→Basauri

Herriko artisten eguna eta artisau gazteen azoka antolatuko dituzte Basauriko 2022ko San Fausto jaietan

Artisau gazteen azoka urriaren 13an antolatzen dute urtero // Herriko Taldeak

Gero eta gutxiago falta da Basaurin sanfaustoez gozatzeko. Urriaren 8tik 16ra bitartean izango dira San Fausto jaiak eta Herriko Taldeak jai egitaraua zehazten ari da. Aurrerapen moduan bi ekitaldiren berri eman du elkarteak: herriko artisten eguna eta artisau gazteen azoka, alegia.

Herriko Artisten Eguna urriaren 9an antolatuko dute. Aurten lehenengo aldia da horrelako ekitaldirik antolatzen; 2020an antolatu behar zuten lehen aldiz, baina Covid-19 pandemiagatik antolatu barik geratu zen: “Aurtengo San Fausto jaiei begira, eta denboran zehar irauteko asmoarekin, 2020an hastea espero genuen proiektuari berriro ekin diogu. Urriaren 9an beren gaitasunak erakusteko lekurik ez duten basauriarren jarduerez bete nahi ditugu kaleak. Horrela, lagundu eta bultzada bat emango diegula uste dugu, azken urteek utzi duten zauria sendatzen laguntzeko”, diote Herriko Taldeakeko ordezkariek. Herriko artistek epea zabalik izan zuten ekainera arte eta orain Herriko Taldeakek hautaketa egin behar du.

Bestetik, artisau gazteen azoka izango da urriaren 13an, San Fausto egunez. Honakoa ez da ekitaldi berria, eta dagoeneko zabalik dago bertan parte hartzeko izena emateko epea. Artisau gazteek izena eman behar dute herrikotaldeak@gmail.com helbide elektronikora idatzita, irailaren 11a baino lehen: NAN zenbakia, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izena ematea, autonomoen azken ordainagiria, artisau entitatearen ziurtagiria eta argazkiak edota salduko diren produktuen dokumentazioa bidali beharko dituzte interesdunek.

Kontzertuak sanfaustoetan

Herriko artisten egunaz eta artisau gazteen azokaz gain, kontzertuen berri ere eman du Herriko Taldeakek: Guda Dantza (urriak 8), Los Diablos (urriak 11), Andy y Lucas (urriak 14) eta Desakato (urriak 15) taldeek joko dute 2022ko sanfaustoetan.

Jaiak iragartzeko kartel lehiaketa ere martxan da. Lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago abuztuaren 31ra arte. Irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du eta tokiko diseinu onenari 300 euro emango dizkiote. Kartel txiki eta gazte lehiaketak ere antolatu dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak