Sareak

☉ Basauri

La Gilda del Norte enpresako jabe basauriarrarentzat sei urte arteko kartzela zigorra eskatu dute

|

La Gilda del Norte enpresako jabea Basaurikoa da eta hiru delitu leporatzen dizkiote // Geuria

Basauriko enpresari batek, F.J.G.Á., La Gilda del Norte enpresako jabeak, sei urte arteko espetxe zigorra eta “isun ekonomiko handiak” jaso ditzake, langile atzerritarrak “modu irregularrean eta modu jarraituan” kontratatzeagatik.

Polizia Nazionalak eta Lan Ikuskaritzak ikerketa judiziala abiarazi zuten 2020ko abenduan enpresak Basaurin eta Lezaman dituen lokaletan. Ikerketa horren arabera, 2018tik, langile talde zehaztugabe “baina handi batek” ez zuen kontraturik eta ez zeuden alta emanda Gizarte Segurantzan; diru beltzarekin ordaintzen zieten, gutxieneko soldata baino gutxiago (hilero 800 euro, lanaldi osoan); eta ikuskapenak egiten zituztenean, langileak ezkutatzera behartzen zituzten, “baita hozkailuetan ere”. Gainera, kasu batean, langile bat haurdun geratu zen, eta honek adierazi zuen enpresaburuak abortatzera gonbidatu zuela eta dirua eskaini ziola haurdunaldia etetea ordaintzeko.

F.J.G.Á.ri hiru delitu leporatzen dizkiote. Zehazki, legez kanpoko lan-baldintzak ezartzea langileei lan-kontratuetatik kanpo; lan-baimenik ez duten atzerritarrak enplegatzea, baita adingabeak ere; eta, azkenik, langileen bizitza “arrisku larrian” jartzea, segurtasun-arauak eta laneko arriskuen prebentzioa bete gabe. Izan ere, Covid-19 izan zuten langileak pandemian lan egitera behartu zituen enpresariak.

Maria Miranda fiskalak frogatutzat eman ditu delituak, baina urtebeteko kartzela-zigorra eskatuko du epaiketan. Gainera, jabearen alaba (P.G.) salbuestsi du, nahiz eta enpresan erantzukizun handiak dituen.

Langileen abokatuek, ordea, sei urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra eskatzen dute enpresari basauriarrarentzat, eta hamar hilabeteko espetxe zigorra enpresariaren alabarentzat. Gainera, 16.200 euroko isuna nahi dute F.J.G.Á.tzat eta 7.200 euroko isuna bere alabarentzat, baita 7.500 euroko kalte-ordaina ordaintzea kaltetutako langile bakoitzari.

Akusazio gisa agertutako beste langile batek bost urteko kartzela zigorra eskatu du F.J.G.Á.rentzat eta bederatzi hilabetekoa alabarentzat, diru-kopuru berdinez gain. Orain dela bi urte, Lan Ikuskaritzak La Gilda del Norte enpresari 40.300 euroko lehen zehapena jartzea proposatu zuela zabaldu zen.

Juan Carlos Mediavilla Bilboko instrukzioko 1. zenbakiko epaitegiko titularrak F.J.G.Á.en eta haren alabaren aurkako epaiketa hasteko autoa eman du apirilaren 22an, baina oraindik ez dago epaiketarako datarik.

☉ Basauri

Bideoa / San Juan gaua San Migelen, Basaurin

|

San Juan bezperan sua piztu dute San Migelen, Basaurin. Mikelats Kultur Elkarteak irudiak bidali dizkigu.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / San Juan bezperako sua piztu dute Basauriko Pozokoetxen, euripean izan bada ere

|

Ekainak 23 ditu gaur, San Juan bezpera. Ohiturak jarraituta, sua piztu dute Basauriko hainbat tokitan, Pozokoetxen esaterako. Euritakoen azpian ikusi dute auzotarrek Basauritar Dantza Taldearen emanaldia eta San Juan bezperako sua.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Espetxeratu dute droga-trafikoa leporatuta Basaurin atxilotu zuten ertzaina

Basaurin atxilotutako ertzainaz gain, beste bederatzi pertsona espetxeratu dituzte. Droga-trafikoa eta erakunde kriminaleko kide izatea egotzi diete

|

Behin-behineko espetxealdia ezarri diete hamar atxilotuei // Irekia

Guardia Zibilak eta Ertzaintzak hamar pertsona atxilotu zituzten duela hiru egun Bizkaian eta Kantabrian, droga-trafikoaren aurkako ‘Tahocei-Lizar’ operazioaren barruan.

Atxilotutakoen artean Basaurin atxilotu zuten 31 urteko ertzain bat. Polizia-eginbideak amaitu ondoren, atzo, larunbata, atxilotuak epailearen esku utzi zituzten, eta guztiak espetxeratzeko agindua eman zuen.

Droga-trafikoa, sare elektrikoan iruzurra egitea, sekretuak ezagutaraztea eta erakunde kriminal bateko parte parte izatea egotzi dizkiete.

Behin-behineko espetxealdia ezarri diete, epaiketa egin bitartean. Zigor-zuzenbidean, orohar, errugabetasun-presuntzioa nagusitzen da beti epaiketa egin bitartean, eta epaileak salbuespenezko neurri moduan soilik agintzen du behin-behineko espetxealdia; ihes egiteko arriskua dagoenean, edo frogak suntsitu daitezkeenean.

Operatiboan parte hartu zuten agenteek 78.840 euro konfiskatu zituzten eskudirutan. Substantzia estupefazienteei dagokienez, 19.592 gramo haxix, 22.973 gramo marihuana-kukulu, 10 kilogramo marihuana-ziztada, 1.300 gramo kokaina, 40 gramo MDMA eta 900 gramo ebaketa-substantzia atzeman zituzten.

Era berean, lau marihuana indoor landaketa desegin zituzten, hazkuntza fase desberdinetan zeuden 5.273 landarerekin. Landare horiek sareari legez kanpo lotutako elektrizitatea erabiltzen zuten. Gainera, atxilotuek erabilitako 14 telefono mugikor eta 6 ibilgailu okupatu zituzten.

Ikerketa Sestaoko ertzain-etxeko agenteek hasi zuten, zenbait pertsona beren mugapeko zenbait tokitan marihuana lantzen eta trafikatzen ari zirela ikusi zutenean.

Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroaren (CITCO) bidez ezarritako koordinazio-esparruaren barruan, egiaztatu zen Guardia Zibilak susmagarrietako bati buruzko ikerketa bat irekita zuela, eta erabaki zuten elkarrekin operazio bat martxan jartzea.

Bi polizia-kidegoek droga-trafikoan aritzen zen erakunde kriminala zegoela egiaztatu ondoren, joan den ostegunean, ekainak 20, operatiboaren ustiapen-fasea garatu zuten.

Miaketak Basaurin, Abanto-Zierbenan, Alonsotegin, Barakaldon, Bilbon, Erandion, Leioan, Portugaleten, Sestaon eta Castro Urdialesen egin zituzten.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Denac industrialdea hobetzeko hitzarmena sinatu dute Basauriko Udalak eta Aldundiak

|

Hitzarmenak enplegua sortzen eta mantentzen lagunduko du // Google

Cervantes etorbidean dagoen Denac industrialgunea hobetu eta enpresen lehiakortasuna handituko dute. Horretarako hitzarmena sinatu dute enpresa zentroak eta Basauriko Udalak, eta akordioari esker, Bizkaiko Foru Aldundiak hobekuntza-prozesua finantzatuko du. Hitzarmenak enplegua sortzen eta mantentzen lagunduko du.

Alde batetik, Basauriko Udalak beharrezkoak diren izapideak erraztu eta arinduko ditu eta Denacekin lankidetzan arituko da udal eskumenei eragiten dieten jarduerak diseinatzen, hala nola, urbanizazioa, estolderia edota argiteria publikoa.

Bestetik, Denac enpresa zentroak bi plan idatziko ditu: bata kudeaketakoa eta bestea jardutekoa. Gainera, bi planetan jasotzen diren jarduketak kontratatu eta finantzatu egingo ditu, Aldundiaren diru-laguntzarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurin ertzain bat atxilotu dute droga trafikoa leporatuta

|

Ertzaintzak eta Guardia Zibilak droga-trafikoaren aurkako polizia-operazioa martxan jarri dute gaur Bizkaian eta Kantabrian, eta hainbat atxiloketa eta miaketa egin dituzte.

Besteak beste, Basaurin pertsona bat atxilotu dute. Zenbait komunikabidek publikatu dutenez ertzain bat da Basaurin atxilotutakoa, 24. promoziokoa, eta substantzia estupefazienteen banaketan parte hartzea egotzi diote.

Miaketak, Basaurin, Bilbon, Barakaldon, Leioan eta Kantabriako herri batean egiten ari dira.

Osorik irakurri