☉ Basauri
Basauriko Bridgestonek medizinak eman dizkio ‘Sunu Gaal’ Gobernuz Kanpoko Erakundeari
Bridgestone enpresako mediku-zerbitzuek krema anti inflamatorioak eta kolirioak eman dizkio, besteak beste, Senegaleko Sunu Gaal izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundeari eta GEURIA komunikabideak Basauriko enpresako Javier López Pérez mediku arduradunagaz eta Sunu Gaaleko Mbayen presidentearekin berba egiteko aukera izan du.

Bridgestone enpresako mediku-zerbitzuek krema anti inflamatorioak eta kolirioak eman dizkio, besteak beste, Senegaleko Sunu Gaal izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundeari eta GEURIA komunikabideak Basauriko enpresako Javier López Pérez mediku arduradunagaz eta Sunu Gaaleko Mbayen presidentearekin berba egiteko aukera izan du.
“Bridgestoneko mediku-zerbitzutik aldian-aldian Gobernuz Kanpoko Erakunde txikiei laguntzen saiatzen gara, ahal dugun heinean”, azaldu du Bridgestoneko medikua arduradunak. “Sunu Gaal GKEaren berri izan genuenean Mbayen erizain senegaldarra ezagutu eta bere istorio txundigarria kontatu zigun lehen eskutik”.

Herritarrak Jaxaay zonaldean // Sunu Gaal
Senegaleko ametsak
Hasiera gogorra izan bazuen ere, bizitzak irribarre egin dion pertsona dugu Mbayen. Senegaldarrak, 7 urte zituela galdu zuen aita Dakar hirian eta amaren 150 euroko soldatarekin bost seme heztea ezinezkoa zela ohartu zen berehala. Hortaz, 100 lagunekin batera patera batean itsasoratu eta Tenerifera heldu zen 2003an.
Bertan lehen eskutik ezagutu zituen osasun-zerbitzuetako langileak eta etorkizunean horretaz lan egingo zuela jakin zuen momentu hartan. “Gu erizainak gara”, esan zioten osasun zerbitzuetako langileek Kanariar uhartera heldu berri zen Mbayen gazteari. Hitz horiek ez zitzaizkion ahaztu.
Penintsulara jausi egin eta hainbat epe laburreko lan gogorretan aritu ostean (sasoikako langile, mantero…) Bilbora iritsi eta plater garbitzaile eta zerbitzari bezala hasi zen beharrean. Algortan lan egiten ari zela, bertan Juan izeneko gizon bat ezagutu zuen afrikarrak eta bere etxeko konponketa-lanekin laguntzeko aukera eskaini zion Mbayeni eta gazteak baietz esan zion.
Harreman sendoa sortu zuten lagun biek. Hainbestekoa ezen momentura arte bizi zen patera-pisua utzi eta Juanekin bizitzera joan zen. Euskal herritarrak Mbayen adoptatu eta senegaldarrak Gil Sánchez abizenak jarauntsi zituen. Orduan, batxillergoko ikasketak burutu zituen Erandioko Ategorri zentroan eta hortik unibertsitatera igaro zen bere ametsetako ogibiderako ikasketak burutzeko.
Erizaintza ikasketak egin zituen Gasteizen eta gaur egun Basurtu ospitalean egiten du lan jendea laguntzen. 2017an ‘Sunu Gaal’ edo ‘Gure Patera’ GKEa sortu zuen (wolof senegaleko hizkuntzan), Senegaleko kooperazio eta hezkuntza proiektua Jaxaay zonaldean, gazteek Mbayenen esperientzia bizitzea ekiditzeko hain zuzen ere. Horren aritik eta hezkuntzaren esparruan eskola bat sortzen ari dira Jaxaayn, umeek etorkizun duina eraiki ahal izateko.
Denborak (eta lanak) hala uzten dionean, Mbayenek Bridgestone enpresa bezalako mediku-zerbitzuek emandako medizinak Senegalera eramaten ditu urriro: “Bolondres talde gazte bat osatu eta medizinak zein osasun materiala eramaten dugu Senegalera”, aitortu du Mbayenek.
“Sunu Gaal GKEari egindako ekarpenak medizina eramangarriak dira, aduanetatik igarotzeko arazorik ematen ez dutenak hain zuzen ere”, azaldu du Bridgestoneko Javierrek. Basauriko enpresak urtero egiten dizkie ekarpenak Sunu Gaal bezalako irabazi gabeko erakundeei: elementu sanitarioak eman dizkio DYAri eta Gurutze Gorriari, ebakuntzetarako materiala eman dio Afrikako Vie Pour Tous elkarteari eta bestelako ekarpenak egin dizkio Denok Osasunaren Alde (DOA) Euskal Herriko GKEari, Guatemalan erabili ahal izateko.
Erakunde horiez gain, Sunu Gaalek Basurtu, Gurutzeta, Urduliz, San Eloy eta Gasteizko ospitaleen laguntza jasotzen du, bai medizinak, bai osasun materialarekin lagunduz: oheak, gurpildun aulkiak, ekografoak… “Sunu Gaalek egindako lanak eta Bizkaia zein Arabako ospitaleen laguntzak helburu bakarra du”, azaldu digu Basurtuko erizainak, “Sunu Gaal edo Gure Patera sekula itsasoratzea”.
☉ Basauri
Abaroa-San Migel tren geltokiko igogailua konponduta dagoela dio Renfek, “baina telefono-linearen zain”
Iaztik funtzionatu gabe daramala salatu dute askotan auzotarrek. Igogailua martxan jartzeko nahitaezko telefono-linea aktibatzea baino ez dela falta esan diete Renfetik Basauriko udal ordezkariei

Hilabeteak daramate San Migeleko auzotarrek Abaroa-San Migel tren geltokiko bi igogailuetako bat erabili ezinik.
Iazko abuztuan —2024ko martxoan, ekainean eta uztailean matxura izan ostean— funtzionatzeari utzi zion, eta ordutik herritarrek Renferi konpondu dezan eskatu diote hainbatetan.
Renfek aurtengo martxoan jakinarazi zien auzotarrei “egun gutxi barru” konponduko zuela matxura, baina oraindik zain daude.
Egoera hori aintzat hartuta, azken hilabeteetan Basauriko Udalak hainbat errekerimendu egin dizkio Renferi tren geltokiko igogailua konpondu dezala eskatzeko. “Azkena azaroaren 27an”, diote udal ordezkariek.
“Gaur bertan, tren-garraioko enpresa publikoak Basauriko Udalari jakinarazi dio igogailuaren konponketa teknikoa arrakastaz burutu dela, eta igogailua martxan jartzea zerbitzu egokia bermatzeko nahitaezko telefono-linea aktibatzearen mende dagoela soilik”, diote udal arduradunek.
Renfek Udalari emandako erantzunean adierazi duenez, “lehentasunez” ari dira lanean dagokion hornitzailearekin kudeaketa hori arintzeko, “eta ahalik eta epe laburrenean” konpontzea espero dutela adierazi diote Udalari.
“Gobernu taldeak prozesuaren zain jarraituko du, igogailua lehenbailehen martxan egon dadin”, diote.
☉ Basauri
Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 14an helduko dira Basozelaira, Basaurin
Txu-txu trenean helduko dira Olentzero eta Mari Domingi Zortziko plazara. Gainera, asteburuan zehar hamaika jarduera antolatu ditu Basozelaiko Auzokideen Elkarteak

Olentzero eta Mari Domingi hasi dira txikien eta helduen gutunak jasotzen.
Eta abenduaren 24ra bitartean euren bisitak izango ditugu Hego Uribe eskualdean.
Basaurin, Basozelain izango dira Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 14an, igandez.
Txu-txu trenean helduko dira Zortziko plazara eta umeekin eta helduekin elkartzeko tartea izango dute.
El Maño Basozelaiko Auzokideen Elkartearen eskutik iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi auzora, baina ez da asteburuan antolatuko duten jarduera bakarra.
Belaunaldien arteko joko didaktikoak, SantoBasozelai, Euskal Jaia, Gabonetako arratsalde-pasa, Gabonetako bingoak, tailerrak eta kontzertuak antolatu dituzte abenduaren 13an eta 14an Zortziko plazan.
Egitaraua | Olentzero eta Mari Domingi Basozelain
Abenduak 13, larunbata
11:00 Belaunaldien arteko joko didaktikoak
12:00 SantoBasozelai: taloak eta sagardo eta txakoli dasteketa
13:00 Euskal Jaia ikuskizun musikala
17:00 Gabonetako arratsalde-pasa
19:00 SantoBasozelai: taloak eta sagardo eta txakoli dasteketa
20:00 Gabonetako I. Bingoa. Saria: urdaiazpikoa, gazta, ardo lotea eta Gabonetako dezimoa
21:00 Kontzertua: Txapela Brava
22:30 Gabonetako II. Bingoa. Saria: urdaiazpikoa, gazta, ardo lotea eta Gabonetako dezimoa
Abenduak 14, igandea
11:00 Gabonetako tailerrak: desioen zuhaitza, postalak eta apaingarriak
11:30 Olentzero eta Mari Domingi
11:30 Txu-txu trena Basozelaitik
12:00 SantoBasozelai: taloak eta sagardo eta txakoli dasteketa
12:00 Trikipoteoa Etxebarria Aita-Seme Trikitilariekin
14:30 Gabonetako III. Bingoa. Sari berezia: Gabonetako kutxa eta Gabonetako dezimoa
☉ Basauri
Hidrogeno berdea probatu dute Basauriko Sidenor fabrikan altzairua ekoizteko
Sidenorreko arduradunek adierazi dutenez, proba horiei esker egiaztatu ahal izan dute erregai gisa gas naturala erabili ordez, hidrogenoa erabili daitekeela

Hidrogeno berdea probatu dute Basauriko Sidenor fabrikan. Zehazki, altzairuaren ekoizpeneko berotze-zalian erabili dute lehen aldiz hidrogeno berriztagarria.
Altzairutegiko erregailu konbentzionala hidrogenoa erabiltzen duen oxi-errekuntzako erregailu batekin ordezkatu dute. Horri esker, zaliaren berotze-ziklo osoa osatu ahal izan dute, beharrezko funtzionamendu-tenperaturak lortuz.
Sidenorreko arduradunek adierazi dutenez, proba horiei esker egiaztatu ahal izan dute erregai gisa gas naturala erabili ordez, hidrogenoa erabili daitekeela.
Hidrogeno berdearekin egindako proba horiek mugarri garrantzitsua izan direla adierazi dute enpresatik, tenperatura altua behar duten eta elektrifikatzen zailak diren prozesu termikoetan erabili baitu Basauriko lantegiak.
“Sidenor ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin konprometitutako enpresa da, eta, horregatik, etengabe ikertzen eta inbertitzen ari da bere produkzio-prozesuen deskarbonizazio-prozesuan aurrera egiteko formulak bilatzeko”, esan dute enpresako arduradunek.
☉ Basauri
Olentzeroren eta Mari Domingiren Etxea zabalik dago dagoeneko Basaurin
Abenduaren 23ra arte txikien eta helduen gutunak jasoko dituzte Olentzerok eta Mari Domingik euren Basauriko etxean

Abendua da eta dagoeneko gabon gutunak idazteari ekin diogu herritarrok.
GEURIAn gutun berria publikatu dugu [hemen duzu!], oraindik ere idatzi ez dutenek erabili dezaken eta Olentzerori eta Mari Domingiri helarazi diezaioten.
Eta, eurei bidaltzeko hainbat bide dauden arren, Basaurin Olentzeroren eta Mari Domingiren Etxea zabaldu dute aurten ere.
Antonio Fernandez kaleko 17. zenbakian dago Etxea abenduaren 23ra arte, astelehenetik ostiralera 16:30etik 20:30era eta larunbatetan eta igandetan 12:00etatik 15:00etara.
“Bertara bazoaz, selfi bat egiten baduzu eta zure Instagrameko edo Facebookeko horman argitaratzen baduzu, abenduaren 2tik 23ra, @basauricomercio elkartea etiketatuz, Basauriko Social Antzokiara joateko bi zinema sarrera emango ditugu opari, sarrerak agortu arte”, diote Basauri Merkatari Elkartetik.
Hain zuzen ere, Basauri Merkatari Elkarteak jartzen du urtero Olentzeroren eta Mari Domingiren Etxea: “Urtero bezala gune magiko bat sortu dugu txikienek Olentzerori eta Mari Domingiri gutunak pertsonalki eman ahal izateko”.
☉ Basauri
Leganesen lehen taldearen ardura hartuko du Igor Oca basauriarrak, behin-behinean
Bigarren Mailako taldearen gidaritza hartu du Ocak, orain arte filialean aritu ondoren. Bihar egingo du debuta, Cordobaren aurka

Igor Oca Pulido basauriarrak C.D. Leganeseko lehen taldea zuzentzeko ardura hartu du, behin-behinean, klubak Paco Lopez kaleratu ostean.
Orain arte bigarren taldeko entrenatzailea zen Oca, baina igande honetan lehen taldeak Cordobaren aurka jokatuko duen partida berak zuzenduko du, eta ez da baztertzen, emaitzak eta jokoa alde izanez gero, denboraldia berak osatzea.
Oca 2025/2026 denboraldirako iritsi zen Leganesen egiturara, Sestao River Clubetik etorrita.
Historia eta Arkeologia baloirengatik aldatu zituen Basauriarra
44 urteko Ocak ibilbide luzea du aulkian. Euskal Herrian, Sestao River Cluben eta Deportivo Alavés-en aritu da, besteak beste. Profil ezohikoa da berea futbolaren munduan, Historian lizentziatua eta Arkeologian espezializatua baita.
Bere ibilbidearen zati handiena Hego Amerikan garatu du: Ekuadorren (Universidad Catolica, Independiente Juniors eta Independiente del Valle), Txilen (Huachipato) eta Mexikon (Atletico San Luis) lan egin du.
Ibilbide horren berri eman zion Ocak GEURIAri Arkeologia baloirengatik aldatu zuen basauriarra izeneko erreportajean, eta bertan Espainiako Ligako bigarren mailan lan egiteko aukeraz hitz egiten zuen:“Azken aldian Bigarren Mailan nirearekin alderatu daitezkeen profilak daude, Andorraren entrenatzaile berria edo Albaceterena, bi adibide aipatzearren”.
Behin-behineko ardura bada ere, Leganesen lehen taldearen gidaritza hartzea urrats garrantzitsua da Oca-rentzat, bere gaitasuna LaLiga Hypermotionen erakusteko aukera baita.










