→Basauri

Osasungintza publikoaren alde manifestazioa deitu dute pentsiodunek otsailaren 7an Basaurin

Abenduan Arizko anbulatorioaren aurrean egin zen elkarretaratzea // Argazkia: Geuria

Osasungintza publikoaren alde manifestazioa deitu dute pentsiodunek Basaurin. Otsailaren 7an 12:00etan izango da manifestazioa udaletxetik Arizko anbulatoriora. Osakidetzako lehen arretarako baliabide gehiago aldarrikatzeaz gain, murrizketen eta pribatizazioaren aurka ere mobilizatuko dira pentsiodunak.

“Oso tamalgarria da Osakidetzak, Osasunbideak eta Gasteizko eta Iruñeko gobernuek baliabide eta plantillen planifikaziorik, antolaketarik eta prestutasunik ez izatea. Berehala kaleratu zituzten pandemiari aurre egiteko kontratatutako profesionalak, eta minimoetan utzi zituzten arakatzaile-taldeak, egoerak pixka bat hobera egin bezain laster. Urrutitik datozen eta pandemian zehar areagotu diren neurri eta konponbideak bertan behera utzi eta ezintasuna erakutsi dute. Egoerak gainezka eginda, gure poltsikoetatik maskarak eta, ondoren, antigenoen testak eta PCR probak ordaintzera behartzeaz gain, pandemiaren, konfinamenduaren, medikazioaren eta gure kontaktukontrolaren geure kontrolaz ere arduratu gara. Arazo horiek honako hauei gehitzen zaizkie: iragazkirik gabeko aurrez aurreko arreta jasotzeko jasaten ari garen zailtasunei, diagnostiko on baterako funtsezkoa baita, eta osasun-zentroen edo kalitatezko arreta emateko funtsezkoak diren Etengabeko Arreta Guneen (EAG) aldi baterako itxierei”, diote Basauriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkariek.

Osakidetzako egungo egoera salatzeko hainbat mobilizazio egin dira azken hilabeteetan. Esaterako, abenduan elkarretaratzea egin zuten Basauriko anbulatorioaren aurrean osasun arloko hainbat langilek eta herritarrek; urtarrilean Osakidetzako “gainkarga” eta “utzikeria” salatzeko kontzentrazioak deitu zituzten Hego Uribe eskualdean; eta urtarrilean ere Osakidetzako “egoera larria” salatzeko manifestazioak deitu zituzten ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek EAEko hiriburuetan.

“Ia pandemia hasi zenetik, mobilizazio ugari egin dira egoitzetan, anbulatorioetan eta ospitaleetan, bai sektore sanitario eta soziosanitarioko sindikatuak, bai herri-plataformak, auzo-elkarteak eta abar buru zirela, osasungintzaren ardura duten erakunde publikoek osasun publikoa uztearekin duten nahigabea eta pribatizazioaren aldeko apustu lotsagabea adierazteko. Mobilizazio horiei jarraipena eman nahian, Basauriko Pentsiodunen Mugimenduak herriko bizilagunei dei egiten dizue otsailaren 7an, astelehena, 12:00etan udaletxetik anbulatorioraino egingo den manifestaziora, osasungintza publiko eta kalitatezkoaren alde”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak