mimo asko, eta praktikatu ahal duzun guztia. Inspirazioa ematen dizuten eta zerbait sortzeko gogoa pizten dizuten animazio-produktuak kontsumitu.
Zure gaitasun artistikoez gain, jatorra eta lankide ona izatea funtsezkoa da. Artista ona izatea oso garrantzitsua da, baina laneko giroan lagun ona izateak eta jendea zurekin gustura egoteak aukera gehiago ireki diezazkizuke.
Artea eta animazioa oso lan sedentarioak dira. Ordu asko emango dituzu pantaila baten aurrean eserita, beraz, ez ahaztu atseden hartzea, kalera ateratzea eta bestelako planak egitea. Osasun fisiko eta psikologiko on batek artista hobea izaten eta sortzaileagoa izaten lagunduko dizu. Zure sormenaren zati handi bat barrutik etor daiteke, baina kanpotik ere etorriko da.
☉ Basauri
Abaroa-San Migel tren geltokiko igogailua konponduta dagoela dio Renfek, “baina telefono-linearen zain”
Iaztik funtzionatu gabe daramala salatu dute askotan auzotarrek. Igogailua martxan jartzeko nahitaezko telefono-linea aktibatzea baino ez dela falta esan diete Renfetik Basauriko udal ordezkariei

Hilabeteak daramate San Migeleko auzotarrek Abaroa-San Migel tren geltokiko bi igogailuetako bat erabili ezinik.
Iazko abuztuan —2024ko martxoan, ekainean eta uztailean matxura izan ostean— funtzionatzeari utzi zion, eta ordutik herritarrek Renferi konpondu dezan eskatu diote hainbatetan.
Renfek aurtengo martxoan jakinarazi zien auzotarrei “egun gutxi barru” konponduko zuela matxura, baina oraindik zain daude.
Egoera hori aintzat hartuta, azken hilabeteetan Basauriko Udalak hainbat errekerimendu egin dizkio Renferi tren geltokiko igogailua konpondu dezala eskatzeko. “Azkena azaroaren 27an”, diote udal ordezkariek.
“Gaur bertan, tren-garraioko enpresa publikoak Basauriko Udalari jakinarazi dio igogailuaren konponketa teknikoa arrakastaz burutu dela, eta igogailua martxan jartzea zerbitzu egokia bermatzeko nahitaezko telefono-linea aktibatzearen mende dagoela soilik”, diote udal arduradunek.
Renfek Udalari emandako erantzunean adierazi duenez, “lehentasunez” ari dira lanean dagokion hornitzailearekin kudeaketa hori arintzeko, “eta ahalik eta epe laburrenean” konpontzea espero dutela adierazi diote Udalari.
“Gobernu taldeak prozesuaren zain jarraituko du, igogailua lehenbailehen martxan egon dadin”, diote.
☉ Basauri
Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 14an helduko dira Basozelaira, Basaurin
Txu-txu trenean helduko dira Olentzero eta Mari Domingi Zortziko plazara. Gainera, asteburuan zehar hamaika jarduera antolatu ditu Basozelaiko Auzokideen Elkarteak

Olentzero eta Mari Domingi hasi dira txikien eta helduen gutunak jasotzen.
Eta abenduaren 24ra bitartean euren bisitak izango ditugu Hego Uribe eskualdean.
Basaurin, Basozelain izango dira Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 14an, igandez.
Txu-txu trenean helduko dira Zortziko plazara eta umeekin eta helduekin elkartzeko tartea izango dute.
El Maño Basozelaiko Auzokideen Elkartearen eskutik iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi auzora, baina ez da asteburuan antolatuko duten jarduera bakarra.
Belaunaldien arteko joko didaktikoak, SantoBasozelai, Euskal Jaia, Gabonetako arratsalde-pasa, Gabonetako bingoak, tailerrak eta kontzertuak antolatu dituzte abenduaren 13an eta 14an Zortziko plazan.
Egitaraua | Olentzero eta Mari Domingi Basozelain
Abenduak 13, larunbata
11:00 Belaunaldien arteko joko didaktikoak
12:00 SantoBasozelai: taloak eta sagardo eta txakoli dasteketa
13:00 Euskal Jaia ikuskizun musikala
17:00 Gabonetako arratsalde-pasa
19:00 SantoBasozelai: taloak eta sagardo eta txakoli dasteketa
20:00 Gabonetako I. Bingoa. Saria: urdaiazpikoa, gazta, ardo lotea eta Gabonetako dezimoa
21:00 Kontzertua: Txapela Brava
22:30 Gabonetako II. Bingoa. Saria: urdaiazpikoa, gazta, ardo lotea eta Gabonetako dezimoa
Abenduak 14, igandea
11:00 Gabonetako tailerrak: desioen zuhaitza, postalak eta apaingarriak
11:30 Olentzero eta Mari Domingi
11:30 Txu-txu trena Basozelaitik
12:00 SantoBasozelai: taloak eta sagardo eta txakoli dasteketa
12:00 Trikipoteoa Etxebarria Aita-Seme Trikitilariekin
14:30 Gabonetako III. Bingoa. Sari berezia: Gabonetako kutxa eta Gabonetako dezimoa
☉ Basauri
Hidrogeno berdea probatu dute Basauriko Sidenor fabrikan altzairua ekoizteko
Sidenorreko arduradunek adierazi dutenez, proba horiei esker egiaztatu ahal izan dute erregai gisa gas naturala erabili ordez, hidrogenoa erabili daitekeela

Hidrogeno berdea probatu dute Basauriko Sidenor fabrikan. Zehazki, altzairuaren ekoizpeneko berotze-zalian erabili dute lehen aldiz hidrogeno berriztagarria.
Altzairutegiko erregailu konbentzionala hidrogenoa erabiltzen duen oxi-errekuntzako erregailu batekin ordezkatu dute. Horri esker, zaliaren berotze-ziklo osoa osatu ahal izan dute, beharrezko funtzionamendu-tenperaturak lortuz.
Sidenorreko arduradunek adierazi dutenez, proba horiei esker egiaztatu ahal izan dute erregai gisa gas naturala erabili ordez, hidrogenoa erabili daitekeela.
Hidrogeno berdearekin egindako proba horiek mugarri garrantzitsua izan direla adierazi dute enpresatik, tenperatura altua behar duten eta elektrifikatzen zailak diren prozesu termikoetan erabili baitu Basauriko lantegiak.
“Sidenor ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin konprometitutako enpresa da, eta, horregatik, etengabe ikertzen eta inbertitzen ari da bere produkzio-prozesuen deskarbonizazio-prozesuan aurrera egiteko formulak bilatzeko”, esan dute enpresako arduradunek.
☉ Basauri
Olentzeroren eta Mari Domingiren Etxea zabalik dago dagoeneko Basaurin
Abenduaren 23ra arte txikien eta helduen gutunak jasoko dituzte Olentzerok eta Mari Domingik euren Basauriko etxean

Abendua da eta dagoeneko gabon gutunak idazteari ekin diogu herritarrok.
GEURIAn gutun berria publikatu dugu [hemen duzu!], oraindik ere idatzi ez dutenek erabili dezaken eta Olentzerori eta Mari Domingiri helarazi diezaioten.
Eta, eurei bidaltzeko hainbat bide dauden arren, Basaurin Olentzeroren eta Mari Domingiren Etxea zabaldu dute aurten ere.
Antonio Fernandez kaleko 17. zenbakian dago Etxea abenduaren 23ra arte, astelehenetik ostiralera 16:30etik 20:30era eta larunbatetan eta igandetan 12:00etatik 15:00etara.
“Bertara bazoaz, selfi bat egiten baduzu eta zure Instagrameko edo Facebookeko horman argitaratzen baduzu, abenduaren 2tik 23ra, @basauricomercio elkartea etiketatuz, Basauriko Social Antzokiara joateko bi zinema sarrera emango ditugu opari, sarrerak agortu arte”, diote Basauri Merkatari Elkartetik.
Hain zuzen ere, Basauri Merkatari Elkarteak jartzen du urtero Olentzeroren eta Mari Domingiren Etxea: “Urtero bezala gune magiko bat sortu dugu txikienek Olentzerori eta Mari Domingiri gutunak pertsonalki eman ahal izateko”.
☉ Basauri
Leganesen lehen taldearen ardura hartuko du Igor Oca basauriarrak, behin-behinean
Bigarren Mailako taldearen gidaritza hartu du Ocak, orain arte filialean aritu ondoren. Bihar egingo du debuta, Cordobaren aurka

Igor Oca Pulido basauriarrak C.D. Leganeseko lehen taldea zuzentzeko ardura hartu du, behin-behinean, klubak Paco Lopez kaleratu ostean.
Orain arte bigarren taldeko entrenatzailea zen Oca, baina igande honetan lehen taldeak Cordobaren aurka jokatuko duen partida berak zuzenduko du, eta ez da baztertzen, emaitzak eta jokoa alde izanez gero, denboraldia berak osatzea.
Oca 2025/2026 denboraldirako iritsi zen Leganesen egiturara, Sestao River Clubetik etorrita.
Historia eta Arkeologia baloirengatik aldatu zituen Basauriarra
44 urteko Ocak ibilbide luzea du aulkian. Euskal Herrian, Sestao River Cluben eta Deportivo Alavés-en aritu da, besteak beste. Profil ezohikoa da berea futbolaren munduan, Historian lizentziatua eta Arkeologian espezializatua baita.
Bere ibilbidearen zati handiena Hego Amerikan garatu du: Ekuadorren (Universidad Catolica, Independiente Juniors eta Independiente del Valle), Txilen (Huachipato) eta Mexikon (Atletico San Luis) lan egin du.
Ibilbide horren berri eman zion Ocak GEURIAri Arkeologia baloirengatik aldatu zuen basauriarra izeneko erreportajean, eta bertan Espainiako Ligako bigarren mailan lan egiteko aukeraz hitz egiten zuen:“Azken aldian Bigarren Mailan nirearekin alderatu daitezkeen profilak daude, Andorraren entrenatzaile berria edo Albaceterena, bi adibide aipatzearren”.
Behin-behineko ardura bada ere, Leganesen lehen taldearen gidaritza hartzea urrats garrantzitsua da Oca-rentzat, bere gaitasuna LaLiga Hypermotionen erakusteko aukera baita.










