→Basauri

Argazki-erakusketa eta kale-arte ekintza, LGTBI Harrotasunaren Eguna Basaurin ospatzeko

Basaurik bat egin du LGTBI Harrotasunaren Egunarekin. Alde batetik, erakusketa bat antolatu dute Marienean eta bestetik, kale-arte ekintza parte-hartzailea sustatu dute.

Aurten ere aniztasun sexualaren aldeko herritarren partaidetza bilatuko dute Basaurin // Argazkiak: Marienea Basauri

Basaurik bat egin du LGTBI Harrotasunaren Egunarekin. Alde batetik, Mar C. Llop argazkilariaren ‘Identitateak sortzen’ erakusketa ikusgai dago Marienean eta bestetik, kale-arte ekintza bat bultzatu dute udalerrian: zenbait banku ortzadarraren koloreekin margotu dituzte. “Kale-arte ekintza honekin bilatzen duguna da herritarrek margotuta dauden bankuetan argazkiak egitea eta sare sozialetan publikatzea”, diote Basauriko Udaleko Berdintasun arlotik.

Parte-hartu nahi duenak argazkiak bidali beharko ditu marienea@basauri.eus helbide elektronikora edo Facebookera igo @MarieneaBasauri aipatuta.

Adierazpen Instituzionala – Basauriko Udala

Osasunaren Mundu Erakundearen Asanblada Orokorrak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuen, 1990eko maiatzaren 17an. Alabaina, sexualitatearen adierazpideak askotarikoak direla eta gaixotasunarekin zerikusirik ez dutela aldarrikatzen jarraitu behar izan du LGTBI+ kolektiboak.

Aniztasuna ukatzea (gure gizarteak, de facto, horixe egiten du), aurrejuzgu moralekin eta eskubide faltarekin lotuta dago. Bide luzea ibili behar dugu oraindik, kolektibo horretako kideek egunero pairatzen duten diskriminazioa eta jazarpena atzean uzteko.  

Gorroto-molde zabalduenetakoa da lesbiana, gay, transexual, bisexual, intersexual eta queeren aurkako fobia. Zoritxarrez, baina, jarrera fobiko horiek babesa jasotzen jarraitzen dute 70 herrialde baino gehiagoko zigor kodeetan. Milioika pertsonaren aurkako oinarrizko eskubideen aurkako eraso zuzena dira horrelako jokamoldeak.

Guk, gurean, pausoak ematen goaz. Baina ondo baino hobeto dakigu LGTBI+ fobia ez dela desagertu. Horrenbestez, bidezkoa eta integratzailea izango den gizartea lortuko badugu, ezinbestekoa da pertsona ororen sexu-eskubideak bermatzea.

Guztiok gara bereziak eta bakarrak. Beraz, ekainaren 28an, LGTBI+ Harrotasunaren Egunean, aniztasuna eta askatasuna aldarrikatu eta ospatuko ditugu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak