→Basauri

Milioi bat euro bideratuko ditu Basauriko Udalak kirol-instalazioak hobetzeko

Milioi bat euro bideratuko ditu Basauriko Udalak kirol-instalazioak hobetzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak 10 milioi euro inbertitu ditu lurraldeko berrogeita hamar bat udalerritako kirol azpiegiturak hobetzeko eta berritzeko. Besteak beste, diru-laguntza horren zati bat jasoko dute Basauriko eta Etxebarriko Udalek, Hego Uribe eskualdeko bakarrak.

Basauriren kasuan, udal ordezkariek jakinarazi berri dutenaren arabera, 500.000 euro jasoko ditu Aldundiaren eskutik. Gainera, Udalak bere aldetik beste 500.000 euro bideratuko ditu, eta, hortaz, milioi bateko aurrekontuarekin, besteak beste, honako obrak egingo dituzte Basauriko kirol-instalazioetan: erabilera anitzeko pabilioi berri bat eraikitzea; kiroldegiaren barruko igerilekua handitzea eta klimatizazioa egokitzea; futboleko aldagelak handitzea; parke bioosasungarri eta kalisteniako gune bat prestatzea; eta padel-pista estalien irisgarritasuna hobetzea.

“Igerilekua handitzeak aukera handiagoa emango die emakumeei, izan ere, haurdun dauden emakumeentzako ikastaroak eskaini ahal izango ditugu”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak: “Era berean, dibertsitate funtzionala duten pertsonek ere igerilekua gehiago erabili ahal izango dute, obra egin ondoren, igerilekuak metro bat inguru estaliko baitu, eta, horri esker, segurtasuna handiagoa izango da eta beste pertsona batzuen laguntza izango dute, hala nola terapeutena edo laguntzaileena”. Padel-pista estalien irisgarritasuna hobetzea dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat ere “hobekuntza ukaezina” izango dela dio Iragorrik, eta futboleko aldagelak handitzeari dagokionez, zera dio Basauriko alkateak: “Genero-arloko erabileraren normalizazioa ekarriko dute, bi sexuentzako aldagela nahikoak izango baitituzte”.

Etxebarriren kasuan, Udalak 234.000 euroko diru-laguntza jaso du kiroldegian igerileku berri bat eraikitzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak