Sareak

☉ Basauri

Basauriko Meeting Probak 300 atleta bilduko ditu maiatzaren 5ean

|

Guztira 40 proba izango dira maiatzaren 5ean // Geuria

Basauriko Meeting Probak maiatzaren 5ean, igandez, izango dira Artunduagako kiroldegian 09:00etatik aurrera. Aurten 26. edizioa da eta 70 klub baino gehiagoko 300 atleta bilduko ditu.

Guztira 40 proba izango dira, tartean kategoria paralinpikokoak. Izan ere, proba Nazioarteko Batzorde Paralinpikoaren Nazioarteko Atletismo Egutegian sartuta dago, eta, beraz, meetingaren emaitzek errekorretarako eta KPIren rankingerako balioko dute.

Aurten bost atleta omenduko dituzte antolatzaileek eta Ohorezko Txipiak banatuko dizkiete. Horiek dira: Miguel Bárcena (Javi Conde klubeko atleta); José Manuel Quintero (gurpildun aulkian dagoen Cadizko atleta, Munduko, Europako eta Espainiako txapelketak irabazi dituena); FEAPS-La Rioja Kirol Elkartea (erreferentziazko kluba bihurtu da kirol paralinpikoaren eta desgaitasuna duten pertsonen integrazioaren arloetan); Laia Fabra (luzera-jauziko atleta paralinpikoa, Espainiako txapelduna errekorrarekin); eta Antonio Olivencia Daza (Itsuentzako Kirolen Espainiako Federazioko entrenatzailea 2001etik).

#DownParis2024

“Aurten ere Down sindromea duten atletak izango ditugu, eta bat egingo dugu #downparis2024 mugimenduarekin, kirolari horiek Paralinpiar Jokoetan sartu daitezen eskatzeko”, diote antolatzaileek.

Meetinga Basauriko Merkatari Elkarteak antolatzen du, Udalaren laguntzarekin.

Egitaraua / XXVI. Meeting – Basauriko Probak

2024ko maiatzaren 5ean · Artunduaga kiroldegia

09:00 Emakumezkoen Disko jaurtiketa
09:30 Pisu jaurtiketa aulkian ‘Miguel Bárcena’
09:30 Emakumezkoen 200 metro lasterketa
09:35 Emakumezkoen 200 metro lasterketa
09:40 Emakumezkoen 200 metro lasterketa
09:45 Emakumezkoen 200 metro lasterketa
09:50 Emakumezkoen 200 metro lasterketa ‘Tania Castillo’
09:55 Emakumezkoen 200 metro lasterketa ‘Izaskun Urbina’
10:00 Emakumezkoen 200 metro lasterketa ‘Itxaso Munguira-Jesús Munguira’
10:00 Gizonezkoen Disko jaurtiketa
10:00 Pisu jaurtiketa aulkian
10:05 Gizonezkoen 200 metro
10:10 Gizonezkoen 200 metro ‘Guillermo Sainz-Aitor Rojo’
10:15 Gizonezkoen 200 metro ‘Rafa Gómez’
10:20 Gizonezkoen 200 metro ‘Kini Karrasco’
10:25 Gizonezkoen 200 metro ‘Fernando Costas’
10:30 Gizonezkoen luzera-jauzia ‘Xabi Porras’
10:30 Emakumezkoen 200 metro gurpildun aulkian + Race runner ‘Judith Tortosa’
10:35 Gizonezkoen 200 metro gurpildun aulkian + Race runner ‘Abdallah Benlahcen’
10:45 Gizonezkoen 5.000 metro ‘Iván Hompanera-Joseba Larrinaga Trofeoa’
11:15 Disko jaurtiketa aulkian
11:15 Emakumezkoen 100 metro ‘Nahikari Román’
11:20 Emakumezkoen 100 metro ‘Sara Martínez Puntero’
11:25 Emakumezkoen 100 metro ‘Puri Santamarta’
11:25 Emakumezkoen Pisu jaurtiketa zutunik
11:35 Gizonezkoen 1.500 metro ‘Abel antón-Martín fiz’
11:45 Emakumezkoen 800 metro (Open) ‘Izaskun Oses’
11:55 Gizonezkoen 800 metro ‘Jose A. Gonzalez Aouita’
12:10 Emakumezkoen 400 metro ‘Yaiza Perez’
12:15 Gizonezkoen 400 metro ‘Txema Cabezudo’
12:20 Gizonezkoen 400 metro ‘Sergio López Carazo’
12:20 Gizonezkoen Pisu jaurtiketa zutunik
12:30 Emakumezkoen luzera-jauzia ‘Rosalía Lázaro’
12:30 Gizonezkoen 100 metro ‘Txaber De la Torre’
12:35 Gizonezkoen 100 metro ‘Aitor Calvo’
12:40 Gizonezkoen 100 metro ‘Héctor Lozano’
12:45 Gizonezkoen 100 metro ‘Roberto Gómez’
12:55 Emakumezkoen 100 metro gurpildun aulkian + Race runner ‘Judith Tortosa’
13:00 Gizonezkoen 100 metro gurpildun aulkian + Race runner ‘Ruben Aldas’
13:10 Gizonezkoen 100 metro
13:20 Ohorezko Txipien banaketa

☉ Basauri

Bideoa / San Juan gaua San Migelen, Basaurin

|

San Juan bezperan sua piztu dute San Migelen, Basaurin. Mikelats Kultur Elkarteak irudiak bidali dizkigu.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / San Juan bezperako sua piztu dute Basauriko Pozokoetxen, euripean izan bada ere

|

Ekainak 23 ditu gaur, San Juan bezpera. Ohiturak jarraituta, sua piztu dute Basauriko hainbat tokitan, Pozokoetxen esaterako. Euritakoen azpian ikusi dute auzotarrek Basauritar Dantza Taldearen emanaldia eta San Juan bezperako sua.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Espetxeratu dute droga-trafikoa leporatuta Basaurin atxilotu zuten ertzaina

Basaurin atxilotutako ertzainaz gain, beste bederatzi pertsona espetxeratu dituzte. Droga-trafikoa eta erakunde kriminaleko kide izatea egotzi diete

|

Behin-behineko espetxealdia ezarri diete hamar atxilotuei // Irekia

Guardia Zibilak eta Ertzaintzak hamar pertsona atxilotu zituzten duela hiru egun Bizkaian eta Kantabrian, droga-trafikoaren aurkako ‘Tahocei-Lizar’ operazioaren barruan.

Atxilotutakoen artean Basaurin atxilotu zuten 31 urteko ertzain bat. Polizia-eginbideak amaitu ondoren, atzo, larunbata, atxilotuak epailearen esku utzi zituzten, eta guztiak espetxeratzeko agindua eman zuen.

Droga-trafikoa, sare elektrikoan iruzurra egitea, sekretuak ezagutaraztea eta erakunde kriminal bateko parte parte izatea egotzi dizkiete.

Behin-behineko espetxealdia ezarri diete, epaiketa egin bitartean. Zigor-zuzenbidean, orohar, errugabetasun-presuntzioa nagusitzen da beti epaiketa egin bitartean, eta epaileak salbuespenezko neurri moduan soilik agintzen du behin-behineko espetxealdia; ihes egiteko arriskua dagoenean, edo frogak suntsitu daitezkeenean.

Operatiboan parte hartu zuten agenteek 78.840 euro konfiskatu zituzten eskudirutan. Substantzia estupefazienteei dagokienez, 19.592 gramo haxix, 22.973 gramo marihuana-kukulu, 10 kilogramo marihuana-ziztada, 1.300 gramo kokaina, 40 gramo MDMA eta 900 gramo ebaketa-substantzia atzeman zituzten.

Era berean, lau marihuana indoor landaketa desegin zituzten, hazkuntza fase desberdinetan zeuden 5.273 landarerekin. Landare horiek sareari legez kanpo lotutako elektrizitatea erabiltzen zuten. Gainera, atxilotuek erabilitako 14 telefono mugikor eta 6 ibilgailu okupatu zituzten.

Ikerketa Sestaoko ertzain-etxeko agenteek hasi zuten, zenbait pertsona beren mugapeko zenbait tokitan marihuana lantzen eta trafikatzen ari zirela ikusi zutenean.

Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroaren (CITCO) bidez ezarritako koordinazio-esparruaren barruan, egiaztatu zen Guardia Zibilak susmagarrietako bati buruzko ikerketa bat irekita zuela, eta erabaki zuten elkarrekin operazio bat martxan jartzea.

Bi polizia-kidegoek droga-trafikoan aritzen zen erakunde kriminala zegoela egiaztatu ondoren, joan den ostegunean, ekainak 20, operatiboaren ustiapen-fasea garatu zuten.

Miaketak Basaurin, Abanto-Zierbenan, Alonsotegin, Barakaldon, Bilbon, Erandion, Leioan, Portugaleten, Sestaon eta Castro Urdialesen egin zituzten.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Denac industrialdea hobetzeko hitzarmena sinatu dute Basauriko Udalak eta Aldundiak

|

Hitzarmenak enplegua sortzen eta mantentzen lagunduko du // Google

Cervantes etorbidean dagoen Denac industrialgunea hobetu eta enpresen lehiakortasuna handituko dute. Horretarako hitzarmena sinatu dute enpresa zentroak eta Basauriko Udalak, eta akordioari esker, Bizkaiko Foru Aldundiak hobekuntza-prozesua finantzatuko du. Hitzarmenak enplegua sortzen eta mantentzen lagunduko du.

Alde batetik, Basauriko Udalak beharrezkoak diren izapideak erraztu eta arinduko ditu eta Denacekin lankidetzan arituko da udal eskumenei eragiten dieten jarduerak diseinatzen, hala nola, urbanizazioa, estolderia edota argiteria publikoa.

Bestetik, Denac enpresa zentroak bi plan idatziko ditu: bata kudeaketakoa eta bestea jardutekoa. Gainera, bi planetan jasotzen diren jarduketak kontratatu eta finantzatu egingo ditu, Aldundiaren diru-laguntzarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurin ertzain bat atxilotu dute droga trafikoa leporatuta

|

Ertzaintzak eta Guardia Zibilak droga-trafikoaren aurkako polizia-operazioa martxan jarri dute gaur Bizkaian eta Kantabrian, eta hainbat atxiloketa eta miaketa egin dituzte.

Besteak beste, Basaurin pertsona bat atxilotu dute. Zenbait komunikabidek publikatu dutenez ertzain bat da Basaurin atxilotutakoa, 24. promoziokoa, eta substantzia estupefazienteen banaketan parte hartzea egotzi diote.

Miaketak, Basaurin, Bilbon, Barakaldon, Leioan eta Kantabriako herri batean egiten ari dira.

Osorik irakurri