☉ Basauri
San Fausto kalean hutsik dauden etxebizitzak soilik hormatzen hasi da Basauriko Udala, “okupazio-arriskua saihesteko”
Batu Elkarlaguntza Sareak sare sozialetan egindako salaketari erantzun dio Basauriko Udalak
Batu Elkarlaguntza Sareak sare sozialetan salatu duenez, “Basauriko Udalak San Fausto kaleko 9. eta 11. blokeetako etxebizitza batzuk hormatzeko agindu du aurretiaz abisatu gabe, borrokan ari diren bizilagunak beldurtzeko”.
Basauriko Udalak zehaztu duenez, “hutsik dauden udal-jabetzako etxebizitzak soilik” hormatzeari ekin dio, “okupazio-arriskua saihesteko”.
“Batu Elkarlaguntza Sarearen baieztapenak, “borrokan dauden bizilagunak beldurtzeko helburuarekin” egin direla edo “jarrera oldarkorra” izan dela baieztatzen dutenak, erabat zalantzazkoak dira; kolektibo horren balorazio subjektibo eta partikularrak dira, eta ez dira Udalak egindako benetako egitatetan oinarritzen. Gainera, Bidebik zuzenean jakinarazi zion Batu Elkarlaguntza Sareari hutsik zeuden udal-jabetzako etxebizitzetarako sarbidea baino ez zela ixten ari”, diote udal ordezkariek.
Batu Elkarlaguntza Sareak ere adierazi du sare sozialetan ekainaren 6an Udaltzaingoa bertaratu zela, “eta etxebizitza batzuetan sartzeko saiakera” egin zuela. Basauriko Udaletik esan dute, “legezkoak ez diren okupatzaileek etxebizitzak okupatzea eragozteko eta egoiliarren segurtasuna babesteko” bertaratu zirela, eta, “berdin jokatzen jarraituko du, hutsik dauden udal-jabetzako etxebizitzetarako sarrera blokeatzen, are gehiago kontuan hartuta azken egunetan udal etxebizitza baten legez kanpoko okupazioaren kasuren bat detektatu denean eta pertsona batzuek poliziaren lana oztopatu zutenean”, diote.
“Bidebi, hirigintza-plangintza garatzeko Basauriko Udalaren sozietatea, bi eraikin horietako egoiliar gehienekin akordioetara iritsi da eta helburu berarekin lanean jarraituko du. Legezko okupatzaileek beste bizileku bat izateko eskubidea duten kasuetan, pertsona horiek birkokatu egingo dira, baina Basauriko Udalak ez du inola ere diru-kutxa publikoetara kargatuko eskubide hori jasotzen ez duen okupatzaile baten birkokatzea”, zehaztu dute udal ordezkariek.
Udal-langileak seinalatzea
Beste alde batetik, Batu Elkarlaguntza Sareak bi udal-langile “modu publikoan eta esplizituki” seinalatu izana salatu dute Basauriko Udaletik: “Hori langile horien intimitatean bidegabe sartzea da, eta derrigortze-delitua izan liteke”. Ildo horretan, udal zerbitzu juridikoak horri buruzko lege-ekintzak abiarazteko aukera aztertzen ari dira.
“Bi langile horiek beren eginbeharra baino ez dute betetzen, San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko Hiri Erreformako Plan Berezian (PERU) oinarritutako erabaki politiko batetik eratorritako ekintzak gauzatuz. Plan hori Udalbatzak onartu zuen 2018an. Basauriko Udala San Fauston garatzen ari den hirigintza-kudeaketa plangintza horretan aurreikusitakoa da”, diote.
Bilera eskatzea
Batu Elkarlaguntza Sareak bilera bat eskatu du Basauriko udal gobernuarekin San Faustoko bizilagunen birkokatzea negoziatzeko: “Azpimarratu nahi dugu hilabeteotan Udalarekin izan dugun gatazkak helburu bakarra duela: 2018ko HAPOn hitzartutakoa betetzea eta San Fausto kalearen izkinetako egoeratik urrun dagoen jarrera paternalista alde batera uztea. Behin eta berriro eskatuko dugu bizilagunentzat beste bizileku bat”, diote.
Basauriko Udaletik ziurtatu dute ez dagoela gatazkarik: “Errealitatetik oso urrun. Batuk diskurtso populista bat mantentzen du, errealitatetik eta egitik erabat deskonektatua, eta gatazka bat sortu nahi du, gatazkarik ez dagoen lekuan. Basauriko Udala etxebizitza horietarako aurreikusitako eta osoko bilkuran onartutako hirigintza-kudeaketa garatzen ari da”, diote.
“Batu Elkarlaguntza Sarearen jarrera oztopatzaileak arriskuan jartzen du inguru guztia birgaitzea eta Bidebietako aldirietako tren geltoki berria eraikitzea. Estatuko Administrazioak horretarako programatutako finantziazioa garrantzitsua da, eta kolokan egon daiteke. Horrek kalte egiten die basauriar guztiei eta, bereziki, San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko bizilagunei”, diote.
☉ Basauri
Etxe Maitiako EPE azterketa egiteko aukera emango diote proba egunean erditu zuen emakume basauriarrari
Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako Erizaintzako Laguntzaile lanposturako EPErako azterketa erditze egunean egitea beste aukerarik eman ez ziotela salatu zuen duela aste batzuk basauriar batek LABen bitartez, eta kexa Arartekoari aurkeztu zion sindikatuak.
GEURIArekin harremanetan jarri ziren emakumea eta bere bikotea eta gertatutakoaren berri eman zuten. “Zuzeneko diskriminazio” kasu bat izan zela adierazi zuten sindikatutik, sexuarekin zuzenean lotutako arrazoiengatik, hala nola, haurdunaldiagatik edo amatasunagatik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako 1/2023 Legeak jasotzen duen bezala.
Basauriko Udalak esan zuen prozesu horren azterketa “deialdi bakar gisa” tipifikatuta dagoela, baina orain LABek jakinarazi duenez, azterketa beste egun batean egiteko aukera eman diote Z.G.G. basauriarrari: “LAB sindikatuak Arartekoari aurkeztutako kexaren ondoren, Basauriko Etxe Maitia egoitzak aukera emango dio kaltetutako emakumeari, erditzeko programatutako egunean enplegua egonkortzeko hautaketa-prozesuan azterketarekin bat zetorren proba beste data batzuetan egiteko”. Azterketa urriaren 21ean egingo du basauriarrak Basauriko udaletxean.
“Pozik gaude, alde batetik, Arartekoak azkar aztertu duelako kasua eta bere gomendioa egin duelako. Bestalde, sindikatu hau pozik agertzen da ere Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuaren Epaimahai Kalifikatzaileak hartutako erabaki berriagatik; izan ere, Arartekoak egindako gomendioa onartu duenez, oposizio-aldiko ariketako bi probak urrian bertan egiteko aukera emango dio kaltetutako emakumeari. Era berean, Z.G.G izangaiari edoskitzea egin ahal izateko beharrezko espazioa eta denbora emango diote proba egin bitartean”, adierazi dute LABetik.
☉ Basauri
Gizon bat atxilotu dute Basauriko Urbi auzoan, polizia-agenteei heriotza-mehatxuak egitea leporatuta
Ertzaintzak 50 urteko gizon bat atxilotu du Basaurin, bere etxean indarrez gotortu eta etxebizitza-bloke berean sutea eragitea egotzita. Gainera, polizia-agenteei heriotza-mehatxuak egitea leporatu diote
Ertzaintzak 50 urteko gizon bat atxilotu du Basaurin, bere etxean indarrez gotortu eta etxebizitza-bloke berean sutea eragitea egotzita. Gainera, polizia-agenteei heriotza-mehatxuak egitea leporatu diote.
Gertaerak atzo, urriak 13, jazo ziren Urbi auzoan 20:30ak aldera. Herritar batzuek jakinarazi zioten Ertzaintzari gizon bat zegoela bere etxebizitza barrutik objektuak bide publikora jaurtitzen.
Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, gizona bere etxean gotortuta zegoen, eta, “bere onetik aterata, oso aztoratuta eta oihuka”. Ertzainak iritsi zirenean, irainka eta mehatxuka hartu zituen, eta leihotik kristalak eta altzariak jaurtitzen hasi zitzaien.
Berehalako Erantzuneko (PRI) patruilak bertaratu ziren eta negoziazio-taldea behin baino gehiagotan saiatu zen pertsona hori lasaitzen, baina ezin izan zuten ulertu gizona zein egoera psikofisikotan zegoen. Jarraian, ertzainek kea antzeman zuten eskaileran, eta gotortutakoak etxean sutea eragin zezakeelakoan, Larrialdi Zerbitzuek prebentzio-gisa etxebizitzen blokea hustu zuten, baina inor ez zen kaltetu eta ez zuten artatu behar izan.
Ondoren, Ertzaintzaren, Udaltzaingoaren eta Bizkaiko suhiltzaileen arteko elkarlanaren ondoren, PRIko patruila bat etxe barrura sartu zen, eta sarreran eraso egin zien gizonak, objektuak eta arma zuriak botata. “Berehala neutralizatu zuten”, diote.
Akusatua osasun-langileek artatu zuten, eta, ondoren, atxilotu gisa, Usansoloko Ospitalera eraman zuten; izan ere, zauri larriak zituen, kasu honetan, berak eragindako autolesioak.
Atxilotuak jarrera bera izan du beste batzuetan, eta oraingoan ustezko atentatu-delitu bat eta agintaritza-agenteei heriotza-mehatxuak egitea leporatu diote. Epailearen esku jarriko dute dagozkion eginbideak amaituta ostean.
☉ Basauri
Bideoa / Laguntasuna irabazle, eta Ontzaken garaipena airean, Basauriko jaietako Sokatiran
Sokatira lehiaketa izan zen atzo, San Fausto egunean, Basauriko jaietan. Aurten Laguntasuna izan da garaile emakumezkoetan eta gizonezkoetan Ontzakek irabazi zuen.
Hala eta guztiz ere, airean dago mozoloen garaipena; izan ere, emakumezkoen finala baino lehen, Ontzaken gizonezkoen garaipena ospatzeko sokatira-esparrua inbaditu zuten kuadrillako kideek, emakumezkoen soka eta zorua erabat bustiz.
Txapeldunorde izan dira aurten Mozkorrak emakumezkoetan eta Urbiko Lagunak gizonezkoetan.
☉ Basauri
Argazkiak / Jo eta su aritu dira herriko taldeak sanfaustoetako sokatira txapelketan
Aurten espazio txikiagoa, jendea inoiz baino gertuago eta berotasuna eta tentsioa, inoiz baino handiagoak izan dira soka artean
Atzo bertan jokatu zuten Basauriko sanfaustoetako sokatira txapelketa, kuadrillen bazkaria eta irrintzi txapelketaren ostean. Aurten, trintxeretako obrak direla eta, jarduera Arizgoiti plazara lekualdatu dute eta jaietako txapelketa mitiko honen paisaia erabat aldatu du: espazio txikiagoa, jendea inoiz baino gertuago eta berotasuna eta tentsioa, inoiz baino handiagoa soka artean.
Plazaren bihotzean izan gara eta gertutik bizi izan ditugu aurtengo momentu erabakigarrienak.
☉ Basauri
Argazkiak / 4.600 lagun elkartu dira Basauriko kuadrillen bazkarian, eguzkipean
Herritarrek aterkinak, eguzkitakoak eta pergolak erabili dituzte eguerdiko 28ºetatik ihes egiteko
Aurten inoiz baino jende gehiago elkartu da Basauriko jaietako kuadrillen bazkarian. Guztira 4.600 pertsonek bazkaldu dute Bizkotxalde parkean 28ºko tenperaturarekin. Udako azken eguna eman du gaurkoak eta herritarrek aterkinak, eguzkitakoak eta pergolak erabili dituzte eguzki izpietatik ihes egiteko, baita ur pistolak ere.
Bazkaltzen egon zara bertan?