→Basauri

Marisoli “giza zein baliabide ekonomiko guztiak” eskaini dizkiotela dio Basauriko Udalak

Marisol izeneko auzotar bat eta bere alabaren bihar etxegabetuko dituzte; gaur elkarretaratzea egin dute Gizarte Zerbitzuen aurrean // Argazkia: Batu Elkarlauntza Sarea

Marisol izeneko auzotar bat eta bere alaba bihar etxegabetuko dituztela salatu du Batu Elkarlaguntza Sareak. Egoera horren aurrean, gaur, azaroak 14, elkarretaratzea egin dute hainbat herritarrek Basauriko Gizarte Zerbitzuen bulegoen aurrean. Udalak, ostera, “babesgabetasunik gabeko egoera” bezala definitu du Marisolen kasua eta kaltetuak “udal gizarte zerbitzuen eta funts publikoak dituzten euskal instituzioen baliabideak eta laguntzak jaso dituela” ziurtatu du.

Basauriko Udalarekin harremanetan jarri da GEURIA eta zera adierazi digute udal ordezkariek: “Pertsona hau etxebizitzaren jabekidea da eta etxea berak sinatutako hitzarmen baten ondorioz utzi beharko du. Halaber, erabiltzaile honek Basauriko Udaleko baliabide eta laguntzak eta funts publikoetan jatorria dituzten bestelako instituzio publikoenak jaso ditu eta jasotzen ari da. Horien artean, kargei aurre egiteko diru-laguntzak”, zehaztu dute.

Udaleko ordezkarien arabera, “Basauriko Udalak eta beste euskal instituzioek giza zein baliabide ekonomiko guztiak eskaini dizkiote egoera honetara heltzea ekiditeko”.

Kaleratzea geldiaraztea

Batu Elkarlaguntza Sareko kideek eta hainbat herritarrek elkarretaratzea egin dute gaur Basauriko Gizarte Zerbitzuen aurrean, eta bihar etxegabetzea geldiarazteko deia egin dute. Aurreikuspenen arabera, bihar 09:30ak eta 1o:30ak bitartean izango da etxegabetzea Andaluzia kaleko 26. zenbakian, eta Batukoak 09:00etan bertan batuko direla adierazi dute.

“Hamabost urte daramatza Marisolek senar ohiarekin batera erositako etxean bizitzen. Dibortziatu zirenean, 2012. urtean, elkarrekin ados jarrita, utzi zuen etxea senarrak, Marisolek lortu baitzuen alabaren zaintza”, azaldu dute plataformatik. Baturen arabera, duela sei urte momentu hartan bere bikotekidea zena erroldatu zuen Marisolek etxe horretan bertan eta senar ohiak, aitzakia horretaz baliatuz Marisolen aurkako salaketa ipini zuen: “Gaizki aholkatuta eta ustezko arau-haustearen ezagutza barik, Marisolek akordio bat sinatu zuen 2018an, salatzaileari, hau da, senar ohiari, etxearen usufruktua emanez. Akordioaren arabera, Marisolek etxebizitza hori beste bi urtez soilik erabiltzeko eskubidea zuen.”

2020an senar ohiak, akordio horretaz baliatu eta Marisol etxetik kaleratzea eskatu zuen. Pandemia zela eta prozesu hori “etenda” geratu zela azaldu dute Batu Elkarlaguntza Saretik baina prozesuari ekin diote berriro eta etxea azaroaren 15ean utzi beharko du kaltetuak eta bere alabak. “Horrez gain, senar ohiak urteak daramatza bisita-erregimena bete barik eta adingabeko alabari inolako babesik eman gabe”. Kaleratuak izatekotan, azaldu dute, inolako bizilekurik ez dutela izango azaldu dute Batutik: “Basauriko Gizarte Zerbitzuek ez diete inolako konponbiderik eskaini kalean geratzen arriskuaren aurrean”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak