→Basauri

Memoriaren Plaza erakusketa ibiltaria Basaurira helduko da urrian

Basaurik Memoriaren Plaza erakusketa ibiltaria hartuko du urriaren 24tik 30era bitartean. Erakusketa honen bitartez, memoria demokratikoa gizarteratzea eta partekatzea, eta guztion artean eraikitako gogoeta sustatzea bilatuko du.

Iazko maiatzean Galdakaon izan zen erakusketa // Argazkia: Geuria

Basaurik Memoriaren Plaza erakusketa ibiltaria hartuko du urriaren 24tik 30era bitartean. Erakusketa honen bitartez, memoria demokratikoa gizarteratzea eta partekatzea, eta guztion artean eraikitako gogoeta sustatzea bilatuko du Gogora Institutuak. Helburua da Euskal Herrian azken urteotan gertatutakoei buruzko lekukotzak biltzea eta azaltzea, memoria plural eta partekatua eraikitzeko asmoz. Zentzu horretan, biktima izan direnei eta herritarrei beren memoria-lekukotza uzteko espazioa eskaini eta memoria horiek udalerrietan landuko dituzte etorkizunari begira.

Erakusketa San Fausto plazan egongo da ikusgai urriaren 24tik 30era 09:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Hilaren 24an, ostegunez, 18:00etan izango da inaugurazioa. Erakusketa zabaltzeaz gain, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimekin solasaldia egongo da. Gainera, Euskadiko mugimendu bakezaleen kronologia jasotzen duen dokumentala emango dute estreinakoz.

Memoriaren Plaza erakusketak hiru gune izango ditu: testigantzak grabatzeko eremua, testigantzen bideoak ikusteko eremua (Gerra Zibilaren, frankismoaren zein terrorismoaren biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dira), proiekzio eta debate eremua eta mezuen horma-irudia.

“Terrorismoaren edota indarkeria polizialaren biktima direnei errekonozimendua egitea bilatzen dugu ekimen honekin. Biktima guztien testigantzak beharrezkoak dira gizartean aurrera egiteko. Gogoeta kritikoa egin behar dugu eta datozen belaunaldiei gertaera eta gogoeta horiek transmititu”, dio Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen aldeko Gogora Institutuko zuzendariak. Hain zuzen ere, Memoriaren Plaza ekimenak bi helburu nagusi ditu: alde batetik gogoeta kritikoa egitea eta bestetik, gazteei eta datozen belaunaldiei transmisioa egitea: “Gertaerak objektiboak dira, baina gogoetak erabat pertsonalak dira, subjektiboak. Hori dela eta biktima eta herritar guztien pentsamenduak hartu behar ditugu kontuan. Memoria balorazio etikoa eginez osatu behar da”, dio Ezenarrok.

Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria eta Asier Iragorri Basauriko alkatea // Argazkia: Geuria

Gaur aurkeztu dute ekimena Basaurin Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak eta Asier Iragorri Basauriko alkateak. Aurkezpenean, Iragorrik adierazi du erakusketa “aukera bikaina” dela “basauritarrok gure historia berreskuratu eta zabaltzeko eta gure bizipen pertsonalak, familiarrak eta kolektiboak Euskal Herri osoaren memoria bateratura ekartzeko”. Memoriaren Plaza ekimena 2016an sortu zuten eta ordutik 23 erakusketa antolatu dituzte 20 herritan. Basauri, hortaz, 21. herria izango da, eta 24. edizoa hartuko du. Lau urte hauetan 37.600 lagunek hartu dute parte eta hauetatik 5.250 DBH 4, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleak izan dira.

Ikasleentzako bisitaldiak

Memoriaren Plaza erakusketa zabalik egongo da herritar guztientzako. Era berean, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako (DBH 4. maila, Batxileragoa eta Lanbide Heziketa) bisitaldiak antolatuko dituzte. “Helburua da esperientzia esanguratsua eskaintzea Memoria eraikitzeko giltzarriak ezagutu ditzaten lagungarri izatea eta gogoeta kritikoa egin dezaten erraztea. Hamar tailer inguru inguru emango dira, eta guztira, Basauriko eta inguruko 200 ikasleren parte-hartzea espero dugu”, dio Ezenarrok.

Dokumentalen emanaldiak

Erakusketa-gunean memoria berreskuratzearen aldeko ikus-entzunezkoak ere proiektatuko dituzte urriaren 24tik 30era bitartean, arratsaldez. Dokumental hauek egongo dira ikusgai: lanegunetan La última trinchera (16:00), El valor de la autocrítica (17:00) eta Mugimendi bakezaleak Euskadin (18:00), eta asteburuan Gladys del Estal. Cielo y balas de plomo (12:00), Reconciliación (13:00) eta Oinatz galduak (15:00).

Memoriaren Plaza Gogora Institutuak sustatzen du 2016tik, Euskal Herriko Udalen laguntzarekin. Orain arte, erakusketa ibiltari hau Bilbon, Durangon, Tolosan, Gasteizen, Eibarren, Donostian, Zarautzen, Arrasaten, Getxon, Lasarte-Orian, Gernikan, Santurtzin, Portugaleten, Sestaon, Barakaldon, Irunen, Beasainen, Galdakaon, Zornotzan eta Laudion egon da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak