Sareak

☉ Basauri

Bideoa | Basatiak kuadrillak irabazi du Basauriko sanfaustoetako irrintzi txapelketa

Basauriko jaietako irrintzi txapelketa sekulako ikuskizuna da, klasikoen artean sailkatu beharreko beste proba bat. Aurtengo txapelketa Basatiak kuadrillak irabazi du, baina hori bai: urtero bezala maila oso altua izan dugu, zenbait salbuespen dibertigarriekin ere.

|

Basauriko jaiak atzean utzi ditugu baina oraindik oroigarri batzuk gordetzen ditugu. Sanfaustoetako irrintzi txapelketa sekulako ikuskizuna da, klasikoen artean sailkatu beharreko beste proba bat.

Aurtengo txapelketa Basatiak kuadrillak irabazi du, baina hori bai: urtero bezala maila oso altua izan dugu, zenbait salbuespen dibertigarriekin ere.

☉ Basauri

Iker Calero Sánchez: «Amonari omenaldia egin eta kanta bati bere izen-abizenak jarri nizkion»

Basaurin jaiotako abeslaria Los Cierra Bares taldearekin elkartu da rock talde berria sortzeko. Bakarlari ibilbidea ez duela itxi argitu du, eta rapa egiten jarraituko du

|

Iker Calero Sánchez // Geuria

Calero LDN izenez ezaguna, Iker Calero Sánchez (Basauri, 1993) musikaren panorama nazionalean “Corazón Pagano” abestiarekin agertu zen 2015ean, gaur egun Urrezko Diskoa dena. Urte horretan bertan, Red Bull bezalako oilarren gudu lehiaketa handietan ere parte hartu zuen, non bere estiloa sortzen hasi zen. Ahots urratzailea du ezaugarri, eta bere letra sakonen bidez oinazea askatzen du. Single eta kolaborazio zerrenda luzeak Spotify-n hilero milioi erdi entzule biltzea eragin dio. Erritmo rockeroagoak arakatuz, Calero & Los Cierra Bares iritsi da. Talde berria biek beren publikoak ohituta duten hip hopetik urrun dagoen proposamen bat izango da. Beraz, Calero denbora luzez entzungo duzue.

Calero, zure abizena izateaz gain, hazi zinen auzoa ere bada.

Abesti batean diodanez, Calero ez da rapero ezagun bat, abizen hau edukitzearen harrotasuna baizik. Bizitzaren gorabeherak direla eta, ezin izan naiz gurasoekin hazi eta haiek gogoan izateko modu bat izan da. Izen artistiko bat baino gehiago, estandarte bat. Gainera, eskolan bi Iker ginenez, deituraz deitzen zidaten beti. El Kaleron bizi izana ere kasualitate polita da. LDNrena “Lagrimas del Norte” sigletatik dator, rapean hasi nintzenean lagun batzuen artean sortu genuen kolektiboa. Hasieran bi kide ginen, eta gero Hasto bilbotarra gehitu genuen. Nire koadrilakoak ez zutenez rapeatzen, Barakaldoko oilar-gudu batzuetara bakarrik joan nintzen eta bertan ezagutu nuen Perez. Biok Basaurikoak ginen eta musika egiteko interes bera partekatzen genuen. Nire gaztaroko oroitzapen onak gordetzen ditut herrian, eta orain, zahartzen ari naizela, faltan sumatzen dut. Ametsez eta ilusioz beteriko gazteak ginen, eta, batez ere, bihotz onekoak. Auzoa beti izango da auzoa, eta Basaurik espazio handia hartzen du nire bihotzean. Ahal dudan heinean familia eta lagunak ikustera joaten naiz.

Amonarekin hezi nintzen, eta bera izan da nire ama, nire aita, nire izeba… Eta nola itzuli nigatik egin duen on guztia? Oihartzuna irabazten hasi nintzenean omenaldi txiki bat egin nahi izan nion. Nire bizitzako maitasuna da, eta berak beste maitasun bat ere badu: nire aitona, duela 40 urte hil zena. Haien harremanari buruzko kanta bat egin nuen, fisikoki ez egon arren, oso presente duelako. Hura entzutean malkoak zerizkiola ikusteak nire ibilbide musikalean gehien bete nauena izan da. Musikaren bidez hainbat jenderen bihotzak ukitu ahal izan ditut, baina hain gertuko pertsona bati idatzi diodana heldu zaiola sentitzea gauzarik politenetakoa izan da. Bere izen-abizenak aipatzen ditut bertan, denek bere izena oihukatuko zutela zin egin niolako. Eta gaur egun berarekin argazkiren bat argitaratzen dudanean jende askok idazten dit: “Martina Corrales Muñana”. Amona, esan nizun egingo nuela.

Zure azken kantan diozunez, kontularia zara eta penak kontatzen dituzu.

Ikasketak ez zitzaizkidan batere gaizki eman. Kazetaritzan sartzeko selektibitatea egin nuen, baina ez nuen lortu. Azkenean Administrazio eta Finantzetako goi-mailako graduan izena eman nuen, batez besteko nota ona lortu eta beka bat eman zidaten. Gainera, praktiken luzapena eskaini zidaten, baina 2015ean Red Bull Oilarren Batailerako hautatu ninduten. Atseden egun batzuk hartzen saiatu nintzen eta, ukatu egin zizkidatenez, uztea erabaki nuen. Bi bide nituen: 20 urterekin musikan buru belarri murgildu (eta huts eginez gero kontulari lanetan jarraitu) edo inoiz ez saiatu. Bekaren diruarekin lehen grabaketa estudioa eta Red Bullerako bidaia ordaindu nituen. Lehiaketa horretan sartu nintzenean bizitza egina nuela pentsatu nuen, baina ezta gutxiago ere. Hala ere, banekien borrokatu egingo nuela.
Betidanik gustatu izan zait rapa eta, idaztea baino gehiago, nire sentimenduak letretan bihurtzea. Basauriko Kooperatiban ikasten ari nintzela, gogoan dut poesia txapelketa bat irabazi nuela. Logelan giltzapetzen nintzen eta idazten nuenarekin negar egiten banuen, ona zela esan nahi zuen. Okerren nagoenean inspiratzen naiz gehien. Nire letrarik onenak maitasun-hausturetatik, etsipen familiarretatik… atera dira. Gauza onak idazten ere saiatu naiz, baina une horiek gozatu eta txarrak idazten ditut, mina arte bihurtuz. Terapia modukoa izaten hasi zen, gero hobbie bihurtu zen eta, azkenik, nire ogibidea. Idazten dudanetik bizi nahi badut, aurretik bizi egin behar dudala uste dut. Ez dut momentu txarrik bizi nahi. Ezta hurrik eman ere! Baina gauza ausartagoak egitera jotzen dut, nire kantuetan erakutsi ahal izango dudan irakaspena eramango baitut. Iker oso mutil lotsatia da, eta Calero LDNn babestu ahal izan da bere alderik kokinena erakusteko. Ez nuke esango pertsonaia bat denik, nire beste alderdi bat baizik.

Oilar guduen bidez hasi zinen raparen eszenan nabarmentzen. Nola ezagutu zenituen

Lehengusu batek Zatuk Bharen aurka Red Bullen izan zuen liskarra erakutsi zidan. Ezin nuen sinetsi erabat inprobisatua zenik. Kantuak ziruditen hitzezko borrokak ziren. Dibertigarria ematen zuen, haien alderik zitalena ateratzen zutelako. Lehenago edo geroago, ni ere han egon nahi nuen. Informatzen hasi nintzen eta Bilbon ere mugimendua zegoela ikusi nuen. 2014an Red Bulleko erregionala ospatu zen hirian, eta proba on bat bidali nuen arren, ez ninduten aukeratu. Horretarako balio ez nuela pentsatu eta utzi egin nahi izan nuen baina, bestalde, txikitatik nuen helburu hori lortzeko gogoa nuen. Beraz, entrenatzen jarraitu eta hurrengo urtean Mallorcan sailkatu nintzen. Agertoki handiekin lehen kontaktua izan zen. Ohi baino ozenago hasi nintzen ahotsa altxatzen, amorrua azaleratzeko eta ikuskizun gehiago emateko asmoz, eta eroso sentitu nintzen. Bi urtez parte hartu ondoren, zonaldeko onena nintzela erakustea xedetzat hartu nuen, Gold Battle eta Hipnotik bezalako lehiaketetatik igaroz. Hasieran pentsatu nuen tranpolin bat ere izan zitekeela nire musika ezagutarazteko, ematen dizun esposizioagatik. Baina orokorrean oilar guduetan ikusten zaituen jendeak bertan ikusi nahi zaitu. Eta nik ez nuen “Calero Red Bullekoa” izan nahi. Borrokalaria baino gehiago nintzela uste nuen, eta jendeak nire errimetan oihu egiten ikustea ongi zegoen arren, nire penak kantatzera iritsiko zirela pentsatzeak gehiago motibatzen ninduen. Bestalde, kiroldu egin dira, aparteko unibertso bat sortuz, eta jada ez dut neure burua islatuta ikusten. Halere, nork daki itzuliko ote naizen. Barruan daramat eta, zirkuitu lehiakorretik erretiratu naizen arren, ez dut freestyle egiteari utzi. Lagunekin nagoenean hobbie bat izateaz gain, konposatzen hasteko metodo bat ere bada.

“Corazón Pagano” abestiak mugarri bat ezarri zuen zure ibilbide musikalean.

Ez nuen pentsatzen ari nire musikarekin dirua egitean. Atera besterik ez nuen egin nahi eta argazki batekin igo nuen, besteetan bezala. Baina honekin elur-pilota bat egin zen. Pixkanaka biraka hasi zen, gero eta handiagoa eginez. Jendeari asko gustatu zitzaion eta abestirik entzunenetako bat izaten jarraitzen du. Nire kantak seme-alabak bezalakoak dira, eta itsusia da esatea bat bestea baino gehiago maite duzula. “Corazón Pagano” zortzi urteko haurra da. Lehen hezkuntzara doa eta dena! Eta lehen eguneko emozio berarekin kantatzen jarraitzen dut. Ez dut uste onenetarikoa denik, baina nire publikoari transmititu nahi niona definitu zuen. Gainera, nahiz eta jendeak bideoklipak eskatu, abesti bat ona bada, berdin funtzionatzen duelaren adibide garbia da. Historiako filmik onena egin dezakezu, baina mezua iristen ez bada, inor ez da entzuten geratuko. Lau Ferrari dituzula esatea ondo dago. Guztioi gustatuko litzaiguke milioiduna izatea. Baina nor sentituko da horrekin identifikatuta? Hasieran, jendeak nire letrak ez jakin arren, arima nola hausten zitzaien ikusten nuen. Zintzotasuna da garrantzitsuena. Bizitzak gaizki tratatu zaituela transmititzea eta publikoak bere sentitzen dituela ikustea hitzik gabe uzten ninduen. Orain, jende askok nire atsekabeak kantatzen ditu.

Zailagoa al da orain arrakasta izatea duela urte batzuk baino?

Askoz baliabide eta sustapen erraztasun gehiago daude, baina, aldi berean, jende asko dabil rapa egiten. Ni hasi nintzenean erdia ere ez zegoen. Modan dago eta horrek liluratu egiten nau, betidanik mamitu dudan generoa delako eta oso une goxoa bizitzen ari delako. Baina horregatik uste dut zailagoa dela kulturaren barruan errekonozimendu handia izatea. Bat gehiago bazara zaila izango duzu, baina zerbait berezia baduzu publikoa arretatsuago dago. Hainbeste jenderen artean nabarmendu ez ezik, mantentzen ere jakin behar duzu. Talentua izan arren, inor ez da zure etxeko atarira joango grabatzen hasteko. Badira lan handia egin duten pertsonak, potentzial handiko beste batzuek baino gehiago lortu dutenak. Nire ustez, %70a lana eta %30a talentua izan behar da. Artista guztiek dute zerbait, horregatik daude hor, baina esfortzurik gabe hil egiten dira. Niri inork ez dit ezer mahai gainean bero zerbitzatu, eta oraindik bide luzea dut egiteko. Ez ditut milaka pertsona areto batean sartzen, baina bai nire hastapenetatik leial mantendu direnak eta gehituz joan diren batzuk. Oso arraroa da norbaitek Calero “Corazón Pagano”-koa esatea. Eta hori asko gertatzen da orain; gehiago ezagutzen dira biral bihurtu den kantuagatik artistagatik beragatik baino. Gustatuko litzaidake nire abesti batek horrenbesteko erreprodukzio izatea, baina hori dutenei ere komunitate bat izatea gustatuko litzaieke. Uste dut bideak nondik natorren eta nora iristen ari naizen askoz gehiago balioesten irakatsi didala. Lehen autobusez mugitzen nintzen nire kontzertuetara pendrive bat patrikan nuela, eta orain laguntzen didan talde ikaragarria daukat atzean. Garrantzitsua da egon nahi duzun zirkuluan mugitzen jakitea, zeure buruari maila horretan egoteko exijitzeko. Eta ez naiz artistekiko kolaborazioez bakarrik ari. Olatuan egon nahi baduzu, surf ohol onenarekin egon behar duzu.

2021ean zure lehen diskoa kaleratu zenuen. Hori falta zitzaizun zerua ukitzeko?

Oso inkonformista naiz eta helburu berriak jartzen ditut etengabe. Urrats handia izan zen, baina oraindik metro asko falta zaizkit zerua ukitzeko. Niretzat hori lortzea familia osoa nire musikari esker mantendu ahal izatea litzateke, bizitza egonkorra izanik eta neure burua saldu gabe. Behin nire managerrak deitu eta bere hirira joateko eskatu zidan. Bazkaltzera gonbidatu ninduen eta oso arraroa iruditu zitzaidan. Orduan, hurrengoa galdetu zidan: “Diru sorta bat emango banizu, zer egingo zenuke?”. Bartzelonara bizitzera joango nintzatekeela erantzun nion. Hango jendearekin lan egiten nuen dagoeneko, eta hilean behin joaten nintzen egun gutxitan gauza pila egiteko. Hori entzunda, oinak lurrean neuzkala ikusi eta disko bat egiteko Warnerren eskaintza bat iritsi zitzaigula kontatu zidan. Sinatzeko unea zen. Tristea izan zen maite dudan jendearengandik aldentzea, baina, aldi berean, oso atsegina, pertsonalki zein profesionalki haztea eragin didalako. Hiri handiagoa denez, aukera gehiago daude. Eta horrek ez du esan nahi Euskal Herrian ez daudenik. Artista handiak atera dira bertatik, baina hiri txikia denez, mugatuagoak dira. “Rozando el cielo” diskoak ekarri zuen guztia nire ametsa egi bihurtzeko falta zitzaizkidan puzzlearen piezak izan ziren. Espainian eta Mexikon aurkeztu nuen, nire bizitzako bidaia izan zena. Benetako artista sentitu nintzen. Pozik nago albumaren emaitzarekin, baina estilo guztietan balioaniztuna naizela erakutsi nahi izan nuen. Rap, rock, techno… Buffet libre bat egin nuen, eta arroz on bat egiten bakarrik zentratu izan banintz, emaitza hobea izan zitekeela uste dut.

Raparen aldeko apustua egin duzu, baina arriskatzeko prest ere bazaude.

Musika ondo egina gustatzen zait. Ez naiz inoiz rapero gisa katalogatu. Nire erroak rapetik datoz, baina ibilbide musikalean zehar izandako eboluzioaren ondoren, letragiletzat hartzen dut neure burua. Eroso sentitzen naiz genero ezberdinetan. Beti egongo dira lehengora itzultzeko eskatuko duten pertsonak. Saihestezina da. Baina nire esentzia gordetzen saiatzen naizenez, kontzeptu bera izaten jarraitzen du. Calero gustatzen zaionari, Calero gustatzen zaio. Izan ere, kontzertuetan arrakasta gehien duten abestiak, ezagunenaz gain, techno eta rock kantuak dira. Horrek esan nahi du nire publikoari gustatzen zaiola ni gauza desberdinak egiten ikustea. Batzuek diote saldu egin naizela, baina hori izango litzateke “Corazón Pagano 2”, “Corazón Pagano 3” eta “Corazón Pagano 100” egin izan banu. Jendeak eskatzen didana da, eta funtzionatuko lukeela badakidan arren, ez da ateratzen zaidana. Zailena orain rock abesti bat kaleratzea da, adibidez. Boom baparen alde egiten jarraitzen duten raperoak errespetatzen ditut, baina, era berean, ondo iruditzen zait publikoa aldaera berrietara ere zabaltzen ari dela ikustea. Ez modagatik, nire printzipioen aurka doalako. Baina artistok berritzeko prest egon behar dugu. Rapak arrakasta izan badu, ez da bakarrik klasikoari eusteagatik izan, baizik eta nahastuz eta barietateak sortuz joan delako.

Rocka aipatu duzula, zure bizitzako zein etapatan zaude?

Estutasun pertsonal batzuk igaro berri ditut, baina gaur egun zoriontsu nagoela esan dezaket. Nire bizitzako etaparik politenetako batean, alegia. Porruak erretzeari utzi diot, eta kirola egitean, nireekin egotean eta neure burua maitatzean zentratzen ari naiz. Musikalki ere proiektu asko ditut martxan. Aspaldi “Dispárame” rock abestia idatzi nuen, baina ez nuen argitaratzeko unea ikusten. Diskoa heldu zenean, nire managerrak kaleratzen banuen Lendakaris Muertosekin harremanetan jarriko ninduela esan zidan, instrumentala egin ziezadaten. Rocka eta Euskal Herria eskutik lotuta egon dira beti, eta estimu handitan ditut. Oso ondo funtzionatu zuen, eta horrelako gehiago egitea erabaki nuen. Album txiki bat prestatu nuen, baina talde bat behar nuen. Nanorekin, Los Cierra Bares taldeko abeslaria, kolaborazio bat nuen egiteke, eta rockari buruz hizketan ari ginela, bera ere kuxkuxeatzen zebilela kontatu zidan. Horrela sortu zen “Seguimos en el barrio” abestia, eta konexio izugarria izan genuen. Orduan, laguntza eskatu nien albuma ateratzeko eta, bide batez, telonero gisa aritzeko. Ideia bikaina iruditu zitzaien, baina lanean hasi ginenean, talde berri bat osatzeko aukera ikusi genuen. Norekin berarekin baino hobeto? Bakoitzak bere ibilbidea jarraituko du, baina elkartzen garenean Calero & Los Cierra Bares izango gara. Hau da, ez dut rapa egiteari utziko, baina haiekin batera rockean murgilduko naiz. Caleroren errazio bikoitza dator. Beti flipatu dut Kortatu, Marea, La Fuga, Extremoduro edo Ska-P bezalako taldeekin. Lehenengo abestiarekin ska estilora gerturatu gara, zuzenekoetan parranda giroa piztuko duena. Jai herrikoiak gogoan izango ditugu. Gure lehen diskoa aurten kaleratuko dugu, eta datorren urtean herrialdean zehar aurkeztea da asmoa. Gainera, oso litekeena da elkarrizketan aipatutako talderen bat agertzea. Airean utziko dut!

Osorik irakurri

☉ Basauri

#M28 | Basauri | EAJren nagusitasuna; alderdi guztiek aurpegi ezagunak

#M28 | Basauri | Udal hauteskundeak 2023 | Emaitzak. Hautagaiak, alderdiak, boto kopurua, zinegotziak, datu historikoak, aurreko hauteskundeak.

|

Asier Iragorri bigarren aldiz aurkeztuko da udal hauteskundeetara EAJren ordezkari gisa. Aurreko bozetan 8.929 boto jaso zituen alderdi jeltzaleak, 2015ean baino 604 gehiago, eta 10 zinegotzia mantendu zituen. PSEn Isabel Cadavalek errepikatuko du hautagaitza: 2015eko emaitzak hobetu zituen alderdi sozialistak eta zinegotzia bat gehiago irabazi zituzten (gaur egun bost ditu); udal gobernu taldea eratu dute EAJk eta PSEk bukatzear den legegintzaldian. Oposizioko lehen alderdia izan da EH Bildu, eta Exabier Arrieta berriro izango da alkategai 2023ko udal hauteskundeetan. Elkarrekin Podemosek zerrendaburu berria aurkeztu du: Marian Cantero, alderdi moreko egungo bozeramailea osoko bilkuran. Eduardo Rodriguez da berriro PPko hautagaia eta José Manuel Vázquez Partido Humanistakoa.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Leticia Urretabizkaia: “Gure buruak oso argi izan ohi du zer dagoen ondo eta zer gaizki, eta horretan oinarrituta epaitzen dugu ikusten duguna”

|

Leticia Urretabizkaia izango da dinamizatzailea gaurko tailerrean // Geuria

‘Komunikazioa, zainketak eta komunitatea’ tailerra antolatu du gaur, maiatzak 25, Zurrumurruen Aurkako Sareak Basauriko Basozelaiko Gizarte Etxean (18:00-20:00). Tailerra Leticia Urretabizkaia Gil gizarte-ikertzaile, taldeen bideratzaile eta harremanak izateko, komunikatzeko eta zapalkuntzez eta pribilegioez jabetzeko moduei buruzko gogoeta-guneen dinamizatzaileak emango du.

Tailerrean parte hartuko dutenek komunikatzeko dugun moduari eta elkarri entzuteko moduari buruz hausnartuko dute; “izan ere, askotan, harreman-modu horiek ez dituzte zaintzen ez harremanak, ez gainontzeko pertsonak, ez gu geu”, diote Zurrumurruen Aurkako Estrategiako arduradunek.

Nola komunikatzen gara gaur egun?
Oro har, komunikazioaz ari garenean, arreta handiagoa jartzen diogu hitz egiteari entzuteari baino, eta adiago egoten gara esango dugunari, entzuteko moduari baino. Horrela, alde batetik, hitz egiten dugunean, gure asmoa konbentzitzea izaten da, arrazoia dugula erakustea edo eztabaida batean irabaztea. Beste pertsona batzuez ari garenean, orokortzeko, etiketatzeko, sailkatzeko edo kritikatzeko joera dugu. Zergatik egiten dugu hori? Gure buruak oso argi izan ohi du zer dagoen ondo eta zer gaizki, eta horretan oinarrituta epaitzen dugu ikusten duguna; gure ustez ondo dagoena saritzen dugu, eta gaizki dagoena egiten dutenak zigortzen edo erruduntzat jotzen ditugu.

Eta entzutea tokatzen zaigunean?
Entzutea tokatzen zaigunean ere adiago egoten gara zer erantzun dezakegun, entzutea baino. Horrela, entzuten dugun bitartean, entzuten ari garenarekin ados gauden ala ez pentsatzen egoten gara. Adibidez, pentsa dezagun maite dugun pertsona bati entzuten diogula zerbaitek mugituta dagoela eta hitz egin behar duela. Kasurik onenean, hura begiko izan dezakegu eta arrazoia eman diezaiokegu, eta gure asmorik onenarekin, konponbideak, aholkuak, azalpenak eta kontsolamenduak emateko joera dugu. Bere historia ezaguna egiten bazaigu, litekeena da bere historia ezagutzen dugun beste batekin alderatzea, baita gurea kontatzeko historia lapurtzea ere. Kasurik txarrenean, kontatzen digutenarekin ados ez bagaude, gure jakin-mina asetzeko minimizatzeko, zuzentzeko, hezteko edo galdetzeko joera dugu. Beraz, denetarik egiten dugu, entzutea izan ezik. Horrek guztiak zerikusia du gizarte honetan ditugun harremanekin eta komunikatzen ikasi dugun moduarekin.

Harremantzeko modu zehatz bat bat al dago gure gizartean?
Gure gizartean harremanak izateko modu asko daude, izan ditugun eraginen edota hartzen ditugun erabakien arabera. Esan dezakeguna da gizarte honek harremanak modu zehatz batean izatera gonbidatzen gaituela. Alde batetik, gure gizarteak gonbidatzen gaitu pertsona batzuk besteekin lehiatzera, borrokatzera eta nahi duguna modu indibidualistan lortzeko ahalegintzera.
Bestalde, desberdintasun asko dituen gizarte batean bizi gara non pertsona batzuek besteek baino botere handiagoa duten, pertsona batzuk pribilegiatuak diren eta beste batzuk diskriminatuak diren.
Askotan esaten den “aheleginduz gero, lortuko duzu” esaldia ez da guztiz erreala, ikusezin bihurtzen baitu pertsona guztiok ez ditugula eskubide eta aukera berberak, hau da, ez digu ahalegin bera suposatzen gauzak lortzea.
Gainera, gizarte honek oso azkar joatera gonbidatzen gaitu, gauza asko egitera, asko kontsumitzera (harremanak ere bai) eta, oro har, denborarik ez dugulako sentsazioarekin bizi ohi gara.

Eta azkar joate horrek eragin egingo du.
Bai. Azkartasun horrek geure eta besteen bizitzak deskonektatzera gonbidatzen gaitu, eta, beraz, ahal dugun moduan erlazionatzen eta komunikatzen gara, esparru osoa ulertzeko, haren ondorioei buruz hausnartzeko edo bestela egin dezakegun pentsatzeko denborarik eta espaziorik izan gabe. Gainera, gogoetarik eza horretatik abiatuta, mundu guztia leku guztietan berdin erlazionatzen dela pentsatu ohi dugu, mendebaldeko gure kultura modernoaren berezko zerbait dela ikusi gabe.

Zeintzuk dira horrela komunikatzearen ondorioak?
Maila sozialean, desberdintasunak errepikatzen ari gara, eta gure beharrak benetan betetzen ez dituen harreman-esparru bati eusten ari gara. Pertsona guztiok ditugu konexio-, entzumen-, lasaitasun- eta zaintza-beharrak, eta, horiek bete ahal izateko, “salba dadila ahal duena” formula erabili ohi dugu.
Ahal duenak bere zirkulu hurbiletan asetzen ditu, laguntza gehiago behar duena terapiara joan daiteke, baina ez dugu komunitate-kontzientziarik beharrak asetzeko, zirkulu oso estu horretatik haratago. Horrek gizartean dituen ondorioen adierazle argia eta oso eguneratua da antidepresiboak edo antsiolitikoak hartzen dituzten pertsonen ehunekoa gero eta handiagoa dela.
Gainera, gure ingurune hurbilean, nahiz eta baietz uste dugun, komunikatzeko modu horrek ez ditu erabat zaintzen harremanak, ez gurekin harremanak dituzten pertsonak, ezta gu geu ere. Uler dezazuen, pentsatu zenbat aldiz geratzen garen ondoezik esan dugun zerbaitengatik, esan ez dugun zerbaitengatik, esan diguten zerbaitengatik, zerbait garrantzitsua kontatzen ari ginenean eten gaituztenean… eta zailtasun horiei buruz hitz egitea zein zaila gertatzen zaigun. Beraz, kudeatu ahal izango dugun ez dakigun gatazka bat ez izateko, barne-gatazka batekin geratzen gara.

Beste modu batera egin dezakegu?
Bai, beste era batera egin dezakegu, eta eskerrak galdetzen didazun, orain arte panorama oso atsekabegarria izan baitaiteke. Beste era batera egiten hasteko, lehenik eta behin, panorama horretaz jabetu behar dugu, eta jakin behar dugu zenbateraino egiten ditugun gauza horiek, beste modu batera egiteko bultzada hartzeko. Bultzada behar da, bestela komunikatzeak esan nahi baitu beste hizkuntza bat ikasteko prest egotea eta ikasi duguna desikastea.

Bidea, beraz, ez da laburra.
Ez. Honako elementuak izan behar ditugu kontuan:
– Gure harremanetan dauden botere-desberdintasunak kontuan hartu behar ditugu, horiek orekatzen saiatzeko.
– Entzuten ikasi behar dugu, ez bakarrik gainerako pertsonak, baita gu geu ere, hitz egin aurretik.
– Gure buruan dugun ondo dagoenari eta gaizki dagoenari atxikita dagoen barne epailearengandik aldendu behar dugu, gauzak egiteko modu desberdinak aztertzeko.
– Gertatzen zaiguna eta gainerako pertsonei gertatzen zaiena identifikatzeko aukera emango digun hiztegi emozionala ikasi behar dugu.
– Konektatzen gaituen zaurgarritasunetik gehiago hitz egitera ohitu behar dugu, eta arrazoimena izateko elkarren artean lehiatzen diren argudio arrazionaletatik aldendu behar dugu.
Trebetasun horiek gara ditzakegun batzuk dira, kontuan hartuta ez dela nahikoa maila indibidualean egitea: alderdi komunitarioa behar dugu komunikatzeko beste modu bat aztertzeko seguru senti gaitezkeen espazioak sortzen joateko.

Komunikatzeko modu koherente eta kontzienteago bat aurkitzeko erabiliko duzu gaurko tailerra.
Basaurin egingo den tailerrak irauten duen bi orduetan, ahoa irekitzeko denbora baino ez digu emango. Gaurko tailerrean, trebetasun horietako batzuk aztertuko ditugu pixka bat, horiek garatzen jarraitzeko bultzada nahikoa dugun ikusteko.

Aurreratu ahal diguzu zelan izan gaitezkeen koherenteak eta kontzienteak gure kominikazioetan?
Zaila egiten zait erantzutea. Ez dut uste zerbait zehatzik egin behar dugunik gure komunikazioetan koherenteak eta kontzienteak izateko. Asko jota, esan nezake barruan dugun pultsio horrekin konektatzen saia gaitezkeela, gizarte honek gonbidatzen gaituenaz bestelako modu batean laguntzera, konektatzera eta erlazionatzera eta komunikatzera gonbidatzen gaituena. Pultsio horrek bultzatzen gaitu eraiki nahi ditugun harreman kolaboratibo eta ekitatiboekin kontziente eta koherente izatera. Beraz, pultsio horrekin konektatuz gero eta gogor tiratuz gero, ongi etorria eman diezaiokegu komunikatzeko eta harremanak izateko beste modu bat ikasteko bide horri. Pultsio hori sentitzen ez badugu, agian hau ez da gure bidea une honetan, eta niretzat ere hori erabakitzea ondo dago. Ez dut neure burua gonbidatzen bide hau bortxaz ibiltzera, sentitu behar dugu.

Osorik irakurri

☉ Basauri

M28 | Basauriko EAJk adinekoentzako gizarte-zentro bat eta indarkeria matxistaren biktimentzako protokoloa jarriko du martxan

Asier Iragorri Basauriko alkateak adierazi du “Gizarte Politikan gehien inbertitzen duen euskal Udala dela Basaurikoa”, Estatu osoko 16.a, eta pertsonen zaintzan lider izaten jarraitu gura dutela

|

Asier Iragorri eta Maria Larrinaga // Basauriko EAJ

Alderdi Jeltzaleak 8 milioi eurotik gorako aurrekontua onartu du Basaurin 2023an gizarte politikarako, azken 12 urteetako handiena: “Gizarte Politikan gehien inbertitzen duen euskal Udala gara, eta Estatu osoko 16.a, eta pertsonen zaintzan lider izaten jarraitu gura dugu”, azpimarratu dute EAJtik.

Ildo horretatik, gizarte politikako proposamenak aurkeztu dituzte Asier Iragorri Basauriko Alkateak eta Maria Larrinaga Gizarte Politika saileko egungo arduradun politiko eta zinegotzigaiak. Iragorrik “nahi ez diren bakardade-kasuak detektatzen, identifikatzen eta baloratzen lagunduko duten programak eta pertsona horien bizi-kalitatea hobetzeko ekintzak” bultzatuko dituztela azaldu du eta mendekotasuna duten pertsonei euren etxean jarrai dezaten erraztasunak ematea proposatu du.

Gizarte politikako proposamenak

– Osasuna eta zahartze aktiboa sustatzeko programak ezarri
– Etxez etxeko janari-zerbitzua eskaintzea adinekoei
– Eten digitala ezabatzeko ekimenak sustatu
– Sarratuko etxebizitza komunitarioetatik gertu Bizkaiko Foru Aldundiak EtxeTIC zentro bat ere irekiko du
– Adinekoentzako gizarte-zentro bat prestatuko dugu, Ariz eta Urbiko erabiltzaileei zerbitzua emateko
– Zurrumurruen kontrako Estrategia programa eta Bizikidetza eta Aniztasun Planean jasotako jarduketak gauzatzen jarraitu

Osorik irakurri

☉ Basauri

#M28 | Etxerre berreskuratu eta ‘Basauri Kulturgunea’ sortu nahi du Basauriko EH Bilduk

EH Bilduren arabera, ekimen horren bidez aisialdirako eremu bat irabaziko litzateke arnasgune berde gisa

|

Etxerreko putzua // Geuria

Basauriko EH Bilduk Etxerreko hezegunea berreskuratzea du helburu hauteskunde programako proposamenen artean. “Etxerreko hezeguneak berariazko garrantzia du, eta ezinbestekoa da bere berreskurapena. Horrela bere ingurumen balioa aintzat hartuko litzateke, eta ez hori bakarrik; aisialdirako eremu bat irabaziko genuke arnasgune berde gisa”, azaldu du Exabier Arrieta Basauriko alkatetzarako EH Bilduko hautagaiak. “Horretarako, erakundeen inplikazioa beharrezkoa da eta Zaratamoko eta Basauriko elkarlana eta koordinazioa sustatuko dugu eta beste erakundeengana joz”.

Izaskun Soto Zaratamoko EH Bilduko hautagaiaren arabera, Arkotxan biribilgune bat eraiki gura dute Zaratamoko auzorako sarbidea errazteko eta baita Etxerreko hezegunea berreskuratzeko: “Arkotxak ingurune jasangarriarekin eta Ibaizabal ibaiarekin harremana berreskuratuko du”, dio Sotok.

Sotoren hitzetan, “biribilguneak egoki egiten du Etxerre eta Garaiko putzuak berreskuratzeko plana abian jartzea”, Basauri eta Zaratamo artean hiri-inguruko parke bat sortuz. “Proiektu horrek Basauri eta Zaratamoko oinezkoen ibilbideak Ibaizabal ibaiaren erriberako pasealekuarekin lotuko lituzke, naturarekin lotutako elkarguneak sortuz”.

Kulturgunea, Basaurin

Bestalde, ‘Basauri Kulturgunea’ izeneko erabilera anitzeko espazioa sortzea du helburu San Fausto plazaren alboan hauteskundeetako programako proposamenen artean: “Social Antzokiaren ondoan kokatuko litzateke, Musika eskolatik gertu”, azaldu dute EH Bildutik. “Leku estrategikoa da, erdigunea delako, garraio publikoko geltokietatik gertu dagoelako eta beste eraikin eta gune kultural batzuen osagarri delako”.

Alderdiko bozeramaileen arabera, proiektu “integral” horri esker, Basauri eskualdeko kultura-erreferente bihurtuko da, hainbat kultura-adierazpenen garapena sustatuz, jarduera anitz eta euskaldunak sustatzeko: “Erakusketak, erakunde-kontzertuak, ekitaldiak, desfileak, herri-jarduerak eta abar har ditzakeen zentroa izango da, eta, bestalde, gazteek eta taldeek eta elkarteek beren jardueretarako erabili ahal izango dute”. Gainera, Musika Eskolaren eskaintza zabaltzeko balioko duela iragarri dute, “gaur egungo eskaria bete ahal izateko”.

“Erakusketak, erakunde-kontzertuak, ekitaldiak, desfileak, herri-jarduerak eta abar har ditzakeen zentroa izango da

Jarduera ekonomikoaren ikuspegitik, Basauri Kulturguneak tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko proiektu eragile gisa balioko duela gehitu dute EH Bildutik, “eskualdeko nahiz Bilbo Metropolitarreko gertuko pertsonak erakarriz”.

Lapatza, San Migelgo kezka

Exabier Arrieta Basauriko EH Bilduko alkategaia eta Leire Lezameta San Migelgo pertsona erreferentzialak agerraldia egin dute San Migelen. Alderdiko proposamenekin hasi baino lehen, EH Bildutik “kezka” azalerazi zuten Adifek Lapatzan eraikiko duen behin-behineko geralekuagatik. “Gune birnaturalizatu bat, basauriarren aisialdirako eremua, eta, zehazki, San Migeleko auzokideentzat”, azaldu dute alderditik.

“Renferen aldiriko geltokira jaitsiko den igogailu soil gisa saldu zitzaiguna, ez dago hain argi, eta ezagutu dezakegun apurraz, eraikin bat, aparkaleku txiki bat eta bertara sartzeko bide bat aurreikusten da. Erakundeek ez dituzte aintzat hartzen gure interesak, ezta udal gobernu-taldeak ere”, azpimarratu dute.

San Migelen egindako agerraldian, hirigintza alorrean aritu dira, hurrengo proposamenekin:

– Hernan Cortes plazari eta eskola zaharrari erabilera bat emateko prozesu parte-hartzaile bat abian jartzea

– Frontoiaren ondoan dagoen saskibaloi-zelaia estaltzea

– Gernika kaleko 24-30 tarteak berrurbanizatzea, espaloiak handituz eta aparkalekuak hobetuz

– Gobernantza kolaboratiboa, elkarte- eta auzo-mugimenduarekin gobernatuz

– Auzoak eta etxebizitzak osorik birgaitzeko plan baten aldeko apustua, Europako NEXT funtsen eta Udalaz gaindiko funtsen finantzaketa aprobetxatuz

Osorik irakurri