→Basauri

Basaurik lapurreten prebentzioari buruzko hitzaldiak eskainiko dizkie herriko nagusiei

Saio horietan, adinekoei gehien eragin diezaiekeen delinkuentzia-kasuistika errepasatuko dute Basauriko Udaltzaingoko agenteek

Nagusiak, Soloarten // Geuria

Basauriko Udaleko Gizarte Politikako arloak, Udaltzaingoarekin elkarlanean lapurreten prebentzioaren inguruko hitzaldiak eskainiko dizkie herriko nagusiei, egoera horiek identifikatu eta trebetasun jakin batzuk garatzeko. Hitzaldi horiek Kareaga, Basozelai, San Migel eta Pozokoetxeko jubilatuen etxeetan antolatu dituzte.

Hitzaldi hauen arrazoia azken boladan herrian gertatutako lapurretagatik dela azaldu dute Udaletik: “Udaltzaingoak zenbait pertsona atxilotu eta ikertu ditu duela gutxi, adinekoei egindako lapurretetan parte hartu izateagatik; lapurreta horietako batzuk larderiaz egin dira, beste batzuk engainuaren bidez, eta biktimei baliozko objektuak kentzea izan dute helburu”. Udal ordezkariek azaldu dute adinekoak kolektibo kaltetuenak direla eta arreta berezia merezi dutela. Horregatik antolatu dituzte, hain zuzen ere, arrisku egoerak identifikatzea lagunduko dieten hitzaldi horiek.

“Saio horietan, adinekoei gehien eragin diezaiekeen delinkuentzia-kasuistika errepasatuko dute Basauriko Udaltzaingoko agenteek, eta haien esperientzia eta ezagutza oinarri hartuta, horrelako gertakarien biktima izateko arriskua minimizatzeko beharrezkoak diren autobabes-neurriak erakutsiko dizkiete bertaratuei”, azaldu dute udal ordezkariek

Kareagako saioa azaroaren 28an egingo dute (astelehena), 17:00etan; Basozelaiko saioa hilaren 29an (asteartea) egingo dute, 17:00etan; San Migelekoa hilaren 30ean (asteazkena), 17:30ean eta Pozokoetxekoa abenduaren 1ean (osteguna), 17:00etan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak