Sareak

☉ Basauri

Psikologoak jarriko ditu Osakidetzak Basauri-Kareagako anbulatorioan, Lehen Mailako Arretan

Osakidetzaren proiektu pilotua da eta Kareagako osasun zentroaz gain, osasun-psikologoak jarriko dituzte EAEko beste 12 anbulatoriotan

|

Besteak beste, Kareagako osasun zentroan jarriko du martxan Eusko Jaurlaritzak osasun-psikologoaren proiektu pilotua // Artxioboko irudia, Geuria

Lehen Mailako Arretako osasun zentroetan psikologoak jartzeko urratsa eman du Eusko Jaurlaritzak.

Proiektu pilotua izango da eta, hasteko, EAEko 13 osasun zentrotan garatuko dute. Besteak beste, Kareagako anbulatorioan, Basaurin.

Neurri horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Lehen Mailako Arretatik arreta emozionalaren irisgarritasuna hobetu nahi du.

“Lehen Mailako Arretan figura berri hori sortzeak aukera emango du pertsonei arreta arinagoa eta hurbilagoa emateko, haien ongizate emozionalean laguntzeko antsietatea, depresioa edo insomnioa bezalako arazoetan”, diote.

Osaun Sailetik adierazi dutenez, herritarrengandik hurbilen dauden baliabideak hartuko ditu, “pertsonen ongizate emozionalean laguntzeko eta osasun mentaleko nahasmendu larriagoak prebenitzen saiatzeko”.

Figura berria: osasun-psikologoa

Osakidetzan dagoeneko psikologoek lan egiten dute, ospitaleetan eta ospitalez kanpoko osasun mentaleko sarean. Hala ere, proiektu pilotu honen berritasuna da Lehen Mailako Arretako pazienteak artatzea.

“Lehen Mailako Arretan sartuko diren psikologoek eguneroko bizitzan eragina duten nahasmendu arinak edo ondoeza emozionalak artatuko dituzte, besteak beste, antsietatea, depresioa edo insomnioa, eta talde-interbentzio bidez artatuko dituzte, non arazo horiei aurre egin ahal izateko trebetasunak landuko diren”, diote.

Kareagako osasun zentroan proiektu pilotua garatzearekin batera, EAEko beste 12 anbulatorio hauetan jarriko dituzte psikologioak Lehen Arretan: Buenavista eta Repelega Portugaleten, Otxoarkoagan, Txurdinagan, Santutxu-Solokoetxen eta Gernikaldea, Bizkaian; Altzan, Pasai San Pedron, Beasainen, Irun-Dunboan, Gipuzkoan; eta Lakuabizkarran eta Salburuan, Araban.

☉ Basauri

Bideoa | Silvia Gomez, Ekain Perrinoren ama: “Epaiketan bizi izan duguna oso gogorra izan da”

2021eko eraso homofoboaren epaiketak lau saio izango ditu: gaur izan da lehena eta Ekain berak eta lekuko batzuek deklaratu dute epailearen aurrean

|

Bost urte eta gero, Basaurin gertatutako eraso homofoboaren epaiketa hasi da gaur. Eta, Ekain Perrinori eta bere familiari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Basauriko Bentako plazan [hemen argazkiak]

Elkarretaratzean izan dira Ekainen senideak, eta GEURIAn Silvia Gomez bere amarekin berba egiteko aukera izan dugu: “Epaiketan bizi izan duguna oso gogorra izan da”.

Ekain lehenengoa izan da epailearen aurrean deklaratzen eta ondoren erasoa ikusi zuten lekukoek eman dute euren testigantza. Erasoa egitea leporatuta 11 pertsonak deklaratuko dute martxoaren 11n.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak | Ekain Perrino herrikideari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute Basaurin

|

Arrastsaldeko elkarretaratzea Bentako plazan / Geuria

Gaur hasi da Basaurin 2021eko ekainean gertatutako eraso homofoboaren epaiketa. Eta, lehen saioan Ekain Perrinok eta lekuko batzuek eman dute deklarazioa.

Ildo horretan, epaiketaren hasierarekin bat eginez, elkarretaratzea deitu dute herriko hainbat eragilek Basauriko Bentako plazan 19:00etan. Ekainen senideak, lagunak eta herritarrak bertaratu dira babesa adieraztera.

Epaiketa ostegunera arte luzatuko da eta martxoaren 11n erasoa egitea leporatuta hamaika pertsonak deklaratuko dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Gaur hasiko da Basaurin 2021ean gertatutako eraso homofoboaren epaiketa eta elkarretaratzea deitu dute herrian

Erasoa jasan zuen Ekain Perrinori eta bere familiari babesa adierazteko elkarretaratzea deitu dute gaur Basaurin herriko hainbat eragilek

|

2021eko ekainean manifestazio jendetsua egin zuten Basaurin Ekain Perrinori babesa emateko // Geuria

Bost urte eta gero, Basaurin gertatutako eraso homofoboaren epaiketa hasiko da gaur, martxoak 9, eta hilaren 12ra arte luzatuko da.

Zentzu horretan, erasoa jasan zuen Ekain Perrinori eta bere familiari babesa adierazteko elkarretaratzea deitu dute gaur 19:00etan Basauriko hainbat eragilek. Bentako plazan izango da kontzentrazioa.

“Erasoa jasan duen pertsonari eta bere familiari babesa adierazteko elkarretaratzea deitzen dugu, bakarrik ez daudela senti dezaten, eta epaitzen dena ez dela gertaera zehatz bat adierazteko, baizik eta LGTBIQ+ komunitate osoari eta agerian eta beldurrik gabe bizitzeko dugun askatasunari egindako erasoa”, diote eragileek.

Herrian kontzentratzea “keinu sinboliko bat” baino gehiago dela adierazi dute: “Tresna politiko bat da, zeinarekin esaten dugun eraso bakoitzak erantzun kolektibo, feminista eta antolatu bat izango duela”.

“Justiziarentzat gure bizitzak ez dira lehentasuna”

2021eko ekainaren 5ean jasan zuen Ekainek eraso homofoboa Bizkotxalde parkean, Basaurin. Erasoa ‘lesio-eraso’ bezala sailkatu zuen hasieran epaileak, baina ondoren gorroto-delitu bezala identifikatu zuen.

Urte bereko irailean Ekainek deklaratu zuen eta hilabete geroago, urria-azaroa bitartean, lekukoak deitzen hasi ziren. Abenduan lekuko gehiago joan ziren euren testigantzak ematera. Gehienak Ekainen lagunak eta erasoa ikusi zutenak. Eta ordutik geldirik egon da prozesua.

“Atzerapen horrek agerian uzten du, justiziarentzat, gure bizitzak ez direla lehentasuna, eta indarkeria instituzionalaren geruza bat gehitzen dio jasandako erasoari”, salatu dute herriko eragileek, eta denbora guzti honetan erasotutako pertsonak “higadura emozionalarekin, beldurrarekin eta ziurgabetasunarekin zamatzen duela” gaineratu dute.

“Ez gaude kasu isolatu baten aurrean, Euskal Herrian eta Espainiako Estatu osoan errepikatzen eta larriagotzen den indarkeria batean aurrean baizik. Irakurketa transfeminista batetik, indarkeria hau ez dela istripu bat baieztatzen dugu, normatik ateratzen diren gorputzak, desirak eta identitateak diziplikatzeko sistema patriarkal eta heterozisarauaren tresna baizik. Euren gorrotoaren aurrean, gure apustua argia da: antolakuntza feminista gehiago, elkar sostengu sare gehaigo, autodefentsa gehiago auzoetan, kaleetan eta kanpora nahi gaituzten espazio guztietan”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Maria Cascon Urizar: «Nire lana bizi dudan errealitatea aurkezteko eta erakusteko saiakera bat da»

Maria Cascon artista basauriarrak ‘Gure Artean’ erakusketaren azken edizioan parte hartu du. Bere lanaren bidez, argazkiaren, materialtasunaren eta denboraren joanaren arteko harremana aztertu du

|

Maria Cascon Urizar Arizko Dorretxean bere artelanarekin // Geuria

Hitzak irudi gisa ikusten dituenean, edo irudiak hitz bihurtzen direnean, hor aurkitzen du Maria Cascon Urizar basauriarrak (Basauri, 1999) bere sormen lekua. Eta, Arizko Dorretxeak bere talentuari ateak ireki dizkio ‘Gure Artean’ erakusketarekin. Bertan, Maria bere “olana” bereziarekin itzuli da jaioterrira: duela bost urte unibertsitatean sortu eta ordutik hainbat espazio publikotan —erreketatik balkoietaraino— “bizi” izan den pieza. Martxoaren 1era arte, Arizko Dorretxeak artistaren eta bere olanaren arteko harreman estua erakutsi die bisitariei. Andrea Morarekin eta Andoni Atriorekin batera osatutako erakusketa honetan, artea “zerbait naturala” dela erakusten digu basauriarrak, aldez aurretik eraikitako estilorik gabekoa. Mariak bere sormen prozesuaz hitz egin digu: nola uzten dion errealitateari irudiak eraikitzen eta nola bihurtzen den argazkia objektu fisiko, zimurrekin eta goroldioekin eta guzti.

Gure Artean erakusketan zure lan bat aurkezten ari zara martxoaren 1era arte. Zehazki, zer da erakusketan aurkeztu duzuna? Gure Artean erakusketan duela bost urte inprimatutako olana dago, espazioa banatzen duten zutabeetatik zintzilik. Olanaren atzeko aldean ‘Dear and alive’ esaldia proiektatuta dago. 

Zer islatu nahi izan duzu lan horrekin? Aurkeztutakoarekin ez dut ezer islatu nahi, dagoena dago. Niretzat garrantzi handiagoa du Arizko Dorretxera hurbiltzen diren eta bertan dagoena ikusten duten pertsonentzat islatu dezakedanak.

Lan-prozesuari dagokionez, beti kamera bat daramazun horietakoa zara, momentuaren zain, ala eszena zehatz-mehatz eraiki zenuen Arratiako erreka hartan? Kamera gainean eramaten dut beti. Eta argazkiak ateratzeko aukera ematen diot nire buruari beti ere, nahiz eta ateratzen ditudan irudi asko eguneroko intimitatearen eszenak izan. Olanean inprimatuta dagoen argazkia errealitateak eraikitako irudi bat da. Nire esku-hartze bakarra hor egotea izan zen, argazkia ateratzen eta, ondoren, ateratako irudiari denbora eta arreta eskaintzea. Denbora eta arreta eskaini nion, irudi hori errekara itzultzeko nahia sortu zitzaidan arte.  

Behin olana esku artean izanda argazkia ateratako errekara itzuli nintzen eta bertan urperatu nuen. Momentu horretatik aurrera, olana beste toki batzuetan ikusteko gogoa etorri zitzaidan, eta hor sartu nintzen aurretik ezagutzen ez nuen lan-prozesu batean. Prozesua bera, olana leku berri bakoitzean jartzen nuen aldiro erreakzionatzean zetzan, ez nire nahia inposatzean.

Olana eremu publikoetan jarri du Mariak: errekan, kalean, mendian, hondartzan edo balkoian // Maria Cascon Urizar

Olanean zure bi lagun agertzen dira. Ba al dago zure obran emakumeen arteko loturak eta partekatutako konfiantza-guneak erregistratzeko eta balioesteko asmorik? Ez, ez da hori nire lanaren asmoa. Nire lana bizi dudan errealitatea aurkezteko saiakera bat egitean datza. Zorionez, bizi dudan errealitatea maite ditudan pertsonak eta sortzen dituzten espazio intimoak osatzen dute. Horregatik agertzen dira beraien irudiak nire lanean. 

