→Basauri

Banketxeen aurrean protesta egin dute gaur 75 pentsiodunek Basaurin

Basauriko pentsiodunak erdiguneko banketxeen aurrean, protestan // Utzitakoa

Pentsiodunen Mugimendua kalean da berriro astelehenero. Irailean mobilizazioei ekin diete berriro eta gaur banketxeen aurrean protesta egin dute hainbat herritar. Basaurin, esaterako, manifestazioa egin dute udaletxetik erdiguneko banketxeetara: “Bankuen jardunbide txarrak ezabatzea eskatzeko txostena entregatu dugu Basauriko banketxeetan, eta Kutxabank eta BBVA banketxeen ondoan bukatu dugu manifestazioa”, diote Basauriko Pentsiodunen Mugimendutik.

“Egia da gure salaketak hasi zirenetik zenbait arazo zuzendu direla, baina, hala ere, zerbitzuak ez dira behar bezala ematen oraindik, bai jardunbide txarrengatik, bai zerbitzua ematean izandako murrizketen iraupenagatik”, diote. Besteak beste, ordutegiak eta aurrez aurreko arreta hobetu dute banketxeek, baina beste alderdi batzuk “berdin” jarraitzen dutela salatu dute Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendutik (EHPM): “Oraindik ere urruti dabiltza pandemiaren aurreko egoerara itzultzeko: ez zaie erantzun hirietako landa-eremuei eta hiriburuko auzo periferikoei, komisioak kobratzeari, kutxazain automatikoak ixteari edo zerbitzu eskasari, 2022ko martxoaren 15etik aurrera bulegoak ixteari eta oinarrizko kontuak sinatzeko erresistentzia, eta batzuetan ez onartzea”.

Mozioak udaletxeetan

Bankuek arreta hobetzeko eta sukurtsalak ez ixteko mozioak aurkeztu ditu EHPMk Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako 187 Udaletan: “2021eko azaroaren 5ean Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politiken eta Gazteriaren Batzordean agerraldia egin zenetik gaur arte, EHPMk mozioak aurkeztu ditu lau lurraldeetako 188 Udaletan: 121 Udaletan onartu da gure mozioa; 23 Udaletan ezetza jaso dugu; 8 Udaletan beste mozio batzuk onartu dituzte udal talde guztien adostasunarekin; eta beste 36 herritan, gehienak txikiak, orain arte ez dituzte osoko bilkurak egin”, diote. Hego Uribe eskualdeari dagokionez, Arrigorriagan, Galdakaon eta Basaurin landu dute gaia osoko bilkuretan: lehenengo bietan mozioa onartu zuten, eta Basaurin, ordea, ez zuten onartu. 

Udaletxetik banketxeetara manifestazioa egin dute gaur pentsiodunek // Utzitakoa

“2017tik Kutxabankek 294 langile kaleratu ditu eta 86 sukurtsal itxi ditu; Laboral Kutxak 2017an baino 156 langile gutxiago ditu eta 24 bulego itxi ditu; BBVAk, Banco Santanderrek, Caixabankek, Sabadellek eta Unicajak 5.250 sukurtsal itxi dituzte pandemia hasi zenetik”, salatu dute EHPMtik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak