Sareak

☉ Basauri

La Basconia eta Mercabilbao lurretarako inbertsioak lortzeko lan egingo du Basauriko Udalak

Basaurik eremu ezberdinetan erabakiak hartzeko prozesuan parte hartu ahal izatea eskatu dute Udaletik, La Basconiako eta Mercabilbaoko lurzoruen etorkizunari dagokionez

|

La Basconiako proiektua garatuta dagoen bitartean, momentuz ez dago alternatibarik Mercabilbaoko lursailetan // Geuria

Basaurik bi lurzoru handi ditu bere mugetan: La Basconia lantegiko lursaila batetik, eta Mercabilbaokoa bestetik. La Basconiako lurzoruan Basauriko Udalak bertako nabeak berrituko ditu, erabilera publikoko espazio bihurtzeko. Gainera, SEPESek (Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministerioari atxikitako Lurzoruaren Enpresa Erakunde Publikoa) 35 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu La Basconiako lursailetan, alde batetik alokairuzko 398 etxebizitza eraikitzeko, eta bestetik jarduera ekonomikoa garatzeko.

Mercabilbaoko lurzoruari dagokionez (lurzoruaren jabea Bilboko Udala da), 2027ra arte mantenduko dute orain arte ezagutu dugun jarduera ekonomikoa, Ortuellan egingo duten Euskadiko Elikagaien Campus berrian ezarri aurretik. La Basconiako proiektua garatuta dagoen bitartean, momentuz ez dago alternatibarik Mercabilbaoko lursailetarako.

Basauriko Udala bi lurzoruen etorkizuna aztertzen ari da, eta biak herriarentzat “aukera-lurzoru berriak” direla adierazi dute udal gobernu taldeko ordezkariek. Ildo horretan, oposizioko talde nagusiak, EH Bilduk, mozio bat aurkeztu zuen urtarrileko osoko bilkuran, La Basconiako eta Mercabilbaoko lurzoruen etorkizuneko erabileraren inguruan.

“Udal hauteskundeetako kanpainan zehar, alderdi guztiok gure interesa eta kezka adierazi genuen La Basconiako eta Mercabilbaoko lurzoruen erabileraren inguruan. Orube horien egoera desberdina da jabegoari, erabilerari eta egoerari dagokionez, eta esku-hartze desberdinak izan behar dira batean zein bestean irtenbideak bilatzeko”, adierazi zuen Zigor Isuskiza EH Bilduko ordezkariak.

Koalizio ezkertiarrak udal-talde politikoen arteko Jarraipen Batzordea eratzeko eskatu du, baita Herriko Kontseilua sortzeko ere, “gai honen inguruan orube horien erabilerari dagokionez herritarren eta eragileen parte-hartzea bermatu ahal izateko”, adierazi zuen Isuskizak: “Gure ustez bi foro horien arteko koordinazio bat egon beharko litzateke, elkarlana sustatzeko”.

Udal gobernu taldearen ustez “ez da beharrezkoa” bi foro horiek sortzea: “Dagoeneko beste batzorde batzuk existitzen dira gai horien inguruan hitz egiteko, eztabaidatzeko eta erabakitzeko”, adierazi zuen Maria Larrinaga EAJko bozeramaileak: “Uste dugu ez dela beharrezkoa batzordeak bikoiztea. Udaleko alderdi guztiek, oposizioak barne, zehaztasun osoz informazioa jasotzen dugu”.

“Jarraipen Batzorde bat eratzeari dagokionez, garrantzitsua da gogoraraztea bi lurzoru horien titulartasuna ez dela Udalarena. Hala ere, Basauriko Udaletik eremu ezberdinetan erabakiak hartzeko prozesuan parte hartu ahal izatea eskatu dugu, batez ere elkartzeko, aztertzeko eta planifikatzeko marko bat indartzeko”, adierazi zuen Larrinagak.

La Basconiako lurzoruen kasuan SEPESekin sinatutako akordioa gogora ekarri zuen Larrinagak: “Eremu horren garapena ahalbidetzeko hitzarmena sinatu genuen eta horretan urratsak emango ditugu”.

“Herri Kontseilua sortzeari dagokionez, 250.000 biztanletik gorako udalerrientzat edo probintzietako hiriburuentzat araututa dago, baldin eta, biztanle-tamainagatik, udalerri edo hiriburu horiek eratzera behartzen badute, guk esan bezala, Udalak gaituta dituen tresnen bidez, hala nola, batzordeak, kontseiluak eta osoko bilkurak”, adierazi zuen Larrinagak.

“Udalaren borondatea beti da parte-hartzea eta gardentasuna ahalbidetzen duten bideak sustatzearen aldekoa. Hori ezin da zalantzan jarri eta, horregatik, hilero egiten da departamentu bakoitzeko batzordea. Horietan udal teknikariek hartzen dute parte eta alderdi askotan argia ematen digute”, adierazi zuen Larrinagak, eta horrela bukatu zuen bere mintzaldia: “Gobernu talde honek legealdi honetan bultzatu nahi dituen proiektu estrategikoen artean dago La Basconia eta Mercabilbao lurretarako inbertsioak bilatzea”.

Eztabaida udalbatzan

Alderdi jeltzaleak bezala, alderdi sozialistak ere uste du ez dela beharrezkoa bi foro gehiago sortzea: “La Basconiako lursailei dagokienez, uste dugu ez dagoela askoz gehiago zehazteko garatuko den berariazko jarduera ekonomikoaz harago. Eta hori ez luke Jarraipen Batzorde batek erabakiko, ezta Hiri Kontseilu batek ere. Mercabilbaoko lurren kasuan, kezkatzeko moduko hainbat zalantza daude, egia esan. Teorian, 3 urte baino ez dira geratzen Ortuellara lekualdatzeko eta, egia esan, oraindik ez da zehaztapenik egin. Talde sozialistatik uste dugu argiago egon beharko lukeela egungo jarduera zerk ordeztuko duen”, adierazi zuen Isabel Cadaval PSEko bozeramaileak.

Marian Cantero Elkarrekin Podemoseko ordezkariaren arabera, “Mercabilbaoren lekualdaketari dagokionez, bi aukera ditugu: beste erakunde batzuek gure etorkizuna erabaki arte itxarotea edo kalitatezko enplegua sortzen duten enpresak ekartzeko borrokatzea eta lan egitea. Horrek guztiak elkarrekin lan egitera eraman behar gaitu, eta udal gisa ahalegin bat egin behar dugu foro guztietan aktiboki parte hartzeko, negozioak sustatzeko eta sortzeko”.

Ildo berean, Zigor Isuskizak zera gaineratu zuen: “Argi daukagu Basauriko hirigintza etorkizuna jokoan dagoela. Bi lurzoru horiek garrantzitsuak, eta horregatik uste dugu ezinbestekoa dela parte hartzeko foroak sortzea. Uste dugu proiektu horiek ez dutela zertan gobernu talde batenak izan; uste dugu herri-proiektuak izan behar direla”. PPko Edu Rodriguez EH Bilduren mozioaren alde agertu zen, baita Elkarrekin Podemos ere. Gobernu taldeak kontran bozkatu zuen.

☉ Basauri

Bideoa / San Juan gaua San Migelen, Basaurin

|

San Juan bezperan sua piztu dute San Migelen, Basaurin. Mikelats Kultur Elkarteak irudiak bidali dizkigu.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / San Juan bezperako sua piztu dute Basauriko Pozokoetxen, euripean izan bada ere

|

Ekainak 23 ditu gaur, San Juan bezpera. Ohiturak jarraituta, sua piztu dute Basauriko hainbat tokitan, Pozokoetxen esaterako. Euritakoen azpian ikusi dute auzotarrek Basauritar Dantza Taldearen emanaldia eta San Juan bezperako sua.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Espetxeratu dute droga-trafikoa leporatuta Basaurin atxilotu zuten ertzaina

Basaurin atxilotutako ertzainaz gain, beste bederatzi pertsona espetxeratu dituzte. Droga-trafikoa eta erakunde kriminaleko kide izatea egotzi diete

|

Behin-behineko espetxealdia ezarri diete hamar atxilotuei // Irekia

Guardia Zibilak eta Ertzaintzak hamar pertsona atxilotu zituzten duela hiru egun Bizkaian eta Kantabrian, droga-trafikoaren aurkako ‘Tahocei-Lizar’ operazioaren barruan.

