☉ Basauri
Argazkiak / Hasi dituzte sanfaustoak Basaurin!
Basauriarrek kaleak bete dituzte eta jaia lehertu da sanfaustoetako lehen egunean. Herriko Taldeakeko kuadrillek Basauriko kaleak hartu dituzte
☉ Basauri
Pintxo Festa izango da datozen bi asteburuetan Basaurin: 37 tabernak hartuko dute parte
Miniaturazko janariaren hiriburu izango da datozen bi asteburuetan Basauri. Izan ere, Pintxo Festa ekimena izango da azaroaren 15etik 17ra eta azaroaren 22tik 24ra bitartean.
Aurten 37 tabernak hartuko dute parte: Maybe, Edudoga, Bai Horixe, Tequilazo, Bonboi, JM Kafetegia, California, Alberto, Chamorro, Dakota, Bluecafe, Toison de Oro, Nastase Gastrobar, Neure Gastrobar, Boxes, Dafne, Itxina Berria, La Zona, Geltoki, Herriko Etxea, Arume, Haizebarri, Apolo XII, Erretoki Arin, Glotonvice, Irati, Nervión, Katilu, Galizia, Beitia Zaharra, La Sede, Uribarri, New Magic, Ganeko, Batzoki, Excelsior Berri eta Nagusia.
Horiek guztiek Pintxo Lehiaketan hartuko dute parte eta taberna bakoitzak bere pintxoa salgai jarriko du Pintxo Festa egingo den egun guztietan zehar. Pintxoek txahalkia, perretxikoak edota tomatea osagaiak izan behar dituzte.
Lehiaketan Urrezko Pintxoa, Zilarrezko Pintxoa, Brontzezko Pintxoa, Fusio-pintxoa, Soiltasuna eta Zaporea Pintxoa eta Pintxo Herrikoia sariak banatuko dituzte. Epaimahai batek aukeratuko ditu irabazleak.
Aurtengo edizioan, lehenengo aldiz, Urrezko Pintxoaren saria irabazten duenak 300 euroko txartela jasoko du, herriko hiru saltokitan, gehienez, gastatzeko. Era berean, 200 eta 100 euroko txartelak jasoko dituzte, hurrenez hurren, Zilarrezko Pintxoaren eta Brontzezko Pintxoaren sariaren irabazleek, udalerriko bi dendatan, gehienez ere, gastatzeko.
Bestalde, bi lagunentzako bost menu zozkatuko dituzte pintxo gogokoena hautatzeko botoa eman, eta boto-paperean 5 taberna desberdinen zigilua duten herritarren artean.
Pintxo Festa izan bitartean kale animazioa izango da Basauriko kaleetan: Etxebarria Aita-Seme Trikitilariak eta Danbayán batukada (azaroak 15); Dunbots Fanfarrea (azaroak 16); Basauri Koral Elkartea eta Danbolin Txistulari Elkartea (azaroak 22); eta Kilometrokantu (azaroak 23).
Era berean, azaroaren 16an Rockein lehiaketako finala izango da Social Antzokian.
☉ Basauri
Basauriko Urbiko ikasleek 281 euro bildu dituzte Valentziako institutu bati bidaltzeko
Valentziako hondamendia gertatu eta bi aste igaro dira. Ekimen solidarioak han eta hemen antolatu dituzte, baita Hego Uribe eskualdean ere.
Basaurin, adibidez, Urbi Institutuko DBHko 2.D mailako ikasleek etxeko bizkotxoak, tortilak eta galletak saldu zituzten azaroaren 11tik 13ra bitartean, euro baten truke, jolastoki orduetan.
Bada, zenbaketa egin ostean, guztira 281 euro jaso dituzte. Bildutako diru guztia Algemesí herriko Sant Vicent Ferrer institutura bidaliko dute.
“Ekimen solidario hau egiteko proposamena DBHko 2.D mailako ikasleek eurek egin zuten eta oso ideia ona iruditu zitzaigun. Familiek ere lagundu dute”, adierazi dio GEURIAri Ainhoa Beraza Urbi Institutuko Ingeleseko mintegiko irakasleak.
☉ Basauri
Irantzu Varelarekin solasaldia, erakusketak, zinea eta elkarretaratzeak antolatu dituzte Basaurin, A25aren testuinguruan
Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Testuinguru horretan, azaroan zehar hainbat jarduera antolatu dituzte Basaurin.
Besteak beste, erakusketak, zineforuma eta elkarretaratzeak izango dira. Gainera, Irantzu Varela basauriarrak ‘Lo que queda’ liburua eta solasaldia aurkeztuko ditu.
Isabel Cadaval Udaleko Berdintasun zinegotziak A25aren esparruan programatutako jardueretan parte hartzera animatu ditu basauriarrak, eta gaineratu du “indarkeria matxista ukatzea, batzuetan konturatzen ez bagara ere, indarkeria matxista babesteko modu bat dela. Izugarri kezkatzen gaitu gazteek diskurtso ukatzaile horiek barneratzen dituztenean”.
“Lan handiagoa egin behar dugu neska-mutilekin, feminismoaren eragile aktiboak izan daitezen eta desberdintasuna iraunaraztea besterik bilatzen ez duten eskuin muturretik datozen diskurtso faltsuak bazter ditzaten”, dio Cadavalek.
Basauri / A25 programazioa
Irailak 18-Abenduak 9
Erakusketa: ‘Bizitzak erdigunean jartzea’
Marienea
Urriak 23-Otsailak 17
Erakusketa: ‘Nire osasun prozesua’
Marienea
Azaroak 14, osteguna
Zinea: ‘Los destellos’
19:00 Social Antzokia (doako sarrerak txarteldegian eskuratu daitezke)
Azaroak 23, larunbata
Elkarretaratzea: Indarkeriaren kultura salatzeko ekitaldia
12:00 Azaroak 25 plaza
Azaroak 25, astelehena
Elkarretaratzea: Kontzentrazio instituzionala
13:00 Udaletxeko arkupeak
Azaroak 27, asteazkena
Irantzu Varela. ‘Lo que quede’ liburuaren aurkezpena eta solasaldia
18:00-20:00 Marienea
Abenduak 4, astelehena
Beldur Barik lehiaketa lokalaren sari banaketa
19:00 Marienea
☉ Basauri
Emakumeek musikaren industrian izan duten pisua eta garapena izango dute hizpide Basauriko Marienean
MAZ Basaurik eta Rockeinek, Marienea Basauriko Emakumeen Etxearekin batera, emakumeei eta musikaren industriari buruzko hitzaldia antolatu dute azaroaren 16an
MAZ Basauri jaialdiak eta Rockein lehiaketako finalak musikaz bete dute Basauri bi asteburuetan zehar. MAZ Basauri atzean utzita, asteburu honetan izango da Rockein lehiaketaren 12. edizioko finala Social Antzokian.
Ildo horretan, MAZ Basaurik eta Rockeinek, Marienea Basauriko Emakumeen Etxearekin batera, emakumeei eta musikaren industriari buruzko hitzaldia antolatu dute.
Solasaldia azaroaren 16an, larunbatez, izango da 12:30ean Marienean bertan, eta Nara Pintok eta Maite Alañak hartuko dute parte. Hitzaldia gazteleraz izango da.
Nara Pinto, Leioan jaiotakoa, Primavera Sound festibal ospetsuaren promotorea da 2022tik. Aurretik, Mad Cool musikaldi madrildarrean (2015-2022) edo Last Tour-en (2005-2015) lan egin zuen, eta Bilbao BBK Live, Azkena Rock edo Sonisphere bezalako festibalak programatu zituen. Gainera, urte askotan zehar eszena elektronikoaren militante aktiboa izan da, DJ edo irratsaioetako esatari gisa.
Maite Alaña getxoztarra MAZ Basauriren antolakuntzako kide izan da hasieratik, eta 2014tik ekitaldiko zuzendaria da. Rockein lehiaketako zuzendaria ere bada 2013ko lehen ediziotik, eta Hiriko Soinuak musika lehiaketarekin kolaboratzen du 2019tik. MIMeko bazkidea da (2016an sortutako Musikaren Industriako Emakumeen Estatu mailako elkartea), ekitaldi masiboetan lan egin du produktore artistiko bezala, hala nola, 2008ko Zaragozako Expoaren inaugurazio-ekitaldian edo 2007ko Camp Nouren 50. urteurrenean, Bartzelonan.
Biek ala biek musikaren industriaren barruan izandako esperientziei eta garapenari buruz hitz egingo dute eta sektorean berdintasuna dagoen eta industrian emakumeak duen rolari buruz hausnartuko dute.
Hitzaldi hau MAZ Basaurik eta Rockeinek bi ekitaldietan eta, oro har, sektorean emakumeen parte-hartzea eta agerpena sustatzeko duten helburuaren barruan integratzen da. Sektorean emakume artista, zuzendari eta langile berrien agerpena bilatzen da eta bi ekitaldietara emakumeak joatea sustatzea.
☉ Basauri
Rockein lehiaketako 12. edizioko finalak zehaztu ditu ordutegiak
Ben Santana, Edgar Allan Pop eta Galder kategoria nagusian eta La Nevera Vacía, Maialen Ibarra eta Monday Potions Hego Uribeko kategorian lehiatuko dira azaroaren 16an Social Antzokian jokatuko den finalean
Rockein lehiaketako 12. edizioko finala izango da azaroaren 16an, larunbatez, Basauriko Social Antzokian. Ben Santana (Bilbo), Edgar Allan Pop (Araba eta Madril) eta Galder (Irun) dira kategoria nagusiko finalistak eta irabazleak EP profesional bat grabatu, ekoitzi eta masterizatuko du Bilboko El Tigre estudioetan, bideoklip profesional bat grabatuko du, eta 2025eko MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskainiko du.
Bestetik, Hego Uribeko talderik onenaren saria irabazteko hautagaiak dira: La Nevera Vacía, Etxebarriko kide bat duen pop-rock laukotea; Maialen Ibarra basauriar gaztea, duela gutxi ‘Nire egia zuen ezpainetan’ bere lehen EPa aurkeztu zuena; eta Monday Potions, Eneko Peña buru eta Etxebarri, Bilbo eta Santurtziko kideak dituen proiektua.
Hego Uribeko artistarik onenari saria lortzeko aukera izango dute, Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugao-Miraballesen, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako kide bat gutxienez duten proiektuak saritzen dituelako.
Tokiko artistatik onenak bideoklip profesional bat grabatuko du, baita kontzertua eman 2025eko MAZ Basauri jaialdian.
Rockeineko lau kategorien irabazleen izenak (kategoria nagusia, Hego Uribeko artistarik onena, artistarik onena euskaraz eta Eskarabilera saria) finalean bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak.
Finalerako sarrera doakoa da: gonbidapenak socialantzokia.eus webgunean edo Social Antzokiko txarteldegian jaso daitezke. Publikoa zutik egongo da.
Rockein 2024 / Finala
Azaroak 16, larunbata
Social Antzokia (Basauri) · Sarrera doan
20:30 Ateak irekitzea
21:00 Maialen Ibarra
21:30 La Necera Vacía
22:00 Monday Potions
22:30 Edgar Allan Pop
23:00 Ben Santana
23:30 Galder
00:00 Sari banaketa