→Basauri

Jon Arretxe idazle basauriarrak Touréren zortzigarrena aurkeztuko du Xixongo Aste Beltzean

'La mirada de la tortuga' liburua aurkezteaz gain, mahai inguru batean parte hartuko du idazle basauriarrak // Argazkia: Erein

Uztailaren 8tik 17ra bitartean XXXV. Aste Beltza antolatuko dute Xixonen (Asturias), eta bertan izango da Jon Arretxe idazle basauriarra. ‘La mirada de la tortuga’ (‘Dortokaren begirada’ euskaraz) liburua aurkeztuko du, Touréren zortzigarrena. Aurkezpena uztailaren 11n, astelehenez, izango da 19:00etan Xixongo ontziola zaharrean era Luis Artigue nobelistak gidatuko du.

Era berean, ‘Nobela beltza gaurko krimenaren aurrean’ izeneko mahai inguruan parte hartuko du Arretxek, Eugenio Fuentes, Santiago Álvarez, Jordi Ledesma eta Ana Ballabriga idazleekin batera. Mahai ingurua uztailaren 11n bertan izango da 21:00etan eta Carlos Quílez kazetari eta idazlea moderatzaile lanetan izango da.

Iazko abenduan argitaratu zuen Arretxek ‘Dortokaren begirada’, Touré detektibearen zortzigarren liburuaren euskarazko bertsioa. Gaztelerazko bertsioa, ‘La mirada de la tortuga’, 2022ko martxoan publikatu du. Saga berekoak dira: ’19 kamera’ (2012), ‘612 euro’ (2013), ‘Hutsaren itzalak’ (2014), ‘Estolda jolasak’ (2015) ‘Sator lokatzak’ (2016), ‘Ez erran deus’ (2018) eta ‘Mesfidatu hitzez’ (2019). Touréren nobela guztiak Erein argitaletxeak publikatu ditu.

Liburuetatik pantaila txikira

Touré detektibearen itxura irakurle bakoitzak askotan imaginatu du Arretxeren liburuak irakurrita, baina laster imaginatu beharrean, errealitatean ikusiko dute. Izan ere, iaz Touré detektibean oinarritutako telesail bat egiteko kontratua sinatu zuen Arretxek, “Espainiako ekoizle handi batekin”, adierazi zion orduan basauriarrek GEURIAri. Kontratu horrekin, ekoiztetxeak eskubideak ditu telesail bat egiteko, eta horretarako urte eta erdiko epea du -iazko apiriletik hasita- lehenengo kapitulua egiteko. Telesaila gazteleraz izango da.

Jon Arretxe: “Beti izan da nire ametsetako bat Touré detektibea pantailara eramatea”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak