☉ Basauri
Osasun publikoa indartzeko manifestazioa egin dute ehun herritarrek gaur Basaurin
Osakidetza “birsortzea” eskatu dute Basauriko pentsiodunek: “Osasun publikoaren narriadurak, desegiteak eta pribatizazioak gora egiten jarraitzen dute, eta ondorio kaltegarriak dituzte herritarren osasunean”, salatu dute
Osasungintza publikoa indartzeko manifestazioa egin dute gaur eguerdian Basaurin, herriko pentsiodunen mugimenduak deituta. Manifestazioa Basauriko udaletxetik Kareagako anbulatoriora egin dute eta 115 lagun batu dira.
“Osasun publikoaren narriadurak, desegiteak eta pribatizazioak gora egiten jarraitzen dute, eta ondorio kaltegarriak dituzte herritarren osasunean”, salatu dute Basauriko pentsodunek.
“Osasun-sistema bat behar dugu, pertsonalaren arreta mediko presentziala bermatuko diguna, etengabeko aldaketarik gabe, itxaronaldi eskandalagarririk gabeko sistema bat, langileak aktibo hoberentzat hartuko dituen sistema bat”, diote.
Ildo horretan, Osakidetza “birsortzea” eskatu dute Basauriko pentsiodunek: “Osasun-sistema publiko baten barruan, Lehen Mailako Arretatik hasita, Lehen Mailako Arreta osasuna sustatzera eta gaixotasunaren prebentzioara bideratuta, gaixotasuna sendatzera soilik bideratutako eta sistema dual publiko-pribatu batera bidertatutako egungo ereduaren aurrean”.
“Pediatriako kalitate okerra”
Osakidetzako egoera salatzeko, eta batez ere pediatria zerbitzuaren egoera salatzeko, pentsiodunen manifestazioa baino lehen, Kareagako eta San Migeleko herritarrek agerraldia egin dute gaur goizean Basauriko osoko bilkuran.
“Engainatzen saiatu dira guraso guztiei esanez gauza bera dela bi pediatra izatea edo hiru izatea, bi pediatra modu berean arituko direla lanean, eta kalitate bera bermatuko dutela gure seme-alaben arretan eta osasunaren zaintzan. Lehen gezurra”, adierazi du Monica Rey auzotarrak eta 12 urteko alaba baten amak.
“Gure seme-alaben osasuna zaintzeaz profesionaltasun handiz arduratzen diren bi pediatra handi baditugu ere, bi pediatrek ezin dute arreta osoa eman, eta ez dituzte modu berean eta denbora berarekin artatzen lehen hiru pediatraren artean artatzen ziren 1.500 haur baino gehiago. Gainera, pediatretako batek lanaldi murriztua du eta bi osasun-zentroetan lan egin behar du, Kareagan eta San Migelen. Eta pediatriako lehen mailako arretako zerbitzuaren kalitateak okerrera egingo zuela susmatzen bagenuen ere, errealitateak gainditu egin du”.
Maria Larrinaga EAJko zinegotziaren arabera, “oso gai sentikorra” da, “gure herritarrei eragiten diena, eta, hain zuzen ere, horregatik egin ditugu gestioak Osakidetzak zerbitzua hobe dezan.
“Ez dugu inolako gaitasunik egoera aldatzeko. Egin dezakegun gauza bakarra tematzea eta tematzen jarraitzea da. Eta horixe egiten ari gara”, adierazi du Larrinagak, eta gaineratu du: “Otsailaren 14an alkatea eta biok bilera bat izan genuen Gotzone Sagardui sailburuarekin, eta egoera konpontzeko eskatu genion. Udalak ez du gai honi buruzko autoritate legalik edo administratiborik, baina gure herriko herritarrek duten sentimendua eta beharra adierazi genion”.
4.600 sinadura
Zentzu horretan, irailetik aurrera egoera “kaosa” dela adierazi du Monicak: “Pediatren lan-bolumena handitzeaz gain, osasun-zentro batetik bestera mugitu behar izaten baitute. Horrez gain, gurasoen ziurgabetasuna ere areagotu da, baldin eta seme-alabak gaixotzen bazaizkie, ez dakite zein auzotara eraman beharko duten artatuak izateko”.
“Pediatria zerbitzuaren kalitatea okertu egin da San Migeleko eta Kareagako anbulatorioetan. Horregatik, herriko 4.600 bizilagun baino gehiagoren sinadurak bildu ditugu, pediatren murrizketarekin eta ondorioz zerbitzuak okerrera egitearekin ados ez daudenak”, dio.
Sinadurak Osakidetzako zuzendaritzari, Gotzone Sagardui osasun sailburuari eta Barrualde ESIko arduradunei bidali dizkiete.
☉ Basauri
Bideoa / Gerraren eta faxismoaren aurkako murala margotu du Hego Uribeko GKSk Basaurin
Urtarrilaren 25ean, larunbatez, GKSk manifestazioak deitu ditu Bilbon eta Iruñean (18:00, Jesusen Bihotza plazatik), ‘Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora’ lemapean.
Mobilizatzeko deialdia zabaltzeko helburuarekin, Basaurin eta Galdakaon mural-margoketak antolatu dituzte gaur, urtarrilak 18: goizean Basaurin eta arratsaldean Galdakaon.
Muralaren diseinua Elene Uribarri galdakoztarrak egin du eta Basaurin dozena bat gazte batu dira.
Olatz Galindez Verano Hego Uribeko GKSko kidearekin berba egin dugu goizean Basaurin: “Azken aldian eskualdean hedatzen ari dira faxismoari bidea ireki ahal dioten ideia erreakzionarioak, konkretutik, arrazistak eta matxistak. Adibidez, Basaurin pintada arrazistak agertu dira eta Arrigorriagan eraso arrazista bat eman zen abenduan”.
“Faxismoa langile klasearen aurkako ideologia eta praktika bezala identifikatzen dugu, eta sektore zaurgarrienak kolpatzen ditu; batez ere, migranteak, emakume langileak eta LGTBI kolektiboak. Horregatik, horren aurrean ikusten dugu beharrezkoa dela kaleak hartzea eta gurekin mobilizatzera animatzen zaituztegu”, dio Galindezek.
☉ Basauri
Basaurik 82.000 euro gastatu behar izan zituen 2024an ekintza bandalikoek eragindako kalteak konpontzeko
Zenbateko osoaren erdia baino gehiago, 45.800 euro, Solobarriako karpako pintadak eta olana konpontzeko erabili zituen iaz Basauriko Udalak
2024an zehar herrian izandako ekintza bandalikoek eragindako kalteak konpontzeko 82.000 euro gastatu zituen Basauriko Udalak.
Datuak datu, kalte hauek ordaindu zituen iaz Udalak:
- Eraikinetako hormetako edo Solobarriako karpako pintadak kentzeko: 45.800 euro
- Erre zituzten 10 edukiontzi ordezkatzeko: 12.000 euro
- Igogailuak konpontzea: 11.844 euro
- Bizkotxaldeko parkeko sareak eta segurtasun-zoru berriak konpontzeko: 7.477 euro
- Arrapala mekanikoetako beiren haustura konpontzeko: 4.260 euro
- Komun publikoetan egindako ekintzak garbitzeko: 1.016 euro
“Ekintza horiek kalte handiak sortzen dizkiete zuzenean basauriar guztiei, espazio publiko partekatuak hondatzen dituzte eta herritar guztiengan eragin duen aparteko gastua dakarte”, diote udal ordezkariek: “Adibidez, norbaitek nahita eragitea igogailuek eta arrapala mekanikoek ibiltzeari utz diezaioten izugarrizko kaltea da mugikortasun murriztua duten bizilagun askorentzat”.
Gauzak horrela, Basauriko Udalak dei egiten die gizalegerik gabe jarduten duten edo beren ardurapeko pertsonei hori egiten uzten dieten herritar gutxi horiei, eta eskatzen die haien ekintzen ondorioez jabe daitezen.
☉ Basauri
‘Euskararen zuhaitza’ landatu du Basozelain Beat Taldeak
Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazoek ‘Euskararen zuhaitza’ oparitu zieten iazko maiatzean Basozelaiko Beat taldekoei. Pago bat da eta Sagarrak talde ekologistaren laguntzarekin, abenduan landatu zuten auzoan.
