→Basauri

Javier García: «Munduan hogei izango dira mahai-tenisean milioiak irabazten dituztenak»

Javier Garcíak (Basauri, 1979), Kike Irineurekin batera, zilarrezko domina eskuratu zuen Euskadirentzat joan den irailaren 16, 17 eta 18an Getafen (Madril) jokatutako mahai-teniseko Espainiako Beteranoen Txapelketan

Javier García, Urbiko kiroldegian // Geuria

Javier Garcíak (Basauri, 1979), Kike Irineurekin batera, zilarrezko domina eskuratu zuen Euskadirentzat joan den irailaren 16, 17 eta 18an Getafen (Madril) jokatutako mahai-teniseko Espainiako Beteranoen Txapelketan. Garcíak ordu asko eman ditu Basauriko Mahai-Tenis Klubean entrenatzen eta jokatzen. Bere adineko lagunak futbolean eta saskibaloian jokatzen hasi ziren garaian, Garcíak zale gutxiago dituen kirol honen aldeko apustua egin zuen Gaztelu ikastetxeak eskaintzen zuen ping-pongeko eskolaz kanpoko jardueran, 13 urte zituela.

Zorionak Espainiako Txapelketan lortutako bigarren postuagatik, Javi! Nolako esperientzia izan zen? Eskerrik asko! Esperientzia zoragarria izan zen. Partida asko jokatu ostean zilarrezko domina eskuratu dugu Euskadirako.

Asteburu osoko txapelketa izan zen? Bai, ostiralean, larunbatean eta igandean partidak izan genituen. Lehenik eta behin hiru taldez osatutako multzo bat sortu zuten eta euren artean partidak jokatu zituzten. Partida horietatik bi talde garaile irten ziren eta gainontzeko partidak kanporaketen bidez erabaki ziren.

Nolako aurkariak izan zenituzten Getafen? 39 urtetik gorako bi edo hiru jokalari oso onez osatutako selekzioak izan genituen aurrez aurre, komunitate bakoitzeko onenak hain zuzen ere. Finalera heldu arte Kanariar Uharteen, Galiziaren, Gaztela Mantxaren eta Extremaduraren aurka jokatu genuen. Finalean Kataluniaren aurka lehiatu ginen eta zenbait aukera on izan bagenituen ere ezin izan genituen gainditu. Partida oso lehiakorra izan zen azken minutura arte.

Nola antolatu duzu zeure burua Madrilgo txapelketan parte hartu ahal izateko? Ez da batere erraza: soldatzaile lez egiten dut lan 07:00etatik 15:00ak arte, baina batzuetan ordu gehiago ematen ditut beharrean.

Zenbatez behin egiten dituzu entrenamendu saioak gaur egun? Normalean astean hirutan egiten ditut entrenamendu saioak eta saio bakoitza ordu bikoa izan ohi da. Saio horiei guztiei asteburuetako txapelketak gehitu behar zaizkie eta batzuetan lau edo bost egun ematen ditut palarekin entrenatzen.

Eta nolakoak dira saio horiek? Entrenamendu saioak bi motatakoak dira: alde batetik astean zehar kiroldegian ematen ditudan ordu horiek, mahai tenisean jokatzen; eta bestetik, kirolari bakoitzak bere kabuz egiten dituen saioak (korrika egiten, gimnasioan…).

Ibilbide luzea egin duzu. Nola hasi zinen mahai-tenisean? 30 urte daramatzat kirol honetan. Gaztelu ikastetxean hasi nintzen, 13 urte nituela. Garai hartan eskolaz kanpoko ping-pong klaseak eskaintzen zituen ikastetxeak eta Bizkaiko beste eskolen arteko partidak jokatzen genituen

Eskolako mahai tenisetik CTMra egin zenuen salto. Eskolen arteko liga horien garaia bukatu zenean CTM Basaurin (Club de Tenis de Mesa) izena eman nuen. Bertan, maila altuagoko liga federatuetan jokatzen hasi nintzen. CTMk 40 urte inguru daramatza Estatu mailako ligetan. Horrela, 14 urte nituela Espainiako txapelketetan parte hartzen hasi nintzen.

CTMrekin Estatu mailako txapelketetan federatu bezala jokatzen hasi zinen. Zer esan zizuten etxean? Arraroa iruditzen zitzaien hain zale gutxi dituen kirol baten aldeko apustua egin izana. Gutxik dakite nola funtzionatzen duen kirol honek.

Baina, argi dezagun: mahai tenisa eta ping-ponga ez dira gauza bera? Praktikatzeko mahai bertsuak erabiltzen diren arren, kirol ezberdinak dira: ping-pong-a jolas-aretoetan kortxozko palekin jokatzen den ‘vintage’ kirola dugu eta 21 puntuko partidak jokatzen dira. Mahai-tenisa, ostera, kirol ofiziala dugu eta set bakoitzean 11 puntu jokatzen dira.

Nolakoa da Basauriko Mahai Tenis Taldea? 40 kidek osatzen dugu Mahai Tenis Taldea eta hastapenerako eskola bat dugu, adin guztietako kirolariei zuzendutakoa. Esan behar da klub honetan Bizkaiko eta Euskadiko txapeldun askok ikasi dutela. Kide guztien artean nabarmentzekoa da 17 urteko Ane Felipe jokalari basauriarra, Espainiako 10 neska onenen artean sailkatutakoa.

Bakarra da edo neska gehiago dituzue klubean? Emakumeen gaia benetan konplexua da. Neska gehiago baditugu taldean. Ikasturte hasieran askok izena ematen dute eta elkarrekin datoz entrenamendu saioetara, baina denborak aurrera egin ahala etortzeari uzten diote. Bakarrik etortzeko ‘beldurragatik’ izan daiteke. Ez dakit nik.

Nola ‘beldurragatik’? Euren kabuz kirola egitea kostatzen zaiela uste dut. Hasiera batean prestutasun handia dute taldean datozelako, baina egunek aurrera egin ahala galdu eta hasierako momentura bueltatzen dira.

Kirol jarduerak antolatzen dituzue Basaurin? Bai, noski! Liga topaketak, txapelketak… Urtean zehar lauzpabost hitzordu izan ohi ditugu herrian eta Bizkaia osoko klubak gerturatu ohi dira Basaurira.

Zu eskola-kirolaren bidez murgildu zinen mahai-tenisean. Nolako garrantzia dauka eskolako kirolak gaur egun haurrengan? Nire ustez gaur egun garrantzi apur bat galdu du eskolako kirolak, nire garaiarekin alderatuta. Nik uste dut duela 30 urte hezkuntza zentroek inplikazio handiagoa zutela eskola kirolean, oro har. Kontuan izan lehen eskola arteko liga bat zegoela Bizkaia osoan; gaur egun, ordea, ez dago horren arrastorik. Nire ustez, jendeak eskolaz kanpoko bestelako jardueratara eramaten ditu seme-alabak, hala nola, hizkuntzak edota margolaritza ikastera. Lehen erraztasun gehiago zeukaten haurrek eskoletan kirola egiteko. Gaur egun klubek kudeatzen dituzte haurren kirolak.

Zer eskatzen dio mahai-tenisak kirolariari? Kirol lasaia dirudien arren, kirolariak sasoian egon behar du. Gainera, koordinazio handia eta prestaketa psikologiko altua izan behar ditu kirol hau praktikatzen duenak.

Kirolari beteranoa zaitugu. Kirol hau praktikatzeko adin jakin bat dagoela esango zenuke? Kirol hau praktikatzeko adin tartea benetan zabala da: 12 urtetik 60ra arte, gutxi gorabehera. Hala ere, badago 60 urte baino gehiagoko jokalaririk ere gurean!

Posible da gaur egun mahai-tenisetik bizitzea? Benetan zaila da, tamalez. Estatu mailan profesional gutxi dago eta mundu mailako txapeldunek diru asko irabazten badute ere 20 pertsona egongo dira planeta osoan milioiak irabazten dituztenak.

Eta ziurrenik txinatarrak izango dira! (Barreak) Bai, ziurrenik! Mahai tenisean pentsatzen dugunean horixe da burura datorkigun lehen irudia, ezta? Mahai-tenisa Txinako Estatu Kirola dugu eta herrialde horretan bakarrik futbolak Europa osoan baino lizentzia federatu gehiago dauzka. Izugarria da. Bertara bidaiatzea zoragarria litzateke.

Ametsik ba al daukazu kirol honen esparruan? Bordelera itzultzea gustatuko litzaidake Beteranoen Mundu Mailako Txapelketa jokatzera. 2020an bertan jokatzeko sailkatuta nengoen, baina koronabirusak eragindako pandemiagatik bertan behera geratu zen.

Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak? 2023ko ekainean Norvegiara joango naiz Beteranoen Europako Txapelketa jokatzera.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak