Sareak

☉ Basauri

Bideoa / Mozkorrak eta Edurre kuadrillek irabazi dute Sanfaustoetako Irrintzi Lehiaketa

Aurtengo bazkaria Bizkotxalde parkean prestatu dute eta 4.200 lagunek hartu dute parte.

|

Mozkorrak kuadrilla izan da aurtengo irabazlea sanfaustoetako Irrintzi Lehiaketan, Basaurin. Txikiei dagokienez, Edurre kuadrilla izan da irabazlea.

Kuadrillen arteko aurtengo bazkaria Bizkotxalde parkean prestatu dute eta 4.200 lagunek hartu dute parte. Bazkalostean Irrintzi Lehiaketari hasiera eman diote Herriko Taldeakekoek. Kuadrilla bakoitzak ordezkari bi izan ditu: heldu bat eta txiki bat.

Txapelketa amaitu bezain pronto euria egiten hasi da eta herritarrak mahaiak eta aulkiak batzen hasi dira.

Argazkiak / Sanfaustoetako kuadrillen arteko bazkariak 4.200 lagun bildu ditu Basauriko Bizkotxalden

☉ Basauri

Hauek dira Basaurik aurtengo aurrekontuan onartu dituen herritarren sei proiektu

|

Besteak beste, berdeguneak handitzea espezie autoktonoak landatuta izan da proiektu bozkatuenetariko bat // Geuria

Espaloietan tratamendu irristagaitz-lanak areagotzea, berdeguneak handitzea espezie autoktonoak landatuta, udalerriko argiteria publikoa hobetzea, adineko pertsonen jardueretarako lokalak hobetzeko lanak egitea, espaloietako baldosak konpontzeko lanak areagotzea, eta aire zabaleko kirol-instalazioak handitzea.

Horiek dira herritarren gehien bozkatu dituzten proiektuak 2024ko aurrekontuan txertatzeko, aurrekontu parte-hartzaileen bitartez. Basauriko Udalak 400.000 euro inbertituko ditu proiektu horiek aurten gauzatzen: 25.000 euro espaloietan tratamendu irristagaitz-lanak egitera; 25.000 euro berdeguneak handitzera; 100.000 euro udalerriko argiteria publikoa hobetzera; 100.000 euro adineko pertsonen jardueretarako lokalak hobetzeko lanak egitera; 100.000 euro espaloietako baldosak konpontzeko lanak areagotzera; eta 50.000 euro aire zabaleko kirol-instalazioak handitzera.

Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua iazko irailean jarri zuen martxan Udalak. Prozesuaren lehen fasean 596 proposamen egin zituzten herritarrek, iaz baino 219 proposamen gehiago.

Udal-teknikariek proposamenak aztertu zituzten eta 18 egitasmo lehenetsi zituzten. Proposamenak baloratzean, kontuan izan zuten ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak izatea, Basauriko herritar guztien interes orokorra interes partikularren gainetik jartzea, udalerriko lurralde-oreka bermatzea eta Garapen Jasangarrirako Helburuetara egokitzea.

1.615 bozka

Bozketa fasean 1.615 basauriarrek eman dute bozka: 653 ados.basauri.eus webgunearen bitartez; 512 boto-ontzien bitartez; 279 postontzien bidez; eta 171 informazio-karpen bitartez.

Bozka emateko parte-hartze datuak laukoiztu egin dira iazkoekin alderatuta: iaz 376 herritarrek eman zuten bozka.

“Partaidetza-zifra bikain horrek sekulako poza eman digu, ikusten ari garelako pixkana-pixkana herritarrak barneratzen ari direla udal-gaietan parte hartzeak duen garrantzia, basauritarrek beren iritzia emateak eta beren ideiak proposatzeak duen garrantzia, gure udalerria hobetze aldera”, dio Asier Iragorri alkateak: “Beste pizgarri bat da guretzat, Basauriko Udaletik jarrai dezagun martxan jartzen prozesu eta tresna gehiago, ahotsa emateko udalerriko bizilagunei”.

Kanpo: 12 egitasmo

Aurtengo aurrekontuan sei proiektu onartu dituzte, eta kanpo geratu dira 12:

  • Gizarte-etxeetako ekipo informatikoak hobetzea
  • Entsegu-aretoei ekipamendu handiagoa ematea
  • Kontzertu handi baten programazioa kalean
  • “Ospearen pasealekua”, Herriko Taldeen kuadrilla bakoitzak lurrean izar bat duela
  • Atletismo pistako materialak erosi eta berritzea eta pista berriz pintatzea
  • Hiri-baratzeak sortzea
  • Txakurren aisialdirako guneak egokitzea
  • Espaloiak handitzea, indarrean dagoen araudiaren arabera
  • Komun publiko berri bat instalatzea
  • Barandak instalatzea
  • Bideetako seinale horizontalen mantentze lanak indartzea
  • Errepideak asfaltatzeko lanak sendotzea
Osorik irakurri

☉ Basauri

Haurreskola publiko berri bat eraikitzea proposatu du Basauriko EH Bilduk gerakinarekin

|

Basaurin bi haurreskola publiko daude: bata Basozelain eta bestea San Migelen (argazkikoa) // Geuria

Basauriko Udalak 15,6 milioi euroko gerakina du. Udal gobernu taldeak azaldu duenez, “soberakin horrek auzo eta espazio publikoetako beharrei erantzuten lagunduko die, baita herritarrei zuzendutako zerbitzuak, laguntzak eta prestazioak areagotzen eta sendotzen ere”, diote.

EH Bildu udaltaldeak gerakin hori erabiltzeko bere proposamenak egin ditu. Guztira 14 dira koalizio ezkertiarrak egin dituen proposamenak; tartean, haurreskola berri bat eraikitzea Bizkotxalde ikastetxean (Lope de Vega eraikina zen tokian).

Gaur egun Basaurin bi haurreskola publiko daude: bata Basozelain (Etxeko Seine) eta bestea San Migelen (Etxeko Kuttuna).

Proposamen horrez gain, beste hauek ere egin ditu Basauriko EH Bilduk:

  • Energia berriztagarria eta iraunkorra sortuko duten tokiko energia-komunitateen eraketa bultzatzeko azterketa teknikoa
  • Plaka fotoboltaikoak Soloarte eta San Migeleko futbol zelaietan
  • Kareagako bide osasungarria eraikitzea
  • Udalerriko eremu guztiak lotuko dituen bidegorri-sarea eratzeko azterketa
  • Hiri-ortuak ezartzea
  • Udal-sukalde bat eratzeko azterketa teknikoa. Etxe-Maitia Adinekoen Egoitzari, Ikastetxeei jantokiak eta persona xaurgarriei zerbitzua emango liokeena. Zerbitzu hori, eskualdeko ekoizle eta hornitzaileen produktuak lehenetsiko lituzke
  • Bono-eskola berriro martxan jartzea
  • Erabilera sozialerako etxebizitza bat erostea
  • Gernika kalea 24-32 eraberritzea
  • Basozelaiko argiteria hobetzea
  • San Migeleko frontoi ondoan dagoen kantxan aterpea jartzea
  • Kareaga auzoan hobekuntzak urbaniazioan: Bidasoa kaleko oinezkoentzat bidea eta Frantzisko Perea kaleko parkea
  • Kulturgunea eraikitzea Social Antzokiaren ondoan: erabilera anitzerako kultur eraikin berria

Ezkerreko koalizioak ez du zehaztu proposamen bakoitzaren zenbatekoa, baina zera esan dute: “Berriro eskua luzatzen diogu udal gobernuari proposamen hauek kontuan har ditzan, jakinda Udalkutxako eta gerakinaren diru osagarriarekin urrats garrantzitsuak emateko aukera dugula”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / Maialen Ibarra sanmigeldarrak ‘Zalantzari esker’ singlea kaleratu du

|

Maialen Ibarra 'Zalantzari esker' bideoklipean // Maialen Ibarra

Maialen Ibarra sanmigeldarrak ‘Nire egia zuen ezpainetan’ EPa kaleratuko du aurten. Guztira sei abesti izango ditu, eta gaur bertan ‘Zalantzari esker’ lehen singlea kaleratu du.

“‘Zalantzari esker’ gure bizitzako alderdiak zalantzan jartzeko, begiak irekitzeko eta esnatzeko gonbidapena da. Gainera, horrelako sormen prozesu batekin aurrera egitera ausartzeak eragin dezakeen beldurraz eta aldi berean, pozaz ere hitz egiten digu”, dio Ibarrak.

Dagoeneko entzungai dago abestia Spotifyn, eta bideoklipa ere ikusgai dago Youtuben. Bideokliparen proposamen bisuala Ane Berriotxoarena da. Besteak beste, Olaia Inziarte, Olatz Salvador edo Liher-ekin lan egin du Berriotxoak.

“Maialenen ahotsaren naturaltasunak eta freskotasunak doinu itsaskorrak eta indar handiko leloa bultzatzen du. Gitarrek eta sintetizadoreek eskua ematen diote elkarri, xurgatzen gaituen nostalgia, ilusio eta determinazio burbuila sortzeko. Soinu indartsua, ahots naturala eta beat itsaskorrak dira lehen single honen elementu garrantzitsuenak”, diote bere sormen taldekoek.

Datozen hilabeteetan bigarren, hirugarren eta laugarren singleak kaleratuko ditu Ibarrak, eta azken horrekin batera, EP osoa egongo da entzungai Spotifyn.

“Artistikoki oso sendoa”

Maialen Ibarrak 22 urte ditu eta 2022an ‘Zuei’ abestia kaleratu zuen. Era berean, iazko uztailean ‘Ametsekin jolasten’ kanta aurkeztu zuen Mikel Iturbe FMartenekin batera.

Maialen Ibarrarekin batera bere sormen taldean lanean daude: Mikel Iturbe (kudeaketa eta proiektuaren zuzendaritza), Mon Dvy (ekoizlea), Marina N. (ilustratzailea eta diseinatzaile grafikoa), Ane Berriotxoa (zuzendari, argazkilari eta gidoilaria) eta Maitane Campos (argazkilaria eta zuzendaria).

Mon Dvy ekoizleak, besteak beste, Bengo, Alba Reche edo Samuraï bezalako artistekin lan egin du. “The Blue Estudios-ekin batera artistikoki oso sendoa den proiektu baten aldeko apustua egin dugu denon arten”, diote.

2022ko azaroan elkarrizketa egin genion Maialeni eta orduan esan zigun EPa prestatzen zebilela. Reela ere publikatu genuen GEURIAko sareetan. Bada, laster ikusiko du argia bere lehen EPak.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurik 15,6 milioi euroko gerakina izango du, “auzoetako beharrei erantzuteko”

|

Basaurin dauden behar guztien artean lehentasunak ezarri beharko dituztela adierazi dute udal ordezkariek // Geuria

Basauriko Udalak 21,6 milioi euroko diruzaintzako gerakinarekin itxi du 2023ko ekitaldia.

Hala ere, zenbateko horri aurtengo kontuetan borondatezko zenbatekoak kendu behar zaizkiola azaldu dute udal ordezkariek; “gutxi gorabehera, 6 milioi euro”, diote udal arduradunek.

Gauzak horrela, 15,6 milioi eurokoa izango da Udalak erabilgarri izango duen gerakina.

Basauriko udal gobernu taldeak azaldu duenez, “soberakin horrek auzo eta espazio publikoetako beharrei erantzuten lagunduko die, baita herritarrek erabiltzen dituzten udal-instalazioak eta -ekipamenduak hobetzen eta basauriarrei eskainitako zerbitzuak, laguntzak eta prestazioak areagotzen eta sendotzen ere”, diote.

Udal arduradunek gaineratu dute udalerrian dauden behar guztien artean lehentasunak ezarri beharko dituztela, “premiaren, inpaktuaren eta kostu ekonomikoaren arabera”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Lau basauriarrei 25 urteko lana saritu die Bizkaiko Futbol Federazioak

|

Francisco Javier Gonzalez 'Arija', Jose Angel Labrador, Felix Soto eta Tatxo Aberasturi, Jon Zugazagoitia Basauriko Udaleko Kirol zinegotziarekin batera // Jon Zugazagoitia

Bizkaiko Futbol Federazioak lau urrezko intsignia banatu die lau basauriarrei. Eta horiek dira: Tatxo Aberasturi, Félix Soto, Francisco Javier González ‘Arija’ eta José Ángel Labrador.

Zuzendaritza postuetan 25 urte baino gehiago eman dituzte: Tatxo Aberasturik eta Felix Sotok UD San Miguelen, Francisco Javier Gonzalez ‘Arija’k Indartsu Clubean eta Jose Angel Labrador Bizkaiko Futbol Federazioan lehendari orde bezala.

Lau basauriarrez gain, beste hamar presidenteren lana aitortu du Federazioak. Omenaldian Iñaki Gómez Mardones presidentea, Carlos Sergio Kiroletako Foru Zuzendaria eta Angel María Villar izan dira.

Osorik irakurri