Ekitaldira bertaratu ziren. “Landatu dugun pago txiki honek, Euskararen zuhaitza, hazi egingo da eta horrekin batera euskararen erabilerak ere egingo du gora gure auzoan”, diote Beateko kideek.
Sagarrak taldeko ordezkariak kultura guztietan zuhaitzek balore sinboliko handia dutela nabarmendu zuen: “Euskal Herrian bi zuhaitz nagusi ditugu: haritza eta pagoa. Zuhaitzek eta basoek, hizkuntzak eta kulturak bezala, lurra behar dute sustraiak landatzeko. Zuhaitza hazi egingo da gu apenas konturatu gabe, eta espero dezagun ere euskal hiztunak ere haztea zuhaitzarekin batera”.
☉ Basauri
Bizkaiko Buruz buruzko esku pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte larunbatean Basaurin
Basauriko Bidebieta Pilota Taldetik bi ordezkari izango dira finaletan: Jon Aperribai kadete mailan eta Eva Martinez emakumezkoen kategorian
Bizkaiko Buruz buruko esku pilota txapelketako finalak hartuko ditu Basaurik urtarrilaren 18an, larunbatez, Artunduagako frontoian, 10:00etatik aurrera.
Lau final jokatu dira: kadeteak, gazteak, emakumeak eta nagusiak.
Basauriko Bidebieta Pilota Taldetik bi ordezkari izango dira finaletan: Jon Aperribai kadete mailan eta Eva Martinez emakumezkoen kategorian.
Aperribaik, gainera, Hego Uribe eskualdeko aurkaria izango du aurrean: Zaratamoko Upo Mendi klubeko Oier Gil.
Lau final
Urtarrilak 18, larunbata
Artunduagako frontoia · 10:00
Kadeteak (3. maila): Jon Aperribai -Bidebieta- vs Oier Gil -Upo Mendi-
Gazteak (3. maila): Galder Buruaga -Lagun Artea- vs Aratz Diez -Olaburu-
Emakumezkoak: June Agirrebeitia -Durango- vs Eva Martinez -Bidebieta-
Nagusiak (3. maila): Markel Cabello -Lezama- vs Enaitz Arandia -Danak Bat-
☉ Basauri
38 urteko gizon bat atxilotu dute Basaurin beste pertsona bati pistola batekin mehatxatzeagatik
Ertzaintzak 38 urteko gizon bat atxilotu du Basaurin, beste pertsona bati pistola batekin mehatxatzeagatik eta gertakarian parte hartu zuten agenteen aurka jotzeagatik.
Gertaerak atzo arratsaldean jazo ziren. Bakoitza bere ibilgailuan zihoan eta atxilotua modu arriskutsuan gidatzen zegoenez, atzetik zihoan gidariak argi-keinuak egin zizkion.
Aurretik zihoan gidariak orduan pistola atera zuen leihotik eta airera tiro egin zuen, eta ondoren, beste gidariaren aurka apuntatu zuen “modu mehatxagarrian”, Segurtasun Sailetik adierazi dutenez.
Gertaera horren ondoren, bistatik galdu ziren Basaurira iritsi arte. Bertan, biak beraien ibilgailuetatik jaitsi ondoren, berriro topo egin zuten, eta arma zeramanak berriro erabili zuen, mehatxu gehiago eginez.
Biktimak Sos Deiakera deitu zuen eta Ertzaintzako agenteak berehala bertaratu ziren eta ustezko egilea identifikatu zuten.
Identifikatzerako orduan, atxilotuak agenteen aurka egin zuen irainekin eta heriotza-mehatxuak egin zizkien.
Ertzainek ikusi zutenez, atxilotuak alkohola kontsumitzearekin bateragarriak ziren sintomak zituen eta minutu batzuk lehenago ibilgailua gidatzen ari zenez, agenteek alkoholemia-proba egin zioten: baimendutako tasa baino askoz ere handiagoa eman zuen. Gauzak horrela, bide-segurtasunaren aurkako delituagatik ere eginbideak ireki dizkiote.