→Basauri

Silitia talde bizkaitarrak 2023ko MAZ Basauri jaialdian joko du, Rockein lehiaketa irabazita

Silitia bikoteak irabazi du 2022ko Rockein lehiaketa // Rockein

Silitia bikote bizkaitarrak irabazi du Rockein musika lehiaketaren 10. edizioaren sari nagusia. Besteak beste, sari nagusiari esker honakoa egingo dute Xabier Barrutiak eta Ibai Silicatok: EP profesional bat grabatzea, ekoiztea eta masterizatzea, EParen 500 kopia editatzea CD euskarrian, bideoklip profesional bat grabatzea eta ekoitzea eta 2023ko MAZ Basaurin kontzertua ematea. Silitiak “60ko hamarkadako rock mistikoaren eta pop jostagarrienaren erreminiszentziak” dauzkala diote Rockeineko arduradunek.

Bestetik, Kasernak (Galdakao-Arrigorriaga) tokiko talderik onenaren saria irabazi du; euskarazko talderik onena Ginger punk-rock laukotea izan da (Zarautz); eta Arde Marte pop-elektronika bikoteak (Ezkerraldea) eraman du Eskarabilera saria. Ginger eta Arde Marte kategoria nagusiko finalistak izan ziren. Hiru talde hauek ere 2023ko MAZ Basauri jaialdian joko dute. Era berean, Gingerrek abesti bat grabatu eta ekoitziko du.

2022ko Rockeineko irabazle guztiak // Rockein

Aurten epaimahaia osatu dutenak izan dira: Alvaro Fierro musika kritikaria eta Kulturmetriako arduraduna; Ruth Manzano MIE Musika Industriaren Elkarteko koordinatzailea; Jon Agirrezabalaga musikaria eta soinu ekoizle-ingeniaria El Tigre Estudiosen (Bilbo); Olatz Allika MIE Musika Industriaren Elkarteko koordinatzailea; Iker Barbara MondoSonoro aldizkariko koordinatzailea (Euskal Herria-Errioxa); eta Jon Zugazagoitia Basauriko Udaleko Gazteria arloko zinegotzia.

Finala azaroaren 19an, larunbatez, izan zen Basauriko Social Antzokian. Sarrera doan, 170 gonbidapen banatu zituzten antzokiko leihatilan. Gainera, Rockeinen Youtube kanalean zuzenean emititu ziren emanaldiak, eta oraindik ere ikusgai daude kontzertuak.

6 finalista, 188 parte-hartzaile

Rockeineko finalean sei taldek edo bakarlarik jotzen dute zuzenean Social Antzokian. Aurten tokikoak diren Pelicanos (Basauri-Etxebarri), Erein (Arrigorriaga-Basauri) eta Kaserna (Galdakao-Arrigorriaga) taldeak, eta Ginger, Arde Marte eta Silitia taldeak kategoria nagusian igo dira Social Antzokiko eszenatokira.

Aurtengo edizioan, guztira, 188 artistak eman dute izena, zazpigarren urtez jarraian parte hartze marka gaindituz. Lehiaketa 2013an hasi zen martxan eta orduan 85 partaide bildu zituen: “Nerbioi-Ibaizabalen sortutako lehiaketa erreferente da Euskal Herri mailan, parte-hartze datuek, eta jasotako proposamenen berritzeko gaitasunak eta kalitateak erakusten dutenez. 2021arekin alderatuz, parte hartzaileen % 25a berriak dira”, diote antolatzaileek.

Rockein Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzendutako musika-lehiaketa da. Basauriko, Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko Udalek bultzatzen dute, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ere jasotzen du ekimenak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak