☉ Basauri
Kirolaren Euskal Biltzarrak hitzaldiak, mahai inguruak eta workshopak ekarriko ditu urrian Basaurira
Basauri Kirolaren Europako Hiri da. Urtean zehar kirolak protagonismoa izango du herrian, hala nola, Itzulia Women laskertako bigarren etapa (maiatzaren 11n), Espainiako Gorren Kros Txapelketa, Euskadiko Eskolarteko Jokoak, Basauriko futbol selekzioaren 20. urteurrena eta emakumezkoen senior selekzioaren sorrera.
Era berean, Kirolaren Euskal Biltzarra antolatuko dute urrian Social Antzokian, ‘Kirola gizarte berri baten aurrean’ izenburuarekin. Biltzarra urriaren 24an eta 25ean izango da eta gizartearen aldaketak, Udalaren Kirol Zerbitzuen kudeaketa-ereduak eta kirol-gune berriak izango ditu hizpide. Hitzaldiak, mahai-inguruak eta workshopak izango dira.
Euskadin kirola eta jarduera fisikoa sustatzen duten erakundeak elkartuko dira topaketan, kudeaketan duten jakintza handitzeko asmoz.
Adituen hitzaldi eta eztabaida-mahaien bidez, egitura dinamikoa eta iritziak trukatzeko aukerak eskainiko ditu Biltzarrak. Era berean, posterren eta workshopen bidez, ezagutza eta esperientzia berriak ikasi, aztertu eta partekatzeko foroa izango da.
Hiru bloke
Biltzarrak hiru bloke nagusi izango ditu. Lehenengo blokeak (urriaren 24an, goizez) euskal gizartea aztertzea izango du ardatz. Kirolak gizarte berrira egokitzeko izango dituen aldaketa nagusiak zehaztuko dituzte, eta Euskadik aurretik duen erronka demografikoa, migrazioaren eragina eta dibertsitate funtzionala eta belaunaldikoa landuko dituzte.
Lehen bloke honetan José Luis Larreak (Deusto Social Lab), Juan Aldazek (EHU), Blanca Ordoñezek (Haszten) eta Ekain Larrinagak (Bilboko Udala) parte hartuko dute, Pilar Kaltzada kazetariak moderatzaile lanak egingo ditu.
Bigarren blokeak (urriaren 24an, arratsaldez) Udal Kirol Zerbitzuen eredua izango du ardatz. Hitzaldiek hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola, egungo eta etorkizuneko kirol-ohiturak, herritarren eskaerei nola erantzun, epe ertainerako UKZen egitura-formula eta -eredua, eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko harremana.
Marian Ispizua (EHU), Juan Antonio Compañón ‘Konpa’ (Vitoria-Gasteizko Udala), Iratxe Ruesgas (Sport Studio), Fernando Paris (FAGDE), Manuel Abajo (Barakaldo Kirolak) eta Josune Gorospe (Bizkaiko Foru Aldundia) arituko dira mahai-inguruan bigarren blokean.
Eta, hirugarren eta azken blokeak (urriaren 25ean, goizez) kirol espazioak, etorkizuneko kiroldegiak eta hiri aktiboak izango ditu hizpide: kirol instalazioek nolakoak izan behar duten etorkizunean, kaleak, herrietako eta hirietako plazak kirol-jarduerara txertatzeko bideak aztertu eta espazio publikoak modu libre zein partekatuan erabiltzeko gakoak identifikatzea.
Basauri, kirolaren hiri
Iazko martxoan aurkeztu zuen Basauriko Udalak 2024ko Kirolaren Europako Hiri izateko hautagaitza, eta urrian izendatu zuen ACES Europak, Bruselan egoitza duen irabazi-asmorik gabeko elkarteak.
Abenduan jaso zuten Basauriko udal arduradunek oroigarria Europako Parlamentuan, Bruselan. Bertan, “herriko kirola” eta euskara, “gure hizkuntza”, eraman zituen Iragorrik.
Kirolaren Euskal Biltzarrean 2024ko Kirolaren Europako Hiria izateko egin duen bidea partekatuko dute Basauriko udal ordezkariek. Era beran, azken hamarkadan Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloan egin dituen garapenek eta datozen urteetan iristeke daudenek herritarrei ekarriko dieten ondarea ere azalduko dute.
Amaierako hitzaldia Raúl Martínez de Santosek (EHU) emango du eta gako nagusiak ikuspegi kritiko eta eraikitzailearekin laburbilduko ditu. Jon Zugazagoitiak (Basauriko Udala), Luis Solarrek (OTSp), Jorge Yelamosek (GO fit), Sergio Sernak (TECH friendly), Maite Morteruelek (UPNA) eta Karitte Alegriak (Getxo Kirolak) ere hartuko dute parte. Juanma Murua moderatzaile lanetan arituko da.
Hiru workshop
Biltzarrean zehar, hitzaldi eta mahai-inguruekin batera, hiru workshop ere egingo dira: ‘Jarduera fisikoaren orientazio zerbitzua’ (Athlon), ‘Nola hobetu dezakegu adingabearen babesa kirol inguruneetan?’ (Kunina-Zain) eta ‘LED teknologiaren demokratizazioa’ (Mondo).
Azkenik, proiektuak, ikerketak edo esperientziak posterren bidez aurkezteko guneak eskainiko ditu Biltzarrak. Proposamenak aurkezteko deialdia irailaren 15era arte dago zabalik.
Kirol Eskolak, Eusko Jaurlaritzaren kirol prestakuntzako online eskolak, 2024ko Kirolaren Euskal Biltzarraren inguruko informazioa, bideoak eta komunikazioak eskainiko ditu sare sozialen bidez.
KAIT, kirol arloko iritzi taldeak, antolatzen du Kirolaren VIII. Euskal Biltzarra, Eusko Jaurlaritza, Kirol Eskola, Bizkaiko Foru Aldundia eta Basauriko Udala erakunde babesleekin batera.
☉ Basauri
Kirolean euskaraz bizitzeko jardunaldia antolatu dute Basaurin eta herriko 17 elkartek egingo dute bat
Bizi Kirola Euskaraz jardunaldia antolatu dute Basaurin hamaseigarren urtez. Aurten irailaren 22an, igandez, izango da Artunduaga kiroldegian, 10:30etok 13:30era.
Basauriko 17 kirol erakundek egingo dute bat ekimenarekin: Artunduaga Atletismo Eskola, Basauri Eskubaloi Taldea eta Eskubaloia Base Basauri, Nagusia Kirol Elkartea, CD Basconia, Baskonia Futbol Eskola, Basauriko Kimuak, Indartsu kluba eta Basauri Harrobi, Halterofilia Urbi, BSK Basauri Saskibaloi Kluba, Arturbi Saskibaloi Taldea, Bidebieta Pelotazale Kluba, Javi Conde Atletismo Egokitu Taldea, Basauri Mahai Tenis Kluba, Basroller Kirol Elkartea eta Aikido.
Partaideek, 6 urtetik gorakoek, atletismoa, halterofilia, saskibaloia, patinajea, eskubaloia, futbola, karatea, aikidoa, esku-pilota eta mahai tenisa praktikatu ahal izango dute zirkuituan.
“Kirol bakoitzean ariketa batzuk ikasi eta praktikan jarriko dituzte parte-hartzaileek. Guztira, 25 bat ariketa izango dira, hala nola, jauzi hirukoitza, kirol probak kontsolan, sentadillak, tiraldi ezberdinak, saskibaloi-zirkuitua, patinaje simulagailuadorea, eskubaloiko jaurtiketak eta abilezia teknikak, futbol baloiarekin sigi-saga, jaurtiketak eta abilezia ariketak, karateko ostikadak, geldiketak eta beso-teknikak, autodefentsa teknikak, eskupilotako sakeak, dejadak eta boleak edota mahai tenis partidatxoak, besteak beste”, diote udal ordezkariek.
Opariak partaideentzat
Jokoekin hasi aurretik, partaideek kiroldegiaren sarreran dagoen kontrol-gunean ‘Bizi Kirola Euskaraz txartela’ hartu beharko dute. Horrela, kirol proba bakoitza bete ondoren, partaide bakoitzari sarreran emandako txartela zulatuko diote.
Gutxienez bost kirol proba betetzen dituenari kamiseta bat emango diote opari, eta zirkuituko proba guztiak, edo denak bat izan ezik eginez gero, kamisetaz gain, “beste opari berezi bat” jasoko dute partaideek.
Basauriko Udalak antolatzen du Bizi Kirola Euskaraz, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Aurten 16. edizioa da, eta bat egiten du Basauri Kirolaren Europako Hiria izendapenarekin. Basaurin kirol ekitaldien artean egonkortuta dagoen ekintza da, herritarren eta kirol elkarteen parte-hartze zabal batzen du eta kirolean euskarazko ohiturak bultzatzeko tresna bihurtu da.
☉ Basauri
Bideoa / El Casoplón filmak 20 auto aparkaleku baino gehiago kenduko ditu Basauriko Pozokoetxen, bi egunez
Filmaren grabaketa lanak direla eta, irailaren 19an eta 20an, 07:00etatik 22:00ak arte ezinezkoa izango da autoak Pozokoetxeko zonalde jakin batzuetan aparkatzea
Irailaren 19an eta 20an Joaquín Mazón zuzendariaren ‘El Casoplón’ filmaren eszena batzuk filmatuko dituzte Basauriko Pozokoetxe auzoan. Egun horietan, 07:00etatik 22:00ak arte ezinezkoa izango da autoak Nafarroa kaleko zonalde jakin batzuetan aparkatzea. Filmaketarako ordu batzuk baino falta direnean, Pozokoetxeko auzotarrek ez dakite zer filmatuko den bertan zehazki.
Feel Good Media Filmsek eta Kowalski Filmsek ekoiztutako El Casoplónen filmaketa lanak joan den abuztuaren erdialdean hasi zituzten eta protagonisten artean Raquel Guerrero (Machos Alfa, No lo quieres, Inútil…) eta Pablo Chiapella (Aquí no hay quien viva, La que se avecina, Museo Coconut…) ageri dira eta filma 2025ean egongo da ikusgai Buena Vista Internacionalen eskutik.
El Casoplón 2024an Basaurin filmatuko duten hirugarren produkzioa da: joan den otsailean Nacho Vigalondoren ‘Superestar’ telesailaren eszena batzuk filmatu zituzten, eta abuztuan Gracia Querejetak, Violeta Salamak eta Claudia Pedrazaren ‘Olimpia’. Basauriko Udaletik GEURIAri azaldu bezala, Udala, Bilbao Bizkaia Film Comission-en bitartez, kaleko espazioen erreserba egiteaz arduratu da, besteak beste.
Umorea, ardatz
Toñi, Carlos eta hiru seme-alabak beren bizitzako udarik txarrena pasatzen ari dira; oporrik gabe, 50 metro koadroko etxebizitza batean itxita, gurasoak lanaldi osoan lanean… eta, azkenik, aire girotua hondatzen ari da bero-bolada betean.
Toñik eta haurrek Carlos konbentzitzen dute hutsik dagoen etxe erraldoian lo egiteko. Bertan lorezain gisa lan egitea egokitu zaio aste pare batez. Udako behin behineko sargori txiki bat izango zena opor ahaztezin eta abenturaz beteak bihurtzen dira, etxe eta auzokide ospetsuen artean eta familia hori betiko eraldatuko dutenak. Bakoitzarentzat benetan garrantzitsua dena birplanteatzera bultzatuko ditu horrek guztiak.
“Casoplón komedia freskoa da, eta gutariko edozeinena bezalakoa izan daitekeen familia baten ametsez, asmoez eta rolez hitz egiten digu. Etxe ikusgarri honetako bizitzak begiak eta gogoak irekiko dizkie txikienei eta umerik handienari, aitari”, azaldu dute academiadecine.com webgunetik.
☉ Basauri
Bilboko, Oñatiko, Guardiako, Erriberriko eta Beskoitzeko taldeak izango dira Basauriko Euskal Herriko Dantza Agerketan
Irailaren 20tik 22ra bitartean izango da Euskal Herriko Dantza Agerketa Basaurin. Aurtengoa 52. edizioa da eta Oñatz Dantza Taldea (Oñati, Gipuzkoa), Oinak Arin (Beskoitze, Lapurdi), Beti Jai Alai (Bilbo, Bizkaia), Txibiri Dantza Taldea (Erriberri, Nafarroa) eta Biasteriko Katximorroak (Guardia, Araba) taldeak bertaratuko dira.
Euskal Herriko taldeen emanaldia irailaren 21ean, larunbatez, izango da Bizkotxalde parkean, 19:00etan. Aurretik, 18:00etan, kalejira egingo dute Social Antzokitik, eta tartean emanaldi txikiak eskainiko dituzte Basauriko kaleetan. Euria bada, emanaldia Social Antzokian izango da 19:00etan.
Aurreko urteetan bezala, ostiralean haurrentzako tailerrak eta herri erromeria izango dira Solobarria plazan 18:30etik aurrera. “Herritar guztien parte-hartzea errazteko pentsatuta dago jarduera hau. Dantzan ikasteko aukera bikaina da”, diote. Aurten, gainera, berezia izango da erromeria omenaldia egingo diotelako abenduan hil zen Igor Diaz Camarari, Deustuko Ondalan Erraldoi Konpartsaren sortzaileetako bat.
Igandeko ikuskizuna Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza taldeek eskainiko dute ohi bezala. Bizkotxaldeko parkean izango da 19:00etan (euria bada, Social Antzokian).
Egitaraua / Euskal Herriko LII. Dantza Agerketa
Irailak 20, ostirala
18:30 Haurrentzako tailerrak Solobarriako karpan: erraldoiak, txapak, marrazkiak, musika tresnak egitea… Gainera, buruko zapiak jartzeko tailerra ere izango da nagusientzat
19:00 Guztiontzako erromeria Solobarriako karpan
Irailak 21, larunbata
18:00 Gonbidatutako taldeen kalejira Social Antzokitik
19:00 Euskal Herriko LII. Dantza Agerketa Bizkotxalde parkean. Euria bada, Social Antzokian
Irailak 22, igandea
19:00 Basauriko dantza taldeen emanaldia Bizkotxalden: Agintzari, Basauritar eta Edurre. Euria bada, Social Antzokian
☉ Basauri
Bizikleta martxa izango da irailaren 21ean Basaurin, Mugikortasunaren Europako Astean
Mugikortasunaren Europako Asteren barruan, Bizikleta martxa antolatu du Ariz Txirrindulari Elkarteak irailaren 21ean, larunbatez, Basauriko Udalaren laguntzarekin.
Bizikleta martxak Arizgoitiko plazan izango du irteera 11:00etan, eta 13:30ean bukatuko da.
Parte hartu nahi duenak izena eman behar du. Horretarako aukerak bi dira: irailaren 20an, 18:30etik 20:30era, Arizgoitiko plazan (Bai Horixe tabernaren aurrean), edo martxaren egunean bertan, irailak 21, 10:00etatik aurrera Arizgoitin.
☉ Basauri
2025eko aurrekontua zehazteko gazteengana zuzenean joko du aurten Basauriko Udalak
2025eko aurrekontua zehazte aldera, aurrekontu parte-hartzaileen prozesua martxan jarri du beste urte batez Basauriko Udalak.
Herritarrek 400.000 euro zertara bideratzea nahi duten proposatu ahal izango dute, eta horretarako irailaren 29ra arte dute parte hartzeko epea zabalik.
Proposamenak onartuak izateko honako baldintza hauek bete behar dituzte: Udalaren eskumeneko arloei lotutakoak izatea, eta teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak izatea; interes orokorra lehenetsi behar dute, partikularraren eta udalerriaren lurralde-orekaren gainetik; 50.000 euroko kostua ez gainditzea proposamen bakoitzeko; eremu pribatuei ez eragitea; planifikatuta edo exekuzioan ez egotea; eta ahal den neurrian, etorkizuneko gastu ekonomikoan ez eragitea.
Gainera, udal ordezkariek zehaztu dutenez, lehenetsi egingo dituzte gizarteari, gazteriari, adinekoei, kultura-hezkuntza arloei, mugikortasunari, irisgarritasunari eta aktibazio ekonomikoari lotutako proposamenak.
Gazteak inplikatzea
Aurrekontu parte-hartzaileen lehen fase honetan gazteak inplikatu nahi ditu Basauriko Udalak: “Aurten zuzenean haiengana iristea erabaki dugu”, diote.
Hain zuzen ere, Batxillergoko ikasleengana hurbilduko dira prozesuaren dinamizatzaileak: “Prozesuaren dinamizatzaileak Batxilergoko ikastetxeetara joango dira, publiko gaztearen parte-hartzea errazteko eta bultzatzeko. Espero dugu horrela haien ahotsa eta iritzia ere 2025eko kontuetan islatzea”, dio Berta Montes Herritarren Partaidetzarako zinegotziak.
Zelan parte hartu?
Batxillergoko ikasleengana hurbiltzeaz batera, datozen egunetan herritar guztiek proposamenak egiteko formulario bat jasoko dute beren etxeetan.
Inprimaki hori udaletxeko edo San Migeleko Herritarren Arretarako Zentroetan, Kultur Etxeetan, Artunduagako kiroldegian, Udal Euskaltegian, Marienean edo herrian zehar jarriko dituzten postontzietan entregatu dezakete herritarrek.
Halaber, ados.basauri.eus plataformaren bitartez ere herritarrek proposamenak bidali ahal izango dituzte.
Bide horiez gain, informazio karpak jarriko ditu Udalak Arizgoitin (irailak 25, goizez), Bidebietan (irailak 25, arratsaldez), Solobarrian (irailak 26, arratsaldez), Hernan Cortes plazan (irailak 27, goizez) eta Arizko elizaren plazan (irailak 27, arratsaldez).
Lau fase
Aurreko hiru urteetan bezala, parte-hartze prozesua lau fasetan egingo da. Herritarrek euren proposamenak egin eta gero (lehenengo fasea), Udaleko arloek proposamenen bideragarritasuna aztertuko dute eta, bozkatzeko lehentasuna emango diete ezarritako baldintzak gehien betetzeagatik (bigarren fasea).
Ondoren, herritarrek botoa emango dute 2025. urteko aurrekontuan sartuko diren proposamenak hautatzeko (hirugarren fasea), eta azkenik, Udalak boto gehien lortutako jarduketak burutuko ditu (laugarren fasea).