Atxilotutakoen artean Basaurin atxilotu zuten 31 urteko ertzain bat. Polizia-eginbideak amaitu ondoren, atzo, larunbata, atxilotuak epailearen esku utzi zituzten, eta guztiak espetxeratzeko agindua eman zuen.

Droga-trafikoa, sare elektrikoan iruzurra egitea, sekretuak ezagutaraztea eta erakunde kriminal bateko parte parte izatea egotzi dizkiete.

Behin-behineko espetxealdia ezarri diete, epaiketa egin bitartean. Zigor-zuzenbidean, orohar, errugabetasun-presuntzioa nagusitzen da beti epaiketa egin bitartean, eta epaileak salbuespenezko neurri moduan soilik agintzen du behin-behineko espetxealdia; ihes egiteko arriskua dagoenean, edo frogak suntsitu daitezkeenean.

Operatiboan parte hartu zuten agenteek 78.840 euro konfiskatu zituzten eskudirutan. Substantzia estupefazienteei dagokienez, 19.592 gramo haxix, 22.973 gramo marihuana-kukulu, 10 kilogramo marihuana-ziztada, 1.300 gramo kokaina, 40 gramo MDMA eta 900 gramo ebaketa-substantzia atzeman zituzten.

Era berean, lau marihuana indoor landaketa desegin zituzten, hazkuntza fase desberdinetan zeuden 5.273 landarerekin. Landare horiek sareari legez kanpo lotutako elektrizitatea erabiltzen zuten. Gainera, atxilotuek erabilitako 14 telefono mugikor eta 6 ibilgailu okupatu zituzten.

Ikerketa Sestaoko ertzain-etxeko agenteek hasi zuten, zenbait pertsona beren mugapeko zenbait tokitan marihuana lantzen eta trafikatzen ari zirela ikusi zutenean.

Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroaren (CITCO) bidez ezarritako koordinazio-esparruaren barruan, egiaztatu zen Guardia Zibilak susmagarrietako bati buruzko ikerketa bat irekita zuela, eta erabaki zuten elkarrekin operazio bat martxan jartzea.

Bi polizia-kidegoek droga-trafikoan aritzen zen erakunde kriminala zegoela egiaztatu ondoren, joan den ostegunean, ekainak 20, operatiboaren ustiapen-fasea garatu zuten.

Miaketak Basaurin, Abanto-Zierbenan, Alonsotegin, Barakaldon, Bilbon, Erandion, Leioan, Portugaleten, Sestaon eta Castro Urdialesen egin zituzten.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Denac industrialdea hobetzeko hitzarmena sinatu dute Basauriko Udalak eta Aldundiak

|

Hitzarmenak enplegua sortzen eta mantentzen lagunduko du // Google

Cervantes etorbidean dagoen Denac industrialgunea hobetu eta enpresen lehiakortasuna handituko dute. Horretarako hitzarmena sinatu dute enpresa zentroak eta Basauriko Udalak, eta akordioari esker, Bizkaiko Foru Aldundiak hobekuntza-prozesua finantzatuko du. Hitzarmenak enplegua sortzen eta mantentzen lagunduko du.

Alde batetik, Basauriko Udalak beharrezkoak diren izapideak erraztu eta arinduko ditu eta Denacekin lankidetzan arituko da udal eskumenei eragiten dieten jarduerak diseinatzen, hala nola, urbanizazioa, estolderia edota argiteria publikoa.

Bestetik, Denac enpresa zentroak bi plan idatziko ditu: bata kudeaketakoa eta bestea jardutekoa. Gainera, bi planetan jasotzen diren jarduketak kontratatu eta finantzatu egingo ditu, Aldundiaren diru-laguntzarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurin ertzain bat atxilotu dute droga trafikoa leporatuta

|

Ertzaintzak eta Guardia Zibilak droga-trafikoaren aurkako polizia-operazioa martxan jarri dute gaur Bizkaian eta Kantabrian, eta hainbat atxiloketa eta miaketa egin dituzte.

Besteak beste, Basaurin pertsona bat atxilotu dute. Zenbait komunikabidek publikatu dutenez ertzain bat da Basaurin atxilotutakoa, 24. promoziokoa, eta substantzia estupefazienteen banaketan parte hartzea egotzi diote.

Miaketak, Basaurin, Bilbon, Barakaldon, Leioan eta Kantabriako herri batean egiten ari dira.

Osorik irakurri