☉ Basauri
Pediatria zerbitzuetan murrizketarik ez egiteko eskatu dute herritarrek
San Migeleko pediatrak astelehenetik ostiralera lan egingo du, 11:00etatik 15:00etara. Kareagan bi pediatra egongo dira: bat lanaldi osoan eta bestea 08:00etatik 10:30era
San Migeleko anbulatorioan lan egiten duen pediatrak erretiroa hartu berri du, eta horrek herriko pediatria zerbitzuan eragina izango duelakoan ezinegona sortu da bizilagunen artean; batez ere San Migeleko, Kareagako, Basozelaiko eta Bidebietako herritarren artean. Pediatria zerbitzuan “murrizketak” egongo direla salatu dute, eta lehen protesta irailaren 28an egin zuten, San Migeleko Taberna Nagusiaren aurrean, osoko bilkura bertan ospatu baitzen (San Migeleko jaiak direla eta).
Orain arte hiru pediatra zeuden lanaldi osoan San Migeleko eta Kareagako osasun zentroetan: bat San Migelen eta bi Kareagan. Eta orain, San Migeleko pediatrak erretiroa hartu eta gero, horrela eskaintzen ari dira zerbitzua bi anbulatorioetan: pediatra bat lanaldi osoan dago Kareagako zentroan eta beste pediatra batek jardunaldia erdibituta izango du Kareaga eta San Migel artean: 08:00etatik 10:30era Kareagan eta 11:00etatik 15:00etara San Migelen. “San Migeleko eta Kareagako osasun-zentroetako pediatria zerbitzu publikoan kalitate-galera larria dakar egoera horrek. Salatu nahi dugu plantillaren murrizketa dakarrela bi osasun-zentroetako pediatria zerbitzuan: lanaldi osoan zeuden hiru pediatra izatetik (bi Kareagan eta bat San Migelen) bi pediatra bakarrik geratuko lirateke (bat Kareagan lanaldi osoan eta bestea bi osasun-zentroen arteko lanaldi zatituan)”, salatu dute San Migeleko, Kareagako, Basozelaiko eta Bidebietako auzotarrek.
Udalak Osakidetzan “egin beharreko kudeaketak” egin ditzala eskatu dute auzotarrek, “San Migeleko eta Kareagako anbulatorioetako pediatria zerbitzuak aurrerantzean ere orain arteko kalitate-baldintzetan mantenduko direla berma dezan, plantilla- eta ordutegi-murrizketarik gabe eta oporretako murrizketarik gabe”, diote. “Asier Iragorri alkateari eskatzen diogu, basauriar guztien ordezkari instituzional gorena den aldetik, defenda dezala Osakidetzak udalerriko osasun-zentroetan ematen duen pediatria zerbitzua, zerbitzu publiko horren kalitatean atzerapausorik onartu gabe”, diote.
“Kalitatea bermatuta”
Basauriko Udala San Migeleko Auzo Elkarteko ordezkari batzuekin batu zen ekainean eta Osakidetzak pediatria-zerbitzua egunero berma dezala eskatu zuen. Barrualde-Galdakao ESIko ordezkariek Udalaren eskaera kontuan hartu zuten, eta udal ordezkariek argitu dutenez, “San Migeleko anbulatorioak pediatria zerbitzu iraunkorra izango du 11:00etatik 15:00etara, egun dagoen pediatra jubilatu eta gero”. Udal arduradunek zehaztu dutenez, pediatra bat izango da San Migeleko anbulatorioan lanaldiaren bi herenetan. Guztira 508 haur artatuko ditu San Migeleko pediatrak.
Bestetik, Kareagako anbulatorioan 1.073 haur artatzen dituzte pediatria zerbitzuan: “Lanaldi osoan dagoenak 817 haur artatuko ditu eta lanaldiaren herena duen pediatrak 256 umeri emango dio zerbitzu”, diote udal ordezkariek. “Osakidetzak ezarritako pediatra bakoitzeko haurren ratioa 800 eta 1.000 artekoa da Euskal Autonomia Erkidegoan. Bai Kareagan bai San Migelen pediatra-haur ratioak Osakidetzako batez bestekoaren azpitik daude, eta horrela jarraituko dute”, diote udal ordezkariek, eta gaineratu dute bi osasun-zentroetan etengabeko erizaintza-zerbitzua egongo dela.
“San Migeleko eta Kareagako haurrek egunero izango dute arreta pediatrikoa, astelehenetik ostiralera, eta kalitate parametro berberetan bermatuta jarraituko du, pediatra bakoitzak artatuko duen haur kopurua EAEko batez bestekoa baino txikiagoa izango baita”, diote Udaletik. Jaiegunetan eta oporraldi garaietan San Migeleko haurrentzako arreta Arizko anbulatorioan eskainiko da; orain arte Kareagako osasun zentrora jo behar zuten. Kareagako haurren kasuan, jaiegunetan eta oporraldietan euren osasun zentroan artatuko dituzte.
Eztabaida osoko bilkuran
Irailaren 28an osoko bilkura ospatu zen San Migeleko Taberna Nagusian. EH Bilduk pediatria zerbitzuari buruzko mozioa aurkeztu zuen: “Ratioei buruz hitz egiten denean, uste dugu badaudela planteatu behar diren beste faktore batzuk, hala nola, desplazamenduaren faktorea edo egongo den lan-gainkarga faktorea, ez baitira bi anbulatorio horiek bakarrik: Arizko anbulatorioa ere sartzen da jokoan”, aipatu zuen Exabier Arrieta EH Bilduko ordezkariak: “Ez dugu uste onargarria denik zerbitzu publikoaren kalitatean atzerapausoak onartzea”.
“Gaia korapilatsuagoa” dela zioen Marian Cantero Elkarrekin Podemoseko ordezkariak. “Auzo gehiagori eragiten die, hala nola, Basozelairi, Kareagari eta Bidebietari. Ez dira kontuan hartu ez guraso-elkarteak ez auzo-elkarteak. Guztiok ari gara Osakidetzaren murrizketak jasaten: lehen mailako asistentzia egoera prekarioan dago, betetzen ez diren bajak eta oporrak, onartu behar ez genituzkeen itxaron-zerrendak… Gaiak beste dimentsio bat du, handiagoa”.
Isabel Cadaval PSEko bozeramaileak adierazi zuen basauriarren interesak “defendatu” direla Osakidetzaren aurrean: “Zalantzarik gabe, udal honek erne jarraituko du Osakidetzak esan diguna betetzen ote duen jakiteko”. Eta Maria Larrinaga EAJko bozeramaileak honakoa azaldu zuen: “Barrualde-Galdakao ESIak hiru proposamen egin zizkigun San Migelen eman beharreko pediatria zerbitzuaren inguruan, eta proposamen horiek San Migeleko Auzo Elkartearekin partekatu genituen, Sofia Taramona Guraso Elkarteari helarazteko. Bai Udala eta bai Auzo Elkartea ados geunden proposamen batekin: ume guztiak egunero artatzea bermatzen zuenarekin, hain zuzen ere. Onartu egiten dugu gure akatsa: gainontzeko auzo elkarteekin hitz egin ez izana. Elkarte guztiekin hitz egitea izango da gure konpromisoa. Momentuz daukagun informazio guztia eman dugu, eta berririk balego, hura ere jakinaraziko dugu”.
☉ Basauri
Bideoa / Gerraren eta faxismoaren aurkako murala margotu du Hego Uribeko GKSk Basaurin
Urtarrilaren 25ean, larunbatez, GKSk manifestazioak deitu ditu Bilbon eta Iruñean (18:00, Jesusen Bihotza plazatik), ‘Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora’ lemapean.
Mobilizatzeko deialdia zabaltzeko helburuarekin, Basaurin eta Galdakaon mural-margoketak antolatu dituzte gaur, urtarrilak 18: goizean Basaurin eta arratsaldean Galdakaon.
Muralaren diseinua Elene Uribarri galdakoztarrak egin du eta Basaurin dozena bat gazte batu dira.
Olatz Galindez Verano Hego Uribeko GKSko kidearekin berba egin dugu goizean Basaurin: “Azken aldian eskualdean hedatzen ari dira faxismoari bidea ireki ahal dioten ideia erreakzionarioak, konkretutik, arrazistak eta matxistak. Adibidez, Basaurin pintada arrazistak agertu dira eta Arrigorriagan eraso arrazista bat eman zen abenduan”.
“Faxismoa langile klasearen aurkako ideologia eta praktika bezala identifikatzen dugu, eta sektore zaurgarrienak kolpatzen ditu; batez ere, migranteak, emakume langileak eta LGTBI kolektiboak. Horregatik, horren aurrean ikusten dugu beharrezkoa dela kaleak hartzea eta gurekin mobilizatzera animatzen zaituztegu”, dio Galindezek.
☉ Basauri
Basaurik 82.000 euro gastatu behar izan zituen 2024an ekintza bandalikoek eragindako kalteak konpontzeko
Zenbateko osoaren erdia baino gehiago, 45.800 euro, Solobarriako karpako pintadak eta olana konpontzeko erabili zituen iaz Basauriko Udalak
2024an zehar herrian izandako ekintza bandalikoek eragindako kalteak konpontzeko 82.000 euro gastatu zituen Basauriko Udalak.
Datuak datu, kalte hauek ordaindu zituen iaz Udalak:
- Eraikinetako hormetako edo Solobarriako karpako pintadak kentzeko: 45.800 euro
- Erre zituzten 10 edukiontzi ordezkatzeko: 12.000 euro
- Igogailuak konpontzea: 11.844 euro
- Bizkotxaldeko parkeko sareak eta segurtasun-zoru berriak konpontzeko: 7.477 euro
- Arrapala mekanikoetako beiren haustura konpontzeko: 4.260 euro
- Komun publikoetan egindako ekintzak garbitzeko: 1.016 euro
“Ekintza horiek kalte handiak sortzen dizkiete zuzenean basauriar guztiei, espazio publiko partekatuak hondatzen dituzte eta herritar guztiengan eragin duen aparteko gastua dakarte”, diote udal ordezkariek: “Adibidez, norbaitek nahita eragitea igogailuek eta arrapala mekanikoek ibiltzeari utz diezaioten izugarrizko kaltea da mugikortasun murriztua duten bizilagun askorentzat”.
Gauzak horrela, Basauriko Udalak dei egiten die gizalegerik gabe jarduten duten edo beren ardurapeko pertsonei hori egiten uzten dieten herritar gutxi horiei, eta eskatzen die haien ekintzen ondorioez jabe daitezen.
☉ Basauri
‘Euskararen zuhaitza’ landatu du Basozelain Beat Taldeak
Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazoek ‘Euskararen zuhaitza’ oparitu zieten iazko maiatzean Basozelaiko Beat taldekoei. Pago bat da eta Sagarrak talde ekologistaren laguntzarekin, abenduan landatu zuten auzoan.
Ekitaldira bertaratu ziren. “Landatu dugun pago txiki honek, Euskararen zuhaitza, hazi egingo da eta horrekin batera euskararen erabilerak ere egingo du gora gure auzoan”, diote Beateko kideek.
Sagarrak taldeko ordezkariak kultura guztietan zuhaitzek balore sinboliko handia dutela nabarmendu zuen: “Euskal Herrian bi zuhaitz nagusi ditugu: haritza eta pagoa. Zuhaitzek eta basoek, hizkuntzak eta kulturak bezala, lurra behar dute sustraiak landatzeko. Zuhaitza hazi egingo da gu apenas konturatu gabe, eta espero dezagun ere euskal hiztunak ere haztea zuhaitzarekin batera”.
☉ Basauri
Bizkaiko Buruz buruzko esku pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte larunbatean Basaurin
Basauriko Bidebieta Pilota Taldetik bi ordezkari izango dira finaletan: Jon Aperribai kadete mailan eta Eva Martinez emakumezkoen kategorian
Bizkaiko Buruz buruko esku pilota txapelketako finalak hartuko ditu Basaurik urtarrilaren 18an, larunbatez, Artunduagako frontoian, 10:00etatik aurrera.
Lau final jokatu dira: kadeteak, gazteak, emakumeak eta nagusiak.
Basauriko Bidebieta Pilota Taldetik bi ordezkari izango dira finaletan: Jon Aperribai kadete mailan eta Eva Martinez emakumezkoen kategorian.
Aperribaik, gainera, Hego Uribe eskualdeko aurkaria izango du aurrean: Zaratamoko Upo Mendi klubeko Oier Gil.
Lau final
Urtarrilak 18, larunbata
Artunduagako frontoia · 10:00
Kadeteak (3. maila): Jon Aperribai -Bidebieta- vs Oier Gil -Upo Mendi-
Gazteak (3. maila): Galder Buruaga -Lagun Artea- vs Aratz Diez -Olaburu-
Emakumezkoak: June Agirrebeitia -Durango- vs Eva Martinez -Bidebieta-
Nagusiak (3. maila): Markel Cabello -Lezama- vs Enaitz Arandia -Danak Bat-
☉ Basauri
38 urteko gizon bat atxilotu dute Basaurin beste pertsona bati pistola batekin mehatxatzeagatik
Ertzaintzak 38 urteko gizon bat atxilotu du Basaurin, beste pertsona bati pistola batekin mehatxatzeagatik eta gertakarian parte hartu zuten agenteen aurka jotzeagatik.
Gertaerak atzo arratsaldean jazo ziren. Bakoitza bere ibilgailuan zihoan eta atxilotua modu arriskutsuan gidatzen zegoenez, atzetik zihoan gidariak argi-keinuak egin zizkion.
Aurretik zihoan gidariak orduan pistola atera zuen leihotik eta airera tiro egin zuen, eta ondoren, beste gidariaren aurka apuntatu zuen “modu mehatxagarrian”, Segurtasun Sailetik adierazi dutenez.
Gertaera horren ondoren, bistatik galdu ziren Basaurira iritsi arte. Bertan, biak beraien ibilgailuetatik jaitsi ondoren, berriro topo egin zuten, eta arma zeramanak berriro erabili zuen, mehatxu gehiago eginez.
Biktimak Sos Deiakera deitu zuen eta Ertzaintzako agenteak berehala bertaratu ziren eta ustezko egilea identifikatu zuten.
Identifikatzerako orduan, atxilotuak agenteen aurka egin zuen irainekin eta heriotza-mehatxuak egin zizkien.
Ertzainek ikusi zutenez, atxilotuak alkohola kontsumitzearekin bateragarriak ziren sintomak zituen eta minutu batzuk lehenago ibilgailua gidatzen ari zenez, agenteek alkoholemia-proba egin zioten: baimendutako tasa baino askoz ere handiagoa eman zuen. Gauzak horrela, bide-segurtasunaren aurkako delituagatik ere eginbideak ireki dizkiote.