☉ Basauri
Manu Orozko: «Indian hiriak gainezka daude eta landa-eremuaren aldeko apustua egin behar da, jendeak hiri handietara emigratu ez dezan»
Indian izan dira udan Manu Orozko eta Belen Villa basauriarrak 2020an bertan martxan jarritako proiektu solidarioak bisitatzen. Orain beste proiektu bati helduko diote: GIB eta infekziosoen zentrorako dirua biltzea

[2023ko irailaren 14an argitaratutako elkarrizketa – Geuria 099] Egungo gizartea berekoia dela uste duzunean, beti agertzen da zure aurrean besteekiko elkartasun garbia duen norbait. Manu Orozko (Basauri, 1970) eta Belen Villa (Basauri, 1974) basauriarrak dira horren adibide.
‘Katilu’ proiektua jarri zuen martxan Orozkok 2020an, aurretik beste hainbat proiektutan parte hartu ostean. Indiako herritarren bizi kalitatea hobetzeko ekintzailetza sustatzen du Basauritik, Katilu tabernatik.
Askotan izan da Indian bere proiektuak aurrez aurre bisitatzen, eta aurten Belen eraman du lehen aldiz. Eurekin berba egin dugu Indian egin dutenaz.
Indian egon berri zarete zuen proiektu solidarioak nola doazen ikusten.
Manu Orozko: Hala da. Bederatzi urte neramatzan Indiara joan gabe. Lehen ia urtero joaten nintzen. Lan egiten nuen Bilboko Lepanto jatetxetik proiektuak egiten genituen, eta guretzat garrantzitsua zen lantzen ari ginen proiektua ikustea eta dokumentu grafiko bat ekartzea, jendeak emaitzak ikus zitzan.
Oraingoan 12 egun eman ditugu Indian eta bi proiektu bisitatu ditugu: bata, Belenekin batera Sonrisas de Bombay gobernuz kanpoko erakundearekin garatu duguna, Bombayko haurtzaindegi baten alokairua eta eskulana finantzatzen dituena; eta bestea, Anantapurren, Yerraguntako urtegia bisitatzen.

Manu eta Belen Yerraguntako urtegia bisitatzen aurtengo udan // Utzitakoa
Hasteko, nola ikusi duzue haurtzaindegia?
M.O.: Haurtzaindegiko 22 ume horiek saltoka eta dantzan ikusi ditugu. Bisita zirraragarria izan zen. Sonrisas de Bombayk 13 haurtzaindegi ditu hiri osoan zehar. Modulu edo lonja batzuk alokatzen dituzte, haurrak egoteko gaitzen dituzte, bi irakasle jartzen dituzte, eta egunero gosaltzen ematen diete umeei gurasoak lanera joaten diren bitartean. Horrela, behintzat, ume horiek ez daude kale gorrian galduta.
Indian pertsonen salerosketa dagoelako.
Belen Villa: Hala da. Pertsonen salerosketaz ari gara. Eta haurtzaindegian babestuta daude. Mafiak daude haien atzetik. Slamak bisitatzen egon gara, haien etxebizitzak. Auzo guztiak txabolistak dira, eta han nahiko argi geratzen zaizu jendeak bizitza bilatzen duela. Kontua ez da lana duela; kalean bizitza bilatzen dute loreak edo imanak salduz. Orduan, gurasoak kalean lanean ari diren bitartean, umeek nonbaiten egon behar dute, bestela kalean daude, eta kalea zaurgarria da. Hori da arazoa, eta Sonrisas de Bombayk zuzenean lan egiten du pertsonen salerosketaren aurka.
Esan duzunez, mafiak adingabeen atzetik dabiltza.
B.V.: Bai. Haurren prostituzioa existitzen da. Ez gara jabetzen arazo hori noraino iristen den. Hau da, ez dakigu haurren prostituzioa bakarrik dagoen edo organo-trafikorik badagoen atzetik… Orduan, GKEak mafiak ez sartzeko lan egiten du. Ez dakigu mafia horiek nortzuk diren, ezta Indian zer postu dituzten ere.

Eskola bat ere bisitatu zuten Manuk eta Belenek // Utzitakoa
Bombayko haurtzaindegia bisitatzeaz gain, Anantapurreko urtegia bisitatu duzue. Nola aurkitu duzue?
M.O.: Bombayko haurtzaindegia bisitatzeaz gain, Anantapurren egon gara, bai. Han izan gara Vicente Ferrer Fundazioaren campusean, eta Yerraguntako urtegia bisitatu dugu. Ikusi dugu zelan 20 familia ari diren beren fruituak jasotzen lur lehor horietatik. Orain tantakako sistema bat dute, 20 putzurekin. Bisitan joan ginenean urtegia hutsik zegoen, baina orain montzoia dator eta urez beteko da. Hala ere, orain lurrak emankorrak dira: tomateak zituzten, kakahueteak… Denetarik zeukaten. Eta 20 familia horiek emigratu beharrik izan ez dutela ikustea zoragarria da.
Emigratzea arazoa al da?
M.O.: Landako jendeak etorkizun ziurrik ez duenez (klima aldaketa ere hor dagoelako), hirietara joaten da, baina maleta zuloz beteta. Landa eremuetatik egunero 8.000 pertsona inguru sartzen dira Bombay bezalako hirietara, existitzen ez den amets baten atzetik. Ideia bat egin dezazun, Bombay hiriak 22 milioi biztanle ditu, beraz, imajinatu lan duin bat topatzea zer izan daitekeen. Emigratzen duten gehienak kale gorrian bizi dira.
Nola ikusi dituzue urtegitik hornitzen diren 20 familia horiek?
B.V.: Ni Manuren laguntzaile gisa joan naiz proiektu hori ikustera. Berak bakarrik egindako proiektua da, baina uzten badidazu, Manu, erantzungo dut. Indian jendea, oro har, oso eskertua da. Urtegiarekin zerikusirik ez duen norbaitek eskertzen dizu urtegiaren proiektua! Indiari lagundu badiozu, India osoak eskertzen dizu. Urtegiko familiak horiek pozarren daude bisitatzen ditugunean.

Urtegitik 20 familia inguru hornitzen dira eta lan egiten dute // Utzitakoa
Urtegia 2020ko proiektua izan zen, Katiluren lehena.
M.O.: Bai. Katilu jatetxea martxan jarri eta lehen hiru urteetan lan-prestakuntza eta bezeroak egiteko garaia izan zen, eta 2020an (hiru urte generamatzan dagoeneko) izen bereko proiektuarekin hasi ginen: Katilu. 900 katilu saldu genituen denbora gutxian. Egia esan, Basauriko jendearen erantzuna ikaragarria izan zen. Ez genuen erantzunaren beldurrik, ez baitzaie horrelako proiektu solidarioei beldurrik izan behar: 9.000 euroko proiektu batean jarri eta 3.000 lortzen badituzu, aizu, 3.000 euro ongi etorriak dira! 2020ko otsailaren 4an hasi genuen proiektua eta katiluen salmenta, eta martxoaren 15erako, pandemian konfinatu gintuenerako, proiektuaren % 95 lortu genuen.
Hau da, erantzuna zoragarria izan zen.
M.O.: Erabat. Vicente Ferrer Fundazioak duen gauza ona da proiektu ekonomikoaren % 50 daukazunean, argi berdea ematen duela eta prestatzen hasten dela. Beraz, 2020ko martxoan urtegiko hormak eraikitzen ari ziren.
Baina pandemia heldu zen.
M.O.: Pandemiarekin pixka bat korapilatu zen proiektua, baina 2021aren amaierarako dena eginda zeukaten eta uzta han zegoen.
Esan duzu, Manu, urtegia hutsik dagoela orain, baina hori ez dela arazoa.
M.O.: Ez, montzoia dator eta ez dute arazorik izango.
B.V.: Guk urtegia esaten duguna urez betetako zerbait da, baina ez da horrela. Ez da hemen bezala etengabe euria ari duela, errazagoa izanik ur horri eustea. Indian ez zara inoiz hori egiteko gai izango, ura lurrundu egiten baita. Orduan, Katiluk sustatutako urtegi horretan ura lurpean iragaztea lortzen dute, eta moto-ponpa batzuekin kanpora ateratzen da ura. Gero kanpoan tanta bidez ureztatzen dituzte zelaiak, ura askoz gehiago aprobetxatzeko.
Lan horrez gain, bi neskatoren aita eta amabitxiak zarete.
B.V.: Bai, Manuk eta biok neskato bana dugu babestuta. Eta gainera, nire hiru lagunek ere beste hiru haur dituzte babestuta. Lehenik nire babestutakoaren etxera joan ginen eta hori ikusgarria izan zen. Festa handi batekin hartu gintuzten, oso hunkigarria eta esker onekoa izan zen. Ohitura guztiekin hartu gintuzten, onekin zein txarrekin. Oso eskuzabalak dira eta daukaten guztia zure esku uzten dute. Ohitura txarren artean daude, bestalde, haiek oso sustraituta eta oso markatuta dituzten desberdintasun sozialak. Etengabe egiten dute hori: adibidez, gu, europarrak, eurak baino hobeak garela. Baina horretarako gaude gu: garbi uzteko inor ez dela bestea baino gehiago.
Vicente Ferrer Fundazioaren campusean Manuren neskatoa eta gainerako haurrak bisitatu genituen. Eta han beste errealitate bat ezagutzen da. Nire neskatoaren kasuan, haren gurasoek biek lan egiten dute eta egoera erosoagoan daude. Nire lagun baten neskatoaren kasuan, guztiz desberdina da egoera: oihaneko tribu batetik datoz, ez dute inoiz pertsona ‘zuri’ bat ikusi, inoiz egon ez diren zibilizazio eremu batean bizi dira orain… Beldur gehiago zegoen kasu hartan, beste errealitate bat zen.

Urtean zehar harremanik baduzue babesean dituzuen umeekin?
M.O.: Bai! Nahi adina gutun bidal ditzakezu. Eta norbait Indiara joaten denean, bideo-deiak ere egin ditzakegu.
B.V.: Adibidez, bideo-dei bidez jarri ginen harremanetan nire lagunekin, eta haien besoetakoak ikusi ahal izan zituzten. Oso hunkigarria izan zen. Ikusi dudan zirraragarriena.
Zertan datza haur bat babestea? M.O.: Haur horiei 12 urte bete arte hezkuntza eta doako osasuna eskaintzen dizkiegu. Aitabitxi edo amabitxi izatea figura bat baino ez da. Azkenean babes hori komunitate osora iristen da, eta hori da garrantzitsuena. Adibidez, hezkuntza guztiontzat iristen da, ez bakarrik haur babestuentzat.
B.V.: Nire lehen bisita izan da eta eman didan sentsazioa da figura hori funtsezkoa dela, eta uste dut hortik bultzatu behar dela babesa. Beste gauzetarako badago horretaz arduratzen den jendea.
M.O.: Familia osoarentzat jantziak oparitzen dizkiezu, baina haiek gehien nahi dutena hemengo familiaren argazkiak dira. Gure argazkiren bat ematen badiegu, ez dute askatzen munduko beste ezergatik ere. Beren gelara daramate argazkia eta zintzilikatu egiten dute logelan.
Nolakoa da osasun sistema Indian?
M.O.: Fundazioak 80.000 etxebizitza inguru eraiki ditu, hiru ospitale orokor dituzte, pediatriarekin, amatasun zerbitzuarekin, anbulatorioko 1.000 bisita ingururekin eta 200 ohe ingururekin. Indiako gauza garrantzitsuez ari gara.
B.V.: Indian osasuna pribatua da, ez dago pentsiorik… Asko hitz egiten dugu umeez, baina adineko jendeak atentzioa eman dit. Adinagatik edo fisikoagatik ezin duzu lanean jarraitu eta jada ez duzu diru-sarrerarik. Hau da, arazoa berdina da jaiotzen zarenean eta lan-bizitza amaitzen duzunean.
Vicente Ferrer eta Sonrisas de Bombay bi GKE desberdin dira: bata landa-eremuetan zentratzen da gehiago, eta bestea hirietan.
M.O.: Bombay hiria landa-eremua baino askoz erasokorragoa da. Vicente Ferrer Fundazioak landa-eremuan egiten du lan. Ez dute batak bestearekin zerikusirik. Hiriak erabat kolapsatuta daude, milioika biztanle gehiago dituzte, etengabe sartzen diren pertsona uholdeak… Hiriak gainezka daude eta landa-eremuaren aldeko apustua egin behar da, jendeak hiri handietara emigratu ez dezan.
B.V.: Jendea “engainatuta” iristen da hirira, existitzen ez den aldaketa positibo baten esperantzarekin. Normalean alderantzizkoa izaten da. Arazo ia guztien oinarria, dagoen gainpopulazioaz gain, erlijio-kultura da. Kastak, ezkontza behartuak… Arazoa euren kultura eta erlijiotik sortzen da. Hitzartutako ezkontzak (ziur asko askoz zaharragoa den gizon batekin), familien arteko negozio bat dira. Gainera, behin ezkonduta, seme-alabak izaten dituzte, emakumea oso gaztea denean. Adibidez, bisitatu genituen ospitaleetako batean haurdun zeuden neskak ez ziren 15 urtetik gorakoak. Orduan, normala da gainpopulazio bat egotea.
Baina oso zaila da hori moztea.
B.V.: Noski. Nola mozten da hain sustraituta dagoen gai kultural bat? Oso zaila da. Askok beren buruaz beste egitea aukeratzen dute. Suizidio-indize oso handia dute. Anna Ferrerrek, Vicenteren alargunak, oso proposamen interesgarria du: hitzartutako ezkontzen aurkako borroka da, baina oso gai zaila da.
M.O.: Gainpopulazioa da arazo guztien oinarria. Horren ondorioz, ezkontza itunduak datoz, ez dago guztiontzako lan duinik, gosea dago eta abar luze bat.

Katilu tabernan txoko solidarioa duzu. Bezeroen arreta erakartzen du?
M.O.: Basauriarrek hasieratik jaso dituzte proiektu hauek besoak zabalik. Erantzun ikaragarria izan genuen lehen proiektuan, eta erantzun bera jaso dugu hurrengo proiektuetan ere.
B.V.: Basaurik, lehen eskutik ezagutu dudanez, izugarrizko erantzuna eman dio proiektuari , saldu genituen katilu edo abalorioak eta bitxiak erosiz. 5.076 euroko proiektua bat, bi hilabetean itxi zen. Eta 5, 10 edo 15 eurotan saltzen ziren gauzekin, 5.076 euro biltzeak esan nahi du Basauri inplikatu egin dela.
Ba al duzue etorkizuneko proiekturik?
M.O.: Indiara egindako bidaia honetan GIB (Giza Immunoeskasiaren Birusa) eta infekziosoen zentro bat bisitatu dugu Anantapur hiriko Bathalapalli ospitalean, eta horri helduko diogu laster. Loteria salduko dugu bai Katilun bai Almadraban (Belenen saltokia). Txartel bakoitzarekin kolaborazio bat egingo dugu, eta ahalik eta diru gehien biltzen saiatuko gara. Muga bat jarriko dugu jendeak ikus dezan proiektua zehaztuta egongo dela eta diru hori beren-beregi proiektu horretara joango dela. Gainera, Nagusia Kiroldegia ere batuko da ekimenera.
Bidebietan egindako elkarrizketa batean Manuk esan zuen “(topikoa badirudi ere) India bisitatzen duzunean bizitza eta perspektiba benetan aldatzen zaizkizu”.
M.O.: Hala da. Gehiago lagundu nahi izatea. Horretan aldatzen dizu bizitza.
Eta zure kasuan, Belen?
B.V.: Nik ez dut bizitza aldatu zaidan sentsaziorik izan, ni egoera horretan nengoelako. Egia da ez duela zerikusirik norbaitek Indian egin duena kontatzeak eta bertatik bertara bizitzeak. Kontatzen dizutena mila aldiz biderkatu behar duzu. Egoera bertatik bertara ezagutzeak eraldatzen zaitu, beste ikuspegi batekin itzultzen zara.
☉ Basauri
Leganesen lehen taldearen ardura hartuko du Igor Oca basauriarrak, behin-behinean
Bigarren Mailako taldearen gidaritza hartu du Ocak, orain arte filialean aritu ondoren. Bihar egingo du debuta, Cordobaren aurka

Igor Oca Pulido basauriarrak C.D. Leganeseko lehen taldea zuzentzeko ardura hartu du, behin-behinean, klubak Paco Lopez kaleratu ostean.
Orain arte bigarren taldeko entrenatzailea zen Oca, baina igande honetan lehen taldeak Cordobaren aurka jokatuko duen partida berak zuzenduko du, eta ez da baztertzen, emaitzak eta jokoa alde izanez gero, denboraldia berak osatzea.
Oca 2025/2026 denboraldirako iritsi zen Leganesen egiturara, Sestao River Clubetik etorrita.
Historia eta Arkeologia baloirengatik aldatu zituen Basauriarra
44 urteko Ocak ibilbide luzea du aulkian. Euskal Herrian, Sestao River Cluben eta Deportivo Alavés-en aritu da, besteak beste. Profil ezohikoa da berea futbolaren munduan, Historian lizentziatua eta Arkeologian espezializatua baita.
Bere ibilbidearen zati handiena Hego Amerikan garatu du: Ekuadorren (Universidad Catolica, Independiente Juniors eta Independiente del Valle), Txilen (Huachipato) eta Mexikon (Atletico San Luis) lan egin du.
Ibilbide horren berri eman zion Ocak GEURIAri Arkeologia baloirengatik aldatu zuen basauriarra izeneko erreportajean, eta bertan Espainiako Ligako bigarren mailan lan egiteko aukeraz hitz egiten zuen:“Azken aldian Bigarren Mailan nirearekin alderatu daitezkeen profilak daude, Andorraren entrenatzaile berria edo Albaceterena, bi adibide aipatzearren”.
Behin-behineko ardura bada ere, Leganesen lehen taldearen gidaritza hartzea urrats garrantzitsua da Oca-rentzat, bere gaitasuna LaLiga Hypermotionen erakusteko aukera baita.
☉ Basauri
Bideoa | Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarra Durangoko Azokan egongo da bere lehen diskoarekin
Azaroaren 21ean kaleratu zuen Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarrak bere lehen lan luzea: ’16 segundu’. Platorma guztietan dago entzungai eta abenduaren 5etik 8ra bitartean Durangoko Azokan egongo da diskoa saltzen eta sinatzen!
Irakurri hemen GEURIAko abenduko alean egin genion elkarrizketa!
Ver esta publicación en Instagram
☉ Basauri
Fernando Goitia hil da, Bilduren sorreran Basaurin zinegotzia izan zena
2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.

Fernando Goitia Zubiaur basauriarra hil da 79 urterekin. Bilduko zinegotzia izan zen Basauriko Udalean, 2011 eta 2015 urteen artean.
2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.
Ondoren, EH Bilduren zerrendatan ere agertu da Goitia; azken udal hauteskundeetan, 2023koetan, bigarren ordezkoa izan zen.
Aurretik ere zinegotzia izan zen Goitia Basaurin, Euskadiko Mugimendu Komunistarekin 1979an.
Azken hamarkadetan ezker abertzaleko militantea, Sortuk doluminak eman ditu: “Eskerrik asko herria egiteagatik”, esan dute. Herrigintzan eta auzogintzan lanean ibili zen Goitia urte askoan.
Politikaz gain, Basauriko Pentsiodunen Mugimenduko kidea izan zen Goitia.
☉ Basauri
Basauriko Langileen Batzordeak “haserre eta gutxietsita” dagoela salatu du
Martxoan hasi zituzten mobilizazioak: langile falta dagoela salatu dute eta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute

Basauriko udal langileak protestan jarraitzen dute. Martxoan hasi zituzten mobilizazioak eta oraindik Udalak konponbidetik ez duela eman salatu dute.
Langile falta dagoela salatu dute: “Ingeniaria falta da, aparejadoreak falta dira, zerbitzu-zaintzaileak falta dira, gizarte-laguntzako langileak falta dira, gidariak falta dira, langileburuak falta dira, ingurumen-arloko langileak falta dira, administrariak falta dira, peoiak falta dira eta poliziak falta dira”, diote eta gaineratu dute: “Horrela ezinezkoa da lan egitea”.
“Sail desberdinetako desokupazio-mailak oso larriak dira, LPZko (Lanpostu Zerrenda) 60 plaza baino gehiago hutsik baitaude”, salatu dute.
Langile falta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute: “Eta horrek, gatazkak eta giro txarra sortzen ditu, arrisku psikosozialen azterketek aitortzen duten bezala”.
2026an mobilizazio gehiago
“Asier Iragorri Basagurenen lidergo eta ekimen faltak Basauriko Udaleko langileen egoera inoiz bizi izan ez dituen une kritikoak bizi ditu”, salatu du Langileen Batzordeak.
Eta arazo nagusiak erabakiak hartzeko “ekimenik eza” direla adierazi dute: “Edozein erabaki txiki Asier Iragorri Basagurenetik pasatzen da, eta bidegabeko oztopo bihurtzen da; absentziak eta lanpostu hutsak sortzen dira, eta ez dira modu arin eta ordenatuan betetzen, lehen deskribatutako egoera eraginez”.
“Sail batzuk blokeatuta daude langilerik ez dagoelako, eta herritarrei oso zerbitzu txarra ematen diete. Adibide gisa, duela hilabete batzuk salatu genuen ez zegoela zerbitzuzaintzailerik, alkateak ezer egin gabe jarraitzen du, eta, bitartean, enpresek nahi bezala lan egiten jarraitzen dute, Udalak inolako kontrolik egin gabe, basauriarren dirua xahutzen”, salatu dute.
Era berean, Giza Baliabideen arloa “kolapsatuta” dagoela esan dute: “Eragozpen teknikoak planteatzen ari dira, eta horiei ez zaie irtenbiderik eskaintzen, halakorik badago. Adibidez, pertsonak Lanbideren bidez kontratatzea eragozten da, biltzea eragozten da eta jakinaraztea eragozten da, adibide batzuk jartzearren”.
“Asier Iragorri Basaguren ez da langileen aldarrikapenak konpontzeko gai, telelana, karrera profesionala eta belaunaldien arteko errelebo-plana bezalako legeak ez betetzearen ildoan jarraitzen du, eta 2025. urte osoan langileak haserre eta gutxietsita mantendu ditu”, adierazi dute.
Ildo horretan, 2026an zehar mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu du Langileen Batzordeak, “harik eta komunikazio honetan aipatutako langileen artean konpondu gabe dauden gai guztiak konpondu arte”, diote.
☉ Basauri
Bideoa | Basauriko Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan Euskararen Naziorteko Egunean

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan. Basozelai auzoan egin dugu topo eurekin!







