Sareak

☉ Basauri

28 urteko gizon bat atxilotu dute Basaurin, ustez, pertsona bati eraso egiteagatik

Ezbeharra 03:30-04:00ak aldera gertatu da, goizaldean, Juan XXIII kalean. Ustezko erasotzailea aske utzi dute pare bat orduren buruan

|

Gaur, goizaldeko 03:30-04:00ak inguruan, 28 urteko gizon bat atxilotu dute Basauriko Juan XXIII kalean “ustez, beste pertsona batzuk mehatxatu eta erasotzeagatik”. Basauriko Poliziako ordezkariek GEURIAri azaldu diotenez, bultzada baten ondoren, beste lagun bat lurrera bota du. Anbulantziak zauritutako pertsona artatu du, larritasun txikiko kolpeagatik. Ustezko erasotzailea, berriz, atxilotu egin dute, baina pare bat orduren buruan aske utzi dute.

☉ Basauri

Artunduaga Atletismo Taldea lehen aldiz lehiatuko da Espainiako kluben arteko txapelketan

Basauriko Artunduaga Atletismo Taldea lehen aldiz sailkatu da Espainiako kluben arteko txapelketarako. Txapelketa ekainaren 3an eta 4an izango da Camargon (Kantabria) eta Durangon (Bizkaia)

|

Celia de Miguel atleta argazkian // Artunduaga Atletismo Taldea

Basauriko Artunduaga Atletismo Taldea lehen aldiz sailkatu da Espainiako kluben arteko txapelketarako. Txapelketa asteburu honetan izango da, ekainaren 3an eta 4an, Camargon (Kantabria) eta Durangon (Bizkaia).

“Zaila da Espainiako kluben arteko txapelketan parte hartzea; izan ere, kluben arteko lehiaketek hainbat modalitatetako atleten parte-hartzea eskatzen baitute”, adierazi dio GEURIAri Yaiza Perez Garcia Artunduagako entranatzaileak. “Gizonezkoen zein emakumezkoen kategorietan sailkatu gara: mutilak ekainaren 3an lehiatuko dira Camargon 15:40etik aurrera eta neskak ekainaren 4an Durangon 10:00etatik aurrera”.

Artunduaga klubeko 40 atleta inguruk hartuko dute parte kluben arteko Espainiako txapelketan. Hauek parte-hartzaileak:

Parte-hartzaileak

  • Unai Alvarez: 100 metro
  • Celia de Miguel: 100 metro
  • Luca Etxebarria: 200 metro
  • Irene Adames: 200 metro
  • Hamza Habyb: 400 metro
  • Irune Martin: 400 metro
  • Cristian Castro: 800 metro
  • Helene Fernandez: 800 metro
  • Abderrahim Mouloud: 1500 metro
  • Angela de Miguel: 1500 metro
  • Asier Castaño: 3000 metro
  • Eva Fernandez: 3000 metro
  • Joel Alonso: 3000 metro oztopo
  • Begoña Feijoo: 3000 metro oztopo
  • Sabin Luja: 400 metro hesidun
  • Itxaso Peña: 400 metro hesidun
  • Gaizka Arconada: 110 metro hesidun
  • Jone Escribano: 100 metro hesidun
  • Ugaitz Madariaga: luzera-jauzia
  • Ziahara Ilana: luzera-jauzia
  • Alvaro Calvo: jauzi hirukoitza
  • Laida Gonzalez: jauzi hirukoitza
  • Mikel Elizburu: altuera jauzia
  • Aizne Morante: altuera jauzia
  • Endika Fernandez: pertika
  • Janire Cortes: pertika
  • Ekain Lertxundi: pisu jaurtiketa
  • Ane Cea: pisu jaurtiketa
  • Oier Rodriguez: xabalina
  • Edurne Fernandez: xabalina
  • Juanjo de Campos: mailu-jaurtiketa
  • Andrea de Campos: mailu-jaurtiketa
  • Mikel Lertxundi: disko jaurtiketa
  • Izaro Lopez: disko jaurtiketa
  • Alfonso Pina: 5000 metro martxa
  • Nerea Molina: 5000 metro martxa
  • Nahikari Quintanilla, Janire Cortes, Yaiza Perez eta Jone Escribano: 4×100
  • Ugaitz Madariaga, Luca Etxebarria, Gaizka Arconada eta Mikel Elizburu: 4×100
  • Itxaso Peña, Irene Adames, Celia de Miguel eta Irune Martin: 4×400
  • Sabin Luja, Endika Fernandez, Cristian Castro eta Unax Martin: 4×400

“Denboraldi bikaina”

Artunduaga Atletismo Taldea bere onenean dagoela adierazi digu Yaiza Perez entrenatzaileak: “Oso pozik gaude gure atletek aurten egin duten denboraldiarekin. Denboraldi bikaina ari da izaten”. Hain zuzen ere, Celia de Miguel eta Arielle Antoinette atletek egindako markak goraipatu ditu Perezek: “Celiak 20 urtez azpiko Heptatlonean (apirilak 29-30) 4.493 puntu lortu ditu aurten, eta Ariellek Bizkaiko eta Euskadiko errekorra hautsi du pisu eta disko jaurtiketan, 16 urtetik azpiko mailan: 12.38 (Bizkaia) eta 38.97 (Euskadi)”.

“Klubak harrobi oso gaztea du eta oso ona, eta gainera, aniztasun handia dago taldean: beteranoetatik oso gaztetxoenetara, desgaitasunen bat duten atletak… Zehazki, Javi Conde klubeko batzuek Artunduagarekin ere lehiatzen dira”, dio Perezek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Erein eta Maialen Ibarraren kontzertuak egongo dira San Migelgo lehen Gazte Egunean

Bihar, ekainak 3, ospatuko dute San Migelgo lehen Gazte Eguna. Hitzaldia, kirol txapelketak, bazkari herrikoia eta bingoa prestatuko dituzte antolatzaileek Castilnovo plazan

|

Erein eta Maialen Ibarra // Geuria

Bihar, ekainak 3, ospatuko dute San Migelgo lehen Gazte Eguna. Hitzaldia, kirol txapelketak, bazkari herrikoia eta bingoa prestatuko dituzte antolatzaileek Castilnovo plazan, 11:30etik hasita. Arratsaldean, 17.00etatik aurrera, Erein eta Maialen Ibarraren kontzertuak egongo dira, eta 19:00etan, tabernetatik zehar karropoteoa egingo dute gazteek.

SAN MIGELGO GAZTE EGUNA, 2023 | PROGRAMAZIOA

11:30. Hitzaldia: Gazte eguna, zertarako?
Gazte problematika eta aisialdirako espazioen beharra
12:30. Kirolak: Palo txapelketa kantxetan
Ping pong eta Olinpiadak
14:30. Bazkaria: 8 euro (Umeak: 5 euro)
Gero, bingoa egongo da
*Bazkarirako tiketak Elexalde eta Alzaga tabernetan daude salgai
17:00. Kontzertuak: Erein eta Maialen Ibarra
19:00. Karropoteoa tabernetatik

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Basauri ikastetxeko jantokiko langileek lanuztea egin dute gaur hitzarmena berritzea xede

Jantokiko langileen arabera, euren hitzarmena izoztuta dago 2020tik eta horixe bera borrokatzeko bildu dira gaurko lanuztean

|

Gaur ez da ez jantoki ez autobus zerbitzurik izango Basauri ikastetxean, bertako langileek lanuztea egin dutelako zentroaren sarreran bertan. “Urteak daramatzagu kolektibitateen hitzarmen propioaren aldeko borrokan”, aldarrikatu dute ikastetxearen aurrean bildu diren 15 langilek. Langile horiei Bizkaiko Ostalaritzaren hitzarmena aplikatzen zaie gaur egun.

“Gure soldatak aldarrikatzeko bildu gara ikastetxeko atean gaur”, azaldu dio Marina Coello jantokiko langileak GEURIAri. “Jantokiko langileen hitzarmena izoztuta dago 2020tik eta horixe bera borrokatzeko bildu gara gaurko lanuztean”.

“Jantokiko langileen hitzarmena izoztuta dago 2020tik eta horixe bera borrokatzeko bildu gara gaurko lanuztean”

LABek, ELAk CCOOek eta UGTk deitutako lanuzte honetan, Kolektibitatearen hitzarmen proio berria eskatzeaz gainera, laneko osasuna eta “nahitaez hobetu beharreko lizentziak” eskatu dituzte.

Gaurkoa lantaldearen lehen lanuztea izan dela azaldu dute langileek eta egoerak berdin jarraituz gero mobilizazio berriak deituko dituztela iragarri diote GEURIAri.

Jantokiko langileak, gaurko lanuztean // Geuria

Osorik irakurri

☉ Basauri

Amelia Barquín: “Eskolara heltzen diren haurren familiak askotan egoera ekonomiko zailean bizi dira”

Gaurkoan estereotipoak eta aurreiritziak landuko ditu adituak, baita kulturartekotasuna erakustea aniztasuna kudeatzeko eredu gisa, hori gertatzeko protokoloak, mekanismoak eta praktikak planteatuz

|

Amelia Barquín // Utzitakoa

Amelia Barquín  hispaniar filologian doktoreak (Bilbo, 1965) ‘Kulturartekotasuna ikastetxeetan aniztasuna kudeatzeko eredu gisa’ izeneko hitzaldia eskainiko du gaur Basauriko Arizko Dorretxean. Barquín Mondragon Unibertsitateko kulturarteko hezkuntzan irakaslea eta ELEAren koordinatzailea da. Gaurkoan estereotipoak eta aurreiritziak landuko ditu adituak, baita kulturartekotasuna erakustea aniztasuna kudeatzeko eredu gisa, hori gertatzeko protokoloak, mekanismoak eta praktikak planteatuz. Berarekin berba egiteko tartetxoa izan du GEURIAk.

Nola jorratzen ari gara Kulturartekotasuna ikastetxeetan gaur egun? Kulturartekotasuna ikastetxeetan nola jorratzen ari garen jakiteko, lehenik eta behin kulturartekotasuna zer den jakitea garrantzitsua da.

Eta zer da berez? Ezaugarri kultural ezberdinak dituzten pertsonen arteko harremanak direla esan daiteke, baina ez dira soilik atzerritik etorri direnenak; dagoeneko, badira hemen jaio diren atzerritarren familiako umeak eta euren ezaugarri jakin batzuk ez dira hegemonikoak edo gehienek dituztenak. Ume, gazte eta heldu batzuek etxean egiten duten hizkuntza ez da hemen daukagun hizkuntza ofiziala. Era berean, praktikatzen duten erlijioa askotan ez da bertakoa. Hemen jaio dira baina ezaugarri horiek dituzte. Honek esan nahi du kulturartekotasunak ez duela zertan etorkinekin lotuta egon.

Nola jorratu behar da gai hau hezkuntzan? Aniztasun kulturala duten ikastetxeek kulturartekotasun hori jorratzen ikasten ari dira. Baina ez guztiak, zentro guztiek ez dutelako aniztasun hau. Jakina da segregazioa gure hezkuntza sistemaren ezaugarri tamalgarri bat dela eta ondorioz ikastetxe batzuek ez dira hori ikasten ari, kultura aniztasun hori ez daukatelako. Prozesu horretako ikastetxeetako irakasleak oso inplikatuta daude, oro har.

Bestalde, ‘kultur’ osagaiak garrantzi handia hartu du baina kasu batzuetan garrantzitsuagoa izaten da pertsonen egoera sozio-ekonomikoa. Eskolara heltzen diren haurrak eta familiak ez dira zertan “kulturalki oso ezberdinak” izan behar; askotan egoera ekonomiko zailean bizi diren pertsonak izan ohi dira: dokumentazio gabeko umeak eta gazteak, lan prekarioak dituzten familien seme-alabak, diskriminazioa pairatzen duten familietako umeak… Horiek, alderdi kulturalak baino, sozio-ekonomikoak dira, eta biak bereiztea garrantzitsua da, bakoitzak bere ondorioak dituelako. Honekin guztiarekin egin behar dute lan ikastetxeek.

Asmatzen ari gara edo ez gaur egungo hezkuntza ereduarekin? Ikusiko dugu etorkizunean. Momentuz ez dugu ikusten nabarmenki aldatzen ari denik. Eusko Jaurlaritzak neurri batzuk hartu ditu ikasturte honetan eta ikusi beharko dugu horiek nolako ondorio eta emaitza ekarriko dituzten. Momentura arte esan daiteke segregazioa urtez urte areagotu dela, 10 urte baino gehiago detektatuta eta salatuta badago ere.

Zurrumurruen Aurkako Plataformako topaketa, Basauriko Basozelain Gizarte Etxean // Geuria

Hizkuntzari dagokionez, zein da euskararen ereduaren egoera kulturartekotasunaren esparruan?  Momentu honetan familia atzerritarren seme-alaba gehienak eskola publikoko D ereduan daude. Ondo egin beharreko erronka garrantzitsua da eta gizartearen erabateko inplikazioaren beharra dauka, gauzak gaizki egiteko arriskua baitago: ikasle batzuk zentro jakin batzuetara bidaltzen baditugu, denak elkarrekin, euskara ikasten baina euskaldunik gabe, inolako baliabiderik gabe, eskolatik kanpoko aisialdi egoeretan familia euskaldun autoktono euskaldunekin nahastu barik… eskolatik kanpo desabantaila areagotzen bada, ez da nahikoa etorkinen seme-alabak D ereduan ikasten bultzatzea euskararen alde. Gauza gehiago egin behar dira! Kontuan izan beharrekoa da gaur egun praktika on eta interesgarriak ditugula ikastetxe askotan.

“Eskolatik kanpo desabantaila areagotzen bada, ez da nahikoa etorkinen seme-alabak D ereduan ikasten bultzatzea euskararen alde”

Ohituta gaude gaur egun bi egoera hauek ikustera: elebakarrak eta elebakardadea alde batetik eta eleaniztasuna bestetik, bertako hizkuntza oinarri. Hala da? Orain arte ezagutu dugun egoera izan da hori. Estatutik kanpo jendea etorri baino lehen eskolara joan diren ume gehienak elebakarrak izan dira, euren etxeetan hizkuntza bakarrean mintzatzen zirelako (gaztelaniaz). Familia autoktono elebakarren seme-alabak ziren, hain zuzen ere. Eskoletan, murgiltze ereduari esker ume horiek euskara ezagutu dute eta asmoa horixe hobetu behar dugu: ikasleek hobeto ikas dezaten.

Bestalde, eskolako eta eskolatik kanpoko erabileraren erronka dago. Gure murgiltze eredua, zentzu tradizionalean, horretarako izan da: hizkuntza hegemonikoa soilik zutenek euskaran murgiltzeko. Eskolak printzipioz, badaki hori egiten. Baina orain, guraso migratzaileak dituzten seme-alaba euskal herritarrak daude eta urte birekin euren jatorrizko hizkuntza eta euskara barneratzen dituzte.

