Adif Lapatzako AHTaren behin-behineko tren geralekua diseinatzen ari da eta 2022ko otsailaren 9an sinatutako protokoloaren arabera, geraleku berria Bilboko sarbide-tunelaren eta Abandoko lurpeko geltokiaren obrak hasiko direnean zerbitzuan jarri beharko da. Bai Adifek, bai Basauriko Udalak ez dute Lapatzako geraleku berriaren obren datarik iragarri momentura arte.
Planaren arabera, abiadura handiko trenak Galdakaotik igaro ostean Zaratamoko tuneletik helduko dira Basauriko Lapatzara, Nerbioi ibaiaren bestaldean. Adifek GEURIA komunikabideari baieztatu dionez, zubibidean bertan: lurretik 15 metroko altueran eta Aldirietako C3 lineako trenbidearen gainean. Abiadura Handiko Linearen amaierako azken geralekua izango da Lapatzakoa eta bertatik lanzadera hartu beharko dute bidaiariek Renfeko Aldiriakeko C-3 linearen bidez.
GEURIA Adifekin harremanetan jarri da eta abiadura handiko linea berria iristeko Abando geltoki intermodalaren eraldaketa definituko duen kontratuaren lizitazioa martxan jarri dutela iragarri dio azpiegitura enpresak, “baita Basauriko behin-behineko geralekua zerbitzuan jartzeko jarduketak ere”.
Bi proiektuetarako kontratua 20,5 milioi euro ingurukoa da eta bi etapetan garatuko dutela iragarri dute. Bertan, Abandoko geltoki berriaren azterlanak, oinarrizko proiektuak eta eraikuntza-proiektuak zehaztuko dituzte, baita Basauriko behin-behineko geralekua martxan jartzeko eta Abandoko geltokian dauden tren-zerbitzuak eta instalazioak birkokatzeko jarduketak ere.
Etapa bi Basauri eta Bilborako
Lehen etapan, besteak beste, Basauriko behin-behineko geralekuaren eraikuntza-alternatibak jorratuko dituzte, eta bigarren etapan Lapatzako geltokia garatzeko eraikuntza-proiektuak eta Abandoko geltokia eraldatzeko obrak landuko dituzte.
Adifen arabera, lehenengo etaparen barruan abiadura handiko zerbitzuak martxan jarri ahal izango dira Bilbo inguruan, Abandoko transformazio-lanak egiten diren bitartean. Eta, Lapatzako behin-behineko geraleku berriak Amorebietako Trenak Aurreratu eta Aparkatzeko Postuaren (PAET) birmoldaketa ekarriko du.

Adifen arabera, zonalde horretan eraikiko lukete Lapatzako AHTaren geltokia // Geuria
2021ean Espainiako gobernuak azaldu zuen Euskal AHTaren epeak 2028rako betetzea “ezinezkoa” zela. Tarte horretan Basauritik Bilboko Abando geltokirainoko supertunela egin behar dute eta gainera Bilboko geltokia lurperatu. Adifen arabera, Basauri hiriarekin konektatuko duen ibilbidea Nerbioi ibaiaren gaineko biaduktua igarota hasten da eta 6 kilometro baino gehiagoko ibilbidea egingo du Abandoko geltokiraino.
Lapatzako zubibidean eraikiko duten geralekuak abiadura handiko trenak jaso ahal izateko azpiegitura zabaldu beharko dute, bertan jarri beharreko nasak eraiki ahal izateko.
Basauriko geralekutik Bilboko geltokira
Geralekuak zerbitzu publikorako prestatutako bide-guneak dira, bazterbiderik eta geltoki baten gainerako osagarririk gabekoak. Horixe bera izango da Lapatzan eraikiko dutena. AHTtik jaitsiko liratekeen bidaiariak nasan bertan jarritako igogailuetara jo eta azpiko solairura joango lirateke, bertan Renfeko C-3 lineako trenean igo eta Bilbora abiatuko dira, abiadura handiko trenaren behin-betiko bidea eraiki bitartean. Lapatzatik Bilborako ibilbidea 14 minututan beteko du C-3 lineako Aldiriak trenak.
GEURIAk Adifeko arduradunei zuzenean galdetu die Lapatzako geltokiaren inguruan: “Trenbide orokorren gainean alboetako nasak eta 200 metroko zaku-hondoko bide berri bi jarri nahi dira, Abandoko geltokiraino lanzadera-zerbitzua ezartzeko. Geralekuak bereizitako bi eraikin txiki izango ditu, bata abiadura handirako eta bestea aldirietarako, elkarren arteko zuzeneko konexioa bermatuz eta heldueren eta irteeren fluxuen arteko interferentzia saihestuz“, azaldu dute Madriletik.
Hala ere, Adifek nabarmendu du aldi baterako geralekuaren diseinua “ez dagoela guztiz itxita”; proiektuan aurreikusten denaren araberakoa izango da. “Hain zuzen ere, geralekuaren behin-behinekotasunak presente egon behar du analisiari, diseinuari, kostuei, gauzatzeari eta mantentzeari buruzko edozein erabakiri heltzeko orduan”.
Horren haritik, duela egun batzuk El Correo hedabideak argitaratu zuen momentura arte egindako azterketa teknikoen arabera, geraleku berriak ezaugarri jakin batzuk izan beharko lituzkeela: instalazioak modularrak izatea (muntatu eta desmontatu ahal izateko), gutxienezko altuera 3 metrokoa izatea eta lau gune izatea: lehenengoan sarbidea, publikoarentzako arreta eta txartel salmenta; bigarrenean itxarongela; hirugarrenean komunak, biltegia, langileentzako aldagelak eta garbiketa gela; laugarrena, instalazio elektrikoentzako gunea.
Nerbioi ibaiaren bestaldean, Zaratamoko Ugarte industrialgunearen parean, behin-behineko geltoki berriaren zerbitzuen gunea eraikitzeko asmoa dute. Basauriko Udaleko ordezkariek argitu dute zerbitzugune hori ez dela bidaiarientzako izango, geralekuko langileentzako baizik: “Lapatzako geralekuaren funtzioa bidaiarien igarobidea izatea da. Horregatik ez dugu nahi jendeak bertan autorik aparkatzea: helburua bidaiariak abiadura handiko trenetik jaitsi eta zuzenean Bilbora doan lanzaderan igotzea da”.
Lapatzako eraikuntza proiektuak behin-behineko geltokiaren inguruko izaera zehaztuko du. Behin amaituta, behin betiko diseinua, kostua eta epeak zehaztuko ditu Adifek: “Basauriko behin-behineko geralekuak abiadura handiko zerbitzuak Bilbotik gertu iristea eta martxan jartzea erraztuko duen tresna izan behar du, Bilboko Abandoko behin betiko geltokiaren obrak egiten diren bitartean”. Madrilgo enpresaren arabera, Geralekua Basaurin “ahalik eta inpaktu txikiena eragiteko moduan proiektatuko da”, eta Bilbotik datozen c3 lineako trenak eta abiadura handiko nasa berriak lotzeko elementua izango da.