Erakusketaren inaugurazioan esan zenuen olana duela 5 urte sortu zenuela, unibertsitateko azken urtean. Leku desberdinetan gordeta eduki zenuen, baita zure amamaren etxean ere. Nola aldatzen da artista batek bere eremu pribatuan bizi izan den obra batekin duen harremana jendaurrean erakutsi aurretik? Bereziki lan honetan eremu pribatuaren eta publikoaren arteko distantzia oso lausoa izan da. Lan-prozesuaren hasieratik jarri dut olana eremu publikoetan: errekan, kalean, mendian, hondartzan edo balkoian. Badakit hau ez dela eremu hauek lantzeko modu arruntena, baina olanarekin lan egiteko baldintzak zirela eta, nire begirada askoz gehiago izan da ikusle gisa sortzaile gisa baino. Kontrasterik handiena Arizko Dorretxea bezalako espazio batean ikustea izan da, instituzionalagoa baita. Instituzionaltasun horrek olana beste distantzia batetik ikusteko aukera eman dit. Distantzia horri esker olanaren atzealdeaz ohartu naiz, erakusketa honen muntaketara arte hainbeste landu ez nuen zatia. 

Era berean aipatu zenuen ez zenuela zure olana irudi bat bezala ikusten, baizik eta objektu bezala. Olanean inprimatuta dagoen irudia ikusi dezaket, baina, hala ere, ikusten dudana olana da bere osotasunean. Olanak denboraren eta lanaren ondorioz hartu eta galdu dituen ezaugarriak, hala nola, arrakalak, zimurrak eta goroldioa hasierako iruditik gailentzen direlako. Hasierako irudia nire nahiaren ideala zen, egungo olana aldiz, irudi hori, olanaren materialtasuna eta pasatako denbora da. 

Zer suposatzen du zuretzat Basaurin, non eta Arizko Dorretxe historikoan, zure lana erakusteak? Ilusio handia egin dit nire lana nire jaioterrira ekarri izanak. Nire betiko lagunak eta familia elkartzeko aitzakia bikaina izan da. Asko eskertu dut herriko jendearengana gerturatzeko aukera eman izana. 

Andrea Morarekin eta Andoni Atriorekin partekatzen duzu espazioa. Ezagutzen zenituen? Ez, ez nituen Andrea eta Andoni aurretik ezagutzen. Eskertzekoa da nire ingurutik kanpo lanean dabilen jendea ezagutzea eta beraien lan prozesuak hurbiletik ikustea. 

Zure ustez badago loturarik zuen hiruron lanen artean? Uste dut interesgarria izan dela hiruron lanak elkarrekin batera ikustea, esparru ezberdinetatik gatoz eta aberasgarria da. Paula Fuentes, erakusketaren komisarioak, oso modu konprometituan ulertu gaitu eta muntaia erosoa izatea ahalbidetu du. Berezia izan da niretzat Andrearen errezelak eta olanaren atzeko parteak zelan lotzen diren ikustea. 

Gure Artean erakusketako liburuxkan esaten duzu hitzak eta irudiak interesatzen zaizkizula, “zentzu zabalean”. Horrekin esan nahi dudana da hitzak eta irudiak interesatzen zaizkidala, baita bereizten dituen lerroa desitxuratzen denean ere. Askotan hitzak iruditzat hartzen ditut, eta beste askotan irudiak hiztzat. Adibidez, olanaren atzean dagoen proiekzioa irakurtzeak (‘Dear and alive’) olanaren izatera eramaten nau zuzenean. Badakit proiekzio hori existitzen dela, olana irudi edo objektu gisa begiratu eta pentsatzeaz gain, hitzetik ere pentsatu dudalako. 

Noiz erabaki zenuen artea zure bidelaguna izango zela eta zergatik? Ikasketa formalen aurretik antzerkigintzan ibili naiz, argazkiak ateratzen nituen eta orokorrean arte espresioetatik gertu egon naiz betidanik. Arte gradua ikastea, hala ere, sorpresa bat izan zen niretzat. Ez nuen espero egiteko adina ausardia izango nuenik. Orduan ezin dut esan erabaki bat izan denik, zerbait naturala baizik. 

Arte-gradua egin aurretik, bazenuen zure estiloa? Ez nuen estilorik arte gradua egin aurretik eta esango nuke orain ere ez daukadala. Aldatu dena nire egitea da, nire prozesua etengabe aldatzen doa eta hortaz emaitzak ere bai.

Zein mezu zabaldu nahi duzu gizartean zure artelanekin? Lehen esan bezala ez dut intentsio konkreturik ez mezurik zerbait egiten ari naizen bitartean. Bakoitzak jaso dezala gura duen moduan.

Artea zuretzat zer den galdetuko banizu. Ez dakit, ez naiz asko saiatzen galdera horri erantzunik ematen. Baina saiakera handia egiten dut gustatzen zaizkidan gauzetara hurbiltzeko. Gustatzen zaizkidan gertuko batzuk: Maddi Iraeta, Jone Erzilla, Irati Petuya, Jon Salinas, Andoni Clavo, Amaiur Zuazua, Adrian Irisarri, Jon Ibala, Irantzu Yaldebere, Maite Gonzalez eta Auritz Iñurrietaren lanak. 

Zure ustez, ikusleak bere burua ezagutzeko ispilua izan behar du arteak, edo ikusi nahi ez dituen errealitateen leihoa? Ez bata ez bestea, baina biak aldi berean izan daitezke. Ez dut uste modu bakarra dagoenik artea bizitzeko. Bakoitzak bere modua dauka, beraz guztiak dira artea bizitzeko moduak. Guztiak izatea da nire ustez arteak daukan nolakotasunik ederrena. 

Gure Artean erakusketa bukatu ostean, baduzu esku artean beste proiekturik edo erakusketarik? Gure Artean erakusketa prestatu bitartean ‘Isla Rebista 2. #danagaz’ plazaratu dugu. ‘Isla Rebista’ Euskal Herrian kokatutako proiektu artistiko eta editorial bat da, urtero behin argitaratzen den arte garaikideari buruzko aldizkaria. Artearen testuinguruan gertatzen ari diren gauzen inguruan pentsatzeko eta idazteko lekua. Elena Olavek eta Jone Erzillak 2024an sortutako proiektua da. Lehenengo alerako “Oparia x2” atala egitea proposatu zidaten eta aurtengo alerako edizio taldean parte hartzera gonbidatu naute. Ale bakoitzerako hainbat pertsona eta artista gonbidatzen ditugu gurekin batera lan egitera. Bigarren ale honetan Ane Garay izan da “Oparia x2”-ren arduraduna eta lan ederra egin du. Aldizkaria dagoeneko eskuragarri duzue zenbait liburu dendetan.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Elkarretaratzea egin du Hego Uribeko Itaiak Basaurin, ‘Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki’ lemapean

|

Argazkia: Hego Uribeko Itaia

Hego Uribeko Itaiak elkarretaratzea egin du gaur, martxoak 8, Basaurin. Bentako plazan egin dute kontzentrazioa ‘Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki’ lemapean.

“Matxismoaren aurka, esplotazio ekonomikoaren aurka eta emakumeen eskubideen alde mobilizatu gara. Beharrezkoa da emakume langileok askatzeko alternatiba iraultzailea osatzea”, esan dute.

Argazkia: Hego Uribeko Itaia
Osorik irakurri