☉ Basauri
M8ak elkarretaratzea, eskalada tailerra eta ‘Despotorre’ komedia-ikuskizuna ekarriko ditu Basaurira
Martxoaren 2tik 26ra ikastaroak, ikuskizunak, erakusketa, tailerra eta antzerki-saioak prestatu dituzte Basauriko Marienean, Social Antzokian eta Artunduaga kiroldegian

Martxoaren 8ak hainbat jarduera ekarriko ditu Basaurira Udalaren eta herriko eragileen eskutik. Martxoaren 2tik 26ra ikastaroak, ikuskizunak, erakusketa, tailerra eta antzerki-saioak prestatu dituzte Marienean, Social Antzokian eta Artunduaga kiroldegian, besteak beste.
Urtero bezala, egunean bertan elkarretaratzea deitu du Basauriko Asanblada Feministak, Berdintasun Kontseiluak babestuta, 13:00etan, Azaroak 25 plazan (indarkeria matxistaren biktimen eta biziraun dutenen Memorialaren eta Eskarabillerak estatuaren ondoan).
Emakumeen Nazioarteko Egunean ere Rocío Salazar ilustratzailearen ‘Hilekoa‘ izeneko erakusketa antolatu dute Basauriko Marienean: “Ilustrazio umoristikoen bidez emakumeen bizitza baldintzatzen duten gizarte-estereotipo eta -konbentzioetan arreta jartzen saiatzen da”, azaldu dute udal ordezkariek.
Hilaren 10ean ‘Despotorre‘ izeneko komedia-ikuskizuna eskainiko dute Ane Lindane, Raquel Torres eta Haizea Murgia aktoreek Marienean, 19:00etan: “Ikuskizun honek alderdi ludiko bat erantsiko dio martxoaren 8aren inguruan antolatutako gainerako ekintzen izaera aldarrikatzaileari”
Hilaren 25 eta 26an Eskalada tailerra prestatu du Tontxu Larrinaga hezitzaileak euskara hutsean, Artunduaga kiroldegian.
Egitaraua / Emakumeen Nazioarteko Eguna 2023
Martxoak 2, osteguna
18:00-20:30 Irrintzi ikastaroa, Marienea
Prestatzailea: Amaia Gartzia
Martxoak 8, asteazkena
13:00 Elkarretaratzea, Azaroak 25 plaza (Eskarabilleren estatua)
Martxoak 10, ostirala
19:00 ‘Despotorre’ komedia ikuskizuna, Marienea
Ane Lindane, Raquel Torres eta Haizea Murguía (Malabaricia)
Martxoak 23, osteguna
18:00-20:30 Feministen arteko eztabaidak Marienean: ‘Zer da intersindikal feminista bat?’
Hizlaria: Rafaela Rimentel (La Laboratoria)
Martxoaren 3tik 25era
‘Emakumeen Ahotsak’, Social Antzokia
Afrika Bibang, Teatro del Barrio, Benetan Be, Teatro en Vilo eta A panaderia
Martxoak 25 eta 26
10:00-14:00 Eskalada tailerra Artunduaga kiroldegian (euskaraz)
Hezitzailea: Tontxu Larrinaga
Martxoan zehar
‘Hilekoa’ erakusketa (Rocio Slazar), Marienean
‘Despotorre’, ‘Zer da intersindikal feminista bat? Feministen arteko eztabaidak’ eta eskalada ikastaroan parte hartzeko izena ematea derrigorrezkoa da. Horretarako, Marieneak 946 124 100 telefonoa eta marienea@basauri.eus helbide elektronikoak eskuragarri jarri du.
☉ Basauri
Etxebarria aita-seme trikitilariek ‘Familia gara’ disko berria aurkeztu dute Social Antzokian
Gaur aurkeztu dute disko berria Basauriko antzokian. Inaxio Perurena harrijasotzailea gondidatu izan dute aurkezpenean

Etxebarria aita-seme trikitilariek disko berria kaleratuko dute: ‘Familia gara’. Lan berria Durangoko Azokan abenduaren 6an kaleratu aurretik, diskoaren aurre-aurkezpena Basaurin egin nahi izan dute bi basauriarrek.
Gaur, azaroak 29, 13:00etan Social Antzokian egin dute aurkezpena. Bertan Inaxio Perurena harrijasotzailea eta laguna izan dute gonbidatu. Besaulkietan etxebarritarren lagunak, senideak eta ezagunak egon dira.
Sorpresak, bertsioak eta abesti propioak
Diskoak 12 abesti ditu, euskarazko, gaztelerazko eta ingelesezko kantekin. ‘Familia gara’ lan berrian oinarrizko euskal estiloari heldu diote: “estilo dantzagarriak, baladak, koplak, rantxerak eta rock doinuak entzun daitezke, eta baita indar handiko bertsioak ere”, diote.
“Sorpresak, bertsioak eta abesti propioak ere ez dira faltako! Esaterako, ‘Sorioneku familia gara’, Euskal Herria eta gure kulturaren batasuna elkartzen dituen abestia”. Abesti horren bideoklipa 2023ko martxoan argitaratu zuten, eta bertan agertzen da, besteak beste, JJ Vaquero bakarrizketagilea.
‘Loretxoa’, ‘Ikusi mendizaleak’ eta ‘Let it be’ abestien bertsioak ere jasoko ditu lan berriak. Trikitixa eta panderoa dira instrumentu nagusiak eta horiekin batera akordeoia, kitarra, baxua, teklatua, sintetizadoreak eta bateria ere entzun daitezke.
Diskoa salgai egongo da Durangoko Azokan 15 euroan.
☉ Basauri
Sinadura bilketa hasi dute Kareagan pediatria zerbitzuan murrizketarik ez egiteko

Kareagako eta San Migeleko pediatria zerbitzuetan Osakidetzak murrizketak egin dituela salatu dute hainbatetan auzotarrek. Zehazki, San Migeleko pediatrak irailean erretiroa hartu ondoren ez dutela beste pediatrarik kontratatu eta Kareagako bi haur-medikuetatik batek lanaldia erdibitu beharko duela bi anbulatorioetan salatu dute.
Abenduaren 1etik aurrera formalizatuko da neurri hori. Kareaga, El Maño-Basozelai eta Bidebieta auzo elkarteak eta Kareagako eta Gazteluko ikastetxeetako guraso elkarteak euren “kezka” azaldu dute: “Neurri horrek zerbitzuaren kalitatea larriki okertzea dakar”.
Gauzka horrela, sinadura bilketa hasi dute Kareagako osasun zentroan, eta aurreratu dute ekintza gehiago egingo dituztela.
☉ Basauri
Bideoa / ‘Azaroak 25 plaza’ zabaldu dute gaur Basaurin

Azaroak 25 dituen honetan Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna ospatzen da. Basaurin goizean ekitaldia egin dute hemendik aurrera ‘Azaroak 25’ plaza deituko den lekuan, San Pedro elizaren ondoan.
Plazari ‘Azaroak 25’ jartzeko erabakia Udaleko osoko bilkurak aho batez hartu zuen urrian, eta gaur, eguna aprobetxatuta egin dute ekitaldia 12:00etan. Askoa Etxebarrieta Lasherasek, La Pulga Flamencok ikuskizuna eskaini ondoren, Paz Diaz Gonzalez Basauriko mugimendu feministako kide mitikoak plazaren plaka desestali du.
☉ Basauri
Merkatu solidarioa antolatu dute Basaurin, Bielorrusako umeen alde

Merkatu solidarioa antolatu du Basaurin Acobi elkarteak Bielorrusiako umeentzat dirua biltzeko. Merkatua zabalik dago abenduaren 3ra bitartean Agirre Lehendakaria kaleko 57. zenbakiko lokalean, Herriko Taldeaken ondoan.
Liburuak, jostailuak, tresneria, apaingarriak edota imitaziozko bitxiak bildu eta salduko dituzte lokalean. “Espazioa dela eta, ezin dugu arroparik jaso edo saldu”, diote antolatzaileek.
Merkatu solidarioa zabalik dago astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:30era, eta igandetan 12:00etatik 14:00etara.
“Gerra kontuengatik etortzerik ez dutenez, dirua bidaliko diegi han behar dutena eros dezaten”, diote sustatzaileek.
☉ Basauri
Etxez etxeko laguntza zerbitzuan arreta ordu gehiago eskainiko ditu Basauriko Udalak

Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren (ELZ) araudia berrituko du Basauriko Udalak. Besteak beste hobekuntza hauek onartuko dituzte azaroko osoko bilkuran: mendekotasun-mailaren bat onartua duten erabiltzaileei arreta emateko ordu gehiago eskainiko dituzte, “nahi izanez gero eta egoerak ahalbidetuz gero, etxean denbora gehiago egon ahal izan daitezen”, dio Maria Larrinaga Gizarte Politikako zinegotziak.
Zehazki, bizikidetza-unitatean kide batek baino gehiagok baldin badute mendekotasun-balorazioa, maila handiena duenari dagozkion orduez gain, mendekotasun egoeran dagoen beste pertsonari dagokion ordu kopurua % 50 handituko dute.
Era berean, desgaitasuna onartuta duten 60 urtetik gorako pertsonek eta mendetasunik onartua ez duten 65 urtetik gorakoek ere gehienez 20 zerbitzu-ordu jaso ahal izango dituzte hilean, aldez aurretik balorazio teknikoa eginda.
“Azpimarratu behar da 85 urtetik gorako pertsonek, bakarrik bizi badira eta familian nahiz gizartean laguntza-sare nahikorik ez badute, erregelamendua onartu ostean, etxez etxeko laguntza eskatu ahal izango dutela hilean gehienez 30 orduz, bestelako baloraziorik egin behar izan barik”, dio Larrinagak.
Arau-testu berrian jasotako hobekuntzen artean, balorazio teknikoaren arabera babesgabetasun-egoeran edo arriskuan, bazterketa-egoeran edo abandonu-egoeran dauden edo tratu txarrak jasaten ari diren pertsonek hilean gehienez 30 zerbitzu-ordu jaso ahal izango dituzte, “betiere etxez etxeko laguntza-zerbitzuak eman ditzakeen prestazioak behar badituzte”, dio.
“Oro har, neurri horien bitartez, ELZren erabiltzaileen autonomia pertsonala sustatu gura dugu eta, horretarako, zerbitzuaren intentsitatea eta malgutasuna areagotzeaz gain, prestazioak konbinatzeko aukera ere handiagoa izango da”, dio Larrinagak.