Eta bestelako erronkarik dauka euskarak gaur egun kulturartekotasunaren alde? Bai: esaterako, gaur egun aisialdia gero eta konektatuagoa dago pantaila txikien erabilerarekin. Ume guztiek denbora piloa igarotzen dute pantaila txikien aurrean: telefonoa, bideojokoak, tabletak… kontsumo kultural horretako alde handi bat gaztelaniaz egiten ari dira, baita inglesez ere, baina ez euskaraz. Hori da gaur egungo kultura eskaintza, eta Youtuberrak, streammerrak edo influencerrak, orokorrean, nagusi dira errealitate berri honetan. Horregatik esaten da aisialdiaren esparruan erronka handia daukala euskarak. Hori dela eta, aisialdi antolatua babestu behar dugu umeek euskarazko aisialdiaz gozatu eta pantailen mundu horretatik irteteko.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Álvaro Jimenezek (Javi Conde Atletismo Kluba) errekorra hautsi du Kluben Arteko Txapelketan, Basaurin

Aurtengoa 25. edizioan 8 marka absolutu hautsi dituzte klubetako kirolariek Artunduaga kiroldegiko atletismo pistan eta horien artean dugu Javi Conde Atletismo Klubeko basauriarra

|

Álvaro Jimenez, podiumean // Utzitakoa

Javi Conde Atletismo Klubak Espainiako Txapeldun Paralinpikoaren titulua berretsi du beste urte batez joan den asteburuan Basaurin antolatutako Meeting proban. “Poz-pozik gaude asteburuko lorpenarekin”, azaldu dio Javi Conde ‘Javi Conde Atletismo Klubeko’ presidenteak GEURIA komunikabideari. “Bigarren urtea da titulu hau berresten dugula eta gure kirolariak harro daude txapelketa irabazi izanagatik”. Izan ere, iaz Gijonen irabazitako titulua berretsi dute.

Asteburuko hiru jardunaldietan Espainiako 8 marka absolutu hautsi dituzte klubetako kirolariek Artunduaga kiroldegiko atletismo pistan, eta horien artean Javi Conde Atletismo Klubeko Álvaro Jimenez basauriarra dago (Malaga, 2000). Espainiako errekorra hautsi du Álvarok pisu-jaurtiketan (8.39 m). Gaur bertan berarekin berba egiteko aukera izan du GEURIA komunikabideak, gimnasioan entrenamendua egiten zuen bitartean: “Zoragarria da Javi Conde Klubarekin marka hau hautsi izana”, azaldu digu kirolariak. “Inklusioaren adierazle handiena da niretzat talde hau”. Kirolariaren hitzetan Basauriko Meeting probak garrantzia dauka, baina baita Espainiako Kluben Arteko Txapelketak ere: “Estatu mailan txapelketa garrantzitsuena da guretzat”, izan dira kirolariaren berbak.

Basaurikoak bospasei egun eskaintzen dizkio pisu-jaurtiketari, 10-12 ordu ingurutan itzulita, eta pasio hau bere ikasketekin uztartetzen ditu: gaur egun ingeniaritza zibileko ikasketetan dihardu Jimenezek Euskal Herriko Unibertsitatean, Bilbon.

Javi Conde Atletismo Klubaren kirolariak, asteburu honetan, Artunduagan // Javi Conde Atletismo Kluba

Basauriko taldearen atzetik Madrilgo Run For You eta Mallorkako Illers Balears XT taldeak izan dira. Mallorcako Illers Balears XT taldea izan da Mallorcako taldearen “sorpresa” nagusia asteburu honetan.

“Egunez egun, lehiaketaz lehiaketa, gure taldekoek pistan edo zirkuituan duten jarduna eliteko edozein atletaren mailan dagoela erakusten dute. Urratsez urrats lortu dugu ezgaitasunak dituzten eta ez dituzten atleten lehiaketa normaltzat hartzea proba berberetan”, azaldu dute Javi Conde Atletismo Klubetik.

Basauriko Meeting Probak 88 klubetako 300 atleta ekarriko ditu Basaurira asteburuan

Osorik irakurri