Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren arabera, Abiadura Handiko Trenak (AHTak) tunel baten bidez egingo du Basauriko Lapatza behin behineko geltokitik Abandorako 6 kilometroko ibilbidea.
Horrela erabaki dute ‘Bilbo-Abando sarbide-korridorea eta geltokia’ Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriari buruzko informazio-azterlanari eta informazio publiko eta audientziako espedienteari ere argi berdeari argi berdea eman ostean, Azpiegituren Idazkaritza Nagusiaren 2023ko urtarrilaren 25eko Ebazpenaren bidez, Estatuko Aldizkari Ofizialak (EAOk) gaur bertan iragarri duenez.
Lapatzatik Abandorainoko ibilbidea 6 kilometrokoa izango da eta Nerbioi ibaiaren azpitik igaroko da eta jarduketa honen helburu nagusia Basauri-Bilbo Abando tartean egon daitezkeen konponbideak aztertzea izan da, Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren parte izango den abiadura handiko linearen diseinu egokiarekin.
Abando eta Lapatzako geltokiak
Onartutako dokumentuan ere Bilbo-Abando lurpeko etorkizuneko geltoki intermodala definitzen dute: emaitza modura, gaur egungo geltokiaren eta trenbide hondartzaren birmoldaketa egingo dute. Ondorioz, espazio publikorako 38.000 metro karratu eta etxebizitzetarako zein jarduera ekonomikorako beste 29.000 metro karratu bideratuko dituzte.
Basauriko kasuan, ostera, Lapatza geltokiaren inguruko berririk ez dago. Joan den urtarrilaren 26ko Basauriko osoko bilkuran EH Bilduko Exabier Arrietak iazko azaroaren 17an Eusko Trenbide Sareari egindako alegazioen inguruan galdera egin zion Asier Iragorri Basauriko alkateari: “Bai Eusko Trenbide Sarearen alegazioen eta baita Lapatzako geltokiaren inguruan publikatu denaz gainera ez dago bestelako berritasunik” izan ziren Iragorriren berbak: “Modu ofizialean ez dugu bestelako erantzunik jaso. Horien zain gaude”.
