Basauriko Udalak kalean jarduera fisikoa lantzeko kalistenia parkea instalatzen hasi da Artunduagako kiroldegian eta 3×3 saskibaloi pista jartzen hasi da Bizkotxalde parkean. Guztira 151.000 euro bideratuko ditu Udalak instalazio bi hauetarako.
Kalistenia parkeko obrak joan den urtarrilaren 9an hasi zituzten Artunduaga kiroldegiko padel pisten arteko eremuan, igerileku estaliaren gainean. Guztira 123.248 euro bideratu dituzte mantentze fisikorako eremu honetarako: lehen faseko obra zibileko lanetarako 74.919 euro bideratu dituzte eta gainontzeko 48.339 euroak ariketa fisikoak egiteko multzoak instalatzeko.
Udal ordezkariek azaldu dute parkean kalistenia ariketak egiteko programa bat jarriko dutela, zenbait kartelen bidez: “Karteletan azalduko dira modulu horiekin egin daitezkeen ariketarik oinarrizkoenak, erabilera-mugak eta arauak”. Gunean aisialdirako hiri altzariak ipiniko dituztela gehitu dute. Bestelako kirolek garrantzia potentziari eta ahaleginari ematen dioten bitartean, Kalistenia (Kallos, edertasuna; Sthenos, indarra grekoz) gihar taldeetan zentratzen da. Hitz konposatuaren esanahia “gorputzak mugimenduan daukan edertasuna” dugu.
‘Streetball’a, Bizkotxalden
Aste honetan ere saskibaloirako 3×3 edo ‘streetball’ pista eraikitzen hasi dira Bizkotxalde parkean eta guztira 27.675 euro bideratu dituzte lan hauetarako eta “martxoan inauguratzeko asmoa” azaldu dute Udaletik.
Saskibaloi modalitate honen jatorria 5x5a dugu. 3×3 modalitatean hiru jokalariek beste hiruren aurkako partidak jokatzen dituzte zelai erdiko azalera baino txikiagoan eta saski bakarrarekin. Saskiraketa bakoitzak puntu bat balio du eta 6,25mko mugatik haragoko saskiraketek, bi.
Joko mota oso erakargarria da eta azalera hobeto aprobetxatzeko aukera ematen du, saski biko zelai konbentzionalekin alderatuta: “Bizkotxalde eremu pribilegiatuan dago, leku aldetik, zein udalerriaren berehalako garapen estrategikoaren aldetik”, azaldu dute udal ordezkariek. Dagoeneko, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe bi, saskibaloi kantxak, ping-pong mahaiak eta xakean aritzeko mahaiak daude metro gutxira.
Bizkotxalden Pump-track pista jartzeko proposamena egin du Basauriko Udalak
