→Basauri

Pozokoetxen beste 80 etxebizitza eraikitzeko lurzati bat salduko du Basauriko Udalak, 8 milioi euroan

Pozokoetxen beste 80 etxebizitza eraikitzea adostu du Basauriko udalbatzak. Hain zuzen ere, Pozokoetxeko RE-8 delako lurzatia lehiaketa publiko bidez 8 milioi euroan saltzea onartu dute udal ordezkariek

Pozokoetxe, artxiboko irudia // Geuria

Pozokoetxen beste 80 etxebizitza eraikitzea adostu du Basauriko udalbatzak. Hain zuzen ere, Pozokoetxeko RE-8 delako lurzatia lehiaketa publiko bidez 8 milioi euroan saltzea onartu dute udal ordezkariek.
“Lursail hori saltzeagatik Basauriko Udalak azkenean jasoko dituen diru-sarrerak San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko Hiri Berroneratze Planarekin aurrera egiten jarraitzeko erabiliko dira; izan ere, jarduketa-eremu horretan berrinbertituko dira azpiegiturak hobetzeko, berriz urbanizatzeko, espazio publikoak sortzeko, oinezkoentzako loturak eta pasabideak egiteko, birkokatzeak eta abar egiteko”, dio Asier Iragorri alkateak.

150 aparkaleku berri

Ildo berean, lizitazio prozesua zabaldu du Udalak Pozokoetxe, Agirre Lehendakaria eta Bidebieta trenbidearen azpiko igarobidea berritzeko 222.000 euroko aurrekontuagaz. “Enpresa adjudikaziodunak kontuan izan beharko du Basauriko Udalak Pozokoetxeko RE-9 partzela enkantean jarri duela lehiaketa publikoaren bidez, bertan 32 etxebizitza libre, trastelekuak eta garajeak egiteko, eta laster RE-8 partzela ere enkantean jarriko duela, bertan 80 etxebizitza eraikitzeko, eta, ondoren RE-7 partzela, beste 32 etxebizitza eraikitzeko ere”, azaldu dute udal ordezkariek. Esleipendun enpresak zenbait elementu finko definitu beharko ditu idatzi beharreko proiektuan: oinezkoen eta ibilgailuen ibilbideak, zoladurak, hiri-elementuak, urbanizazioak berezko dituen gainerako elementuak… Gainera, espazioak funtzio ugarikoa izan beharko du biztanleria-talde guztien lasaitasunarekin, erabilerarekin eta interakzio sozialarekin.
San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko Hiri Berrikuntzako Plan Berezian aurreikusi dutenez, 150 plaza inguruko lurpeko udal-aparkaleku bat eraikiko dute. “Kontratuaren xedea da proiektu tekniko bat idaztea, eta bertan biltzea batez ere Pozokoetxeko, trenbidearen azpiko igarobideko (Adif) eta Agirre Lehendakariaren hiribideko urbanizazioa, hori guztia San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko Hiri Berrikuntzako Plan Berezian proposatutako jarraibideen arabera”, azaldu dute Udaletik.
Horrela, Pozokoetxe berrirako dokumentu tekniko bat idaztea da Basauriko Udalaren helburua. Bertan, parkea nolakoa izango den zehaztu beharko du enpresa esleipendunak: berdeguneak eta egonlekuak adieraziz, parkea eta Bidebieta arteko konexioa zehaztuz eta zer nolako konfigurazioa izango duen geltokiaren inguruak eta Agirre Lehendakariaren hiribideko trenbidearen azpiko igarobideak, besteak beste. Enpresa horrek bere gain hartu beharko du 32 etxebizitzetako aparkaleku pribatuen eta udal-aparkalekuaren eraikuntza, eta, beraz, partzelaren irteera-prezioan kontuan hartuko da sustatzailearen betebehar hori.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak