‘Feministen arteko eztabaidak’ zikloaren barruan, Trans eta LGTB lege-proiektuaren inguruko hausnarketa saioa antolatu dute otsailean Marienea Basauriko Emakumeen Etxean. Otsailaren 2an, ostegunez, izango da 18:00etatik 20:30era bitartean. Saioa euskaraz izango da.
Aitzole Araneta Zinkunegi donostiar sexologo eta ekintzaile transfeministak gidatuko du saioa. 2017an ETB1eko Ur Handian programan parte hartu zuen Aranetak ‘Transexualitatea’ saioan.
Saioa doakoa da, baina parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute esteka honen bitartez.
Trans eta LGTB lege-proiektua
Abenduaren 22an Diputatuen Kongresuan argi berdea eman zioten Trans eta LGTB lege-proiektuari. Testuak onartzen du pertsonaren borondatea dela baldintza bakarra erregistroan sexua aldatzeko; 16 urtetik beherakoen eta 14 urtetik gorakoen kasuan, berriz, gurasoekin edo tutoreekin joan beharko dute. Eta 12 eta 14 urte bitartekoek epaile baten oniritzia beharko dute erregistro-aldaketarako. 12 urtetik beherakoen kasuan, ezin izango dute sexua aldatu erregistroan, baina bai izena NANean.
Gainera, konbertsio-terapiak debekatzen ditu lege-proiektuak; lesbianei, bisexualei eta transei ugalketa laguntzeko teknikak erabiltzeko aukera izatea bermatzen die; eta lesbianen eta bisexualen seme-alaben filiazioa onartzen du, ezkonduta egon beharrik gabe. Bestalde, besteak beste, trans pertsonak gizarteratzeko estatu-estrategia bat aurreikusten du, kolektibo horren aldeko neurriekin, lan-arloan, hezkuntzan edo etxebizitzan, esaterako. Orain Senatuak jasoko du lege-proiektua, eta ondoren berriro itzuliko da auzia Kongresura.
Trans eta LGTB lege-proiektu honek kontrako iritziak izan ditu gizartean. Hala nola, mugimendu feministaren zati baten gaitezpena jaso du, esaten baitute lege honek “emakumea ezabatu” eta “lege iruzurra” egongo dela.
