Sareak

☉ Basauri

Moldeak, grabitatea eta estereotipoak hausten

Hamahiru urterekin, Marcos Martol basauriarrak arauak desafiatu ditu eta Espainiako txapeldunorde da gimnastika erritmikoan.

|

Marcos, Lilura taldeko bere entrenatzaileekin // Argazkia: Foto Sport Eventos

Gimnastika erritmikoa emakumeen kirol ia esklusiboa izan da, baina Marcos Bartol Cojocariu (Basauri, 2011) basauriar gazteak kirolak generorik ez duela erakusten du. Hamahiru urterekin, arauak desafiatu ditu eta Espainiako txapeldunorde da gimnastika erritmikoan.

Tradizioz, gimnasia erritmikoan emakumeak izan dira nagusi. Hala ere, azken hamarkadetan, gizonezkoen parte-hartzea handitzen joan da, bereziki Japonian eta Espainian. Nahiz eta oraindik kirola gehienbat emakumezkoena izan, gero eta mutil gehiago ari dira lehiaketetan eta entrenamenduetan parte hartzen, estereotipoei aurre eginez eta beren trebetasuna erakutsiz.

Hain zuzen ere, pandemia garaian hasi zen Marcos gimnasia erritmikoaren munduan sartzen: “Erritmikoa egiten zuen neskato bat ezagutu nuelako hasi nintzen, eta asko gustatu zitzaidan. Pandemian, etxean itxita geundenean, erritmikoa egiten hasi nintzen Youtubeko bideoak ikusiz. Eta konfinamendua amaitu zenean gintuztenean Lilura taldean eman nuen izena. Lehen urtean B mailan lehiatu nintzen eta emaitza oso onak lortu nituen. Joan den denboraldian A mailan aritu nintzen eta Euskadiko txapelketan brontzea irabazi nuen. Aurtengoa da nire lehen urtea federatu bezala”, adierazi digu Marcosek.

Federatu bezala lehen urtea, eta Espainiako txapeldunordea. “Oso pozik nago. Ez nuen espero zilarrezko domina irabazterik, Espainiako nire lehen txapelketa izan baita”, dio. “Lehiaketa oso dibertigarria izan zen. Valentziara hegazkinez joan ginen eta handik Castellora autoz. Euskadiko beste gimnasta batzuk ikusi eta animatu ahal izan genituen eta azken orduan nire txanda iritsi zen. Urduri nengoen eta ondo egin nahi nuen, baina nire lanaz seguru nintzen eta entrenatuta neukan bezala egin nezakeela banekien. Eta nire ariketa espero nuen bezala egin ondoren, bigarren sailkatu nintzela ikusi nuen. Oso zirraragarria izan zen!”.

Espainiako txapelketan parte hartu ondoren // Argazkia: Foto Sport Eventos

“Kirol honek eskaintzen duen guztia gustatzen zait. Adiskidetasuna nabarmentzen dut. Asko gustatzen zait nire kideen lehiaketetara joatea eta haiek animatzea eta baita haien babesa sentitzea ere ni lehiatzen naizenetan. Nire aparaturik gogokoena mazoak dira, gehien gozatzen dudan aparatua da”, dio Marcosek.

“Deskonektatzeko aukera”

Marcosek adierazi digunez, gimnasia erritmikoak “deskonektatzeko” balio dio: “Entrenatzen dudanean arazo guztiak ahaztu egiten zaizkit eta zoriontsua naiz. Gainera, diziplina eta sakrifizio handia eskatzen duen kirola denez, oso garrantzitsuak iruditzen zaizkidan balio horiek irakasten dizkit. Gimnasia erritmikoak hobeto antolatzera eta denbora aprobetxatzera ere bultzatzen nau, denbora libre gutxi baitut”, dio.

“Erritmikoa egiten zuen neskato bat ezagutu nuelako hasi nintzen, eta asko gustatu zitzaidan. Pandemian erritmikoa egiten hasi nintzen Youtubeko bideoak ikusiz

Entrenamenduei dagokienez, astegunetan entrenatzen du Marcosek, “asteazkenetan izan ezik, hori baita atseden hartzen dudan eguna”, dio. Asteazkenak institutuko lanak egiteko aprobetxatzen ditu Marcosek —Urbi Institutuan ikasten dabil, DBHko 1. maila—. “Eta denboraldia hasi aurretik, asteburuetan ere entrenatzen dugu lehiaketako ariketak prestatzeko; behin denboraldia hasten denean ia astebururo ditut txapelketak”, dio.

“Entrenamenduetan malgutasuna, koordinazioa eta indarra lantzen ditugu, eta batez ere lehiaketa-ariketak, gorputzeko eta aparatuko zailtasunak eta jaurtiketak”, dio Marcosek. Gaur egun Sofia Taramona ikastetxean entrenatzen du Lilura taldeak, baita Marcosek ere. “Entrenatzeko beste instalazio batzuk izan nahiko genituzke, tapiz bat izan, hobetzen jarraitu ahal izateko eta jaurtiketak altuago egin ahal izateko. Baina kirol minoritarioa denez… oraingoz daukaguna daukagu”, deitoratu du gazte gimnastak.

Erritmikoaren beste aspektuak

Lilura taldea 2021ean sortu zen: “Sofia Taramonako Guraso Elkarteak sortu zuen taldea, gimnasia erritmikoaren gorakadaren ondorioz”, diote klubetik. Gaur egun 90 gimnasta ditu Lilurak, eta horietatik bi bakarrik dira mutilak: Udai Barrasa eskolako alebin kategorian (4 urte zituenean hasi zen Liluran) eta Marcos Bartol haur federatu mailan. Biak dira Basaurikoak.

Espainiako txapelketan bigarren sailkatu zen Marcos // Argazkia: Foto Sport Eventos

Datu horiek erakusten dute gizonezkoen ordezkaritza txikia duela gimnastika erritmikoak: “Mutilentzat zaila da gehienbat emakumezkoena den kirolean hastea. Bizi garen gizarteak aurreiritzi asko ditu, baina haurren artean erabat normalizatuta dago eta bi mutilak oso eroso daude taldean. Hemendik animatzen ditugu Basauriko haur guztiak kirol hau probatzera”, diote Lilula taldeko entrenatzaileek. Ibone Diez (klubeko presidentea), Idoia Laorden, Irati Blasco, Leire Sagarduy eta Marta Ayerdi daude Lilurako talde teknikoan.

“Kirol honek eskaintzen duen guztia gustatzen zait, eta horien artean adiskidetasuna nabarmenduko nuke

Mutilak animatzeko erronka horretan, Liluratik diote gizonezkoen gimnasia erritmikoak “izugarri aberasten” duela kirola: “Mutilek ezaugarri desberdinak dituzte eta erritmikoaren beste alderdi batzuk ikusten uzten digute. Uste dut gizarteak, oro har, aurreiritzi batzuk alde batera utzi behar dituela, eta onartu gimnasia beste edozein kirol bezalakoa dela, eta mutilek ere egin dezaketela neskek bezala”, diote.

Marcosek ere argi dauka: “Gimnastika erritmikoa nesken kirola delako ideia alde batera uztea da garrantzitsuena. Beste edozein kirol bezalakoa delako. Gustatzen bazaie edo atentzioa ematen badie, probatu beharko lukete. Ez du merezi aurreiritzietan pentsatzea”, dio Marcosek, eta gaineratu du: “Gimnasia erritmikoan mutil gutxi dago, normalean nesken aurka lehiatzen naiz. Eskola kategorian mutil batekin edo birekin bakarrik egiten nuen bat. Beraz, Espainiako txapelketara joatea eta hainbeste mutil ikustea eta haiekin tapiza partekatu ahal izatea oso garrantzitsua izan da”.

Euskadi, erreferente

Udan Joko Olinpikoak ospatuko dira Parisen. Lehiatzen diren kirol guztien artean, gizonezkoen presentziarik ez duten bi modalitate baino ez daude: igeriketa sinkronizatua eta gimnasia erritmikoa. Egunen batean hori aldatuko ote den galdetu diegu Lilurako arduradunei, eta zera erantzun dute: “Benetan espero dugu hau laster aldatzea. Espainia mailan eta PVA mailan gero eta gimnasia maskulino gehiago eta gero eta maila handiagokoak daude. Beraz, ea laster Euskadiko gizonezkoen txapeldun olinpikoren bat dagoen!”, diote: “Igeriketa artistikoak bikote kategorian sartu ditu dagoeneko mutilak; beraz, gimnastika erritmikoan atzean geratzen ari gara”.

“Mutilentzat zaila da gehienbat emakumezkoa den kirol batean hastea. Bizi garen gizarteak aurreiritzi asko ditu 

Europa mailan eta nazioartean gizonezkoen gimnasia erritmikoaz galdetuta, Euskadi erreferente dela aitortu dute Lilurako entrenatzaileek: “Europa eta nazioarte mailan, gizonezkoen gimnasia gutxi dago; izan ere, kirol honetan potentzia handiena duten herrialdeak mutilak sartzearen oso aurkakoak dira. Hala ere, nazio mailan onarpen handia dago eta gero eta gizon gehiago ari da parte hartzen. Euskadi punta-puntako erkidegoa da, eta hainbat euskal domina lortu ditu Estatu mailan”, diote. Agian hemendik urte batzuetara Marcos Bartol edo Udai Barrasa izenak entzungo ditugu nazioartean lehiatzen. Nork daki. “Nire ametsa egunen batean Joko Olinpiko batzuetara joatea da. Uste dut 2028ko Los Angelesekoetara ez naizela iritsiko… agian 2032ko Brisbanekoetara!”, dio Marcosek barrezka.

Bitartean, Marcosek adierazi du urte luzez jarraitu nahi duela gimnasia erritmikoan, eta hor kokatzen duela bere burua epe hurbil eta ertainean: “Urte askoan jarraituko nuke. Lilura klubeko nagusienek dioten moduan: gorputzak eutsi arte. Egunen batean entrenatzaile izatea gustatuko litzaidake, gimnasta berriei nik ikasitako guztia erakusteko”, dio.

☉ Basauri

Bideoa / San Juan gaua San Migelen, Basaurin

|

San Juan bezperan sua piztu dute San Migelen, Basaurin. Mikelats Kultur Elkarteak irudiak bidali dizkigu.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / San Juan bezperako sua piztu dute Basauriko Pozokoetxen, euripean izan bada ere

|

Ekainak 23 ditu gaur, San Juan bezpera. Ohiturak jarraituta, sua piztu dute Basauriko hainbat tokitan, Pozokoetxen esaterako. Euritakoen azpian ikusi dute auzotarrek Basauritar Dantza Taldearen emanaldia eta San Juan bezperako sua.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Espetxeratu dute droga-trafikoa leporatuta Basaurin atxilotu zuten ertzaina

Basaurin atxilotutako ertzainaz gain, beste bederatzi pertsona espetxeratu dituzte. Droga-trafikoa eta erakunde kriminaleko kide izatea egotzi diete

|

Behin-behineko espetxealdia ezarri diete hamar atxilotuei // Irekia

Guardia Zibilak eta Ertzaintzak hamar pertsona atxilotu zituzten duela hiru egun Bizkaian eta Kantabrian, droga-trafikoaren aurkako ‘Tahocei-Lizar’ operazioaren barruan.

Atxilotutakoen artean Basaurin atxilotu zuten 31 urteko ertzain bat. Polizia-eginbideak amaitu ondoren, atzo, larunbata, atxilotuak epailearen esku utzi zituzten, eta guztiak espetxeratzeko agindua eman zuen.

Droga-trafikoa, sare elektrikoan iruzurra egitea, sekretuak ezagutaraztea eta erakunde kriminal bateko parte parte izatea egotzi dizkiete.

Behin-behineko espetxealdia ezarri diete, epaiketa egin bitartean. Zigor-zuzenbidean, orohar, errugabetasun-presuntzioa nagusitzen da beti epaiketa egin bitartean, eta epaileak salbuespenezko neurri moduan soilik agintzen du behin-behineko espetxealdia; ihes egiteko arriskua dagoenean, edo frogak suntsitu daitezkeenean.

Operatiboan parte hartu zuten agenteek 78.840 euro konfiskatu zituzten eskudirutan. Substantzia estupefazienteei dagokienez, 19.592 gramo haxix, 22.973 gramo marihuana-kukulu, 10 kilogramo marihuana-ziztada, 1.300 gramo kokaina, 40 gramo MDMA eta 900 gramo ebaketa-substantzia atzeman zituzten.

Era berean, lau marihuana indoor landaketa desegin zituzten, hazkuntza fase desberdinetan zeuden 5.273 landarerekin. Landare horiek sareari legez kanpo lotutako elektrizitatea erabiltzen zuten. Gainera, atxilotuek erabilitako 14 telefono mugikor eta 6 ibilgailu okupatu zituzten.

Ikerketa Sestaoko ertzain-etxeko agenteek hasi zuten, zenbait pertsona beren mugapeko zenbait tokitan marihuana lantzen eta trafikatzen ari zirela ikusi zutenean.

Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroaren (CITCO) bidez ezarritako koordinazio-esparruaren barruan, egiaztatu zen Guardia Zibilak susmagarrietako bati buruzko ikerketa bat irekita zuela, eta erabaki zuten elkarrekin operazio bat martxan jartzea.

Bi polizia-kidegoek droga-trafikoan aritzen zen erakunde kriminala zegoela egiaztatu ondoren, joan den ostegunean, ekainak 20, operatiboaren ustiapen-fasea garatu zuten.

Miaketak Basaurin, Abanto-Zierbenan, Alonsotegin, Barakaldon, Bilbon, Erandion, Leioan, Portugaleten, Sestaon eta Castro Urdialesen egin zituzten.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Denac industrialdea hobetzeko hitzarmena sinatu dute Basauriko Udalak eta Aldundiak

|

Hitzarmenak enplegua sortzen eta mantentzen lagunduko du // Google

Cervantes etorbidean dagoen Denac industrialgunea hobetu eta enpresen lehiakortasuna handituko dute. Horretarako hitzarmena sinatu dute enpresa zentroak eta Basauriko Udalak, eta akordioari esker, Bizkaiko Foru Aldundiak hobekuntza-prozesua finantzatuko du. Hitzarmenak enplegua sortzen eta mantentzen lagunduko du.

Alde batetik, Basauriko Udalak beharrezkoak diren izapideak erraztu eta arinduko ditu eta Denacekin lankidetzan arituko da udal eskumenei eragiten dieten jarduerak diseinatzen, hala nola, urbanizazioa, estolderia edota argiteria publikoa.

Bestetik, Denac enpresa zentroak bi plan idatziko ditu: bata kudeaketakoa eta bestea jardutekoa. Gainera, bi planetan jasotzen diren jarduketak kontratatu eta finantzatu egingo ditu, Aldundiaren diru-laguntzarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurin ertzain bat atxilotu dute droga trafikoa leporatuta

|

Ertzaintzak eta Guardia Zibilak droga-trafikoaren aurkako polizia-operazioa martxan jarri dute gaur Bizkaian eta Kantabrian, eta hainbat atxiloketa eta miaketa egin dituzte.

Besteak beste, Basaurin pertsona bat atxilotu dute. Zenbait komunikabidek publikatu dutenez ertzain bat da Basaurin atxilotutakoa, 24. promoziokoa, eta substantzia estupefazienteen banaketan parte hartzea egotzi diote.

Miaketak, Basaurin, Bilbon, Barakaldon, Leioan eta Kantabriako herri batean egiten ari dira.

Osorik irakurri