→Basauri

Pelícanos banda: «Talde bat aurrera ateratzeko garrantzitsua da hierarkiak argi izatea»

“Mamarratxoak”. Horrela definitzen dute euren burua jaio berri den Pelicanos taldeko bi kidek: Mikel Moreno Galdos (Basauri, 1992) eta Iñigo Obes Redondo (Etxebarri, 1983). Ez dute euren burua musika estilo jakin batean kokatu nahi; halere, Fito y los fitipaldis edota Juanito Makanderen soinuak erreferente dituztela aitortzen dute. Morenok gitarra eta ahotsa jartzen ditu, eta Orbesek, berriz, soinu ekoizpena eta bateria. Haiekin batera beste bi kidek osatzen dute laukotea: Asier Duranek eta Daniel Bahillok. Zuzenean jotzea da musikaz gozatzeko erarik onena eurentzat. Iazko irailean lau abestiz osatutako EP bat kaleratu zuten, urrian Basauriko jaietan kontzertua eman zuten Artista Lokalen Egunean, eta azaroan Rockeineko finalean jo zuten, tokiko finalisten kategorian.

Nondik dator Pelicanos sortzeko ideia? Mikel Moreno: Nik banituen jada zenbait abesti idatzita, baina horiek ez zuten gure aurreko musika taldearen estiloarekin bat egiten. Hortaz, ezin izan genituen aurrera eraman. Danirekin batera abesti horiei forma ematen hasi nintzen, eta Asierri gurekin etortzea proposatu genion, abestiei pianoa gehitu nahi genielako. Zerbait ezberdina egitea zen ideia: beste gitarra bat sartu ordez piano bat ekartzea. Iñigok egiten genbiltzana ikusi zuenean soinuarekin laguntzea proposatu zigun. Soinuarekin laguntzeaz gain bateria jotzea proposatu nion nik. Horrela bukatu genuen laurok batera Pelicanos osatzen.
Iñigo Obes: Estudiora frogak egitera etortzen ginen heinean taldea garatzen joan zen. Mikelek ekartzen zituen kanten oinarriak, eta besteok gure lana egiten genuen; hau da, musikaz atondu egiten genituen hasierako letra horiek. Eta, dirudienez, gauzak horrela eginda ondo gabiltza.

Nola sortzen dituzue abestiak? Mikel: Ohikoena da nik abestien bizkarrezurra sortzea. Normalean bizpahiru ahapaldi eta errepika ekartzen ditut elkarrekin biltzen garenean. Hori komunean jarri eta bakoitzak bere iritzia ematen du: gustatzen zaigun edo ez, zerbait gehitu edo kenduko genukeen eta abar. Horrekin abestiaren lehenengo oinarria eratzen dugu. Bakoitzak gero, etxean, oinarri horren gainean lantzen du bere atala.
Iñigo: Eta garrantzitsuena dena: prozesu osoarekin gozatuz.

Zein da talde berri bat hasteak duen abantailarik handiena? Eta desabantaila? Mikel: Abantailarik handiena zerotik hasten zarela da. Horrek zeure buruari jartzen dizkiozun mugak baino ez dituzula esan nahi du. Inork ez zaitu ezagutzen; hortaz, nahi duzuna egin dezakezu zure musikarekin ez dituzulako inoren espektatibak bete behar.
Iñigo: Nire ustez desabantaila bakarra dago, eta zorionez guk ez dugu pairatu behar izan: dena aldatzen dela. Entsegu lekua aldatzen da, ordutegiak aldatzen dira… Baina, gure kasuan, aurreko taldearekin nire estudioan batzen ginen eta Pelicanosekin, berdin. Gainera, taldearen osaketa oso naturala izan da.
Mikel: Pelicanosen kasuan aldatu den bakarra da hasieran Basozelain jotzen genuela eta orain San Antoniora itzuli garela. Bi lekuak oso antzekoak dira, aldapaz beteta daude.

Zer behar da talde bat aurrera atera dadin? Iñigo: Nire ustez garrantzitsuena hierarkiak argi izatea da, eta bakoitzak argi edukitzea zein den bere egitekoa. Egoen arteko talkarik ez badago eta jendeak musikaren alde egiten badu, printzipioz, ez luke arazorik egon behar. Baina, hori topatzea zaila da oso. Egon naizen musika talde guztien artean hau da aurrenekoa horrelako gauzak errespetatzen dituena. Bakoitzak oso argi du zein den bere rola taldean. Hala ere, horrek ez du esan nahi elkar laguntzen ez dugunik. Aurrekoan, esaterako, erritmo berriak probatzen egon ginen, eta piano-jotzailea izan zen baterian jarri zena niri erakusteko nola lortu bilatzen genituen soinu horiek. Hori gertatzea itzela da.
Mikel: Gainera, ez dago besteen gainetik egon nahi duen inor. Egia da nik abestiak idatzita ekartzen ditudanez, letraren inguruan esateko gehiago dudala. Baina ez dago arazorik horien inguruan norbaitek proposamen bat dakarrenean. Duela gutxi, reggaetoi erritmo batekin probatzeko eskatu zuen batek, uste zuelako hobeto geldituko zela. Nik ez neukan ideia hori buruan hasieran, baina horrelakoak gertatzen direnean hoberena da probatzea; ideia ona izan baitaiteke, eta gauzatu arte ez duzu jakingo benetan merezi duen.

Iazko irailean lau abesti plazaratu zenituzten. Zein da zuen gogokoena? Iñigo: Nik gustukoen dudana ‘Sin piedad’ da. Abesti denak ditut gustuko, baina egia da hori apoteosikoa dela. Gordina da oso, benetan egiazkoa. Denok ditugu barruan mamu horiek, sentipen batzuen aurrean ezin duzula ezer egin sentitzea. Abesti horrek dena azaleratzen dit. Mikelek idatzi duen arren, edonor identifikatuta sentitu daiteke abesti horrekin.
Mikel: Niretzat ere ‘Sin piedad’ da, baina beste arrazoi batengatik. Nik ez dut besteek sentitzen duten bezala ulertzen, nik idatzi dudalako. Baina berezia da oso niretzat, duela zortzi edo bederatzi urte idatzi nuelako. Lokartzen ari nintzela etorri zitzaidan letraren ideia burura. Ohetik jaiki eta segituan idatzi nuen osorik. Nire bizitzan hori behin bakarrik gertatu zait eta ‘Sin piedad’ abestiarekin izan da. Orri batean idatzi eta hurrengo egunean hobekien zihoazkion akordeak bilatu nituen. Zortzi edo bederatzi urteren ostean bukaera ematea ederra da. Gainera, jendeak abestiaren atmosfera lehen momentutik harrapatu du. Duela hainbeste denbora sortu zen ideia bat irudikatzea lortu dugu.

Eta beste abestiak? Iñigo: Nik lehenengo abestia, ‘Sabes muy bien’, ez nuen guztiz sentitu. Aurretik dena eginda zegoen eta ez nuen guztiz nirea sentitu. ‘Luna llena’ren kasuan, aitzitik, estudioan lanean hasi aurretik oso aurreratuta zegoen arren, hainbat gauza islatzeko gai izan ginen: perkusio ezberdinak edota hondartza-erritmo biziak. Sorkuntza prozesu hori gehiago bizi izan nuen eta asko gustatu zitzaidan. Uste dut abestian hori nabari dela. Hurrengo abesti denak bide horretatik joan dira.
Mikel: ‘Valls temporero’ ere oso gustuko dut. Jauntxo eta langileen arteko istorio bat da. Abestia jauntxoak langileei esaten dienarekin hasten da, baina aurrera egin ahala azken horiek bere aurka altxatzen doaz. Abesti hori egiteko hiru akorde idatzi nituen eta gustuko genituenez haiekin aurrera egitea erabaki genuen. Abestiaren momentu jakin batean gitarra eta pianoa gaude soilik jotzen, baina errepika heltzen denean denak hasten gara batera jotzen. Bonba batek eztanda egingo balu bezalakoa da. Entzuten duzun aurreneko aldian inpaktua eragitea zen gure helburua. Haserre dagoen jendetza bat irudikatu nahi genuen. Aurrera doan heinean soinu militarrak agertzen doaz pixkanaka, eta gero eta altuago entzuten dira langileak altxatzen diren momentuan.

Nola gustatuko litzaizueke ikustea zuen buruak urte batzuk barru? Mikel: Elkarrekin jotzen jarraitzea gustatuko litzaidake niri. Horrekin pozik egongo nintzateke.
Iñigo: Elkarrekin jarraituz, bai. Eta, batez ere, ekoizpen propioarekin jarraituz. Oso argi dugu ekoizpenak gure esku egon behar duela, eta horrela ari gara lanean azken taldeetan. Aurreko proiektu musikal batean entsegurako lokalik gabe gelditu ginenean nabaritu nuen nik horren beharra. Ez genuen udal lokaletara sartzeko modurik; beraz, erabaki nuen estudio bat eraikitzea nire etxean. Autoekoizpena aurrera eramateko garrantzitsuena jakin-nahia izatea da. Eta gogoa. Gaur egun estudioa dudan gela, antzina egongela zen. Nire emazteak buruan sartu zidan benetan ez genuela egongela bat behar. Izan ere, gure etxera musikoak bakarrik datoz; hortaz, zentzu gehiago zuen estudio bat edukitzeak egongela bat baino. Gainera, nik estudioan egongelan baino gehiago gozatzen dut.

Zer sentitzen duzue eszenatokiaren gainean zaudetenean? Mikel: Oso dibertigarria da. Nik gustukoen dudan gauzetako bat da, eta gogo handia dut berriz ere eszenatokiaren gainean egoteko. Jendearekin duzun konexioa itzela da.
Iñigo: Eszenatokiaren gainean zaudenean bizirik zaude ehuneko ehunean. Izarra zara momentu horretan. Publikoaren atentzio osoa duzu, eta horri esker jende aurrean gustuko dituzun gauzak egin ditzakezu. Hori bai, egun txarra izanez gero horrek guztiak buelta eman eta dena urduritasunez, estresez, aho lehorrez eta haserrez betetzen da. Baina, dena kontrolpean izanez gero, bizipen bikaina da.

Zer alde dago etxean eta zuzenean jotzearen artean? Iñigo: Askoz tentsio gehiago dago, dena askoz gertuago sentitzen duzu. Entseguetan gozatu dezakezu, baina zuzenean jotzen zaudenean itzela da. Lau pertsona gaude oholtza gainean momentu berean, gauza bera jotzen eta elkarrekin emozio batzuk eratzen saiatuz. Abestiak haserre gaudela adieraztea eskatzen badu, musikarekin jolastu behar dugu hori azaleratzea lortu arte. Horrek presio handia eragiten du, atmosfera bikaina eratu behar duzulako denen artean. Baina presio hori ederra da oso.
Mikel: Tentsio horrek zure arreta musikan ehuneko ehunera jartzera behartzen zaitu. Entseguetan abestiak dituzu buruan, noski, baina lanetik gatoz eta nekatuta gaude, edo egun txarra izan dugu eta gure arazoetan murgildurik igarotzen dugu entsegu osoa. Eszenatokiaren gainean zaudenean hori guztia desagertu egiten da.

Batzuen ustez internetek musika demokratizatu egin du. Zer uste duzue horren inguruan? Iñigo: Muga batzuk badaude oraindik ere. Komunitate jakin batzuen parte izan nahi baduzu, Spotify, esaterako, diskoetxe bat behar duzu. Hala ere, uste dut, gai horrez gain, dena askatasuna dela interneti esker. Baina, ezin dugu irratia ahaztu. Guretzat oso berezia izango litzateke noizbait bertan agertzea.
Mikel: Musika sarean partekatzeari esker, garai batean hel ezin zintezkeen publikoarengana hel zaitezke. Gaur egun erraza da oso Hego Ameriketako jendeak zu entzutea; lehen hori pentsaezina zen diskoa fisikoki bidali ezean. Irratian entzuna izatearen aukera ere bazegoen, baina hori oso zaila da hasiberri batzuentzat. Halere, bidean hainbat gauza galdu ditugu. Disko fisikoa, adibidez. Egun ez da ia diskorik argitaratzen, ez duelako etekinik ematen. Argitaratzea erabakitzen duenak ia era erromantiko batean egiten du.

Zein da zuen helburua? Iñigo: Musika album oso bat grabatzea, abestiak idazten jarraitzea eta egiten dugunaz gozatzea. Noizbait taldearekin zerbait handia lortuko bagenu, bikain. Baina lortuko ez bagenu ere, ez litzateke ezer gertatuko. Egiten dugunarekin gozatzen ari gara, eta hori da garrantzitsuena.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak