Sareak

☉ Basauri

Basauriko jaietako Sokatira eta txapela jaurtiketa bertan behera utzi dituzte

Erabakia kuadrillen arteko bazkarian iragarri dute Herriko Taldeaketik, txiki eta handien irrintzi lehiaketa bukatu bezain pronto

|

Iazko sokatira probako une bat, sanfausto plazan // Geuria

Herriko Taldeakek aurtengo sanfaustoetako sokatira eta txapela jaurtiketa probak bertan behera utzi ditu eguraldi txarragatik. Erabakia kuadrillen arteko bazkarian iragarri dute, txiki eta handien irrintzi lehiaketa bukatu bezain pronto.

Bazkaria hasi eta gutxira lehen euri tantak hasi dira Basauriko Bizkotxalde parkean. “Hodei bat izango da”, zioten kuadrilla ezberdinetako kideek itxaropentsu zerura begira, hodei grisek eta haizerik gabeko tenperatura altuek euria botatzeko mehatxua egiten zuten bitartean.

Berez euria 19:00etarako emanda zegoen, baina aurreratu da. Irrintzi lehiaketarako, euri tanta horiek xirimiri bihurtu dira eta herritarrak bazkarirako erabilitako tramankuluak batzen hasi dira.

☉ Basauri

Haurreskola publiko berri bat eraikitzea proposatu du Basauriko EH Bilduk gerakinarekin

|

Basaurin bi haurreskola publiko daude: bata Basozelain eta bestea San Migelen (argazkikoa) // Geuria

Basauriko Udalak 15,6 milioi euroko gerakina du. Udal gobernu taldeak azaldu duenez, “soberakin horrek auzo eta espazio publikoetako beharrei erantzuten lagunduko die, baita herritarrei zuzendutako zerbitzuak, laguntzak eta prestazioak areagotzen eta sendotzen ere”, diote.

EH Bildu udaltaldeak gerakin hori erabiltzeko bere proposamenak egin ditu. Guztira 14 dira koalizio ezkertiarrak egin dituen proposamenak; tartean, haurreskola berri bat eraikitzea Bizkotxalde ikastetxean (Lope de Vega eraikina zen tokian).

Gaur egun Basaurin bi haurreskola publiko daude: bata Basozelain (Etxeko Seine) eta bestea San Migelen (Etxeko Kuttuna).

Proposamen horrez gain, beste hauek ere egin ditu Basauriko EH Bilduk:

  • Energia berriztagarria eta iraunkorra sortuko duten tokiko energia-komunitateen eraketa bultzatzeko azterketa teknikoa
  • Plaka fotoboltaikoak Soloarte eta San Migeleko futbol zelaietan
  • Kareagako bide osasungarria eraikitzea
  • Udalerriko eremu guztiak lotuko dituen bidegorri-sarea eratzeko azterketa
  • Hiri-ortuak ezartzea
  • Udal-sukalde bat eratzeko azterketa teknikoa. Etxe-Maitia Adinekoen Egoitzari, Ikastetxeei jantokiak eta persona xaurgarriei zerbitzua emango liokeena. Zerbitzu hori, eskualdeko ekoizle eta hornitzaileen produktuak lehenetsiko lituzke
  • Bono-eskola berriro martxan jartzea
  • Erabilera sozialerako etxebizitza bat erostea
  • Gernika kalea 24-32 eraberritzea
  • Basozelaiko argiteria hobetzea
  • San Migeleko frontoi ondoan dagoen kantxan aterpea jartzea
  • Kareaga auzoan hobekuntzak urbaniazioan: Bidasoa kaleko oinezkoentzat bidea eta Frantzisko Perea kaleko parkea
  • Kulturgunea eraikitzea Social Antzokiaren ondoan: erabilera anitzerako kultur eraikin berria
Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / Maialen Ibarra sanmigeldarrak ‘Zalantzari esker’ singlea kaleratu du

|

Maialen Ibarra 'Zalantzari esker' bideoklipean // Maialen Ibarra

Maialen Ibarra sanmigeldarrak ‘Nire egia zuen ezpainetan’ EPa kaleratuko du aurten. Guztira sei abesti izango ditu, eta gaur bertan ‘Zalantzari esker’ lehen singlea kaleratu du.

“‘Zalantzari esker’ gure bizitzako alderdiak zalantzan jartzeko, begiak irekitzeko eta esnatzeko gonbidapena da. Gainera, horrelako sormen prozesu batekin aurrera egitera ausartzeak eragin dezakeen beldurraz eta aldi berean, pozaz ere hitz egiten digu”, dio Ibarrak.

Dagoeneko entzungai dago abestia Spotifyn, eta bideoklipa ere ikusgai dago Youtuben. Bideokliparen proposamen bisuala Ane Berriotxoarena da. Besteak beste, Olaia Inziarte, Olatz Salvador edo Liher-ekin lan egin du Berriotxoak.

“Maialenen ahotsaren naturaltasunak eta freskotasunak doinu itsaskorrak eta indar handiko leloa bultzatzen du. Gitarrek eta sintetizadoreek eskua ematen diote elkarri, xurgatzen gaituen nostalgia, ilusio eta determinazio burbuila sortzeko. Soinu indartsua, ahots naturala eta beat itsaskorrak dira lehen single honen elementu garrantzitsuenak”, diote bere sormen taldekoek.

Datozen hilabeteetan bigarren, hirugarren eta laugarren singleak kaleratuko ditu Ibarrak, eta azken horrekin batera, EP osoa egongo da entzungai Spotifyn.

“Artistikoki oso sendoa”

Maialen Ibarrak 22 urte ditu eta 2022an ‘Zuei’ abestia kaleratu zuen. Era berean, iazko uztailean ‘Ametsekin jolasten’ kanta aurkeztu zuen Mikel Iturbe FMartenekin batera.

Maialen Ibarrarekin batera bere sormen taldean lanean daude: Mikel Iturbe (kudeaketa eta proiektuaren zuzendaritza), Mon Dvy (ekoizlea), Marina N. (ilustratzailea eta diseinatzaile grafikoa), Ane Berriotxoa (zuzendari, argazkilari eta gidoilaria) eta Maitane Campos (argazkilaria eta zuzendaria).

Mon Dvy ekoizleak, besteak beste, Bengo, Alba Reche edo Samuraï bezalako artistekin lan egin du. “The Blue Estudios-ekin batera artistikoki oso sendoa den proiektu baten aldeko apustua egin dugu denon arten”, diote.

2022ko azaroan elkarrizketa egin genion Maialeni eta orduan esan zigun EPa prestatzen zebilela. Reela ere publikatu genuen GEURIAko sareetan. Bada, laster ikusiko du argia bere lehen EPak.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurik 15,6 milioi euroko gerakina izango du, “auzoetako beharrei erantzuteko”

|

Basaurin dauden behar guztien artean lehentasunak ezarri beharko dituztela adierazi dute udal ordezkariek // Geuria

Basauriko Udalak 21,6 milioi euroko diruzaintzako gerakinarekin itxi du 2023ko ekitaldia.

Hala ere, zenbateko horri aurtengo kontuetan borondatezko zenbatekoak kendu behar zaizkiola azaldu dute udal ordezkariek; “gutxi gorabehera, 6 milioi euro”, diote udal arduradunek.

Gauzak horrela, 15,6 milioi eurokoa izango da Udalak erabilgarri izango duen gerakina.

Basauriko udal gobernu taldeak azaldu duenez, “soberakin horrek auzo eta espazio publikoetako beharrei erantzuten lagunduko die, baita herritarrek erabiltzen dituzten udal-instalazioak eta -ekipamenduak hobetzen eta basauriarrei eskainitako zerbitzuak, laguntzak eta prestazioak areagotzen eta sendotzen ere”, diote.

Udal arduradunek gaineratu dute udalerrian dauden behar guztien artean lehentasunak ezarri beharko dituztela, “premiaren, inpaktuaren eta kostu ekonomikoaren arabera”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Lau basauriarrei 25 urteko lana saritu die Bizkaiko Futbol Federazioak

|

Francisco Javier Gonzalez 'Arija', Jose Angel Labrador, Felix Soto eta Tatxo Aberasturi, Jon Zugazagoitia Basauriko Udaleko Kirol zinegotziarekin batera // Jon Zugazagoitia

Bizkaiko Futbol Federazioak lau urrezko intsignia banatu die lau basauriarrei. Eta horiek dira: Tatxo Aberasturi, Félix Soto, Francisco Javier González ‘Arija’ eta José Ángel Labrador.

Zuzendaritza postuetan 25 urte baino gehiago eman dituzte: Tatxo Aberasturik eta Felix Sotok UD San Miguelen, Francisco Javier Gonzalez ‘Arija’k Indartsu Clubean eta Jose Angel Labrador Bizkaiko Futbol Federazioan lehendari orde bezala.

Lau basauriarrez gain, beste hamar presidenteren lana aitortu du Federazioak. Omenaldian Iñaki Gómez Mardones presidentea, Carlos Sergio Kiroletako Foru Zuzendaria eta Angel María Villar izan dira.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Kareaga eta Montefuerte artean 150 zuhaixka berri landatuko dituzte, Basaurin

|

Otsailaren 18an izango da landaketa jardunaldia eta 60 lagunek hartuko dute parte // Sagarrak talde ekologista

Bertoko zuhaixkak landatzeko jardunaldia antolatu du Sagarrak talde ekologistak, Kareaga Auzo Elkartearen eta Basauriko Udalaren babesarekin. Guztira, 150 zuhaixka landatuko dituzte.

Ekimena otsailaren 18an izango da Kareaga eta Montefuerte arteko ibilbidean, 10:00etatik 13:00etara bitartean.

Jardunaldian 60 lagunek hartuko dute parte: “Ume asko etorriko dira igandeko jardunaldira eta nagusi asko ere”, diote Sagarraketik.

Duela sei urte hasi zen Sagarrak Kareaga auzoa eta Montefuerte parkea lotzen dituen oinezkoentzako bidea bertoko zuhaixkekin birlandatzen, “babes-hesi bat sortzeko helburuarekin”.

Bandalismo salaketa

Sagarrak talde ekologistatik salatu dutenez, urteak daramatzate bertoko zuhaixkekin Kareaga eta Montefuerte arteko zonaldea basoberritzeko jardunaldiak antolatzen, “baina azken urtean, oraindik identifikatu gabeko pertsonen bandalismoa jasan dute landaketa horiek”.

Azken hilabeteetan inguru horretan izandako gertakariak salatu ditugu. Pertsona jakin batzuk bandalikoki jokatzen ari dira landatutako zuhaixken aurka, egindako lanari boikota eginez eta inguruan ingurumen-kaltea eraginez. Era berean, egindako lana adierazteko panel bat txikitu dute”, salatu dute talde ekologistatik.

Azken urtean ekintza bandalikoak jasan dituztela salatu du Sagarrakek // Sagarrak talde ekologista

Gertakari hauek guztiak Ertzaintzan eta Udaltzaingoan salatu ditu Sagarrakek, eta Basauriko Udalari ere eman diote horien berri.

“Horrelakorik ez gertatzeko neurriak hartzeko eskatu dugu behin eta berriz. Ez dugu inolako informaziorik, eta oraingoz ez dakigu prebentzio-neurririk hartu dutenik horrelakorik ez gertatzeko. Gertakari larri horien aurrean Udalak eta segurtasun-indarrek jarrera aktiboagoa izatea eskatzen dugu”, diote.

Osorik irakurri