Joan den urtarrilaren 2an Leire Palacios kazetari basauriarrak (Bilbo, 1986) gidatutako ‘Ta Bihar Zer?’ saioa emititzen hasi zen ETB1 22:30ean eta eitb.eusen. Astean behin emitituko duten saioa izango da eta guztira 6 kapitulu aireraraziko dituzte: “Aste bakoitzean gai unibertsalak landuko ditugu”, azaldu digu Palaciosek. Horrela, hurrengo saioetan mahai gainean jarriko dituzten gaiak familia, estetika, zahartzaroa, influencerrak eta euskara izango dira.
“Ausartagoak izan nahi genuen gaiak erabakitzeko momentuan baina azkenean zehaztasun falta zegoen eta zabalagoa ziren hauek lantzea erabaki genuen”. Saio honek, gai unibertsal horietako elkarrizketetatik abiatuta eta oraina eta iragana oinarri hartuta etorkizuna irudikatzea du helburu.
Lehen saioa sexuaren ingurukoa izan da eta formatu berezia dauka ETB1ek Begira Produkzioak ekoiztetxearekin egindako produkzio honek: lehen zatian asteko gai jakin baten inguruko hiru elkarrizketa egingo ditu dizkie Leirek ikuspuntu kontrajarriak dituzten pertsona jakin batzuei. Hiru horietako bat pertsona ezaguna izango da: lehen saioan Aitzole Araneta sexologo eta Donostiako Udaletxeko zinegotzia egon zen eta hurrengo saioetan Iker Galartza pailazo eta aktorea, Leire Martinez abeslaria, Odei Barroso bertsolari eta raperoa, Xabier Euzkitze aurkezlea, Arantxa Urretabizkaia idazle eta kazetaria izango dira.
“Eskualdeko inor agertuko da hurrengo asteetan baina ezin dugu gehiago esan!”, aurreratu digu Leirek, eta eskualdekoak ez ezik Bizkaia eta Euskal Herriko gazteak igaroko direla aurreratu du. Saioaren Bigarren zatian gazte talde zeatz batekin elkartuko da aurkezle basauriarra solasaldi batean.
Ibilbide luzeko kazetari multiformatua
Palaciosek kazetaritzako formatu guztiak jorratu ditu: prentsa idatzia, irratia eta telebista. “Horietako bat aukeratzea zaila da, seme edo alaba bat aukeratzea bezalakoa litzateke”, bota digu. Galderatik tiraka, irratiko magia eta bertan ahotsak duen presentzia “polita” nabarmendu du. “Hala ere, kazetaritzak duen gauza on bat formatu batetik bestera salto egitea baimentzen duela da”.
Leirek 6 urte eman zituen EiTBn lanean eta bukatu ostean eitb.eus webgunean urte pare batzuk eman zituen. Horrez gainera kolaborazioak egin ditu hiruzpalau urtez Berrian eta baita Geuria komunikabidean ere.
‘Ta Bihar Zer?’ Begira Produzkioak ekoizten du Ane Rotaetxeren zuzendaritzapean. Kerman Díazek gidoilari lanak egin ditu eta Zirriborro eta Berde dira irudiaren arduradunak.
