Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Basauri

Basauriko pentsiodunek manifestazioa egin dute Renfeko irisgarritasuna hobetzea eskatzeko

|

'Tren irisgarriak orain' bezalako leloak oihukatu dituzte pentsiodunek Basaurin // Basauriko Pentsiodunen Mugimenduak

Mugikortasun urriko pertsonentzat eta zailtasun fisikoak dituzten adinekoentzat Renfeko geltokietako irisgarritasuna hobetzea eskatu dute Basauriko, Arrigorriagako, Ollargango, Ugaoko, Aiaraldeako, Urduñako eta Bilboko Pentsiodunen Mugimenduek.

Atzo, ekainak 17, manifestazioak deitu zituzten, besteak beste, Ugaon eta Basaurin eta hirurogeina lagun batu ziren herri bakoitzean.

“Protesta horiekin, informazio-orriak banatzen ari gara, eta Renfeko C-3 linea horren erabiltzaileei eta herritar guztiei ahalik eta gehien jakinarazten saiatzen gara mugikortasun urriko pertsonek, mugitzeko zailtasunak dituzten adinekoek, haurren orgak dituzten aita-amek, trenetara sartu ahal izateko eta haien mugikortasun-beharrak eta gizarte-harremanak asetzeko jasaten duten gizarte-arazoaz. Renfek, tren berriekin arazo hori konpontzeko bere borondateari buruz egiten dituen promesez gain, kasu egingo digu soilik konturatzen bada konponbideak eskatzen dituen protesta sozial indartsu bat dagoela”, diote Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendutik.

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendutik azaldu moduan, eskaera horren alde mozioak aurkeztu dira trena igarotzen den eta geltokiak dituzten herrietako hainbat udaletan. “Orain arte, mozio hori Laudio, Ugao eta Arrigorriagako udaletan onartu dute. Basauriko osoko bilkuran eztabaidatu ere ez zen egin, argudiatuz gaia udalerriz kanpokoa zela”, diote.

Ugaoko 60 pentsiodunek 750 sinadura bildu dituzte gaurko Renfeko geltokiko mobilizazioan

Basauriri dagokionez, eta GEURIAn iragarri lez, Bidebieta-Basauri tren geltoki berria eraikitzeko 14 milioi euroko lizitazioa baimendu du Espainiako Gobernuak. Proiektuak hiru jarduera biltzen ditu: eraikin berria egitea, geltokiaren trenbideak eta nasak birmoldatzea eta trenbideak estaltzeko lauzak iparraldera luzatzea, tarteko solairu berri batekin.

Tren berriak: azken oztopoak?

“Prentsan iragarri denez, 500 tren berri ipiniko dituzte Renfen, horietako 33 C3 linean. Aurreikuspenen arabera, azken oztopo horiek desagertuko omen dira. Baina momentuz ez dute data jakinik iragarri, eta badirudi ez dela epe laburrekoa batzuk 2025erako espero dituztelako eta beste batzuk 2027rako”, azaldu zuen duela egun batzuk Rufi Rubio Ugaoko Pentsiodunen mugimenduko kideak.

“Tren berriak C3 lineara heldu baino lehen aldiriakeko konboi bakoitzean plataformadun bagoi bat ipintzea eskatzen diogu Renferi, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak trenera igo ahal izateko”.

Antzinako arazoa

Gatazka hau ez da berria: Ludi Viguera Arrigorriagako auzotar ohiak GEURIAko #087 Monografikoan argitaratutako erreportaje batean azaldu lez Urduñako Maria Luisa Goikoetxea izan zen C3 lineako irisgarritasun arazoa azalerazi zuen herritarra.

Maria Luisaren kexa horietatik abiatuz, Hego Uribe zeharkatzen duen C3 lineako geltokietako irisgarritasun arazoa ibilbideko geltoki guztietara hedatu zen. Gaur egun, Urduña, Amurrio, Laudio, Arrankudiaga, Ugao, Arrigorriaga, Basauri eta Ollargan geltokietako irisgarritasun arazoak, orokorrean, “konponduta” daude: “Geltokietarako sarbideak nola edo hala konpondu ditu Renfek eta nasara heltzea posible da, Bidebieta-Basauri geltokian izan ezik: gaur egun, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak ezin dira geltokira sartu”.

☉ Basauri

Bideoa / Jon (Los Gambas): “Playbackean pailazoarena egitea da gehien gustatzen zaiguna”

|

San Migeleko jaietan Playback lehiaketa antolatu dute eta txapeldun izan da Los Gambas kuadrilla. Jon Salguero eta Maialen Barredo Los Gambas kuadrillako kideekin berba egin dugu.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / San Migeleko jaietako Playback lehiaketan ere txapeldun Los Gambas kuadrilla

|

San Migeleko jaietan Playback lehiaketa antolatzen du Mikelatsek. Aurten lau kuadrillak hartu dute parte: Los Gambas (txapeldunak), Uholdeak, Los Tenderetes eta Las Maris (aurten La Mari).

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko ikastetxeen arteko Esku Pilota txapelketa jokatuko da San Migeleko jaietan

Urriaren 6an, igandez, izango da txapelketa eta Basauriko Lehen Hezkuntzako bederatzi ikastetxeak gonbidatu ditu Bidebieta Pilota Taldeak

|

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei dago zuzenduta txapelketa // Geuria

Basauriko ikastetxeen arteko Esku Pilota txapelketa jokatuko da San Migeleko jaietan, urriaren 6an. Bidebieta Pilota Klubak antolatuta, aurtengoa hirugarren edizioa da, eta urtero bezala, Basauriko Lehen Hezkuntzako bederatzi ikastetxeak gonbidatu dituzte: Etxegarai, Soloarte, Sofia Taramona, Basozelai-Gaztelu, Bizkotxalde, Arizko Ikastola, Kareaga Goikoa, San Jose eta Basauri Ikastetxea.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei dago zuzenduta txapelketa: “Partida laburrak izango dira, sei edo zazpi puntura. Bikote bakoitzak bi partida jokatuko ditu, eta ligaxka formatuan kanporaketak egongo dira, 5. mailako eta 6. mailako txapeldunak izan arte”, azaldu dio GEURIAri Mikel Karrillo Bidebideta Pilota Klubeko ordezkariak.

Txapelketa 10:00etan hasiko da 5. mailakoekin, eta 12:00etan 6. mailakoekin. “Espero dugu ikastetxe guztiak animatzea. Umeek oso ondo pasatuko dute eta gainera esku pilota eta kirola sustatzeko aukera ezin hobea da”, dio Karrillok.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Etxe Maitiako azterketa “deialdi bakar gisa” tipifikatuta dagoela dio Basauriko Udalak

Azterketa beste data batean egitea edo beste azterketa bat egitea baimenduz gero, berdintasun-printzipioa urratu eta hautagai guztientzat diskriminazioa eragin dezakeela argudiatu du Basauriko Udalak

|

Etxe Maitiako udal egoitza // Basauriko Udala

Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako Erizaintzako Laguntzaile lanposturako EPErako azterketa erditze egunean egitea beste aukerarik eman ez ziotela salatu du basauriar batek.

Basauriko Udalak adierazi duenez, prozesu horren azterketa “deialdi bakar gisa” tipifikatuta dago: “Hau da, hautagai guztiek egun berean egin behar dute proba bera. Pertsona batek beste data batean egitea edo beste azterketa bat egitea baimenduz gero, berdintasun-printzipioa urratu eta hautagai guztientzat diskriminazioa eragin dezake, emakume erreklamatzailearentzat barne, izangai guztiak ez baitziren parametro berberekin baloratuko”, diote udal ordezkariek.

“Epaimahaiak, Osakidetzak aplikatzen duen protokolo bera jarraituz, azterketa ospitalean bertan egiteko aukera eskaini zion emakumeari, baina berak uko egin zion, eta sine die atzeratzeko eskatu zion, azterketa egiteko moduan egon arte”, diote.

“Ebazpen loteslea”

Enplegua egonkortzeko Etxe Maitiako epaimahaia organo “burujabea eta autonomoa” dela gogorarazi du Basauriko Udalak: “Eta mota horretako prozesuak arautzeko orduan dagoen ordenamendu juridikoan oinarritutako ebazpenak emateko balio du”, diote.

“Politikoen jarraibideen mende ez dauden profesional teknikoek osatutako organoa da. Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legeak 2007an erabaki zuen ordezkari politiko edo sindikal bakar batek ere ezin zuela parte hartu horrelako epaimahai batean, prozesuaren objektibotasuna, inpartzialtasuna eta profesionaltasun teknikoa zaintzeko. Hori dela eta, gobernu-organoek ezin diete jarraibiderik eman hautaketa-epaimahaiei, ezta beren erabakietatik aldendu ere. Administrazio-errekurtsoren bat jarriz gero bakarrik berrikusi ahal izango dira, administrazio-prozedura erkidearen araudiaren bidez”, azaldu dute udal ordezkariek.

Ildo horretan, epaimahaiak ematen duen edozein ebazpen organo politikoentzat loteslea dela adierazi dute Basauriko udal arduradunek, eta gai horri buruzko informazio zehatza Etxe Maitia Egoitzaren hurrengo Kontseilu Errektorean emango duela adierazi dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Etxe Maitiako EPE azterketa erditze egunean egitea beste aukerarik eman ez ziotela salatu du basauriar batek

LAB sindikatuaren ustez, “zuzeneko diskriminazio” kasu bat da, ez ziotelako beste aukerarik eman, eta kexa jarri du Arartekoan

|

LABek salatu du "zuzeneko diskriminazio kasu bat" dela // LAB sindikatua

Basauriar batek ezin izan du bere lanpostua egonkortzeko azterketarik egin, azterketa eguna bere erditze egunarekin bat egin zuelako, eta LAB sindikatutik salatu dutenez, ez ziotelako beste irtenbiderik eman: “Zuzeneko diskriminazio kasu bat da”.

Z.G.G. basauriarra Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako Erizaintzako Laguntzaile lanposturako aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesura aurkeztu zen; azken urteetan aldi baterako kontratuak bete izan ditu egoitza horretan, eta lanpostua egonkortzeko azterketa egiteko izena eman zuen.

“Nire bikoteak izena eman eta azterketa erditze-egunarekin bat egiteko aukera zegoenez (azkenean hori gertatu zen) Auzitegiari eskatu genion neurriren bat har zezan, azterketan parte hartu ahal izateko. Eskaini zioten irtenbide bakarra izan zen azterketa ospitalean bertan egitea, erditze egunean bertan. Noski, ezetz esan zuen”, adierazi dio GEURIAri Z.G.G.-ren bikotekideak.

LABek adierazi duenez, emakumeak bi aldiz jakinarazi zion epaimahaiari bere haurdunaldiaren egoera, baita erditzearen balizko data ere, azterketa egunarekiko (irailak 12) denbora gutxiko aldea zegoela aintzat hartuta, eta informazioa eskatu zuen hautaketa-prozesuan parte hartuko zuela bermatzeko har zitezkeen neurriei buruz.

Irailaren 10ean, azterketaren data baino bi egun lehenago, epaimahaia bildu zen, eta erantzun zion azterketa eta erditzea aldi berean gertatuz gero, epaimahaia ospitalera joan zitekeela proba gainerako izangaien ordutegi berean egin zezan.

Epaimahaiak irailaren 10ean erantzun zionerako, Z.G.G.-ri irailaren 12rako eman zioten erditzea eragiteko data. “Kontua da egun horretan bertan egin behar zela Erizaintzako Laguntzailearen azterketa. Beraz, Z.G.G.-k egoera horren berri eman zion berriro ere Auzitegiari. Eta epaimahaiak, berriz ere, aukera bakarra eskaini zion: azterketa ospitalean egitea, azterketaren ordua aldatuta. Egoera horren aurrean, proba modu duinean egina ahal izateko alternatibarik ematen ez ziotela ikusita, ez aurkeztea erabaki zuen Z.G.G.-k”, diote LABetik.

“LABen uste dugu egoera hori zuzeneko diskriminazio kasu argi bat dela. Sindikatu honen ustez, azterketa bat egitea erditu behar duzun egun berean aukera bakar bezala ematea neurri diskriminatzailea da sexuarekin zuzenean lotutako arrazoiengatik, hala nola, haurdunaldiarekin edo amatasunarekin, gizon eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko 1/2023 Legegintzako Dekretuari jarraikiz”, salatu dute.

Ildo horretan, kexa jarri du LABek Arartekoan, “Z.G.G.-ri urratu zaizkion eskubideak berrezartzeko neurri egokiak har ditzan”.

“Neurri egoki horiek dira deialdi bakarraren ondoren hautaketa-prozesuaren azterketa egin ahal izatea, egiaztatu delako ezin izan duela deialdi horretara joan haurdunaldiagatik eta amatasunagatik. Neurri horiek hartu ezean, hautaketa-prozesuan plaza bat lortu ahal izateko eskubidea urratuko litzaioke. Halaber, Lan Poltsan sartzeko eta Etxe Maitia Udal Egoitzan aldi baterako lan-eskaintzetarako deitua izateko eskubidea ere urratuko litzaioke”, diote LABetik.

Osorik irakurri