→Basauri

La Basconiako nabea birgaitzeko 4 milioi euroko partida lortu du EH Bilduk Aurrekontu Orokorretan

Inbertsio osoaren 4 milioi Basauriko La Basconia eraikin enblematikoko nabeak birgaitu eta egokitzeko bideratuko dituzte

La Basconiako nabeak, Larrazabal auzotik // Geuria

EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin akordioa erdietsi duela iragarri du 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzeko. Alderdi politikoak Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan egin behar diren “lehentasunezko proiektuak” aurrera ateratzeko, 480,5 milioiko partida negoziatu du: “Akordio globala osatzen duten bigarren neurri-sorta da, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetarako lurralde- eta toki-inbertsioak aurreikusten dituena”, azaldu dute EH Bilduko ordezkariek.

Inbertsio osoaren 4 milioi Basauriko La Basconia eraikin enblematikoko nabeak birgaitu eta egokitzeko bideratuko dituzte. Alderdi politikoak azpimarratu du betidanik eskatu duela Basconiako aukera-eremu hori Basauriko beharretara itzultzeko aukera: “Bere garaian lurrak lagatzea eskatu genuen, eta jarduera ekonomikoen garapenarekin bateragarria izango den eta herriaren eskaerei erantzungo dien hirigintza-garapena defendatu dugu. Klabe horretan nabea birgaitu behar da. Baina ez da soilik hitzarmen bat behar. Proiektuak bere gain hartu ahal izateko finantzaketa behar da, eta hori lortu da akordio honekin”, azaldu du Exabier Arrieta Basauriko EH Bilduko bozeramaileak.

La Basconiako nabea eta lursaila // Utzitakoa

Basauriko udal gobernu taldearean (EAJ-PSE) asmoa ere lursai horri erabilera berri bat ematea da. Dagoeneko, joan den hilaren 21ean, hitzarmena sinatu zuen Udalak SEPESekin (Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministerioari atxikitako Lurzoruaren Enpresa Erakunde Publikoa) Basconia zenaren lurretan 398 etxebizitza eta industria eraikitzeko. SEPESek 35 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu La Basconiako lursailetan, eta lantegiko nabe nagusia lagako dio Udalari. Pabilioiak zein erabilera izango duen oraindik ez du zehaztu Asier Iragorri alkateak, eta horretarako prozesu parte-hartzailea zabalduko du Udalak herritarrek euren iritzia emateko.

Eskualdeko beste herriei begira, Arrigorriagan 605.000 euroko partida eskuratu dute Mendikosoloko presa eta tren geltokia egokitzeko. Inbertsio horren bidez herriko uholde-arazoak arindu ahal izango dituztela jakinarazi dute, “presa jaitsiz, ibilgu zaharra berreskuratuz eta uholde-elementuak sartuz”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak