☉ Basauri
Sagarrak taldeak “ingurumenarekiko arduragabekeriagatik” salatuko du Basauriko Udala
Gaur egun, edozein pertsonak erabili dezake edukiontzi marroia Basaurin, eta bertan konpostagarriak ez diren hondakinak botatzeko aukera dago

Basauriko Sagarrak Ekologista Taldeak Udala salatuko du Eusko Jaurlaritza Sailan, antza, “ingurumenarekiko arduragabekeriagatik”. Gaur egun, materia organikoa birziklatzeko edukiontziak irekita daudela gogorarazi dute Basauriko ekologisten taldetik. Ondorio modura, edozein pertsonak erabili dezake edukiontzi marroia Basaurin, eta bertan konpostagarriak ez diren hondakinak botatzeko aukera dago.
“Ekainaren amaieran bi urte beteko dira materia organikorako edukiontziak irekita daudela”, azaldu dute Sagarraketik. “Giltza bidez irekitzeko sistema kentzeko arrazoia edukiontzi horietako erabiltzailearen kontrol digitala da. 2021eko udazkenerako martxan egon behar zuen kudeaketa-aldaketak oraindik egiteke dago. Denbora luze horretan, edukiontziak irekita egon dira eta mota guztietako hondakinak jaso ahal izan dituzte”, kexatu dira.
Sagarrak Ekologista Taldeko ordezkarien datuen arabera, 2021eko ekainetik 2021eko abendura, 2020an baino 83 tona gehiago bildu ziren edukiontzi marroietan. “Igoera hori ez dago justifikatuta parte hartzen duten familien gorakadarekin”, adierazi dute. “Urte horretan 66 familia gehiagok baino ez zuten izena eman bilketa-sistema horretan parte-hartzeko. Baina 2022ko datuak kezkagarriagoak dira: familia parte-hartzaileen igoera txikiagoa izanda (berrogeita lau familia gehiago) 2021ean baino 100 tona gehiago bildu dira edukiontzi horietan”.
“2021eko ekainetik 2021eko abendura, 2020an baino 83 tona gehiago bildu ziren edukiontzi marroietan”
Ekologistek “larria” bezala definitu dute egoera eta konponbideen bila jo dute Basauriko udalera auzo-elkarteetako ordezkariekin batera: “Denbora sobera egon da sortutako arazoa konpontzeko edo konpontzeko aldi baterako neurriak hartzeko. Gure ustez, administrazioak ez du, egin behar zuen bezala, dagokion erantzukizuna bete”.

Hondakin konpostagarriak, Bizkaiko Konpostegian // Jon Goikouria Larrabeiti
“Aitzindariak” hondakin organikoak birziklatzen
Basauriko Udalak “aitzindari” bezala definitu du bere burua hondakin organikoak birziklatzearen esparruan: “Legezko agindua baino askoz lehenago 5. edukiontzia ezarri zen, 2014an, legezko betebeharra 2022ko ekainaren 30a baino lehen edukitzea zenean. Hau da, 8 urte lehenago egin zen”, arrazoitu dute udal ordezkariek eta gaur egun arte “arau-urratzerik egon ez dela” ziurtatu dute: “Araudiak ez du behartzen edukiontziak itxita edukitzera; bilketa-eredu eraginkorrenak lehenetsi behar direla esaten da. Baina etorkizunean lortu beharreko helburua izanik, ez da betebehar zehatzik ezartzen epe jakin batekin”, jakinarazi diote udal informazio iturriek GEURIA komunikabideari.
2021ean arrain eta haragi hondakinak edukiontzi marroian botatzeko aukera ahalbidetu zuten eta Basauriko Udalaren arabera, hori izan daiteke edukiontzi marroietan izandako gorakadaren arrazoia: “Gerta liteke edukiontzi marroian bilketa-bolumen handiena 2021ean haragia eta arraina sartu zirelako edo beste faktore batzuengatik izatea”, adierazi dute, eta hondakin horien gehikuntza txartelen banaketarekin saihesten ez dela jakinarazi dute: “Txartelen erabilera okerra egin daiteke ere”. Basauriko Udalaren arabera, edukiontzi marroian hondakin desegokien % 20 ez gainditzeko helburua bete ez den konstantziarik ez dute: “Ez dugu horri buruzko oharrik jaso Artigasen aldetik”.
“Edukiontzi marroietan izandako gorakadaren arrazoia txartelen erabilera okerragatik egin daiteke ere”
Sagarrak Ekologista Taldeak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak bere zehapen-eskumenak erabiltzea eta arazo hori behin betiko ebatzi bitartean hartu beharreko behin-behineko neurriak hartzea eskatu du. Gainera, Ingurumen Sailak Basauriko Udalari materia organikoa berreskuratzeagatiko zabor-tasen hobariei buruz osoko bilkuran hartutako erabakia bete dezala eskatu diote Sagarraketik: “Akordio hori 2022an sartu behar zen indarrean. Horrela, familia horiek birziklatzearekin eta ingurumena zaintzearekin duten konpromisoa aitortzen da”.
☉ Basauri
Pediatra lanaldi osoan egotea eskatu dute San Migelen ehundik gora herritarrek

Kareagako eta San Migeleko pediatria zerbitzuetan Osakidetzak “murrizketa larriak” egin dituela salatu dute hainbatetan auzotarrek.
Zehazki, San Migeleko pediatrak irailean erretiroa hartu zuen. Auzotarrek askotan adierazi dutenez, ordura arte lanaldi osoan zegoen pediatra San Migeleko anbulatorioan, baina erretiroa hartu ondoren, beste pediatrarik kontratatu ez izana salatu dute.
Azken hilabeteetan Kareagako anbulatoriora lekualdatu behar izan dute sanmigeldarrek euren haurrekin. Kareagan bi pediatra zeuden lanaldi osoan, baina San Migeleko medikua jubilatu eta gero Kareagako pediatretako batek bere lanaldia erdibitu behar du bi osasun zentroen artean: 08:00etatik 10:30era Kareagan eta 11:00etatik 15:00etara San Migelen.
Barrualde-Galdakao ESIko zuzendaritzak adierazi du egoera “konponduta” dagoela: “Berrantolaketa horretarako beharrezkoak diren administrazio-izapideak burutzeko denbora behar izan da, baina aurreikusitakoaren arabera, abenduaren 1ean bertan profesional berri bat hasiko da lanean bi zentroetako jarduera pediatrikoa estaltzeko. Arreta egunero emango da, bai Basauri-Kareagako Osasun Zentroan, bai San Migelgo Kontsultategian, eta kupo pediatrikoen dimentsiora doituko da proportzionalki”.
San Migeleko auzotarrek lanaldi osoko pediatra eskatzen dute, eta gaur, abenduak 5, protesta egin dute anbulatorio aurrean: “Pediatra lanaldi osoan nahi dugu San Migeleko anbulatorioan”.
Sinadura bilketa
Bestetik, Kareaga, El Maño-Basozelai eta Bidebieta auzo elkarteak eta Kareagako eta Gazteluko ikastetxeetako guraso elkarteak euren “kezka” ere azaldu dute askotan: “Neurri honek zerbitzuaren kalitatea larriki okertzea dakar, zalantzarik gabe”.
Gauzka horrela, sinadura bilketa hasi dute Kareagako osasun zentroan, eta aurreratu dute ekintza gehiago egingo dituztela.
☉ Basauri
Basaurik 62,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2024an, aurten baino 3 milioi gehiago
Zumalakarregi kalea berrurbanizatzea eta Bizkotxalde parkearen birmoldaketaren lehen fasea izango dira esku-hartzerik handienak

Basauriko Udalak 62,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2024an, aurten baino % 6,1 gehiago (3,5 milioi euro gehiago). Besteak beste, igoera horren arrazoietako bat da Udalkutxatik jasoko duena Udalak; zehazki, 32,9 milioi euro, aurten baino 2 milioi gehigo (% 7,9 gehiago).
“Igoera horrek eta baliabide publikoak eraginkorki administratzeak aukera ematen digute udalerriaren eta basauritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuen hobekuntzan inbertitzen jarraitzeko”, dio Berta Montes Ogasun zinegotziak.
Aurrekontuaren zenbatekoa jakinda, udal gobernu taldeak (EAJ-PSE) aurrekontu proposamena aurkeztu du. Horren arabera, Gizarte Politika eta Zerbitzuetara 8,8 milioi euro bideratuko dituzte, “azken hamahiru urteetako kopururik handiena”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak. Datuak datu, 2022an 7,9 milioi euro bideratu zituzten, eta aurten 8,4 milioi.
Ildo horretan, udal gobernu taldeko ordezkarientzat ardatz estrategikoak izango dira pertsonen ongizatea eta babesa eta ekonomia-jardueraren sustapena.
“Goranzko bidean jarraitu du ere udalerriko biztanleria-talde handienetarikoa diren adinekoen atalaren aurrekontuak (guztira, 3,6 milioi euro; aurten baino 300.000 euro gehiago), bi helbururekin: alde batetik, zahartze aktibo baterako baliabideak bermatzea; bestetik, behar dituzten zaintza eta prestazioak ziurtatzea”, dio Iragorrik.

Berta Montes Ogasun zinegotzia eta Asier Iragorri alkatea // Basauriko Udala
Halaber, handitu egingo dituzte ekonomia-sustapena eta merkataritza bezalako arloen diru-partidak: “Gora egingo du beste behin Basauri Bonua egitasmoaren aurrekontuak. Hain zuzen ere, 2024an 300.000 euro bideratuiko ditugu, aurten baino 100.000 euro gehiago”, dio Iragorrik.
Oposizioko taldeek abenduaren 14ra arte dute epea aurrekontu proposamenari zuzenketak aurkezteko. Asmoa da 2024ko aurrekontua abenduako osoko bilkuran onartzea.
Hiru inbertsio nagusi
2024ko aurrekontuko inbertsioen artean daude Zumalakarregi kalearen berrurbanizazio integrala (1,6 milioi euro), Bizkotxalde parkearen birmoldaketaren lehen fasea (244.263 euro) eta Karmelo Torreko igogailu-proiektuaren idazketa (100.000 euro).
Basauriko alkateak adierazi du aurrekontu “ilusionagarri” bat dela, martxan jarriko dituen “inbertsio eta proiektu berriengatik”, eta “bermatu egingo ditu herritarren premiei erantzuten jarraitzeko eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko behar ditugun baliabideak”.
Bestetik, hiri-berrikuntzako eta auzoetako irisgarritasuna hobetzeko prozesuarekin jarraituko dutela adierazi dute udal ordezkariek: “Azken urteotan udalerriko hainbat tokitan esku hartu da, hala nola, San Fauston, Bidebietan eta Pozokoetxen, hirigintza berritzeko planaren esparruan”, dio Iragorrik.
Era berean, aisialdirako guneak handitzen eta hobetzen jarraituko dutela adierazi dute udal arduradunek: “Bizkotxalde parkea bezalako proiektuez gain, datozen hilabeteetan Basozelaiko haur-parkearen eta gimnastika-aparatuen eremuaren estaldurari ere helduko diogu”, dio Iragorrik.
Kirola bultzatzeari: 100.000 euro
2024an Kirolaren Europako Hiri izango da Basauri, eta udal arduradunek 100.000 euroko diru-partida gordeko dute, “kirola bultzatuko duten jarduera, proba eta ekitaldiak antolatzeko”. Kirolaren hiri izateak “bultzada” emango diola ekonomia-jarduerari ere esan du Iragorrik, “bisitariak erakarriko baititu gure udalerrira”.
Basauriko Udalak % 27,6 handituko du Erakunde Autonomoen aurrekontua (Kultur Etxeak, Kirolaren Udal Erakundea, Euskaltegia eta Etxe Maitia egoitza). Berta Montesek azaldu duenez, erakunde horien diru-sarrerek beherantz jarraitzen dute pixkanaka, “eskaintzen diren zerbitzuak mantentzeko nahikoak ez diren arrazoizko tarifak ezartzen ditugulako eta gure nahia delako herritar guztiek zerbitzu horiek erabiltzeko aukera bera izatea, hala nola deskontuak aplikatuta diru-sarrera apalagoak dituzten pertsonentzat”.
☉ Basauri
Bideoak / Patio inklusiboa eta lorategia lotu dituzte Uribarri Institutuko ikasleek, ekologia ardatz

Denontzako patioa ekimenaren barruan (DePat ezina jarri diote), lorategi tailerra izan dute gaur goizean Basauriko Uribarri Institutuko ikasleek eta gurasoek.
Tailerra Mentxu Amunategik eman du: hosto-aldaxkak eta adar-aldaxkak zelan moztu eta landatu behar diren irakatsi die ikasleei eta gurasoei, eta ondoren, jolastokian dauden jardineretan landatu dituzte.
Proiektuaren inguruan berba egin dugu Izaro eta Leire ikasleekin. Institutuko Femix talde feministako kidea eta Agenda 2030 egitasmoko eko-ordezkaria dira, hurrenez hurren, eta goizeko saioan parte hartu dute.
Ekimena Uribarri Institutuko zuzendaritzak, irakaslegoak eta guraso elkarteak jarri dute martxan, eta Sagarrak talde ekologistaren eta Basauriko Udalaren laguntza izan dute.
☉ Basauri
Udal webgune berria estreinatu du Basaurik, “errazagoa eta intuitiboagoa”
Basauriko Udalak 99.900 euro inbertitu ditu udal webgunea berritzeko. Diseinuaz gain, egitura eta edukia aldatu dituztela adierazi dute udal ordezkariek

Webgune berria martxan jarri du Basauriko Udalak, “eskuragarriagoa, errazagoa eta intuitiboagoa”. Diseinuaz gain, egitura eta edukia aldatu dituzte.
“Barne-arloetan oinarritutako egitura batetik, informazioa antolatzeko beste era batera igaro gara. Helburua da herritarrek errazago eta modu intuitiboago batean sartzea Udalak eskaintzen dituen zerbitzu, baliabide, tramite, azpiegitura eta abarretara”, dio Asier Iragorri alkateak.
Orain arteko udal webgunea “duela 14 urte” jarri zen martxan, eta gobernu taldeak “beharrezkotzat” jo du berritzea: “Lehengo plataformak ez zituen jasotzen gaur egun ezinbestekoak diren funtzionalitate batzuk, hala nola, bilaketak”, dio Iragorrik: “Web berriak duen beste abantailetako bat da bere bilatzaile indartsua, modu nabarmenean sinplifikatzen duena edozein informazio aurkitzeko modua”.
“Diseinuaren ikuspegitik kendu egin dira gehiegizkoak ziren informazio eta bannerrak, saturazio bisuala saihesteko, eta apustu egin da edukiak zehatz eta argi antolatzearen alde. Gainera, erraz irakurtzeko moduko letra-mota aukeratu da”, dio Iragorrik.
Bost atal
Basauriko Udaleko webgune berriaren nabigazio-menuak bost atal ditu: Basauri, Udala, Herritarrak, Gardentasuna eta Egoitza Elektronikoa.
Era berean, Berriak, Gaiak, Oharrak eta Agenda atalak gehitu ditu Udalak homean: “Oraintxe bertan, Gaiak atalean zergei, ordainketei, enpleguari eta etxebizitzari buruzko informazioa dago, baina aldian behin aztertuko dugu zein den herritarrek gehien bilatzen duten informazioa, webaren orrialde nagusira eramateko”, adierazi du Jon Zugazagoitia Teknologia Berrien arloko zinegotziak.
Herritarren argazkiak
Webgune berriak argazki nagusi bat du hasieran. “Baina ez da estatikoa izango”, zehaztu du Zugazagoitiak: “Izan ere, herritarrek Basaurin ateratako argazkiak bidali ahal izango dituzte, hala nola, herriaren panoramika bat, txokorik gustukoena, koloretan, zuri-beltzean…”.
Argazkiak onartuak izateko, ez dute pertsona identifikagirririk izan behar, eta gutxi gorabehera 2400 x 600 pixelekoa izan behar da, gutxienez 96 ppp-ko bereizmenean. Interesdunek webgune berriaren bitartez bidali ahal izango dituzte euren argazkiak.
“Hilean behin Social Antzokirako bi sarrera zozketatuko ditugu argitaratuak izateko onartu diren argazki guztien artean”, dio Zugazagoitiak.
Basauriko Udalak 99.900 euro inbertitu ditu udal webgunea berritzeko.
☉ Basauri
Argazkiak / A30 grebako manifestazioa euripean egin dute ehunka herritarrek Basaurin

Azaroak 30. Greba feminista orokor eguna da. Basaurin goizean goiz piketeak eta kotxe karabana egin dute, eta eguerdian zaintza eskubide kolektiboaren alde manifestazioa egin dute ehunka lagunek. Euripean izan bada ere, aterki uholdea izan da Basauriko deialdian.