☉ Basauri
#M28 / Basauri / EAJ, garaile; EH Bildu, gora
#M28 / Basauri / Udal hauteskundeak 2023 / Emaitzak. Hautagaiak, alderdiak, boto kopurua, zinegotziak, datu historikoak, aurreko hauteskundeak.
☉ Basauri
MAZ Basauri jaialdiko kaleko jarduerak Solobarrian izango dira eguraldi iragarpenagatik
Asteburuan izango da MAZ Basauri jaialdia. Dorian, Cala Vento, La Paloma eta Lisabö dira aurtengo kartelburuak Social Antzokian. Era berean, Lova Lois eta Sotomonte musikariek ere kontzertua emango dute Basauriko antzokian.
Bestetik, azaroaren 9an eta 10ean kalean doako kontzertuak eta antzerkia ere antolatu dituzte txikientzat zein nagusientzat: Islabat, Nun, Sweet Rage, Nat Simons, Matraka Culinary Center, Mugu & Mr. Chase, Elenco eta ‘Agurea, urpekaria eta itsasoa’ antzezlana.
Kaleko kontzertuak eta Txiki MAZa Basozelaiko Zortziko plazan iragarrita zegoen arren, eguraldi iragarpena dela eta, Solobarriako karpara lekualdatuko dituzte jarduerok.
“Asteburuan zehar euria iragarrita dago eta, hortaz, larunbat eta igandeko kaleko doako ikuskizun guztiak Solobarria plazako karpan izango dira”, adierazi dute MAZeko antolatzaileek.
☉ Basauri
Hauek dira MAZ Basauri 2024 jaialdiko kontzertuen eta jardueren ordutegiak
Azaroaren 8an, ostiralez, hasiko da MAZ Basauri jaialdiaren hamabigarren edizioa. Aurten hiru egunetara luzatu dute jaialdia eta larunbatean eta igandean ere emanaldiak antolatu dituzte.
Dorian, Cala Vento, La Paloma eta Lisabö dira aurtengo kartelburuak Social Antzokian. Era berean, Lova Lois eta Sotomonte musikariek ere kontzertua emango dute Basauriko antzokian.
Bestetik, kalean doako kontzertuak ere antolatu dituzte azaroaren 9an, larubatez: Islabat, Nun, Sweet Rage eta Nat Simons.
Txiki MAZak aurten Matraka Culinary Center, Mugu & Mr. Chase eta Elenco ekarriko ditu. Gainera, igandeko jardunaldian (berria) kale antzerkia izango da Hortzmuga Teatroaren eskutik: ‘Agurea, urpekaria eta itsasoa’ antzezlana aurkeztuko dute.
Kaleko kontzertuak eta Txiki MAZa Basozelaiko Zortziko plazan iragarrita zegoen arren, eguraldi iragarpena dela eta Solobarriako karpara lekualdatuko dituzte jarduerak
Hauek dira jaialdiko ordutegiak:
MAZ Basauri 2024 | Ordutegiak
Azaroak 8, ostirala
Kontzertuak Social Antzokian (12 euro – egunean bertan 15 euro):
20:30 Ateak irekitzea
21:00 Lova Lois
21:50 La Paloma
23:30 Dorian
01:00 Bukaera
Azaroak 9, larunbata
Txiki MAZ Solobarria plazan (doan):
12:00 Matraka Culinary Center
12:45 Mugu & Mr. Chase
13:15 Elenco
14:00 Mugu & Mr. Chase
14:30 Bukaera
MAZ Kalean Solobarria plazan (doan):
16:45 Islabat
17:30 Nun
18:15 Sweet Rage
19:00 Nat Simons
20:20 Bukaera
Kontzertuak Social Antzokian (12 euro – egunean bertan 15 euro):
20:30 Ateak irekitzea
21:00 Sotomonte
22:30 Lisabö
00:00 Cala Vento
01:10 Bukaera
Azaroak 10, igandea
MAZ Kalean Solobarria plazan (doan)
13:00 Antzerkia: ‘Agurea, urpekaria eta itsasoa’ (Hortzmuga Teatroa)
☉ Basauri
Basauriko Babes Zibilak material bilketa hasi du Valentziara eramateko
Basauriko Babes Zibileko boluntarioak Valentziara joango dira azaroaren 12an. Zehazki, Moncadara joango dira eta bertan laguntzeko material bilketa egiten ari dira.
Palak, aitzurrak, erratz handiak, zabor-poltsa handiak, lixiba eta eskularruak soilik batuko dituzte, eta Basauriko Udalak herritarrei deia egin die materiala biltzen laguntzeko. Bilketa honako leku eta ordutegi hauetan egingo dute:
- Arizgoitiko plaza. Astelehenetik ostegunera, 17:00etatik 20:00etara
- Hernan Cortes plaza (San Migel). Ostiralean, 17:00etatik 20:00etara
- Babes Zibilaren lokala (Udaltzaingoaren ondoan). Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 12:00etara.
“Euskadiko erakundeak modu koordinatuan ari dira lanean, herritarrek agertutako elkartasuna ahalik eta modu antolatu eta eraginkorrenean bidertzeko”, diote udal ordezkariek: “Eusko Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartea etengabe daude harremanetan Valentziako Generalitatarekin, Danak sortutako egoerari aurre egiteko behar dituzten giza baliabideak eta baliabide materialak zeintzuk diren jakiteko. Euskal erakundeek beharrizan zehatzen jakinarazpen ofizial hori jasotzen dutenean, protokolo bat ezarriko da, eskatutako materialak biltzeko”.
☉ Basauri
Unai Etxebarria: «Valentzian etsipena, abandonua eta gobernuen utzikeria topatu ditugu»
Valentziako hondamendia gertatu eta elkartasun uholdea izan da nagusi. Herritar boluntario asko laguntzeko prest agertu dira. Horietako bat Unai Etxebarria Larrauri basauriarra (Basauri, 1993). Joan den asteburuan Valentzian izan da laguntzen. Dagoeneko Euskal Herrian dago eta berarekin berba egiteko aukera izan dugu GEURIAn.
Noiz erabaki zenuen Valentziara joatea eta zergatik? Sareetan Valentziako hondamendiaren inguruko bideo asko ikusi nituen eta jarraian esan nuen: “Bertara joan behar dut laguntzera”. Ikaragarriak ziren bideo horiek eta nire ekarpena egin nahi nuen. Azaroaren 2an, larunbatez eta gauez, irten ginen boluntario talde bat Laudiotik eta igandean 07:00etan heldu ginen Valentziara. Bertako Euskal Etxeko lagun batekin egon nintzen aurreko egunetan harremanetan eta bere bitartez lortu genuen Valentziara sartzea.
Hasteko diru bilketa bat jarri zenuen martxan janaria eta lokatza kentzeko materiala erosteko: ordu gutxitan 10.000 euro inguru lortu zenituen. Bai, izugarria izan zen jendearen laguntza hori. Egia da Ogasunak bizum horretatik jaso genuen diru kopuru bat hartu egingo duela, horregatik 10.000 eurora iritsi ginenean bertan behera utzi nuen diru bilketa. Irekita mantendu izan banu bizuma, 50.000 eurora ere helduko ginen! Jendearen elkartasun uholdea ikaragarria da! Ogasunak kenduko duen dirua, 3.000 euro gutxigorabehera nire gain hartuko dut.
Nolakoa izan zen Valentziara bidaia? Bidaia Valentziara gauean egin genuen. Isiltasunean egin genuen bidaia osoa, pentsatzen zer aurkituko genuen bertan. Eta, iritsi ginenean eta lupetza artean sartu ginenean, dena aldrebestua izan zen: Netflixeko filmaketa baten modukoa. Izugarria benetan.
Zer topatu zenuten bertan? Bertara heldu ginenean, etsipena, abandonua eta gobernuen utzikeria topatu genituen.
Eta bertako herritarrak? Bertakoak goibel daude. Dena galdu dute; ez bakarrik gauza materialak, herrikide asko hil egin dira hondamendi honetan. Bertako herritarrak bertatik atera behar dituzte lehenbailehen: dena ondo garbitu, gero dena ondo jarri eta ondoren euren herrietara eta etxeetara itzuli daitezen.
Egoera benetan gogorra da. Oso gogorra. Hildako asko daude, desagertutako milaka pertsona, jaterik ez duen herritarrak aurkitu genituen, euren burua garbitzeko aukerarik ez duten beste asko. Ikusi duguna da herritar askok ez dutela inolako laguntzarik jaso. Igandean hasi ziren laguntza apurra jasotzen, eta herritarrengandik bakarrik. Lehenengo instantzian oso beldurtuta daude herritarrak, baita haserre ere. Jaramonik egin ez dietela sentitzen dute askok, eta hiltzen utzi dutela jendea.
Valentzian helburu zehatz bat zenuten. Gure helburua zen janari eta higienerako eraman genituen produktu guztiak herritarrek eurek hartzea, eta ez elkarte edo erakunde bati ematea. Hau da, herritarrek zuzenean hartzea behar zuten guztia.
Arazorik topatu zenuten laguntza ematerako orduan? Paiportara joan ginenean esan ziguten Erregeen bisita zela eta ezin genuela bertan denbora asko eman. Orduan ondoko herri batera joan ginen.
Berriro bueltatzeko asmoa duzue? Bai, berriro bueltatzeko asmoa dugu. Ez dakigu noiz, orain laguntza mordoa dagoelako Valentzian. Eta laguntza profesionala. Itxarongo dugu, baina gure asmoa da berriro bueltatzea eta gure laguntza ematea.
Sareetan bolo-bolo dabilen esaldia: “Herriak bakarrik salba dezake herria”. Hausnarketa horrekin bat egiten duzu? Guztiz. Herriak bakarrik salba dezake herria. Benetan horrela da. Eta ez bada horrela, hil egingo gaituzte. Hori da egiten dudan hausnarketa. Herrikide asko euren bizilagunak laguntzen ari dira. Hori da izan duten laguntza bakarra herri askotan.
☉ Basauri
Baskonia kalea eta Pozokoetxe parkea bidegorri bidez lotzeko prozesua hasi du Basaurik
Bidegorriaren proiektua idazteko lanak lehiaketa publiko bidez esleitzeko lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak
Bolueta eta La Basconia lotuko dituen bidegorriari jarraipena emateko asmoz (martxoan zabaltzea da asmoa), Basauriko Udalak bidegorria luzatu nahi du La Basconiatik Pozokoetxera.
Udal arduradunen asmoa da aurten hasten idaztea proiektu hori, eta horretarako 2023ko diruzaintzako gerakina erabiliko dute.
Gauzak horrela, Baskonia kalearen eta Pozokoetxeko parkearen artean bidegorria egiteko proiektua idazteko lanak lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko lizitazio-prozesua zabaldu du Udalak.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 127.050 eurokoa da, eta enpresa esleipendunak sei hilabeteko epea izango du dokumentua idazteko.
“Proiektuak barne hartu beharko du bizikleta-bide bat eraikitzea. Bide hori Baskonia kaletik abiatuko da, 14. eta 16. eraikinen ondotik, eta % 4an igoko da trenbide-plataformaren gertuko kotaraino. Gero, Zumalakarregi kalearen gainetik igaroko den zubi batera iritsi, eta trenbidearen trazadura baino apur bat beherago jaitsiko da; eta, handik, apurka-apurka igotzen joango da, % 2an, Pozokoetxeko parkera iritsi arte”, diote udal ordezkariek.
Eraikiko duten plataformak sei metro zabal izango ditu: bi metro oinezkoentzat, eta lau metro bidegorrirako (bi metro, noranzko bakoitzerako).
Basauriko Udala zenbait proiektu lantzen ari da, “gure udalerria mugakideekin lotuko dituen bizikleta-sareen bidea eraikitzeko”.
“Abian jarri dugun proiektu honen eta beste batzuen bidez, basauriarrekin hartutako konpromisoak betetzen eta gure legealdi-planean aurreikusitako ekintzak gauzatzen jarraitzen dugu”, dio Asier Iragorri alkateak.