☉ Basauri
Petankan jolasean, jubilatuetatik harago
Artunduaga Petanka Kirol Elkarteko Wenceslao Beato, Ana Luisa Benito, Peio Aingeru Lafuente eta Arturo Rodríguez kideekin elkartu gara kirol honen historiaren tripak gertutik ezagutzeko
Begiak itxi eta “hondartza”, “kanpina”, “jubilatuak” eta “kirola” hitzen batuketa egin behar izango bagenu, ziurrenik gehienok erantzun matematiko bakarra izango genuke: Petanka. Zergatik baina? Bada, horrela ezagutu dugulako: oporraldiekin eta aisialdiarekin lotuta.
Kirola praktikatzen dutenek betidanik esan dute petankak ez duela benetan merezi duen errekonozimendua jaso eta gaur egungo beharretara hala nola moldatzen saiatu badira ere, salbuespenak salbuespen, bigarren mailako kirol edo joko bezala mantendu da.
Hego Uribe eskualdearen kasuan, koronabirusak 2020an eragindako pandemiak okerrera eraman zuen petankaren osasuna eta, hiru urte igaro badira ere, gaur egun ez du antzinako normaltasuna eskuratu, eta berau praktikatzen duten kideek etorkizun iluna aurreikusten diote “egoera aldatuko duen erabakirik ez bada hartzen”.
Wenceslao Beato Monterok (Basauri, 1939) betidanik maite izan du petankaren mundua eta kirol honetan federatuta dago. 21 urte eman ditu petankan jokatzen eta bera da petanka Basaurira ekarri duen arduradun nagusia. Artunduagako 1, 2 eta 3 pistetan jokatzen hasi baino lehen Etxebarrin jokatzen zituen petanka-partidak eta gogor lan egin ostean bere ametsa errealitate bihurtu zuen basauriarrak. Txapelketetan parte hartzeaz gainera, taldearen helburua lagun artean petankaz gozatzea da.

Pistetara heltzean bertan topatu ditugu petanka klubeko kideak, uniformez jantzita eta bolak zorroetatik atera eta zapi batez hautsa kentzen. Elkarren artean bromak egiten dituzte. Partida eguna da gaurkoa. 10 pista baino gehiago daude Basauriko Artunduaga kiroldegiaren alboan eta Wenceslao edo ‘Wences’ ziur dago batek baino gehiagok petankan jokatzeko pistak direla pentsatzen duela. “Baina ez da horrela”, dio 89 urteko kideak atzamarra altxatzen duen bitartean. 5 pista petankan jokatzeko erabiltzen dituzte, boloetarako bi, bat Calvarako, bat Tutarako eta beste bat “Pasabola” jokorako.
Wenceslaok Artunduaga Petanka Kluba sortu zuen, bertako presidentea izan zen eta gaur egun ordezkari-lanak egiten ditu, eta Artunduaga Petanka Kluberako egin izan duen ekintza bakoitza gogoan du: “Basauriko Udalak gazteentzako instalazioak eraiki nahi zituen petankarako lehen hiru pistak dauden lekuan bertan”, dio Beatok. “Aurretik La Calva eta gainontzeko bolatokiak eraiki zituen baina proiektuaren pisten artean ez zegoen lekurik petanka praktikatzeko”. Horregatik, Wenceslao garai hartako udal kirol arduradunarekin elkartu zen.
“Ni, basauriarra izanik, Etxebarriko San Antonion jokatzen ari nintzela esan nion arduradunari, eta Basaurin, petanka klub bat egiteko aukera egongo balitz ni neu berau egiteko aurkeztuko nintzela”. Beatoren arabera, Udaletik esan zioten bertan ez zegoela pista gehiago egiteko leku handirik: “Kotxea hartu eta zonaldera gerturatu ginen, gazteen aisialdirako pistak egingo ziren leku horretara”, azaldu du Wencesek.

“Lekua, txikia bazen ere, egon bazegoen”. Bertan eraikiko zituzten gaur egungo Artunduaga Petanka Klubeko 1, 2 eta 3 pistak. Momentura arte Wenceslaok bakarrik jokatzen zituen partidak egunero, baita pistako mantentze-lanak egin ere. Egunak joan eta egunak etorri, jendea hurbiltzen hasi eta astiro-astiro klubeko lehen kideek izena eman zuten.
Gaur egun, klubeko lokalean garai hartako kideen argazki bat ageri da, horman eskegita: “Garai hartan 30 kidek baino gehiagok osatzen genuen kluba, baina argazkian agertzen diren asko hilda daude. Gaur Basauri, Arrigorriaga eta Galdakaoko 16 kidek osatzen dugu taldea”, esan du basauriarrak. 16 horietatik 5 emakumeak dira eta guztira 15 kirolari federatuta daude.
Presidentea, idazkaria eta diruzaina izendatuta eta egin beharreko lan burokratikoak amaituta, Basauriko Udalak argi berdea eman zion Artunduaga Petanka Klubaren sorrerari eta hiru pista eta lokala eraiki zituzten 2002ko irailaren 13an, futbol zelaitik metro gutxi batzuetara. Harrera oso ona izan zuen petanka klubak hasiera batean eta duela 8 urte 90 kide inguruk osatzen zuten. “Artunduagako 16 pistak erabiltzen genituen petankarako txapelketetan”, gogoratu du Arturo Rodríguez Rodríguez kideak (Ourense, 1954). Pista horiek guztiak egunero erabiltzen zirela gogoratu du Wenceslaok: “Baina gaur egun hutsik daude, gazteek ez dute futbolaz haragoko kiroletan pentsatzen”.
Ospe txarra
Kirolari berriak aurkitzeko arazoari gehitu behar zaion beste oztopo bat petankak duen publizitate txarra izan daiteke, hala dio Peio Aingeru La Fuentek (Galdakao, 1973), klubeko kiderik gazteenak: “Petanka meme erraza izan da betidanik”. Peiok eskubaloian eta saskibaloian jokatu zuen hainbat urtez eta duela hiru Artunduagako klubera heldu zen. Bere hitzetan, lehen momentutik jasan zituen senideen eta lagunen adar jotzeak: “Nire kuadrillarekin jokatzen dudan bakoitzean anaiak jubilatu naizen galdetzen dit beti”. Anaren arabera, petankak “estigma” bat dauka eta ikuspegia aldatzea beharrezkoa da gazteen artean sustraitu eta biziraupena bermatzeko.

Artunduaga klubeko kideek, nola ez, hondartzetan eta kanpinetan jokatu dute petankan eta Wenceslaok dio “aukera bat” eman behar zaiola iritzirik bota baino lehen: “Nik neuk Benidormen eta Peñiscolan jokatu dut petankan, hondartzan. Edozein pertsonak joka dezake eta behin partidan murgilduta pike sanoa igartzen da”. Wenceslaori bizkarreko ebakuntza egin zioten 52 urterekin eta ahalegin handirik egin barik jokatzen du petankan gaur egun. Wencesekin batera, beste hiruk daukate ezgaitasunen bat klubean, baina hori ez da nabaritzen pistan jokatzen dutenean.
“Harrapatzen zaituen jokoa da petanka”, dio Peiok. “Bola botatzearekin hasten da dena. Jaurtiketa batzuen ostean gustua hartzen zaio petankari. Anaiari partida bat jokatzeko esan nion behin eta ‘probatzeko’ bazen ere partidatxoak ordu biko iraupena izan zuen, ni garaitu arte”, gogoratu du barre egiten.
Klubeko 16 kideak ez dira erregulartasunez elkartzen. Hasteko, eta Peioren arabera, neguan elkartzea erronka izugarria da: “Euriak izugarri baldintzatzen gaitu baina udan ere bestelako arazoak ditugu, jende askok oporretan ospa egiten duelako”. Hori dela eta, duela gutxi Whatsapp taldea martxan jarri zuten klubeko gazteenek, “horrek lan handia eman bazuen ere”, dio Peiok Wenceslaoren begiradapean irribarre eginez.

Kideen artean partida orduak adosten dituzte eta horrela elkartzen dira tartea duten egunetan: “Batzuetan zortzi edo bederatzi kide elkartu gaitezke; beste batzuetan, hiru”, zehaztu du Wenceslaok.
Partida jokatzeko hitzordua adostuta, bi edo hiru kidez osatutako ‘dupletak’ edo ‘tripletak’ antolatzen dituzte. Zozketak egiten dituzte talde horiek: “Zozketa egin baino lehen, aurkarien bolak multzotik ateratzeaz arduratzen diren ‘ateratzaileen’ izenak ipintzen dituzte kutxa batean. Gainontzeko jokalariak ‘subilak’ dira (arrimadores, gaztelaniaz), eta norberaren bola bola txikitik ahalik eta distantzia txikienera hurbiltzeaz arduratzen dira”.
Petanka joko ezberdinak daude, Meléea bezalakoa: joko horretan zozketa orokorra egiten dute eta talde ezberdinetako kideez osatutako talde berriak eratzen dira, ezezagunen artean jokatuz, baina meléea ez da joko modurik ohikoena. Joko mota edozein delarik ere, helburu bakarra dute Artunduaga Petanka Klubekoek: kirolaz lagun artean gozatzea.
“Kirol guztiekin gertatu bezala, badira lehiakortasun sutsuarekin jokatzen duten petanka taldeak eta galduz gero jarrera desegokiak azaltzen dituztenak. Talde horiek ez datoz bat gure filosofiarekin”, dio Wenceslaok.
Eta nolako inbertsioa egin behar du petankako jokalariak txapelketetan aritzeko? Peio da klubean azken inbertsioa egin duen kidea eta kirol merkea dela ziurtatu du: “Baina merkealdian erosi zuen materiala, horrek ez du balio!”, dio Anak txantxetan.
Teorian, horrek balio du, erositako material hori txapelketarako behar bezala homologatuta baldin badago. Arturok berak utzitako burdinazko bolekin jokatu du lau urtez. “Bola horiek berezitasun bat dute”, dio Arturok. “Sirena baten irudia izateaz gainera, Europan zenbaki hori daraman bola bakarra dago”. Arturok azaldu du bola bakoitzak serie-zenbaki bat duela, auto baten matrikula bezala.

Bola-joko batek burdinazko hiru bola eta bola txiki bat dakartza eta, salbuespenak salbuespen, poltsiko guztietarako prezioak topa daitezke lehen eta bigarren eskuko merkatuan: “Gainera, kontuan hartu behar da tamaina eta pisu ezberdineko bolak daudela, eta eskuaren tamainaren arabera hautatu behar dira bola-jokoak”, azpimarratu du Peiok. Galdakoztarrak 45 euro ordaindu zituen bere bola-jokoagatik baina beherapen barik 90 euro balio zuen. Prezio horretatik gora eskuratu daitezke.
“Hego Uribe eskualdeko taldeetan denok ezagutzen dugu elkar”, azaldu du Arturok, eta segundo batzuetara Jon Gordilloren izena agertu da elkarrizketan. Aurpegia aldatu zaie kideei, Galdakaon, Basaurin eta eskualde osoan ospe ona zuelako kirolari galdakoztarrak.
Gordillok petanka sustraitu zuen eskualdean eta bertako jokalariak elkartzearen arduraduna izan zen. Minbizia detektatu zioten Joni pandemian zehar eta urte eta erdira zendu zen, senideen, lagunen eta petankaren munduan hutsune nabarmena utziz: “Denok ezagutzen genuen Gordillo”, dio Rodríguezek. “Oso jokalari ona zen eta arratsaldeetan hona etorri ohi zen entrenamendu saioetara”.
Oztopoak eta konpetentzia
“Artunduaga klubak duen arazorik handiena etxetik kanpo jokatu behar ditugun txapelketetan izan ohi da, gure artean adosteko arazoak ditugulako, alde batetik, eta gaur egun emakumezkoen presentziari garrantzi handia ematen ari zaiolako, bestetik. Petankan gero eta kasu gehiago ikusten ari dira azken urteetan”, gehitu du Wenceslaok.

Artunduagako klubaren kasuan esku bakarrarekin zenbatu daitezke emakumeak: Pili, Aurori, Blanca, Ana eta Ameli. Kide guztien laurdena da zifra hori. Azaldutako guztiari koronabirusak eragindako errealitate berriaren egoera gehitu behar zaio. 2020ko pandemiak petankaren osasuna “modu nabarmenean” kaltetu zuela azaldu du Peiok: “Pandemia igaro osteko berpizkundea oso motela izan zen, eta izaten ari da oraindik ere. Aurten, poliki-poliki martxa hartzen ari gara baina ez dugu normaltasuna guztiz eskuratu”.
Frantzian, berriz, ez dago petankan jokatzeko arazorik eta ez da existitzen ospe txarrik, ezta pandemiaren osteko eraginik ere. Petankaren sehaska da eta erlijioak adineko pisua dauka, ia-ia. “‘Frantziako petanka’ hitz potoloak dira”, dio Wenceslaok. Kirol nazionala da, eta bistan da nork praktikatzen duen: “San Antonioko txapelketetan Frantziako hiru andre zahar egon ohi ziren petanka partidetan, duela urte asko”, gogoratu du Wenceslaok.
“Garai hartan nire amaren adina zeukaten eta auzotarrek zioten eskuan bolak zituztela jaio zirela”. Barre egiten du. “Begiak itxita ere bolak nahi zituzten lekuan ipintzen zituzten. Gaur egun ez da horrelakorik ikusten petanka lehiaketetan eta pena handia ematen du horrek”. Wenceslaoren arabera 20 partida inguru jokatzen zituzten antzina eskualdean eta gaur egun, bizpahiru, gehienez jota.

Urteek aurrera egin ahala, eta herriko kirol elkarte gehiagorekin gertatu bezala, diru-laguntzek behera egin dutela azaldu du Lafuentek: “Ez da kritika bat, elkarte guztiei gertatu zaie, baina esan beharrekoa da jasotzen dugun diru-laguntzarekin ezer gutxi egin dezakegula”.
Azken urteetan 700 euroko diru-laguntza jasotzen du klubak urtero: “Federatuen fitxetara 400 euro bideratzen ditugu kideen kuoten bidez baina 700 euro horiekin ezer gutxi egin dezakegu txapelketak edo bestelako jarduerak antolatzeko. Alde handia dago hasierako urteetan ematen zizkiguten 3.000 euroekin alderatuta”. Hasierako aurrekontu horiekin txapelketa gehiago antolatzen zituzten klubekoek.
Askok diote petanka desagertzeko zorian dagoen kirola dela eta klub asko, nolabait gaur egungo eskaeretara moldatzearren, eskola kirolera moldatzen saiatzen dira, batere erraza ez bada ere: “Basauriko eskoletan petankaren inguruko hastapenak irakasteko prest egongo ginateke”, dio Wenceslaok.

“Baina gaztetxoek baloia daukate buruan soilik, ez dute harago ikusten eta beste guztiak zeharo aspertzen ditu”. Anak dio, hala ere dena ez dagoela guztiz galduta: “Futbol partidak egiten direnean eta gu petanka pistetan jokatzen gaudenean, gaztetxo asko hurbiltzen dira gure partidak ikusten: interesa daukate eta gustatzen zaie”.
Hala ere, gauza bat kirola gustukoa izatea da eta bestea, kirola jarraikortasunez praktikatzea. “Petankak aldaketa sakon bat izan behar du bizirauten jarraitzeko” dio Wenceslaok. Erretiratuaren arabera, Etxebarriko San Antonion jokatzen dira partida gehienak gaur egun eta hala ere, “ez dira hainbeste antolatzen”.
Galdakaoko Mozoilo klubak hainbat lehiaketa antolatzen ditu urtero Peioren hitzetan: “Baina benetan erreta daude ez dutelako petankarako azpiegiturarik: sortu ziren lehen momentutik izan dute borroka hori”.
☉ Basauri
Jokalari hauek dira 2026ko Basauriko Selekziorako hautatuak

Mikel Rodriguez Basauriko Selekzioko gizonezkoen futbol entrenatzaileak hautatu ditu dagoeneko aurtengo jokalariak. Guztira 22 jokalari hautatu ditu Rodriguezek.
Asier Iragorri alkateak eta Jon Zugazagoitia Kirol arloko zinegotziak etapa honetaz “ahalik eta gehien gozatzea eta Basauri harrotasunez ordezkatzea” animatu dituzte jokalariak.
Jokalari hauek osatzen dute 2026ko Basauriko Selekzioa: Alvaro Alonso, Markel Gomez, Jaider Felipe Cano, Mohamed Yaraahallah Salek, Eder Ribote, Enaitz Alejo, Ibai Cobelo, Alex Molina, Endika Charterina, Aratz Carromero, Markel Carazo, Asier De La Fuente, Markel Gomez, Kepa Perez, Erik Del Rio, Ander Azkueta, Mikel Llano, Julen Etxebarria, Julen Vargas, Iker Navaridas, Alex Moreno eta Oier Barrero.
☉ Basauri
Korrika jaia antolatu dute martxoaren 14an San Migelen, Basaurin
Pankarta pintaketa, San Migel Kantari, bazkaria, pilota partidak, Bertso Pilota eta gurdi-poteoa antolatu dituzte

Martxoaren 14an, larunbatez, Korrika jaia antolatuko dute San Migelen, Basaurin. Otsailean GEURIAn aurreratu bezala, Korrikaren aldeko bazkaria izango da Sofia Taramona ikastetxeko jolastokian, baina ez da ekitaldi bakarra izango.
Egunari hasiera emango diote 12:00etan umeen pankarta pintaketarekin eta korrikaldi txikiarekin. Ondoren, San Migel Kantari taldearekin tabernaz taberna kalejira antolatu dute.
Eguerdian, kuestazio mahaia jarriko dute eta herritarrek Korrika materiala erosteko aukera izango dute.
Bazkaria eta gero, umeen pilota partidak izango dira frontoian, eta horien ostean, Bertso Pilota izango da Lizaso, Erasun, Goñi eta Urruzola pilotariekin eta Arkaitz Estiballes eta Nerea Elustondo bertsolariekin.
Eta gauari hasiera emateko, gurdi-poteoa antolatu dute herriko kaleetatik.
Egitaraua | Korrika Kulturala San Migelen
Martxoak 14, larunbata
12:00 Umeen pakarta pintaketa eta korrikaldia Ixatxak parkean
12:30 San Migel Kantari Elexalde tabernan
13:30 Kuestazio mahaia eta Korrika materiala Laboral zaharrean
14:30 Korrika bazkaria Sofia Taramona ikastetxean
18:00 Umeen pilota partidak frontoian
18:30 Bertso Pilota: Lizaso-Erasun vs Goñi-Urruzola. Arkaitz Estiballes-Nerea Elustondo
20:00 Gurdi-poteoa Elexalde tabernatik
☉ Basauri
Basaurin eskola-sukaldea jartzeko kudeaketa “bizkortzea” eskatu die EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Udalari

Iazko ekainean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarri zuen eskola-sukalde bat jarriko zuela martxan Basaurin 2025-2026 ikasturtean, inguruko bederatzi ikastetxe publikori zerbitzu emateko.
Basauriko ikastetxeetako Guraso Elkarteen urteetako aldarrikapena da, baina oraindik horren berririk ez dutela salatu dute. “Eta, gainera, azaroan eta abenduan zomorroak agertu ziren ikasleen plateretan”, salatu zuten Basauriko familiek martxoaren 4an Ibaigane Kultur Etxean egin zuten bileran.
Guraso Elkarteek eskatzen dute ikastetxe publiko bakoitzean bazkariak sukaldatzeko sukaldeak egokitzea, baina Eusko Jaurlaritzak zonaldekoaren alde egiten badu, kalitatea handitzea eskatzen dute: “Hala ere, susmoa daukagu zonaldeko sukaldea eraiki arren, bertan esleituko duten zerbitzua kateringa izango dela berriro”.
Marko horretan, Basauriko EH Bilduk eskola-sukalde zentralaren ezarpenaren atzerapena salatu du.
“EH Bilduren ustez bereziki larria da Guraso Elkarteek berriro ere gurasoekin bilerak planteatu behar izatea eta Hezkuntza Sailaren jardun faltaren aurrean kexa publikoak egitea; izan ere, iragarpenak egiten jarraitzen du baina ez du inolako zehaztasunik aurkezten”, diote talde subiranistatik.
Ildo horretan, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Basauriko Udalari eskatu die beharrezko kudeaketak “bizkortzea”, “2026-2027 ikasturtearen hasieran sukaldea ikastetxeetan errealitate izan dadin”, diote.
☉ Basauri
Marina Landak Aria taldearekin kontzertua emango du martxoan Social Antzokian

Marina Landa buru duen Aria taldeak kontzertua emango du martxoaren 12an, ostegunez, 20:00etan Social Antzokian.
Taldearen azken diskoak aurrera begiratzeko beharra islatzen du.
Sarrerak salgai daude 6 euroan, eta Social Antzokiko bazkideek doan gozatu ahalko dute kontzertuaz.
☉ Basauri
Bideoa | Silvia Gomez, Ekain Perrinoren ama: “Epaiketan bizi izan duguna oso gogorra izan da”
2021eko eraso homofoboaren epaiketak lau saio izango ditu: gaur izan da lehena eta Ekain berak eta lekuko batzuek deklaratu dute epailearen aurrean

Bost urte eta gero, Basaurin gertatutako eraso homofoboaren epaiketa hasi da gaur. Eta, Ekain Perrinori eta bere familiari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Basauriko Bentako plazan [hemen argazkiak]
Elkarretaratzean izan dira Ekainen senideak, eta GEURIAn Silvia Gomez bere amarekin berba egiteko aukera izan dugu: “Epaiketan bizi izan duguna oso gogorra izan da”.
Ekain lehenengoa izan da epailearen aurrean deklaratzen eta ondoren erasoa ikusi zuten lekukoek eman dute euren testigantza. Erasoa egitea leporatuta 11 pertsonak deklaratuko dute martxoaren 11n.











