→Basauri

Baso autoktonoak sortzeko ikastaroa prestatu du Basaurin Sagarrak taldeak

Setemek eta Sagarrak Ekologistak Taldeak baso autoktonoak sortzeko ikastaroa prestatu dute azaroaren 5ean, 12an, 19an eta 26an, 10:00etatik 13:00etara Basozelai Gizarte Etxean eta Iruaretxeta mintegian

Baso autoktono baten lehen zuhaitzak, Txarrotan (Zaratamo) // Geuria

Setemek eta Sagarrak Ekologistak Taldeak baso autoktonoak sortzeko ikastaroa prestatu dute azaroaren 5ean, 12an, 19an eta 26an, 10:00etatik 13:00etara Basozelai Gizarte Etxean eta Iruaretxeta mintegian. Birika Permacultura elkarteko Jurgi Uriartek emango ditu tailerrak.
“Hiri-ingurunean, hiriko periferian edo landa-ingurunean baso autoktono bat modu ekologikoan sortzeko interesa duten pertsonei -16 urtetik gorakoei-, kolektiboei eta entitateei zuzenduko zaie ikastaroa”, azaldu dute Sagarraketik.
Antolakuntzakoek gehitu dute ikastaroan parte hartzeko ez dela beharrezkoa gai horren inguruan ezagutzarik izatea: “Saioetan baso autoktono baten atzean zer dagoen ikasiko dugu, haren konplexutasun eta landare-estratu ezberdin guztiekin. Aldi berean, klase praktikoetan, eskala txikian baso autoktono bat irudikatzen duen espazio bat sortzen ikasiko dugu, saiakera hori hirietako eta herrietako berdeguneetan berregiteko asmoz”.

Basoa, Buian // Geuria

Jarduera hauetan, besteak beste, inguruko basoetara irteerak egingo dituzte ere ekosistema “konplexu” mota horiek sortzen ikasteko. Gainera, 9 metro karratuko lanketa bat egingo dute ikastaroan benetako baso batean ematen diren eredu asko simulatzeko: “Tamaina txikiko baso horiek fauna erakar dezakete ere bai, adibidez, txoriak, erleak eta zizareak”.
Ikastaroan izena emateko edo zalantzak argitzeko bilbao@setem.org idatzi behar dute interesdunek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak