→Basauri

Basauri erdiguneko berdegune berria prest egongo da 2020rako

Basauri erdigunea eraberritzeari ekingo diote martxoan eta modu horretan San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe eraldatzeko planean esku hartzen hasiko da Udala.

Pozokoetxe eraberritzeko lehen faseko obrak martxoan hasiko dituzte // Argazkia: Geuria

Basauri erdigunea eraberritzeari ekingo diote martxoan eta modu horretan San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe eraldatzeko planean esku hartzen hasiko da Udala. Hain zuzen ere, Pozokoetxe auzoko etorkizuneko parkea eraikitzeko lehen faseko obrak abiaraziko dituzte martxoa hasieran eta aurreikuspenen arabera obrak bederatzi hilabetez luzatuko dira. Hortaz, 2020rako bukatuta egongo da obren lehen fasea. Udalak 615.030 euro inbertituko ditu lehen fase horretan.

Proiektuaren arabera, Pozokoetxeko bide-horma bota, bertan ezponda bat eraiki, Erronkari Ibarra kalean ezpaloi berria egin, gune berdeak eta ekologikoak sortu eta Pozokoetxetik erdigunera joateko bide berriak eratuko dituzte lehenengo fasean. Era berean, saneamendu-sare berria eta argiteria jarriko dituzte, eta aparkaleku berriak ipiniko dituzte Erronkari Ibarra kalean, trabes aparkatzeko. Esku hartzea Pozokoetxeko trenbide multzoa zegoen zati batean izango da. Hau da, oraingoz mantendu egingo dituzte behin behineko bi aparkalekuak, eta obrak Pozokoetxe ondoko zatian burutuko dituzte.

Lehen faseari dagokion esku-hartzea // Argazkia: Basauriko Udala

“Esku-hartze oso garrantzitsua izango da Basaurirentzat. Izan ere, erabilera publikoko gune berri bat sortzea ahalbidetuko du, eta Pozokoetxeko auzotarrek erdigunera joateko zuzeneko bidea zabalik izango dute”, dio Nerea Renteria Basauriko Udaleko Hirigintzako zinegotziak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak