→Basauri

Artunduagako kiroldegirako oinezkoen sarbidea hobetuko du Basauriko Udalak

Bestetik, Ibaigane kaleko saneamendu-sarea eta errepideko zoladura berritzeko lanei ekin die Udalak.

Artunduagako kiroldegiko irisgarritasuna hobetzeko 18.000 euro baino gehiago bideratuko ditu Udalak // Geuria

Artunduagako kiroldegiko irisgarritasuna hobetuko du Basauriko Udalak. Hain zuzen ere, errepidetik kiroldegira doan oinezkoen sarbidea hobetuko dute. Dagoeneko hasi dira bertan esku hartzen eta Udalak 18.473 euro bideratuko ditu lan horietara.

Bestetik, Ibaigane kaleko saneamendu-sarea berritzeko lanei ekin die Udalak, Hego kaletik Jose Garai Doktorea kaleko 4. zenbakirainoko zatian. Saneamendu- eta drainatze-sareez gain, errepideko zoladura ere berrituko dute. Duela egun batzuk hasi ziren lanean eta udal ordezkarien arabera, bi hilabeteko epean bukatuko dituzte lanak. Inbertsioa 65.969 eurokoa izango da kasu horretan.

Obra gehiago

Herriko zenbait gunetako irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin, Larrazabal kalean ere esku hartzen ari da Udala. Besteak beste, oinezkoen pasabideak hobetuko dituzte eta argi berriak jarriko dituzte pasabide horien ondoan. Gainera, Larrazabal kalearen gainerako zatian ere argiak berrituko dituzte, “bereziki, etxebizitzen aldean daudenak”, diote udal ordezkariek. Obrak urtarrilaren 18an hasi zituzten eta otsailean bukatuko dituzte. Udalak 40.000 euro inguru bideratuko ditu lan horietara.

Arizko zubitik Nagusia kaleko bidegurutzeraino argiak berrituko ditu Basauriko Udalak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak