→Basauri

Argazkiak | Metalaren grebak “Ertzaintzaren bortizkeria” salatu du Basauriko manifestazio jendetsuan

Milaka langilek parte hartu dute gaur CC.OO, LAB, UGT, ESK, CGT etaa CNT sindikatuek Basauriko udaletxetik Sidenor lantegiko sarrerara antolatu duten manifestazio zaratatsuan. Metalaren bederatzigarren greba eguna izan dugu gaurkoa eta bertan aurreko greba egunetan Ertzaintzak piketeekin izandako “bortizkeria” salatu dute, CC.OOeko Unai Orbegozo bozeramaileak azaldu digunez. “Ertzaintzaren jarrera salatzera etorri gara Sidenor lantegi aurrera gaur, bere ekintza bortitzak direla eta lau grebalari ospitalera bidali dituelako”.

“Hitzarmen duin batengatik, Bizkaiko Metala greban” lemapean Basauriko kaleak zeharkatu dituzte. Bidean, petardoak sartu dituzte edukiontzietan eta horietako batek su hartu du begiratokietan. Ondorioz, Basauriko suhiltzaileen parkeko kamioi bat gerturatu da sua itzaltzera. Martxan “Hitzarmenik gabe bakerik ez”, “Urkullu, cabrón, trabaja como un peón” edo “Gora Bizkaiko metalaren borroka” bezalako ohiuak entzun dira.

Metalaren greba Bizkaia osoan ikusarazi nahi dute sindikatuek eta mobilizazio ezberdinak deitu dituzte eskualde guztietan. Arrastian Bilboko Sabin Etxera joango dira 17:00etan eta bihar manifestazioa deitu dute Durangon.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak