→Basauri

Emakume bati ez diote sokatiran parte hartzen utzi Basauriko jaietan, gona beharrean prakekin joateagatik

Itsaslapurrakeko kideak sokatira txapelketa ikusten // Geuria

Sokatira txapelketak polemika piztu du aurten Basauriko jaietan. Eta ez da izan kuadrillen arteko “pike sanoagatik”: neska batek prakekin sokatiran parte hartu nahi izan zuelako baizik. Eta ez diotela utzi. Arrazoia? Herriko Taldeakeko egungo estatutuek zehazten dutelako neskek gona eta mutilek prakak eraman behar dituztela. Hala ere, jaiak bukatu ondoren bilera egitea adostu dute Herriko Taldeakeko kuadrillek, datorren urteari edo hurrengo urteei begira estatutuak aldatu edo ez erabakitzeko.

Polemika atzo piztu zen, baina gaia bolo-bolo dabil basauriarren artean jaiak hasi aurretik. Neska batek izena eman zuen Itsaslapurrak kuadrillan parte hartzeko eta sokatiran tira egin nahi zuela adierazi zien kuadrillakideei, baina prakekin, “neska izateagatik gonarekin identifikatuta sentitzen ez naizelako”, dio neskak berak sare sozialetan zabaldu duen mezuan. Kuadrillan eta Herriko Taldeaken adierazi zioten aurten ezinezkoa izango zela, aurretik estatutuak aldatu behar direlako. Hala ere, neska sokatira txapelketaren egunean (atzo, urriak 13) aurkeztu zen San Fausto plazan, eta Zigorrakeko kuadrillakideek —sokatira txapelketako antolatzaileak— ez zioten sokatira eremura sartzen utzi, sareetan dabilen bideoak adierazten duenez. “Publikoki diskriminatu eta eraso naute, eta orain sentitzen dudana antsietatea, amorrua eta ezintasuna dira. Estatuko Aldizkari Ofizialean jasotako berdintasun-legearen aurka egiten ari dira”, salatu du neskak sare sozialetan.

Kiskali Basauriko Gazte Talde Feministako kideekin harremanetan jarri da GEURIA. Honakoa adierazi digute Kiskalitik: “Jantziek generorik ez dutela eduki behar aldarrikatzen dugu eta hori aldarrikatu egingo dugu oraingoan ere. Hurrengo urteetarako eztabaida ematen denean (berandu bada ere), guk mugimendu feminista bezala parte hartuko dugu eztabaida horietan”, diote.

Herriko Taldeaken, Zigorraken eta Itsaslapurraken adierazpena

Herriko Taldeakek eta Zigorrak eta Itsaslapurrak kuadrillek komunikatu bateratu bat publikatu dute. Honakoa dio komunikatuak, osorik:

Kuadrillen arteko sokatira txapelketan gertatutakoari buruz sare sozialetan eta komunikabideetan agertutako informazioen aurrean, honako hau adierazi nahi dugu Herriko Taldeakek, Zigorrakek eta Itsaslapurrakek:

Bideo bat zabaldu da, eta, bertan, Zigorrak kuadrillako kide bat ikusten da, Itsaslapurrakeko pertsona bati sarrera galarazten, ekitaldi horretarako janzkera-arauak ez betetzeagatik.

Sokatira kuadrillen arteko ekitaldi ofiziala da, eta lehiaketa hau arautzen duten arauak aho batez onartu dituzte Herriko Taldeak osatzen dugun 16 kuadrillok. Janzkera kuadrillen artean hainbat bileratan lantzen ari den gaia da. Hala ere, uste dugu hain gai sentikorrak eztabaida luzea eskatzen duela, eta horregatik erabaki zen, denen artean, jaien ondoren lantzea. Herriko Taldeak beti saiatu izan da kuadrilla bakoitzaren janzkera ofiziala zaintzen, bereziki ekitaldi ofizialetan, gure esentzia eta beste herrietatik bereizten gaituena ez galtzeko.

Gainera, adierazi nahi dugu sare sozialetan zabaldutako informazioa ez dela zuzena. Gure ustez, Basauriko jai-ereduaren berri ez izateak eragin dezake hori. Behin baino gehiagotan adierazi zuen neskak ekitaldian sartzeko asmoa, nahiz eta bere kuadrillatik behin baino gehiagotan jakinarazi zioten ez zituela arauak betetzen. Zigorrak kuadrillak aho batez onartutako arauak aplikatu besterik ez zuen egin, baina barkamena eskatu nahi du moduak egokiak izan ez baziren.

Gure ustez, jarduera horien helburua pertsona askoren lanari izen ona kentzea eta boikota egitea da, eta LGTBI kolektiboaren bidezko aldarrikapenak deslegitimatzen laguntzen dute. Gure jaietan beti lekua izan du LGTBI kolektiboak, beste urte batzuetan egiaztatu ahal izan den bezala.

Herriko Taldeak eta bera osatzen duten 16 kuadrillen aldetik amaitutzat ematen diogu polemika honi, elkartearen batzar nagusian aztertuko baitugu gaia. Hemendik aurrera, basauriarrek sanfaustoez gozatzen jarrai dezaten ahaleginduko gara.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak